Prentsa, irratia eta telebista/Komunikabideen xedeak
Frantzisko Garmendia
Perfekzioa baliabideetan eta nahasketa xedeetan. Definizioz, komunikabide bat are eta perfektuagoa izango da zenbat eta komunikazio-prozesuaren helburuak ongien asebete. Xede horiek ezin dira aurkitu komunikabideetan, baizik eta komunikazio-prozesu bakoitzean parte hartzen duten subjektuetan eta beren harremanetarako ezartzen diren edukietan. Hemen aztertu nahi dugu komunikabide berriek nola eragiten duten euskal eragina duten komunikazio-prozesuetako subjektuengan eta edukietan, giza existentzian oinarrizkoak diren hiru galderei aurre egiterakoan eta erantzuterakoan: zerez bizi?, zertarako bizi? eta nola bizi elkarrekin? Komunikazioaren baldintza berriek –interkomunikazioa eta inkomunikazioa–, ondorioz, pertsonen eta herrien garapen kultural eta ekonomikoaren baldintza politikoei buruzko eztabaida planteatzen dute, ez hainbeste lurraldeari edo esparruari dagokionetan, baizik eta denbora edo historiari dagokionetan.
Baliabideak eta xedeak
[aldatu]Albert Einsteinek bere garaia honela definitu zuen: “baliabideen perfekzioa eta xedeen nahasketa”[1].
Perfekzioa komunikabideetan
[aldatu]Argi dago gizakiok hirugarren milurteko honen hasieran ditugun baliabideak berrogeita hamar urte lehenago imajina ezin zitekeen perfekziora iritsi direla. Lurretik milioika argi-urteetara dauden galaxietako informazio eta seinale zehatzak jasotzea, eta, antipodatan bizi direnekin nahiz espazio-ontzi batean doazen pertsonekin, pantaila bidez elkar ikusiz hitz egitea ahalbidetzen duten tresnak ditugu gaur egun etxeetan, eta giza sistema komunikatiboak ditugun ordenagailuen bidez milioika eta milioika artxibo -testu, irudi eta abarrekin– kontsultatzeko edo trukatzeko bidea eskaintzen digute. Komunikabideen garapen maila horrek soberan berresten du Einsteinek horien perfekzioari buruz egindako diagnosia.
Nahasketa komunikazio-prozesuaren xedeetan
[aldatu]Gure buruari egiten diogun galdera, hala ere, bitarteko horiek zerbitzu ematen dieten xedeei buruzkoa da. Eta, hasieran, zentzukoa da perfekzio maila bera ez dela existitzen aitortzea. Hain zuzen ere, harrigarria bada ere, komunikabideak taldeen arteko komunikazioa errazteko nahiz inkomunikazioa sorrarazteko erabil daitezke, egiazko informazioa igortzeko eta gezurrak zabaltzeko, gerrara bultzatzeko eta adiskidetasun deia egiteko... Baliabideen erabileran ematen diren joerak, beraz, oso kontraesankorrak dira, eta, horien aztertzailearen nahastea eragiten dute.
Komunikazioaren subjektuak eta edukiak
[aldatu]Definizioz, komunikazio-prozesuaren helburuak zenbat eta ongien asebete, komunikabide bat orduan eta perfektuagoa izango da. Xede horiek ezin dira komunikabidean bertan aurkitu, komunikazio prozesu bakoitzean parte hartzen duten subjektuetan eta beren harremanetarako ezartzen diren edukietan baizik.
Komunikabide nagusia gizaki bakoitza da. Hori horrela izanik, gutako bakoitzean bihurkaria dela eta, aldi berean, gure komunikazio-prozesuen xede eta baliabide garela onar dezakegu. Pertsonaren izaera kontraesankor hori gogoan edukitzea garrantzitsua da, hori baliabide berrien perfekzioa subjektu bakoitzaren ahalmen edo konpetentzia komunikatiboa perfekzionatzen den neurrian baita horrela.
Komunikabide berrien xedeei buruzko galderak
[aldatu]Zein da gizakiaren komunikazio sistemaren xedea? Galdera horrek, erroraino eramanda, giza existentziaren ardatz izan daitezkeen galdera nahiz erantzunen izaera natural irekia adierazten digu. Hori horrela, komunikabideak kontraesanean dauden xedeetarako erabil daitezke.
Giza portaera gidatzen duten galderen artean funtsezko edo oinarrizkotzat hartzen ditudan hiru nabarmendu behar dira: zerez bizi?, zertarako bizi? eta nola bizi elkarrekin?
D. Bell-ek[2] adierazi zuen moduan, galdera horiek beren artean modu nahikoa autonomoan antolatu dira mendebaldeko egungo gizarte garatuetan. Ikuspuntu hori baliagarria da egungo euskal gizartean, eta, bereziki, gugan eragina duten komunikazio-prozesuetan gertatzen dena aztertzeko.
Hemen aztertu nahi duguna da nola eragiten duten komunikabide berriek euskaldunengan eragina duten komunikazio prozesuetako subjektu eta edukietan, giza existentzian oinarrizkoak diren hiru galderei aurre egin eta erantzuterakoan: zerez, zertarako eta nola...
«Zerez bizi» eta komunikabide berriak
[aldatu]Giza historiaren globalizazio berriak oinarrietan ditu baliabide zientifiko-teknologikoak, informazioekin on line konektatzea ahalbidetzen dutenak, ekoizpen prozesu konplexuen zatiketa nahiz integrazioa sustatuz. Horrek guztiak du eragin sakona garatutako gizarteen oinarri ekonomikoan eta, baliabideen bidez, planeta osoko ekonomian.
Ekonomia berriak duen abantaila lehiakorraren funtsezko oinarrietako bat da azagutza aurreratua eta hori berrikuntza teknologiko moduan aplikatzea. Eragile ekonomikoek, norbanako izan nahiz korporazio izan, dituzten komunikabideen eta sareen kalitateak baldintzatzen du abantaila hori eskuratzea eta eguneratzea. Baina, badira ez sareetan ez baliabideetan aurkitzen ez diren ezaguerak, hala nola ulertzen jakitea edo egiten jakitea; horiek pertsonengan, giza noduluetan baino ez dira aurkitzen.
- Konfiantzan oinarritzea
Kapital soziala, memoria instituzionala, komunikazio kultura, antolamendu giroa... Horiek guztiak dira egungo enpresa aurreratuetako aktibo estrategiko nagusiak. Kontzeptu horiek, eragile teknikoa eta instrumentala baino gehiago nabarmentzen dute eragile ekonomikoen dimentsio etiko eta nomikoa. Berrikuntza teknikoa ezinbestekoa da kontzeptu horiek adierazitako errealitateak garatzeko, baina ez da nahikoa.
