Tangram-a Erabiltzeko Jarduera didaktikoak

Wikibookstik

TANGRAMA ERABILTZEKO JARDUERA DIDAKTIKOAK

1.- Jolas librea:


Materiala: Tangrama.

Helburua: Tangramak dituen aukera desberdinak garatu eta barneratzea eskuen artean erabilita.

Garapena: Lehenengo saioetan komenigarria da haurrek beraien kabuz jolastea tangramarekin familiarizatu eta aukera desberdinak aztertzen joateko.

   *Hasieran bakarka egitea komeni da, gero binaka eta talde txikian ere egin ditzakete. Ez da araurik jarriko eta nahibeste pieza
    erabiltzeko aukera izango dute.
   *Pieza guztiak erabiltzen ez badituzte, gero eta pieza gehiago erabiltzera bultzatuko ditugu.
   *Ariketa osatzeko egiten ari direna ahotsgoran esatera gonbidatuko ditugu barneratzen dabiltzala ziurtatzeko. Hau ahalbidetzeko
    ondorengo galderak baliatu ditzakegu: zein irudi egin duzu orain? Zein irudi dago azpian? Zein ezkerrean? Zein da handiena?
    Zergatik jarri duzu hori hor? Zeren antza dauka egin duzunak?...


2.- Mosaikoak egin ditzagun:


Materiala: Tangrama eta plantillak.

Helburua: Irudiak palno batetan antzematea.

Garapena: Aurretik tangramaren piezak erabiltzen dituzten hainbat plantilla prestatu beharko dira. Folio batetan tangramaren piezak kokatu eta hauen ingerada rotulki lodi batekin irufikatuko dugu. Zazpi piezak erabiltzekotan atera ditzakegun konbinazio kopurua oso handia da.

   * Haur bakoitzari Tangram eta plantilla bana ematen zaio; haurrek pieza bakoitza bere lekuan eta modu egokian kokatu beharko 
     dute.
   * Hasieran piezak euren lekuan kokatzeko, entsegu-errore modua erabiliko dute. Denbora pasatu eta esperientzia hartu ahala 
     aukeraketak mentalki egiten hasiko dira.
   * Kontutan izan behar dugu piezaren forma eta tamainuaz gain hauen planoko posizioak ere zeresan handia izango du. Beraz, nahiz
     eta pieza egokia hartu, batzutan ez dute egoki egingo piezaren posizioa ez dutelako antzemango.


3.- Ingerada marrazten dugu:


Materiala: Tangrama, paper zuria, margoak, artaziak eta lika.

Helburua: Formaren iraunkortasuna antzematea plano gainean eginiko mugimenduen bitartez.

Garapena: Ariketa honen bitartez pieza batek izan ditzaken forma pertzeptibo desberdinak ikus ditzatela lortu nahi da. Honela, haurrak, pieza bera ikuspuntu desberdinetatik begiratzeko aukera dagoela eta honek forma pertzeptibo desberdinak izan ditzakela barneratuko du.

   * Haurrari banan-banan Tangrameko piezak eta horri zuri bat emango zaizkio.
   * Tangramaren pieza folio gainean kokatu eta bere ingerada marraztera gonbidatuko ditugu. Behin hau eginda, pieza biratu eta 
     beste hainbat modutan piezaren ingerada marraztera gonbidatuko ditugu folio osoa bete arte.
   * Hau eginda, forma bereko irudi bi dauden begiratzera gonbidatuko ditugu eta aurkitzen badituzte marraztu ditzatela esango zaie.
     Berehala konturatu beharko dira eginiko irudi guztiek forma bera dutela.
   * Hau errazago ikusteko, irudi guztiak moztu eta posizio berean bata bestearen gainean kokatzera gonbidatuko ditugu.
   * Prozesu hau hitzen bidez azal dezaten saiatuko gara galderak eginez: zer gertatu da? Berdinak dira? Zergatik dira 
     berdinak?...Ariketa osatzeko, moztutako irudiak folio berri batetan zeuden bezala kokatu eta itsastera gonbidatuko ditugu. 
     Garrantzitsuena ez da izango aurretik zeuden bezala zehazki kokatzea, irudien biraketa praktikatzea baizik.


4.- Ezkutatutako irudiak:


Materiala: Tangrama, plantillak, paper zuria eta margoak.

Helburua: Oinarrizko elementuetatik abiatuta forma konplexuagoak eraikitzea.

Garapena: Aurreko ariketan irudi guztien ingerada erabiltzen zen ariketa egiteko. Oraingo honetan irudi biren edo gehiagoren ingeradarekin eginiko konposizioak sortu beharko dituzte.

   * Hasieran, pieza bi dituen irudiekin hasiko gara eta haurrei jakinaraziko zaie zenbat pieza behar dituzten plantillan agertzen 
     diren ariketak egiteko.
   * Haurrek, ereduan agertzen den irudirako zein pieza diren egokiak asmatu beharko dute. Hasieran frogak egin beharko ditu irudi 
     egokia bere lekuan kokatzeko. Esperientzia hartu ahala, entseguak egiteari utzi eta ebazpenak mentalki egingo ditu.
   * Bi elementurekin ekintzak egin eta nahikoa esperimentatu duela uste dugunean, elementu gehiago sartzen hasi gintezke 
     apurka-apurka.
   * Kontutan izan beharko dugu haur bakoitzak bere erritmoa duela eta horri egokitu behar izango gatzaizkiola.


