Soziologiara sarrera/Gizarte aldaketa
Gizarte aldaketa guztiz loturik dago, eskuarki, gizarte zientziekin eta, bereziki, soziologiarekin. Izan ere, gizarte zientzia guztiek gizarte aldaketa jakin batean dute sorburua, eta gizarte tradizionalaren amaierarekin eta gizarte moderno edo industrialaren sarrerarekin batera gauzatu ziren, XVIII. mende bukaeran. Orduz geroztik, gizarte honen garapena nolakoa izango zen iragartzera eta horrelakoa izan zedin beharrezkoak ziren aldaketak eragitera emanak egon ziren gizarte zientziak.
Gizakia, gizarte aktore gisa
[aldatu]Esan daiteke gizarte aldaketaren gaineko azterketak garai hartan egon bazeuden oinarrizko baldintza batzuk (gizarte, ekonomia eta adimen mailakoak) eskatzen dituela, aldi berean gertatu baitziren industrializazioa, politika munduaren antolamendua eta Ilustrazioa, «gizartearen aroa» deitu dena ekarriko zutena. Garai horretan gizakia da gizartearen eta gizarteko produktu guztien oinarria. Pertsona ulertzeko modu berria da, geroago baldintzatuko duen munduaren sortzaile gisa ikusten da gizakia, bizi eta ezagutzen duen historian oinarritutako sortzaile bakar gisa alegia. Gizartea historia delako ideia bereganatuta eta gizartea eta kultura, beren osotasunean, gizakiaren ekintzen uzta dela jakinda, pertsona «berri» hau zegoena nola sortu zenaztertzeari ekin zion eta etorkizun (denontzako bidezkoa, berdina eta askea) baten jabe sentitzen hasi zen, eta ondorioz, ezin burutik aldendu zitzakeen gizarte aldaketaren ideia eta honen ideia eraginkorrenetako bat: aurrerapenaren ideia, alegia.
Horrek ez du esan nahi aurreko zibilizazio eta garaietako gizarteetan, erakundeetan eta kulturetan aldaketak aztertzen ez zirenik; baina modu metaforikoago batez egiten ziren azterketak, azalpen naturalak eta naturaz gaindikoak ematen ziren. Ikuspegi horren arabera, aldaketen eragileak gizarteez kanpoko esparruetatik etorriak ziren (Jainkoen borondatearen ondorioak ziren batez ere), edo gizakiak ezin mendean eduki zitzakeen eragileak ziren, eskutik ihes egiten dion patuari estekaturik balego bezala. Baina guztia aldatzen da garai modernoarekin, gizakiak ez du bere burua patuari lotuta ikusiko, aldiz, bere etorkizuna aukeratzen duen pertsona aske gisa ikusiko du.
Gizarte aldaketa zertan den zehazteko orduan, irauten duen nortasunean eta denboraren joanean gertatzen diren ondoz ondoko aldaketa etengabeen ondorioa dela esan genezake. Aldaketak, denbora eta irauten duen nortasuna funtsezko hitzak dira definizio honetan. Hiru elementuok aztertu beharra daude aztergai dugun gai bakoitzean: familia, balioak, guraso izatea, lan egiteko era eta abar. Horrenbestez, hautaturiko objektua zertan desberdintzen den aztertu behar da, xehe-xehe mugatu behar da objektua, ondo zehaztu behar da zertan den objektuaren muina eta zer elementuz dagoen osatuta. Gizarte aldaketa batez hitz egin ahal izateko ondo zehaztu behar dira zeintzuk izan diren aldaketak bizi izan dituzten objektuen alderdiak, eta zehaztasunez deskribatu behar dira.
Aldaketa, bilakaera eta iraultza
[aldatu]Denbora da beste dimentsio handi bat, iraganiko denborak baino ez baitigu A eta A1 objektuak bereizteko aukera eskaintzen.
Elementu horiek kontuan hartzen ez baditugu, gizarte aldaketarekin zerikusi handirik ez duten gauza lausoak aipatuko ditugu; esate baterako, behin eta berriz hizpide izaten den balioen aldaketa, masen komunikabideek diotena aintzat hartzera, balioak bi edo hiru urtean behin aldatzen direla ematen baitu. Gainera, denbora aintzat hartzea da aldaketa eta bilakaera soilaren arteko bereizketa egiteko modu bakarra.
Halaz ere, fenomeno baten bilakaeran gertatzen diren aldaketa txikien ondorioz benetako aldaketa bat gerta daiteke.
Horretxegatik, eta erraza ez den arren, sarritan bereizten dira aldaketa eta bilakaera.
