Soziologiara sarrera/Teoria soziologikoa

Wikibookstik
Jump to navigation Jump to search

Teorialari gehienez aburuz, gaur egungo soziologiaren baitan lau marko teoriko nagusi bereiz daitezke, nahiz eta hauen baitan korronte ugari desberdintzen diren:

Funtzionalismoa[aldatu]

Funtzionalismoak gizartea sistema gisa ikusten du; sistemek, aldi berean, azpisistemak izango dituzte, eta gizartearen osagai bakoitzak bere funtzioa izango du. Horrela, ekintza sozialaren ikuspegi sistemiko bat garatuko du.

Funtzionalismoaren baitan hiru korronte nagusi bereiz daitezke: Malinowskiren funtzionalismo absolutua, Mertonen funtzionalismo erlatibizatua eta Parsonsen estruktural-funtzionalismoa.

Funtzionalismoak gizartearen oreka eta izaera harmoniatsua defendatuko du. Gizarteratzearen bidez (bigarren sozializazioa azpimarratuko dute batez ere) gizabanakoek gizartea bereganatuko dute. Bere kontzeptu nagusiak funtzioa (disfuntzioa, ageriko funtzioa zein izkutuko funtzioa), errola nahiz estatusa izango dira, besteak beste.

Estrukturalismoa[aldatu]

Estrukturalismoak gizartearen egituraren garrantzia azpimarratzen du. Subjektuek euren ekintzei ematen dioten zentzua, horrela, kulturaren testuinguruan aztertu behar da. Hots, estrukturalismoak gizarte ekintzak kulturaren barnean sortzen eta bersortzen direla azpimarratzen du. Ondorioz, ikerketa estrukturalistek hainbat arlo aztertu dituzte, besteak beste: jakien prestaketa eta aurkezpena, erlijio erritualak, joko eta jolasak, literatura, etab.

Estrukturalismoaren autore garrantzitsuenetariko eta lehenengoetarikoa Levi-Strauss etnologoa da. Honek, 1950eko hamarkadan, kulturaren fenomenoa mitologiaren eta ahaidetasunaren testuinguruan aztertu zuen, besteak beste.

Pierre Bourdieu soziologo frantses esanguratsuak, bestalde, estrukturalismoaren ikuspegi desberdina plazaratu zuen, kultur desberdintasunaren gainetik, bere ustez horren atzean ezkutatzen diren menderapen prozesuak azpimarratuz. Bourdieuren ikuspegiari estruktural-funtzionalismoa deitu izan zaio.

Gizakiek, elkarrekintzaren bidez, errealitate berria sortzen dute: gizartea.

Elkarrekintza sinbolikoa[aldatu]

Hau mikrosoziologian eta gizarte psikologian erabiltzen den ikuspegia da gehienbat. AEBetako pragmatismoan eta George Herbert Meaden teorietan oinarritzen da. Bere iritziz, pertsonak beraiek produktu sozialak izateaz gain, helburudun zerbait sortzaileak dira. Herbert Blumerrek honela azaldu zuen: gizakiek gauzekiko edo besteekiko duten harremana beraien zentzu eta esanahiean oinarritzen da. Esanahi hori gizarte elkarrekintzatik sortzen da, eta horri egiten zaion interpretazioak alda dezake.

Elkarrekintza sinbolikoaren jarraitzaileek metodo koalitatiboak erabili ohi dituzte, pertsonek beraien ekintzei ematen dieten zentzua ulertzeko teknikak baitira.

Marxismoak gizarte desoreka eta gatazka azpimarratzen ditu.

Marxismoa[aldatu]

Marxismoak Karl Marx eta Friedrich Engelsen pentsamenduan eta obretan oinarritutako doktrina filosofiko eta politikoetan oin hartuz aztertzen du gizartea. Hegelen filosofiaren, Adam Smithen ekonomia politikoaren eta XIX. mendeko sozialismo frantziarraren eragina nabaria izango da, gizartearen kritika zientifiko eta iraultzailea eginez. Kritika honen adierazpenik sistematikoena Kapitala obran eman zen.