Enpresa baten kapital soziala sortzeak eta eguneraketa eta berrikuntzaren bidez garatzeak erronka bat planteatzen du, hau da, ezagutzak –egiten jakitea– eta balioak –jokatzen jakitea– kudeatzearena. Eta hori ez da bideragarria “memoria instituzionalik” gabe, egoera berriei metatutako esperientziatik aurre egitea ahalbidetzen duen oroigarri dinamikorik gabe. Memoria hori sortzea eta mantentzea ez da soilik zenbait protokolo jakin elkartrukatzen diren artxibo digitaletan murgiltzera mugatzen. Memoria instituzionala, irtenbideen benetako iturri izango bada, enpresaren historia bizia eratzen duten pertsonen arteko konfiantzatik abiatu behar du.
- Elkarren arteko konfiantza
Konfiantza etikoa da pertsona bakoitzaren aktibo nagusian antolamenduko partaide diren beste pertsonekin banatzeko jarrera eta konpromisoa sortzen duen konfiantza: egiten jakitea, bakoitzak enpresan onarpen profesionala, soziala eta ekonomikoa jasotzearen arrazoia.
Enpresa ekonomikoen hobekuntza lehiakorraren zerbitzura dauden memoria instituzionalak garatzeko egun dauden sistema eta komunikabideak modu aurreratuan erabiltzeak, arazo teknikoak planteatzeaz gain, proiektuetara atxikitzea birsortzeko erronka planteatzen du ondorioz, ekoizpen sare bakoitza osatzen duten pertsona guztiak inplikatuz, partekatzen den eduki komunikatibo etikoak dituen arauen arabera.
Enpresa proiektu bakoitzak beste enpresekiko eremu komunak ditu, geroz eta globalagoak. Hori horrela, eremu komunak eta soilak ezin dira ez batzuk besteetatik bereizita ulertu, ezta beren artean paraleloan ulertu ere.
- Konfiantza haustea
Mende aldaketarekin ekonomiaren munduak komunikazio prozesu etiko zitalak bizi izan ditu. Aurretik bizitako beste globalizazioen –adibidez, Mundu Berriaren aurkikuntzatik sorturikoa– eta egungoaren artean dauden funtsezko diferentzietako bat da, aberastasuna sortzeko prozesu aurreratuetan, ekonomikoki inplikatutako eragile guztiei informazioa ia denbora errealean eskaintzeko aukera teknikoa.
Paradoxa nagusia da, alabaina, bezeroak eta akziodunak gezurrezko informazioa mantentzeko erabili dela aukera hori. Enron, WorldCom edo Ahold-ekoak bezalako enpresa-iruzur kasuen oinarrietako bat da finantza-baliabideak iruzurpean eskuratzeko politika, beren albistegiak, Nikkei, Dow Jones edo Nasdaq indizeen bilakaeraren berri emanez irekitzen dituzten komunikazio agentzia handien bidez, publikoa gezurrezko informazioan mantenduz.
Porrot guztiak iruzurrezko komunikazio prozesuetan oinarritzen ez badira ere, EEBBetan, 2000 eta 2002 urteen artean, teknologien sektoreko 30 enpresa adierazgarri baino gehiagok lau bilioi dolar galduz porrot egin izanak ikusarazten digu beren aurrezkiak enpresa horien esku jarri zituzten pertsonek ez zutela informazio egokia jaso.
Merkatu ekonomiaren bihotzean bertan gertatutako porrot horien eragin sozialak, nolanahi ere, ez dira benetako herrialde sozialistetako estatu-ekonomiek bizitutako porrot orokortuak bezain mingarriak izan biztanleriarentzat. Enron-en porrotak ez zuen arazo larririk eragin bere bezero-kopuru handia energiaz hornitzerakoan, zerbitzu horretan merkatuko beste enpresez berehala ordezkatu baitzen. Ezin daiteke, baina, gauza bera esan Errusiari buruz, bere sistema sozialistaren porrota aitortu zenetik urte asko igaro badira ere.
Enpresa handien eta estatuen mega-porrotek ez digute ahaztarazi behar negozio txikietan ere ematen direla mini-porrotak komunikazio iruzurra dela bide.
Horrek ez du esan nahi kasu horietan komunikazio-tekniken huts egiteak izan direnik, baizik eta komunikazio-etikarena, batez ere. Hori dela eta, prozesu ekonomikoei dagozkien arazo komunikatiboek honako erronka hau planteatzen digute: komunikabide berriei xede zintzoetarako balio izateko ibilgu etikoak aurkitzea.
Erronka hori berria dela esan dezakegu, alderdi berritzaileak baititu globalizazio ekonomiko berriaren testuinguruan. Hala ere, gizakiaren historiari heltzen badiogu, alderdi iraunkorra ere badu.
Behar bezala antolatutako azoka publikoa duten herrietan jaio garenok eta adinaren mende erdia gainditu dugunok arazorik gabe gogora dezakegu honako hau zioen iragarki-oharra: “Pisua eta neurria publikoaren eskura dago”. Hori zen pertsona orok salerosketako salgaien pisua edo neurria benetan hitzartutakoa zela frogatzeko behar zuen baldintzetako bat –ez nahikoa, ordea.
Baina salgai bakoitzak, forma, pisu eta neurriaz gain, badu edukia, substantzia eta dentsitatea. Horregatik, antzinako azokei erreferentzia egin behar diet, berriro ere, eta gaztelaniazko aforismo ezagun bat gogorarazi: “Me las han dado con queso” –Ziria sartu didate. Hori esan ohi dugu Aginagako txitxardinen izenez Frantziatik ekartzen dizkigutenean. Aipatutako atsotitzaren jatorria oso adierazgarria da. Ardandegiko nagusiak ozpintzen hasia zegoen ardo bat ondotik kendu nahi zuenean, bezeroari eskaintzen zion, aurretik gazta min bat probarazi ondoren. Horrela eskertu zuen ahoak gazta jan gabe gozorik izango ez zukeen ardoa. Hain zuzen ere, joko arau batzuetan errespetua (pisuak eta neurriak) beharrezko baldintza da, baina ez da nahikoa halako ekoizpen agerikoez ari garenean, ezta lurreko ekoizpenez ari garenean ere, besteak beste, ardoaz. Iruzurra beti da posible, eta horregatik inoiz ez litzateke gutxietsi behar neurri arduratsurik. Hori dela eta –eta ez hain urrutiko iragan batekin amaitzeko– fundamentuzko jende fidagarrien artean eskuratzeko gomendatzen da erlojua eta bikotea.
