Edukira joan

Soziologiara sarrera/Sozializazioa

Wikibookstik

Sozializazioa edo gizarteratzea norbanako bat bere gizartearen kulturan sartzeko prozesua da. Ikaste prozesua da, beraz. Norbanakoak bere taldeetara moldatzen ikasten du, horien arau, irudi eta balioak bereganatzen. Prozesu betierekoa da, bizitza osoa irauten duelako. Haurtzaroa arau, irudi eta balio interiorizazio prozesua da.

Sozializazioa, kultura eta giza-egitura

Haurrari erakutsi egiten zaio giza-egitura jakin bat onartzen. Gizartearen jarraipena posible da klase guztietako jendeak interiorizatu egin dituelako ohiturak, jarrerak, pentsamoldea eta hizkuntza, besteak beste, aurreko belaunaldiengandik.

Sozializazio moduak aldakorrak dira aspektu batzuen baitan; horregatik, ondorioak askotarikoak dira. Interiorizazioari esker kulturala den horrek naturala dirudi. Gizarte modernoetan ezagunak dira sozializazioaren gailurra ospatzeko erritoak, adibidez unibertsitate titulua.

Teknikoki aurreratutako gizarteetan agente sozializatzaile tradizionalei eta transmisio kulturalari agente berriak gehitu zaizkio: informazio gehiena bide inpertsonal eta teknikoen bidez igortzen da. Baina komunikabide bakoitzaren atzean pertsonak, alderdiak eta taldeak daude, interes eta iritzi jakin batzuekin, eta gainontzekoetan erantsi nahi dituzte helburu propioak lortzeko.

Normalean, sozializazio agenteez hitz egiterakoan, ondokoak aipatu ohi dira garrantzitsuenen artean:

  • Familia
  • Eskola
  • Adin taldea (parekoen taldea)
  • Komunikabideak