5.- Forma berriak asmatzen ditugu:


Materiala: Tangrama, paper zuria eta margoak.

Helburua: Irudiak sortzea forma desberinetako elementuekin.

Garapena: Aurreko ariketarekin lotuta, oraingo honetan haurra izango da irudi berriak asmatu eta sortzeko ekimena izango duena.

   * Pieza bi aukeratzeko esaten zaio haurrari eta berak nahi duen bezala elkartuko ditu. Behin elkartuta irudi bat sortuko du.
   * Irudia sortu ondoren, paper zuriaren gainean jarri eta ingerada markatuko du.
   * Pieza bi hauek utzi aurretik, beste irudi bat sortzera gonbidatuko dugu.
   * Folio guzita bete arte ingerada desberdinak egitera bultzatuko dugu, beti ere, irudi desberdinak eginez.
   * Ondoren, sorturiko irudien gainean piezak koka ditzala esaktuko diogu.
   * Haurraren ikaskuntza prozesuaren arabera pieza desberdinak eta gehiago sartzea posible eta komenigarria izango da pixkanaka 
     aurrera egiteko.


6.- Irudiak deskubritzen ditugu:


Materiala: Tangrama, plantillak eta arkatza.

Helburua: Irudien konposaketaren errepresentazio mentala.

Garapena: Ariketa hau aurreko ariketan baino zailagoa da. Beraz, aurreko ariketak ondo egin eta Tangramaren piezak ezagutzen dituzten haurrekin soilik egin ahal izango da.

   * 2. ariketan erabilitako eredu edo plantillak ematen zaizkie.
   * Arkatzarekin, irudiak dituen piezak marraztea eskatzen zaie.
   * Behin hau egindakoan, piezak erabiliz gainean jarri eta egin dutena ondo dagoen edo ez ziurtatzea gonbidatuko ditugu.
   * Aurreko ariketetan bezala, 2 piezaren konposizioekin hasi eta zailtasuna gitxika gehituz joango gara.


7.- Istorioak kontatzen ditugu:


Materiala: Tangrama, papera, arkatza eta artaziak.

Helburua: Elementu geometrikoekin sortutako irudietatik abiatuta sormena lantzea.

Garapena: Aurreko ariketetan elementu geometrikoekin egin den bezala, oraingoan, gizaki, animali eta objektuen irudiak egin ahal izango dira.

   * Haurrei, gizaki edo beste itxurako irudiak dituzten marrazkiak banatuko zaizkie. Beti ere tangramarekin eginikoak. Behin 
     banatuta, beraien egin beharra izango da irudi horren barneko piezak zeintzuk diren asmatzea. Hasieran oso zaila izango da, 
     beraz, beraiei laguntzeko piezen ingeradak markatzea komenigarria izango da, gero apurka-apurka piezak kentzen joan gaitezken 
     arren.
   * Plantilla edo eredu hauen gainean piezak kokatu beharko dituzte.
   * Behin hau eginda, irudiak margoztu ahal izango dituzte pieza bakoitza margo desberdinez margotuz ondo desberdintzeko edo 
     beltzez egitekotan, gero istorioak asmatzeko erabil ditzakete bertatik lortutako irudiak.


8.- Irudiak neurtzen ditugu:


Materiala: Tangrama, koloretako sokak eta artaziak.

Helburua: Perimetro kontzeptura sarrera.

Garapena: Perimetro kontzeptua ezagutzeko, piezen ingeradarekin ariketa manipulatiboak egitean datza.

   * Tangrameko pieza batekin hasi eta artile edo soka batekin piezaren kanpoalde guztia inguratzen dugu. Hau eginda, lortu dugun 
     artile zatia moztu egingo dugu.
   * Berdina egiten da tangramaren pieza guztiekin eta gero binaka konparaketak egingo ditugu.
   * Ondoren berdinak direnak, handiena, txikiena eta beraien arteko desberdintasunak bilatuko ditugu. Hau egiteko, pieza 
     bakoitzerako kolore bateko artilea erabiltzea komeni da.
   * Berdina egin daiteke ereduetan aurki daitezken irudiekin.
   * Komenigarria izango litzateke haurrek aurretik zer uste duten galdetzea. Horrela barneratuta dutenari buruzko informazio 
     gehiago izango baitugu eta beraiek ere jakintza horren gainean sortuko baitute, argi izanez zer espero zuten eta benetan zer 
     den.


9.- Tangrama eta geoplanoa:


Materiala: tangrama eta geoplanoa

Helburua: Konposizio geometrikoak sortzea.

Garapena: Haurrek, baliabide matematiko desberdinen arteko konbinazioak egiten ikasi beharko dute beraien ezagutza garatzen joateko, kontzeptuen arteko loturak egiteko eta sormena garatzeko. Horretarako, ariketa hau baliatuko dugu geoplanoan taangramarekin sortutako irudiak birsortzeko.

   * Lehenik eta behin tangramaren pieza bakoitza irudikatuko dugu geoplanoan.
   * Ondoren, tangramaren piezekin sortutako irudiak adieraziko dituzte geoplanoan.
   * Azkenik, giza, animali edo objektu baten ingerada gomekin geoplanoan irudikatzen saituko dira.