- Konfiantza sortzea
Konfiantza elkarren artekoa ez bada ez dago konfiantzarik. Denena sentitu, ezagutu edo bizi daitekeena konpartitzen da. Espazioa, eremu, erreferentzia, sentimendu, ezagutza eta balio partekatuen sormen-prozesu komunikatiboen emaitza da konfiantza. Beti egon dira besteak baino konfiantza gehiago merezi duten azokak, dendak, hornitzaileak edo bezeroak. Eta beti egon dira ezustekoak. Hori dela eta, konfiantza egunez egun irabazten joan beharreko errealitatea da, eta hori izango da komunikazio-prozesuen arduradunen xede nagusia.
Aldatu egin da, eta asko aldatu ere, gizarte aurreratuenen prozesu ekonomikoak eratzen dituen faktore-multzoa. Objektuen, materien edo gaien ezagutzaren menpe dago prozesu ekonomiko baten konfiantza. Horrek baldintzatzen du inbertitzeko edo ez inbertitzeko erabakia, erosteko edo saltzeko erabakia, edo eskari bat formalizatzeko erabakia. Objektu, materia edo gai horiek hainbeste eraldatu dira, non prozesu komunikatibo guztietan behar den konfiantzaren oinarrizko sare komunikatiboak birsortu beharko diren.
Gaur egun ekonomia aurreratuenetan, batez ere, aberastasuna sortzen duten edukiek formatu geroz eta birtualagoak dituzte; gainera, edukiaren alderdi garrantzitsu bat ezagutzarena da, zientziarena nahiz egiten jakitearena. Horrez gainera, egungo lanaren nazioarteko banaketak –geroz eta eskumen ukiezin eta subjektibo gehiagotan oinarritzen den banaketak– eta horren ondoriozko globalizazioak inplikatu eragileak pertsonalki ezagutzea, oraingoz, utopia ezin gauzatuzkoa dirudien merkatuetan integratzen gaituzte.
Gainera, komunikazio-sistema berriek sor ditzakete errealitate birtualak, paisaian eraiki ez diren etxeak jarriz edo inbertitzeko aukera berriak eskaintzen dituzten horien buruan besterik existitzen ez diren ekoizpen prozesuen ikuskariak eskainiz.
- Pertsonak, etika komunikatiboaren berme
Gaur egun modan dago ezagutzaren kudeaketa. Iruditzen zait pertsona askoren buruan dagoela ezagutzaren kudeaketak –ezagutza propioak edo besteenak, ez gutxitan– barne hartzen duela besteen ezjakintasunaren kudeaketa. Lehiakortasun naturalaren funtsezko lege bat da besteek ez dakiten eta ezagutzen ez duten, baina nik dakidan, ezagutzen dudan, menderatzen dudan eta aplika dezakedan zerbaitez baliatzea, merkatu berdinean jarduten duten pertsona eta taldeen artean.
Testuinguru horretan nahitaezkoa da arazoari buruzko jarrera etikoa hartzea. Etika jokabideetan eta ez-egiteetan erantzule diren subjektuekin hasten da. Eta ekonomiari buruzkoetan, orokorrean, hor banatzen dira bitan orientazio eta joera pertsonalak. Merkatu-ekonomien alorrean, batzuek nahiago dute erantzukizun etikoa erakunde publikoetan finkatzea, zeren eta erakunde horiek arautzaile eta arbitro gisa jardungo bailukete, beste batzuek, aldiz, prozesuan parte hartzen duten pertsonen erantzukizun indibiduala nabarmentzen dute.
Gu ekonomiaren parte aktiboak gara, eta objektu manipulatu baino nahiago genuke subjektu protagonista izatea. Hala, ekonomia horren baldintza berri horietan, aurki al ditzakegu “pisu eta neurriak” eta engainatuak ez izateko lagungarri ditugun printzipio eta irizpide orientagarriak?
Partikularki nahiz globalki, prozesuen aldaketa sakonaren barnean gaude, ez guk munduan dugun egoera pertsonal eta soziala aldatu dezaketen astinduetatik kanpo. Horri dagokionez, Daniel Bell-ek aurkitutako kontraesan kultural eta etikoetara itzuliko gara.
Gure harreman ekonomikoen arauak antolatzerakoan erlijio-eduki positiboko tradizio etiko bateratu batera itzultzea posible ez bada ere –neurrigabekeria eta iruzurra geldiarazteko, lehenengo kapitalismoan liderren tradizio kristau-kalbinistari esker gertatu zen bezala–, gutxienez zirkulu-sareak ezarri beharko genituzke, honen antzeko printzipioak eraginkor bilakatzeko: engainatuak izan nahi ez badugu, ez dezagun engainatu.
Eraikuntza-saio positibo horretan komeni da gogoraraztea iturri etikoa ez dela araua, ez legea, ezta eskabide administratiboa ere, baizik eta berezko pertsona arduradun sozial eta indibiduala.
Faktore subjektiboek gero eta gehiago mugatzen duten gizarte batean, irtenbidea, batez ere, subjektibotasun horren ethos arautzailean bilatu behar da. Irtenbide hori, ondorioz, inoiz ezingo da prozedura mekaniko eta burokratiko administratibo batera murriztu, eragile ekonomikoen arteko gizarte-harremanari dagokion baldintza publiko zehatz batzuk oso beharrezkoak izanda ere.
Pertsonalki nabarmendu nahiko nuke beharrezkoak dela erantzukizun indibiduala eta horretatik sortzen diren ondorio guztiak beregain hartzen dituen pertsona jakinen oinarri etikoa, eta, gainera, argitasunez ezartzea produkzio eta merkataritza-prozesu bakoitzean eragileen arteko joko ekonomikoak eduki behar dituen baldintza edo arau publikoak.
Testuinguru horretan onartezina da askatasun indibiduala erreklamatzea eta erantzukizuna erakunde publikoetan edo organismo erregulatzaileengan eskuordetzea.
«Zertarako bizi» eta komunikabide berriak
[aldatu]Xede izateagatik legeztatzen diren balioekiko atxikimendu pertsonalean eratzen da zehaztapen etikoa, eta xede horiek gauzatzeko pena merezi du bizitzea. Atxikimendu hori tradizioz, maitasunez nahiz uste osoz sor daiteke. Pertsona bakoitzaren errealitate indibidualean, orokorrean, zaila da hiru faktoreak bereiztea: tradizioz oinordetzan jaso dituen zenbait balio bizi dituen pertsona afektiboki lotua dago balio horietara, eta horien balioaz sinetsita dago.