Bilakaera zertan den zehazteko orduan maiz kontsideratu da denboraldi luze batean, hainbat belaunaldi edo menderen buruan, gizarte batek bizi izan dituen aldaketen multzoa dela, epe luze horietan hauteman baitaitezke epe laburretan ezin antzeman daitezkeen joera garbiak. Bilakaeraren ikuspegitik ez dute garrantzirik aldaketa txikiek, eta aldaketa txikien baturak baino ez digu gizarte baten bidea edo joera nagusia hautemateko aukera emango. Ildo honetatik, esate baterako, mendebaldeko gizartearen bilakaeraz hitz egin dezakegu.
Aitzitik, epe laburragoetan hauteman eta egiazta daitezkeen aldaketen, sakralizatu behar ez diren aldaketen ondorioa da gizarte aldaketa. Egia da gizartearen panorama aldatu egiten duten gertaerak jazotzen direna, baina oso noizean behin gertatzen dira horrelakoak. Soziologiaren lehen joerak eta lehen soziologoak gizartearen bilakaeraz arduratu ziren. Kasu batzuetan, soziologoek berek bilakaera sustatu egin zuten, gertaerak aldez aurretik zehaztu edo aurreikusiriko eredu baten arabera garatuko zirela uste baitzuten.
Ustezko linealtasun honek guztiz hausteko joera du iraultzen kasuan, iraultzak baitira gizarte aldaketaren adierazle ikusgarrienak.
Historiaren prozesuan, garai batzuei amaiera eman eta beste batzuei sarrera egiten dieten hausturak dira iraultzak. Iraultzak bilakaeraren haustura ekartzen du. Eskuarki politikaren esparruan erabiltzen den arren, giza jarduera guztiek bizi ditzakete iraultzak, gaur egun zientzia eta teknikaren esparruak bizi duena erakusgarri. Bilakaeran eta aldaketan bezalaxe, jatorri endogenoa edo exogenoa izan dezake iraultzak.
Iraultza endogenoa, haustura dakarren barne heldutasunaren prozesu baten ondorioa izan daiteke (iraultza industriala, iraultza frantsesa); iraultza exogenoa, aldiz, kanpotik etorririko elementu batzuen ondorioa izan daiteke, ezarrita zegoen erregimena aldatzera datorrena (sozialismo sobietarra) edo aldez aurretik zegoen gizarte-egitura gainditzera datorrena (kapitalismo japoniarra).
Orekaren eta egituraren aldaketa
[aldatu]Soziologian asko erabiltzen den beste bereizketa bat orekaren aldaketaren (edo egituran eginiko aldaketa) eta egituraren beraren aldaketaren artekoa da. Lehenengoaren kasuan, hautsi egiten da egitura batean nagusi zen oreka, oreka berri bati sarrera egiteko, baina bere horretan irauten du egiturak. Egitura guztiak egokitzeko prozesua da, eta egituraren behar berriei erantzuteko emaitzak dira aldaketa eta egokitzapenak oro. Batzuetan, aldaketa mota honek antz handia du zenbaitetan «dena aldatu behar da denak berdin jarrai dezan» dioen esaldi ezagunarekin. Baina, agerikoa denez, egokitzapen batzuek ustekabekoak ekarri eta nahi ez ziren ondorioak izan ditzakete.
Gorbatxov-ek SEBSean erreforma ekonomikoak eta politikoak burura eramaten saiatu zenean, seguru asko ez zuen usteko sozialismo errealaren sistema behera etorriko zenik.
Horretxegatik, hain zuzen ere, egituraren aldaketa egitura horren barruko orekaren hausturaren eta beste egitura baten ezarpenaren ondorioa da. Horrelakoetan, gizarte ordena batek ezin eutsi izaten dio bere gizarte presioari eta, ondorioz, molde berriko egitura bat eskatzen duen tentsio geraezina gorpuzten da. Aldaketa hauek sustatuak eta berez etorriak izan daitezke, hots, bilatu egin dira edo bilatu gabe etorri dira.
Egitura-aldaketaren eta egituraren aldaketaren arteko bereizketa klasiko hau oso interesgarria da, izan ere, historian barrena gertatu diren aldaketa asko eta asko hobeto azaltzen dira lehen aldaketa eredutik abiatuta bigarren eredutik abiatuta baino.
