Edukira joan

Prentsa, irratia eta telebista./Egunkariak eta aldizkariak (''Joan Agirre Sorondo'')/Egunkariak

Wikibookstik

Errotatibaren aurretik, XIX. mendera. Euskal kazetaritzaren historia laburra

[aldatu]

EUSKAL KAZETARITZA 1789ko Iraultzaren ondotik Frantziako baionetekin Europan zehar hedatutako ideia eta bizimoduen ondorio da. Prentsako enpresa modernoak XIX. mendearen azken laurdenean jaio ziren.

Euskal prentsaren hastapenak

[aldatu]

Euskal kazetaritza 1789ko Iraultzaren ondotik Frantziako baionetekin Europan zehar hedatutako ideien eta bizimoduaren ondorio da. Aurreko mendeetan ezohiko gertakariei buruzko kronikak eta idatziak argitaratu baziren ere, eta aldizka gaurkotasun-argitalpenak, besteak beste, Pedro Ugarte inprimatzaile donostiarraren Noticias verdaderas del Norte ateratzen ziren arren, orokorrean onartuta dago penintsula aldeko Euskal Herrian kazetaritzaren generoa inbasio napoleonikoan zehar, Bizkaia, Nafarroa eta Gasteizko gobernadoreek ateratako aldizkari ofizial (gacetas oficiales) haiekin hasi zela. Aldizkari horiek, eduki politiko eta informatiboak zituztenak, aldizkakotasun finkoa zuten, baina iraupen ezberdina 1808 eta 1813 bitartean. Frantsesek alde egitean, 1813aren amaiera eta 1814aren hasierako tartean sortu ziren guztiz bertakoak ziren lehen aldizkariak. Gipuzkoan, Vicente Lardizabal doktoreak Periódico de San Sebastián y Pasajes argitaratu zuen, baina behin baino ez zen inprimatu, eta Papeleta de Oyarzun eta Papeleta de Irún ere argitara eman ziren. Araban, aitzindaria El correo de Vitoria izan zen, eta Bizkaian, berriz, kazetaritza bilbotarraren sorrera astean bi aldiz argitaratzen zen El Bascongado abertzaleak markaturikoa. Nafarroan beranduago sartu zen informazioaren ofizio berria, nahiz eta erresuma zaharrean atera zen 1762an, El Duende especulativo sobre la vida civil, Iruñea eta Madrilen argitaratua. Gazeta Oficial de la Navarra 1810ean sorturiko napoleondarrak argitara emandako 37 aleen ondoren, hamarkada bat beranduago El Patriota del Pirineo eta El Imparcial liberalak atera ziren, Hirurteko Konstituzionaleko gobernuaren alde eginez.

Absolutistak eta liberalak

[aldatu]

Cadizko Gorteetatik (1810) Fernando VII.aren heriotza (1833) zela baliabide, liberalen eta absolutisten artean, erregimen konstituzionalistaren ideia ilustratuen eta Erregimen Zaharraren defentsaren arteko borroka gogorra bizitu zen. Gatazka hori prentsan islatu zen, Cadizko Konstituzioak ezarritako prentsa askatasunari esker. Hirietan, merkataritza librearen aldeko burgesia berri baten gotorlekuetan, egunkari garrantzitsuak argitaratu ziren, adibidez El Liberal Guipuzcoano. Aipatu egunkariak Espainia osoan zehar zituen harpidedunak, eta frantsesez argitalpen bat ere egiten zuen; “garai hartan, Espainian zen kazetaritza enpresa igarrantzitsuenetako bat” zen, Díaz Noci irakaslearen esanetan. Bien bitartean, absolutisten alorretik agintean zegoen liberalismoaren aurkako altxamendua bultzatu zen, 1823an, La Verdad contra el error y desengaño de incautos medio. Horixe zen erregezale talde nafar batek ia klandestinitate baldintzetan sustaturikoa, prentsa antiliberalaren aurrekari bitxia da. Gerra hasita, 1833ko udazkenean, nagusi zen estatu karlistak, prentsaren ahalmen eragileaz ohartuta, zenbait egunkari iragankor argitaratu zituen: Boletín del Ejército –hasieran Frantziatik eta gerora Nafarroatik banatzen zen–, Gaceta Oficial –Tolosan inprimatua–, Gaceta de Oñate, eta Boletín de Navarra y Provincias Vascongadas, hurrenez hurren. Horien erantzun moduan, alderdi liberalak Estatuaren propaganda ahalmena (Aldizkari Ofizialak) baliatu zuen, eta hainbat ekimen pribaturen laguntza ezin eskertukoa izan zuen horretarako, hala nola Donostiako Correo del Norte, Iruñeko El Patriota del Pirineo, edo El Bilbaíno egunkariena.