Kasu bakoitzean gertatzen dena gertatzen dela, balioekiko atxikimendu-modu jakin batera sentitzen, pentsatzen eta jokatzen duen erkidego batean integratzeko prozesuagatik gauzatzen da. Gaur egun, Joxe Migel Barandiaranek euskal gizarteaz esan zuen bezala, komunitate historikoen “sentitzeko, pentsatzeko eta jokatzeko moduetan sakoneko nahasmendu bat” bizi dugu.
Erkidego bakoitzaren kohesio historikoa belaunaldi desberdinak eratzen direneko komunikazio-prozesuen bidez bermatzen da. Prozesu horiek oso zehaztuta eta baldintzatuta egon dira lurraldearengatik. Elkarte bakoitzaren kokaleku geoestrategikoek beste bizitza eredu batzuekiko harreman handiagoa edo txikiagoa eragiten zuten. Nolanahi ere, zenbait balioetarako atxikimendua nahitaez besteen existentziaren berri ez izateak zehazten duela zalantzan jarri behar da. Balio batzuekiko lehentasuna –tradizionala, afektiboa nahiz erabakitakoa– hobeto azaltzen du pertsona batek ezagutzen dituen balio hoberenak izatearen estimazio subjektiboak.
- Komunikazioa eta balioak
Komunikabide berriek, zentzu bat baino gehiagotan, eta gainera zentzu kontraesankorretan, gizakiaren jokabidea gidatzen duten sistema nomikoen ezagutza eragiten dute.
Baliabide horiek alde batetik balio izan dute bizi-estiloetan nahiz balio tipikoetan homogeneizatzeak eta orokortze masiboak burutzeko. Komunikabide berrien laguntzarik gabe, hala nola irratia, telebista, zine, bideo, internet, CDR, DVD eta halakorik gabe, ezinezkoa litzake moda edo moduetan estandar unibertsal zehatzak sortzea janzteko, abesteko, edateko, jateko eta abarretarako.
Baina komunikabide berriek, halaber, berariazko komunitateen arteko komunikazio fluxuak sortzeko aukera eskaintzen dute. Biztanleria oso murritzeko hizkuntz elkarte bateko kideek, komunikabide berriei esker, interneten bidez oso merke eduki dezakete literatura osorako (ahozkoa nahiz idatzia) sarbidea.
Eztabaidaezina da baliabide berriek jaio ginen eta haziak izan gineneko bizimodutik oso urrun dauden bizi-esperientzia eta ereduetarako sarbide azkar eta erraza eskaintzen digutela. Hori baliagarria da gizateria osoarentzat, baina are gehiago herrialde garatuenentzat.
Euskal gizartearen kasuan, komunikazio-fluxu anitza eta kontraesankorraren ekintza bizi eta zabala bizi dugu, diskurtsoetan eta ikuspegietan gizartea osatzen dugun pertsonak integratzeko lehiatuz.
Euskal gizarteak hizkuntza desberdinekiko duen atxikimendua aldakorra da, balio etikoetarako atxikimendua aldakorra den bezala. Eta horrela eman da aditzera Deustuko Unibertsitateko Balioen Talde Europarretik egiten jardun dugun hainbat inkestatan. Diferentziak daude elkarteko ondasunak sortzeko eta bizitzeko moduetan. Elkarteko ondasun horiek dira, azken buruan, komunikazio prozesuen giza errealitate bizia. Beraz, bi erkidego edo gehiagoz hitz egin behar al da?
- Komunikazioa eta identifikazioa
Gaiak arrazoitzeko beharrezkoa lukeen espaziorik ez badugu ere, euskal gizartean eragina duten komunikabideen diskurtso ideologiko eta arauemaileak ez dira benetan euskal gizartea osatzen duten pertsonek bizi eta desio dituztenak bezain integratzaileak.[3]
Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) nahiz Nafarroako Foru Erkidegoan (NFE) pertsonei buruz hitz egiten denean, euskal nahiz nafar izatearen baldintzari dagokionez ulertzen dena ulertzen dela ere, gutxieneko norbanakoek baino (%9a) ez du baztertzen euskal edo nafar erreferentzia, bere autoidentifikazio nazionaletik edo bere nortasun nazionalaren zehaztapen subjektibotik (1. taula). EAEn bizi direnen artean euskal erreferentzia da nagusi, eta NFEn bizi direnen artean, berriz, nafar erreferentzia. Baina erreferentzia espainiarra bietan gehiengoak partekatzen du mailaren batean.
Bi alderdi
Alderdi kuantitatiboetan aurrera egin aurretik, gai horrekin lotutako bi alderdi kualitatibo nabarmendu nahi ditugu. Lehenengoa subjektu politikoa horien eraketaren eztabaidari lotua dago, hala nola beren betebehar eta eskubideen baldintza indibidual eta kolektiboari buruzkoari. Ohikoa da euskal gaiari buruzko eztabaida publikoetan, besteak beste, norbanakoa, herria, nazioa, lurraldea, estatua eta abar aipatzea, kategoria horietakoren bat gainerakoen gainetik egon behar duen eskabide subirano absolutu bihurtuz. Horrela gertatzen da, adibidez, norbanakoaren eskubideak herri baten eskubideekin kontrajarriak direnean. Pertsona bakoitza bere ondasun sozialekin –tokikoak nahiz globalak– edozein delarik ere giza existentziaren eremua –linguistikoak, ekonomikoak...– identifikatzen den moduan da norbanakoaren edo elkartearen ekintza, norbanako bakoitzaren aukera izanda ere elkartearen garapena eragiten baitu. Norbanako eta nazio kategoriak benetako giza dimentsioak ulertzeko balio dezaketen kontzeptuak dira, baina, kategoriei dagokienez, bietako bakoitza ez da gai giza errealitate osoa barnean hartzeko. Pertsona bat unibertso osoaren zentroa izan behar duen norbanako kartesiarraren kontzeptu modernoaren cogito, ergo dum neurrira murriztea, aurretiaz ezarritako osotasun sozialarekin (klasea, arraza, gizateria...) gainerakoek zerbitzatu beharko duen nahastea bezain artifiziala da. Norbanakoen osoko garapenaren eskubidea ezin da planteatu bere elkarteko nortasunak (auzo-elkarteak, kultur elkarteak, erlijio-elkarteak eta abar) garapenerako duen eskubidea onartu gabe, biak baitira pertsona zehatzei berdin eragiten dieten alderdiak. Zentzu horretan, talde-arazo asko hainbat nortasun sozial garatzea xedetzat duten pertsonen arteko ezberdintasun indibidualen adierazpide dira.