Aldaketa eta aurrerapenaren ideia
[aldatu]Aurrerapenaren ideia ideiarik garrantzitsuena izan da zibilizazioaren azken hiru mila urteetan. Ez dago oso argi zer esan nahi dugun aurrerapen hitzarekin, ez baita batere zehatza hitzaren esanahia. «Zibilizazioak, aukeratutako bidean, aurrera egin, aurrera egiten eta aurrera egingo duelako» ustea edo ideia da. Funtsean nahi bat da, beti ere hobea izango den etorkizuna bilatzera garamatzana. Etengabe hobetzeko ideia hau balio handikoa izan da gizartearentzat, eta argudio legitimatzaile gisa erabili da: etorkizun hobe baten izenean baizik ezin baitira ulertu gizarteek eta pertsonek jasandako neke itzelak. Etorkizuneko belaunaldien hobe beharrez sufritzeko ideia izan da gizakien eragile handienetako bat.
Gizakiaren izaeran datza ideia horren indarra, daukagunaren eta eduki nahi dugunaren, garenaren eta izan nahi dugunaren arteko tentsio iraunkorrean. Tentsio honek bizkortu egin du aldaketa gizarte modernoan, gizakiak patua alde batera utzi, hautua besarkatu eta ustez zegokiona lortzeko borroka egin duen heinean.
Aurrerapenaren aldeko idea hau izan da modernitatearen bi filosofia politikoen (liberalismoa eta marxismoa) eta nola beren politiken hala gauzatze praktikoen oinarria, beti ere soila baina aldi berean mugiarazten duen «etorkizunaren garapena edo aurrerapena ziurtatzeko neke handiak jasan beharko ditu belaunaldi batek edo gehiagok» ideiaren bidez. Gizarte aldaketaren eragile nagusia izan da. Bada ideia hau bazterrera uztea proposatzen duena, baina zer alternatiba aurkezten du?: erabateko etsipena, gizakiarentzako izugarria bailitzateke ez hobetzeko ideia.
Gainera, aldaketaren gaineko azterketa soziologikoari begira oinarrizkoak diren postulatu batzuk ditu aurrerapenaren ideiak bere baitan:
Aldaketa aztertzeko metodologia
[aldatu]Soziologoek kontra egin diete aurreko postulatu horiei guztiei. Gizarte guztiek ezinbestean egingo zuten bidea ezagutzen zutela zioten ideologia politiko eta ikusmolde teoriko batzuk ahuldu direnean, argi eta garbi geratu da arrazoia zutela aurrerapenaren ideiak bere baitan daramatzan ikusmolde horiei eginiko kritika batzuek. Ildo honetatik, badirudi egia dela, aztertu nahi dugun errealitatea edozein izanik ere, irauten duena aldatzen dena baino gehiago delako ideia; jarraipenaren ideiak edo historiak bide bakarra duelako ideiak ez du oinarririk, gizartean gauzatzen den bilakaera aski logiko batean atzeranzko urratsak eragiten dituzten ustekabekoak gerta daitezkeelako; aldaketak ez dira nahitaez batzen; aurreikusitako bidea neurri handian aldatzen duten gertaerak jazo daitezke. Laburbilduz, gizartearen bilakaerak joera garbiak eskatzen dituela agerikoa den arren, litekeena da, orobat, bidegurutze historikoaren, kanpotiko sarreraren, hausturaren eta hautuaren irudi izatea, historia funtsean gertakizun delako, aukera askea, ez aukeren kopuru infinitu batean egin daitekeen hautua, bai ordea aukera batzuen artean egin daitekeena. Hau da, gizakiek egiten dute historia, baina ez berek aukeratutako egoeretan. Hortaz, garai historikoak ondoz ondo etortzen diren arren, gizakia ez da nahitaez hobetzen bere izaeran, eta gizarteak ez dira nahitaez hobetzen.
Gizarte aldaketari buruzko postulatu hauen azterketak eta gertakizunaren aurreko interes biziak, berriro ere pizten dute historiarekiko interesa, historia aldi berean soziologiarekin nola uztar daitekeen planteatzeko.
Elkarren arteko harreman honetatik abiatuta baino ezin azter daitezke gizarte aldaketa aztertzeko hain garrantzitsuak diren alderaketak: ba al dago kulturan oso bestelakoak diren gizarteak alderatzerik? Zer alderatu behar da? Zeintzuk dira alderaketek planteatzen dituzten arazoak? Eta abar eta abar.