Bigarren alderdiai dagokionez, Baskoniako biztanleei, nafar, euskal edo espainiar baldintzarekiko fideltasunari buruz galdetzen zaienean, beren nortasun nazional subjektiboa zehazteko duten moduetan dauden diferentziek funtsari eragiten diote. Baskonia penintsularreko biztanleak unitate nazional espainiarrean integratzeko bi mendeetatik honaino politika aktibo asko gauzatu baditu ere, ez du estatuak desio zuen homogeneizatzea nazional subjektiboa lortu. Eta Baskonian, XX. mendean zehar, kontzientzia nazional subjektibo espainiarra duten ehunka milaka immigrante auzotu badira ere, XXI. mendearen hasieran ikusi dezakegunaren arabera, ez da asmo homogeneizatzaile haren arrakastarik espero. Duela 25 urte baino lehenagotik ditugu euskal nortasun nazional subjektiboak lehentasuna izateari buruzko inkesta kontrastatuak, eta EAEn espainiar soilak edo espainiar euskaldun baino lehenago sentitzen diren pertsonen kopurua ez da %15a izatera iristen. Gauza bertsua gertatzen da Nafarroan, lehenesten den aukera nafar sentitzearena da.
Datu kualitatiboak
Behin ohar horiek eginda, zenbait datu kualitatibo emango ditugu.
Homogeneizatze nazional espainiarrera murriztuak izateari zaion errefus subjektiboak, eta Baskoniako biztanleek beren buruarentzat aldarrikatzen duten euskal eta/edo nafar identitate nazionala erlatiboki barne hartzeak, estatuari dagokionez lurralde hau berariazko kutsu politiko bat duen harreman sozialen eremu bilakatzen dute. Baina, aldi berean, gertaera sozial bat da gehiengoak bere buruari egozten dion nortasunean, erreferentzia espainiarra ere barne hartzen duela (1. taula).
Inkesta egindakoen %14,9a sentitzen da soilik espainiarra, edo espainiarra sentitzen da euskal herritar/nafar sentitzearen gainetik; %35,7a sentitzen da euskal herritar/nafar bezain espainiar; eta %42,7a euskal herritar/nafar sentitzen da espainiar sentitzearen gainetik, edo euskal herritar/nafar baino ez da sentitzen. Azken talde horretan dago pertsona kopuru handiena, subjektiboki espainiar nortasunaren erreferentzia baztertuz, edo espainiar nortasun hori euskal herritar/nafarraren menpe utziz. Bigarren lekuan euskal herritar/nafar izaera eta izaera espainiarra bateragarri egiten dituzten pertsonen multzoa dago. Pertsona multzo txiki batek besterik ez du nortasun espainiarra euskal herritar edo nafarraren aurretik kokatzen. Nolanahi ere, euskal/nafar sentimendua inkestatuen gehiengo handi baten oinarrian kokatzen da, eta, ildo beretik, inkesta egindako pertsonen %75,8a harro edo nahiko harro dago euskal herritar/nafar biztanle izatearekin.
Inkestak, halaber, honako galdera hau egiten du: zein multzo geografikoko partaide zarela esango zenuke? Herria, Autonomia Erkidegoa (Euskadi edo Nafarroa), Espainia, Mundu osoa. Inkesta egindako pertsonen %51,5ak erantzuten du, batez ere, bizi den udalerri, herri edo hirikoa dela, eta %23,4ak aukeratzen du Euskadi edo Nafarroa. Lehentasun horiek bigarren lekuan kokalekuz aldatzen dira nongoak diren galdetzen zaienean. Kasu guztietan, identifikazioari dagokion lehentasuna bi identifikazio moten artean mugitzen da (2. taula).
Penintsulako Baskonian lortutako emaitzak Espainian eta Europan lortutakoekin alderatuz gero, desberdintasun bat nabarmentzen da: Euskadiren edo Nafarroaren alorrean identifikatzen den ehunekoa altuagoa da, batez ere, Espainiako eremu geografikoan lehentasunez identifikatzen den ehunekoa baino. Ez da gauza bera gertatzen ez Espainiako estatuan, ezta Europan ere. Hori Euskal Herriak atxikipen nazionalarekiko duen eztabaidaren datu adierazgarria da. Hala ere, ezin ondoriozta dezakegu inkestako erantzunetatik zenbateko aldiberekotasuna duten, aipatutako eremu horiei ematen dieten esanahiaren egiazko edukietan.
- Nongoa izatea: aldiberekotasuna eta kanporatzea
Goraipamenen aldekoak ez izan arren, 1995 eta 1999 artean ehunekoan artean ikusten diren diferentziak (1. eta 2. taulak) ikuspuntu bikoitz batetik interpretatzen ausartzen gara:
a) Aldi berean eta positiboki toki desberdinetakoak izatearen edo autoidentifikazio pluralaren onarpen sozial handiagoa.
b) Kanporatzeak direla-eta lehentasun erlatiboa, autoafirmatzeko behar txikiagoa.
Leku batekoa izatearen sentimenduen bateragarritasun edo bateraezintasunean hainbat mailak multzo ugari sortzen ditu. Multzo horiek, metodologikoki, bi, hiru edo lau multzora murriz daitezke, baina hiritarren errealitate pertsonal zehatzak biderkatu egiten ditu. Nolanahi ere, azken hamarkadan autoidentifikazio nazionalak izan duen bilakaera aztertu ondoren honako hau ondorioztatzen da: aniztasun egonkorra autoidentifikazio nazionalen artean.
Gainera, euskal herritar/nafar edo soilik espainiar sentitzen diren guztiak ez dute zertan, kantitatez nahiz kualitatez, nortasun atxikipen bera izan behar. Nazio hitzari dagokionez, norbankoak nortasun-talde jakin batekoa izateari ematen dion garrantzia erlatiboa da, hiru galderak –zerez, zertarako eta nola bizi elkarrekin– planteatzean eta horiei erantzutean, kidetza eta identifikazio desberdinak azaltzen dituen une beretik.
Era berean, lurraldetasuna lehentasunez zehaztean –Euskadi edo Nafarroa– hautatzen duenak arrazoi hauek izan ditzake, besteak beste, Espainiarekiko bazterkeria ideologikoagatik, gertuagoko harreman-eremuarekin tradiziozko afektuengatik, edo berehalako interes pertsonalengatik –adibidez, osasun-arretazko sistemarena. Horrek esan nahi du galdera berak hainbat historia pertsonaletatik interpretatuak izan daitezkeela, eta, ondorioz, kasu bakoitzean erantzunak balio desberdina izan dezake. Beraz, gure iritziz, azterketa horretatik atera daitezkeen ondorioak bitan banatzen dira nagusiki:
a) Hainbat identifikazio nazional motarekiko harremanari buruz jardutean, hiritar guztien baterako identifikazio positiboa aurkitzea zaila da.
b) Gertuago dauden nortasun-eremuetarako atxikipen positiboaren garrantzia –guztien erreferentzia euskalduna edo nafarra delarik– eta urrunago daudenen barnean hartze positibo txikiagoa ukaezina da.
- Hizkuntza nortasunaren erreferente
Era berean, testuinguru honetan erkidego anitzarekiko leialtasuna islatzen da galdera interesgarri baten erantzunetan: aukeran izango bazenu, zein hiru hizkuntza jakin nahiko zenituzke? Eta, zein zure seme-alabek jakitea?
Hizkuntzak, aldi berean, erremintak eta sinboloak dira, tresna erabilgarriak eta zentzu-erreferentziak, baliabideak eta xedeak. Hizkuntza bat edo beste lehentasunez aukeratzeak esanahi hauek izan ditzake: historikoki hizkuntza horretan igorritako kultur tradizio jakin batekiko atxikipena, nahiz saltzeko edo hezteko edo hizkuntza horretan mintzo diren pertsonak ebanjelizatzeko interesa. Eta atxikipen positiboa ukatze baten edo ukatze ugariren adierazpen sinbolikoa izan daiteke.
Baina, aukera bakoitzaren aldeko arrazoiak edozein direlarik ere, hizkuntza anitzeko espazio sozial batean, erkidegoko hizkuntzen hierarkizatze erlatiboak pertsona bakoitzak identitate-taldearekin duen harremana eragiten du. Hori da gure kasua (3. kasua).
Euskara lehenengo hizkuntza hautatzen duena %44 da, eta %47,7 da gaztelania aukeratzen duena; bigarren lekuan dago euskararen aukeraketa, %29,4arekin, gaztelania %34,7arekin eta ingelesa %26,7arekin.
Lehentasunak utziz goazen heinean beste esanahi bat izan dezaketen beste hizkuntza batzuk azaltzen dira. Izan ere, hizkuntza horiek ez dira nortasun-prozesuaren alorrean kokatzen. Kasu horretan, hizkuntz lehentasunek elkarte-leialtasun eta nazionalen eztabaida ere islatzen dute.
Aukera guztien batura kontuan hartuz gero, hizkuntzarik hautatuena ingelesa dela ikusi dezakegu. Ia euskara eta gaztelania gainditzen ditu. Zentzu horretan, hiru hizkuntzek jasotzen duten halako legitimazio garrantzizkoa. Baina, ez dira ez maila berekoak, ez jatorri berekoak. Egoera horietan da baliagarria hiru galderak bereiztea, hain zuzen ere, –zerez, zertarako eta nola bizi elkarrekin. Hizkuntza bakoitzak hainbat toki eta funtzio okupa ditzake hiru galderen eremu bakoitzean. Ingelesa ez da lehenengo nortasun aukera, baina funtsezko aukera da mundu mailako komunikazio-eremu bateko sarbidea izateko baliabide den aldetik –izan ere, mundu-milako komunikazio-eremu horretan ebazten da gero eta gehiago herrialde garatuetako ekonomia. Euskararen eta gaztelaniaren toki soziala eta ingelesarena funtsean desberdina da. Bi hizkuntza horiek dira, funtsean, biztanleriaren zati garrantzitsu baten sentitzeko, pentsatzeko eta jarduteko moduen isla, eta eguneroko bizitzan komunikazio funtzioa betetzen dute. Nazio ikuspuntutik ezin da homogeneizatze sozialik gauzatu guztien identitatezko leialtasun bat sortzen duen hizkuntza bakarraren bidez.
Desberdintasun garrantzitsurik ez dago 1995etik eta 1999ra biartean, datuen arabera (6.taula).
Mota guztietako nortasun-atxikipenen eta hizkuntza aukeren arteko harremana aztertuz gero, datuek ez dute orain arte esandakoa azpimarratu besterik egiten. Euskal herritar/nafarra denarekin baino lotzen ez diren inkestatuek lehentasunezko aukera orokortzat hartzen dute euskara. Alabaina, prozesua alderantziz egiten denean eta inkestatuek beste nortasun-aukera batzuk lehenesten dituztenean, euskara hautatzen duen pertsona-kopurua askoz ere txikiagoa da. 6. taulako datuei jarraiki, euskal herritar-nafar nortasunean soilik kokatzen diren horiek euskara aukeratzen dute, %87,8 da; Espainiarekin identifikatzen diren horien kasuan murrizten da zifra hori, %12 baita. Hala ere, inkestan erantzun duten askok tarteko toki bat okupatzen duten atxikipenak dituzte eta, horietan, kopuru garrantzitsu bat da euskara lehentasunez aukeratzen duena.
Dagoeneko adierazi dugu erkidego kulturalaren atxikipenezko errealitate anitz horrek nagusitasun handiagoa duela soziologikoki komunikabideek euskal gaiari buruz egiten dituzten diskurtsoetan azaltzen dutena baino.
- Errealitate sozial bat izendatzeko modua
Gaiaren hedadurak behar besteko espaziorik ez dugun arren, ez dugu datu hau eman gabe utziko: komunikazio-fluxu publikoaren osaerako hiru egunkari garrantzitsuek errealitate sozial hori izendatzeko erabiltzen dituzten moduak.
Ezin da azalpenik eman edukirik adierazi eta gauzei beren izenez deitu gabe. Ikuspuntu etiko eta demokratikotik askoz ere funtsezkoagoak diren kontuak alde batera utzita, nola izendatu behar da aurreko tauletan aipatu ditugun datuak eskuratzeko egin ditugun inkesten xedea, errealitate soziala? Euskal Herria? Basconia? Pueblo Vasco? País Vasco? País Vasco Navarro?, Vascongadas y Navarra? Euskadi? Euskadi eta Nafarroa?, Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroako Foru Erkidegoa... ?
Espresio batzuek edo besteak lehentasunez erabiltzearen bidez –eta horri dagokion bazterketaren bidez– agintari politikoek nahiz komunikabideek esamolde batzuk edo besteak hautatzen dituzte, subjektu horiek lurralde horietan bizi den jendearentzat desio duten etorkizun politikoari buruzko ideien arabera.