Azaldutako postulatuak eta haien aurkako kritikatik etorririko arazo metodologikoak saihesten zituen neurri batean teoria bat, zikloen teoria deritzanak (zibilizazioen haurtzaroa, gaztaroa, heldutasuna, zahartzaroa eta heriotza, maila orokorrean, edo eliteen hautapena, maila partikularrean eta abar?). Zikloen teoriak proposatzen duenaren arabera, gizarte sistema orok du bere baitan eredu zirkular bat eta, horrenbestez, nola gizarteak hala zibilizazioak aldaketa txikien bidez behin eta berriz itzultzen dira abiapuntura, zikloari berriro ere hasiera emateko. Epe luzeak balio txikia ematen die epe laburreko aldaketei, historia errepikapena baino ez baita: lorpen berberak, huts berberak eta abiapuntu eta helmuga berberak. Zikloen teoriak, beraz, esan gabe adierazten du gizakiak edo gizarteak hobetzea ezinezkoa dela.
Esparruak eta aldaketa-erritmoak
[aldatu]Aldaketaren intentsitateari dagokionez, egiaztatu bide daiteke aldaketak maizago gertatzen direla politikaren esparruan gizartearen eta kulturaren esparruetan baino, eta sarri askotan politika aldaketa horiek ez dutela hasiera batean uste bezainbesteko eragina gizartean eta kulturan, politika aldaketek luzaroan irauten ez badute eta gizarteratze prozesu luzeak abiarazten ez badira.
Erritmoari dagokionez, mendebaldeko gizartean teknikaren eta zientziaren esparrua da lasterren aldatzen dena, berrikuntzarantz bideratua baitago erabat, eta lastertasun hori nahikoa erraz legitimatzen da eraginkortasunaren izenean. Berrikuntza bihurtu da esparru horren izateko arrazoia. Beste esparru sakonago bat, motelago aldatzen dena, gure sinesmenen mundukoa da erlijioa, ideologiak, balioak: «sakratutzat» hartzen ditugu, irauteko ahalmen handiagoa eta autonomia handiagoa dute errealitate materialetik etorritako aldaketen esparruaren aldera. Izan ere, sinesmenek eta beren dotrinek ezin onar dezakete garapenean etenik egoterik zeinahi erlijio aztertuta ondo asko ikusiko dugu aldaketen aukera onartu baino azpimarratu egiten dituztela barnetik sortutako interpretazio berriak. Bukatzeko, beste esparru bat, sakonena, gizakiaren izatearen eta bizitzaren oinarrizko arazoekin zerikusia duena, ez da ia aldatzen: ongiarekin eta gaizkiarekin zerikusia dutenak, heriotzari nola aurre egin, maitasuna, beldurra eta itxaropena, handinahia, ahalmentsua izateko irrika eta abar, pertsonaren izaeran oinarritzen den jarraipen lerro bat dago, zientziaren eta teknikaren berrikuntzek ekartzen dituzten itxurazko aldaketekin desagertzen ez dena. Tragedia grekoen, Shakespeareren obraren eta gizaki modernoaren arazoen artean seguru asko gehiago izango dira antzeko elementuak desberdinak baino.
Egungo gizarte modernoak helarazten digun aldaketa etengabearen irudiaren aurrean ez dugu alde batera utzi behar gizakiak betirako duena.
Aldaketaren arrazoi nagusiak
[aldatu]Bi izan dira azpimarratu izan diren arrazoiak gizarte aldaketa azaltzeko orduan: materialak eta idealak. Inguru fisikoa ere aipatzen da, baina eragin txikiagoa duela ematen du. Arrazoi materialak dira biziraupena bermatzeko gizakiak burutu dituen jarduera materialekin zerikusia dutenak: lan egiteko era, ekoizpen bideen jabetza, garai bakoitzeko ezagutza zientifiko-teknikoa, lan tresnak, teknologiaren maila. Hau da, gizakiak, arian-arian, mundu materiala kontrolatzeko duen modua eta bere helburuak erdiesteko mundu hori baliatzeko era. Hein batean, determinismo teknologikoaren teoria da (edo determinismo ekonomikoaren teoria termino marxistak erabiliz). Laburbilduta, determinismo ekonomikoaren arabera gizartearen egitura materialak eragiten ditu aldaketak.
Arrazoi idealak dira pertsonek beren garaiaz pentsatu dutena, asmatu duten etorkizunaz pentsatu dutena, pertsonak mugiarazi dituzten balioak, hots, ideiak historiaren eragiletzat hartzea, edo kulturaren faktoreak deituak, funtsean erlijioaren, pentsamoldearen eta kontzientziaren eraginak biltzen dituztenak.
Teknologiari dagokionez, bada teknologiarena ez bezalako beste erabilera batzuk posibleak direla dioena, eta bada, gisa berean, dagokion erabileraz gaindi teknologiak zuzeneko ondorioak dakartzala dioena.