Froga gisa, nahikoa da jorratzen ari garen testuinguru horretako hiru egunkari garrantzitsuetako artikulu nagusi multzo zabal bat hartzea bakoitzetik: Deia, El Correo eta Gara.[4]
Argi dago, artikulu nagusian, guk penintsulako Baskonia izendatu dugun lurralde edo gizarte-alorra izendatzeko, hainbat idazleren posizio politikoak baldintzatzen duela deiturak modu desberdinean erabiltzea, hala nola, Euskalerria (edo Euskal Herria), Pueblo Vasco, País Vasco, Euskadi, País Vasco eta Navarra, Euskadi Sur, Euskalerria Sur, Comunidad Autónoma Vasca eta Comunidad Foral de Navarra eta abar –kasu horietan, komunikabideetako arduradunen jarerak (5. eta 7. taulak).
Baliabide bakoitzean maiztasun erlatibo gehien duten bi aukerak kontuan hartzen baditugu, euskal errealitate sozialari buruzko zehaztapen ideologikoetatik at ez dauden diferentziak agertzen dira. Guk hiru multzotan sailkatu ditugu:
- Deiak lehentasunez Euskadi erabiltzen du, nahiz eta bi adieretan erabiltzen duen:
a) Pirinioen alde bietara dauden lurraldeek osatutako Euskal Herriaren adierazpide nazional gisa (%48).
b) Euskal Autonomia Erkidego gisa (%13), Euskalerria edo Euskal Herriaren bultzatzaile ekonomiko, sozial eta kultural gisa hartzen duena.
- Gara egunkaria da aztertutako epean bere ildo editorialean Euskal Herria izenaren erabilera erlatibo handiena egiten duena (%57). Hori bat dator, argi eta garbi, 90eko hamarkadaren hasieran ENAMeko zuzendaritzak euskal alorreko kontraesan nagusia adierazteko moduari buruz gauzatutako zehaztapen ideologiko berriarekin: herria versus estatua, Berlingo harresia behera bota ondorengo nazioarteko testuinguru berrian.
- El Correoren lehentasunak País Vasco eta Euskadi esamoldeak dira, orokorrean Euskadiko Autonomia Erkidego gisa ulertuta.
El Correo egunkariak, El Correo Español-El Pueblo Vasco izenetik sortzen denak, bere ildo editorialean pueblo vasco (%3) hain gutxi erabiltzeak harritu egiten gaitu. Era berean, Garak, ENAMen kidekoa den egunkariak, eta bere ideologoek esanda Euskadi eta Askatasuna gertaera sortzaile gisa duenak, euskal gizarteaz jarduteko Euskadi ia ez erabiltzea ere deigarria da.
Euskal errealitate sozial eta politikoa adierazteko modu desberdin horiek bere etorkizuna hainbat norabidetan orientatzeko borroka nabarmentzen dute. Eta guztienak ez diren proiektu horietatik hiritarren komunikazio publikoa baldintzatzen duten egunkariek, beren borondatea kontuan hartu gabe, klima edo testuinguru sozialean duten eraginarekin, aldi berean inkomunikatzen duten komunikabide bilakatzen dira.
Baliabide berriak dira, dudarik gabe, aniztasun horren barneratzea bideratzeko aukerak. Baina aukera hori baliabide horiez baliatzearen erabaki etikotik baino ez da gauzatuko. Baliabideek, dudarik gabe, tokikoa globalarekin eta globala tokikoarekin konbinatzeko aukera susmagaitzak eskaintzen dituzte, bereziki hasierako nahiz jarraikako trebakuntza-sareen bidezko erkidegoko integrazio-prozesuetan.
«Nola bizi elkarrekin» eta komunikabide berriak
[aldatu]Gizakiok geroz eta sistema, programa eta zerbitzu telematiko gehiago erabiltzen ditugu gure artean eta gure hainbat ingururekin komunikatzeko. Horrek alor ekonomiko eta kulturalean eragina izateaz gain, gure banakako eta taldeko existentziari dagozkion harreman sozialei ere eragiten die. Ez da arraroa, halaber, geroz eta handiagoa izatea berrikuntza historiko horren garrantziari buruzko kontzientzia soziala.
- Historia Versus Lurraldea?
Komunikatzen diren subjektuen arteko harreman gertakariak dira gertakari sozialak. Giza komunikazioa espazioan eta denboran gertatzen da. Espazioak eta denborak, batak bestea, orokorrean subjektu sozialen existentzia zehatzean baldintzatzen badu ere, –egungo mendebaldeko tradizio menderatzailean, bederen–, garrantzi handiagoa ematen zaio espazioari denborari baino, prozesu sozialak identifikatzerakoan. Horri dagokionez, ohikoagoa da espazio sozialez, espazio ekonomiko, kultural eta politikoez jardutea denbora sozialez, espazio ekonomiko, kultural eta politikoez jardutea baino. Prozesu sozial zehatzak identifikatzeko, espazioari lehentasuna denboraren aurretik ematen zaio eta, besteak beste, faktore hauek bultzatu dituzte:
- Espaziala egonkor bilakatu duten zenbait tradizio kulturalen pisua, denbora aldakorra denarekin identifikatu den bitartean (tempus fugit).
- Espazialki urrun zeuden pertsona eta taldeen artean denbora komun bat konpartitzeko zailtasunaren giza esperientzia; denbora komuna izan da baina soilik espazio berekoak ziren horientzat, edo espazio komun horren –etxea, auzoa, herria...– tradizioz edo herentziaz atxikita jarraitzen zuten horientzat. Errazagoa zen kulturalki espazio berean errotutako arbaso eta ondorengoen arteko lotura, kontinente desberdinetan bizi ziren garaikideen artekoa baino.
- Partekatutako denboran gertatzen diren gauzei buruz hitz egiteak tokiko identifikazioen bitartez bereizketa bilatzea erraztu dezake –leku hartan edo beste horretan gertatu da.
- Ekonomia tradizionalaren lurralde-muga –garraio eta komunikazio arazoak direla eta– soziala denaren eta erlijio-edukia, linguistikoa edota ludikoa duten harreman sozialen hautemate espazial horren faktore erabakitzaileetako bat izan daiteke, halaber. Testuinguru horretan ulertu behar da “cuius regio eius religio” adierazpena. Horrek aditzera ematen du espazio bat okupatzeak harreman sozialak, baita erlijio-izaera dutenak ere, kontrolatzea bermatzen duela. Gauza bera esan daiteke hizkuntzari buruz, hots, biztanleen harreman soziolinguistikoei buruz. Horrela, Nebrijak bere egingo luke: cuius imperium, eius lingua.
- prozesu sozialen izaera ekonomiko eta kulturalaren antolamendu politikoa –aginpide edo botere egiturekin–, oro har, botere subirano bat lurraldearen gain gauzatzean oinarritu da, eta, lurraldearen bidez, biztanleen ekoizpen, merkataritza, hizkuntza eta abarren harremanen gainean planteatzen. Lurraldearen okupazioa, horrela, esku‑hartze sozialera orientatutako politiken balizko estrategiko bilakatu da, espazioaren edo lurraldearen zaindariak lurralde horretako harreman sozialen edukien zaindariak izanez.
- Telekomunikazio berriak eta horien eragina espazioan eta denboran
Telekomunikazioari esker, subjektu historikoen –norbanakoak, familiak, herriak...--komunikazio soziala saihesten eta oztopatzen zuten muga espazial batzuk gaindi ditzakegu eta horien bidez harreman sozialen eta elkarbizitzaren giza unibertsoa sakonki aldatu. Espazioan eta denboran urrun dauden esperientzien arteko komunikazioa eguneratu ahal izatea, gaur egunera bitartean harreman sozialen gidari izan diren baldintzetan faktore asaldatzaile bat sartzearen baliokide da. Denbora unibertsoak lurbiraz haratago dauden puntuetatik elika eta atzera elika daitezke espazio-ontzietatik eta abarretatik. Horrekin, pertenentzia espazialean oinarritutako integrazio edo desintegrazio prozesuek, errotze edo deserrotze-prozesuek eragin handiak jasango dituzte.
Komunikazio telematikoek gizarte-harremanen antolamendu politikoan eragingo dituzten aldaketak oso sakonak izango dira.
Subjektu sozial batek –gizabanakoa izan edo taldekoa izan– bere borondatea kulturalki eta ekonomikoki askatasunez egiteko baldintza politikoen eskaria, nagusiki, espazio eskaeran zehazten da, etxearen bortxaezintasunetik hasi eta lurralde zabalago edo murritzagoaren antolamendu askerainokoan. Telekomunikazioak dituen aukera geroz eta anitzagoek errotik alda dezakete espazioa okupazioaren eta espazio horretan bizi direnen denbora kultural eta ekonomikoki okupatzeko baldintzen arteko harremana.
Komunikazioko baldintza berri horiek, hau da, elkarkomunikatzeak eta inkomunikazioak, beraz, pertsonen eta herrien garapen kultural eta ekonomikoaren baldintza politikoei buruzko eztabaida planteatzeko aholkatzen dute, ez hainbeste lurralde edo espazioari buruz, baizik denbora eta historiari buruz.
Ziurrenik, lurralde bateko eskubideei buruzko eztabaida, gauzatze historikorako denbora izateari eskubideari buruzko eztabaida bilakatuko litzateke, hots, eskubide historikoei buruzko eztabaida: egiteko modu bati jarraipena emateko edo egiteko modu bat aldatzeko, askatasunetik etorkizuna eraikiz.
- Lurraldea irabazteko eta historia galtzeko arriskua
Telekomunikazioaren aurrerapenek –espazio hain urrunetatik esku-hartzea eta interferentzia sortzea, nahiz denbora konpartitzea ahalbidetuz– oinarrizko egia honen jakitunago jarduteko balio izan digute: pertsona bati edo herri bati ez dio ezertarako balio munduko espazio guztia irabaztea, bere denbora historiko galtzen badu.
Errealitate historikoa da pertsonen eta herrien arima, jaiotzen, hazten, bizitzen eta etorkizuna duten denboran. Giza hizkuntzen eta hizkeren bizitza sozial horiek baldintzatzen dute, komunikaziorako baliabide gisa, existentziaren erreferentzia sinbolikoko unibertso estetiko eta poetiko gisa, erabiltzen edo berpizten dituzten pertsonen bizi-denborak. Erakunde ekonomiko, erlijiozko nahiz politikoek ere bizitza soziala dute, pertsonen eta herrien bizi-denbora baldintzatzen duten neurrian.
Testuinguru horretan onartu behar dugu telekomunikazioak eragindako prozesu sozial berriak identifikatzeko erronka, prozesu berriak aurkituz harreman sozialetan, indibidualizazioan eta sozializazioan, bakardadean eta lagunen konpainian, askatasunean eta mendekotasunean, komunikazioan eta inkomunikazioan, elkarkomunikazioan eta antikomunikazioan.
Erronkek eta aukerek gizalegezko egoera kritiko baten aurrean jartzen gaituzte. Badakigu giza existentziaren baldintzak aldatzeko xedearekin indar izugarrizko baliabideak aplikatzen ari garela, gure ekintzetatik sor daitezkeen eraginen kontzientziarik izan gabe. Hans Jonas en aitorpenen arabera, aktiboki gauzatutako eta partekatutako erantzukizun pertsonalek soilik lagun gaitzake baliabide hain boteretsuen erabilera zitalak saihesten. Baliabide hain boteretsu horiek, zuhurki eta zintzo erabilita, dudarik gabe, gure elkarbizitza ekonomikoa, kulturala eta politikoa askoz gehiago gizatiartuko dute.
Oharrak
[aldatu]- ↑ A. Einsteinek (1879 1955) ideia hori hainbat esaldiren bidez adierazi zuen, besteak beste, honako hauekin: «Wir leben in einer Zeit vollkommener Mittel und verworrener Ziele» edo «Perfektion der Mittel und Konfusion der Ziele kennzeichnen meiner Ansicht nach unsere Zeit».
- ↑ Daniel Bell-ek “kapitalismoaren kontraesan kulturalei” buruzko azterketan kapitalismoaren egungo gizarte aurreratuetan hiru ardatz bereizten ditu. Formulatu ditudan hiru galderak hiru ardatz horiei dagozkie, bakoitzak arazo desberdin bat planteatzen duelarik, erantzunak linealki batetik bestera alda ezin daitezkeenak
- ↑ Argudio horren garapen zabalagoa F. Garmendia eta X. Barandiaranen lanean aurki daiteke: Política y valores en Vasconia: J.Elzo (zuzendaria) eta besteak: Los valores de los vascos y navarros ante el nuevo milenio, Deustuko Unibertsitatea (Bilbo, 2002), 227 299 orrialdeak. Aipatzen dudan testuaren zati bat eta datuak hitzez hitz atera ditut artikulu horretatik.
- ↑ Ematen ditugun datuak 1995/1/1 eta 1999/9/14 artean honako egunkari hauetan argitaratutako artikulu nagusien azterketan oinarritzen dira: Deia, El Correo, El Diario Vasco eta Gara –Euskadi Información edo Egin– , ABC, El Mindo, El Pais, La Razón eta La Vanguardia. Guzti horietan azaltzen da eusk..., vasc... edo aipatu ditugu lurralde historikoetakoren baten berariazko aipua.