Lehenengo jarrerak kontuan ditu asmakuntza teknikoak egin eta aplikatzeko beharrezkoak diren gizarte aldaketak, eta horrek era askotako gizarteak eratzeko aukera ematen du funtsean:
- teknologia bera,
- ekoizteko modua bera, eta
- ekoiztutakoa banatzeko modua bera izanik ere.
Bigarren iritziak bateratasunaren teoriari bide egiten dio, eta, horren arabera, gizarte kapitalistaren eta komunistaren artean desberdintasun baino antzekotasun gehiago dago, biak antzeko oinarri edo logika industriala dutelako.
Max Weber-en Etika protestantea eta kapitalismoaren izpiritua azterketa klasikoak historiaren eragile gisa aurkezten ditu ideiak. Weber-.en arabera, «kapitalismoaren izpiritua» aurre-baldintza da kapitalismoa gorpuztu dadin, izan ere, aktore kapitalista guztiak (enpresariak eta langileak) biltzen ditu eta ekintza kapitalistak sortzen (antolamendua eta lana). Soziologian klasikoa den Weber-en argudioak espazio handia eskatuko lukeen arren, aipatzen duen «izpiritu» horrekin gizaki eraberritzailea du hizpide, hots, garaiari aurrea hartu eta aldez aurretik inguruko errealitatetik jaso duena ideien munduan erabili ondoren, errealitatean aldaketak sustatzeko gai den eraberritzailea.
Egungo soziologiek, aurrekoen gisara, bi muturretako batean kokatzeko halako joera dute: materialean ala idealean. Muturretara jo gabe, zentzu gehiago du esateak aldaketek gizartearen errealitatearen nola elementu materialetan hala idealetan dutela sorburua, baina idealismoaren aurrean ikuspegi zabala eduki behar da, ideiak izatea eta ideiak berritzea guztiz lotuta baitago ideia horiek ekarri dituen gizartearekin.
Ideiek uste, pentsatu eta asmatzen duguna zerikusi handia dute gizarte egituran betetzen ditugun gizarte mailekin, ondoko esaldi honek bikain laburbiltzen duen moduan: «Esadazu zer leku betetzen duzun eta esango dizut zer pentsatzen duzun».
Pertsonak, taldeak eta aldaketa
[aldatu]Bukatzeko, geldialdi bat egingo dugu pertsonak aldaketa eragile gisa duen gaitasuna aztertzeko. Gizarte aldaketen azterketetan konstante bat izan da balio txikiagoa ematea gizabanakoaren ekintzari egituraren erabakiaren izenean, gizakia, aldaketen eragiletzat hartu beharrean, esku anonimoek mugitutako txotxongilo baten objektutzat hartu izana. Horrenbestez, onartu egiten da gizataldeak eta mugimenduak elementu erabakigarriak izatea gizartearen bidean eragiteko orduan, baina, aldi berean,baztertu egiten da «gizaki handi» edo «heroi kultural» deituek eragindako aldaketen ideia. Hau da, onartu egiten da kolektibitatea (alderdiak, erakundeak, mugimenduak), gizabanakoa ordea ez. Baina, ba al da historiaren bidea aldatu edo zuzendu duen pertsonarik? Hala ematen du. Baina, noraino aldatu dute historia? Nondik begiratzen den? Badira arrasto unibertsala utzi dutenak, beren herrian utzi dutenak, garaiak aldatu dituztenak, joerak zehazten dituztenak eta abar. Badira beren arrastoa berariaz utzi dutenak, beste batzuek, berriz, nahi gabe (erreferentzia gisa). Gaitasun hauek ulertzeko muturreko teoriak bi taldetara biltzen dira: batetik, pertsona handien determinismo heroikoa ematen dela diotenak bereziak oso izateagatik, eta karisma handikoak, ez baitukete beren burua zapuztuko lukeen gizarte-mugarik aurkituko, eta, bestetik, gizabanakoaren ekintza gogoangarri horiek galarazten dituen gizarte determinismoa ematen dela diotenak. Berriro ere tartean kokatuko gara, izan ere, historiaren bidea aldatu duten pertsonalitate handiak izan direla egia den arren, hain zuzen ere garai historiko jakin batetik edan eta posibilitateak eta aukerak interpretatzeko eta ikusteko gai izan direlako aldatu dute historia, gizakia ez baita soilik zirkunstantzia historiko jakin batzuen ondorioa, borondatea ere bai baita. Ez dugu ahantzi behar Isaac Newton-en esaldi ospetsu hau: «urrutirago ikustera iritsi baldin banaiz, erraldoien sorbaldetara igo naizelako izan da».