Errezeta-liburua/Ananaz beteriko krepeak

Wikibookstik
Jump to navigation Jump to search

Ananaz beteriko krepeak[1]

Osagaiak[aldatu]

Osagaiak kremarentzat:

  • Lau arrautza gorringo
  • 125 g azukre
  • 50 g irin
  • Litro erdi baserriko esne
  • Banilla makil zati bat

Krepeak egiteko osagaiak:

  • 6 arrautza
  • 200 g irin
  • 75 g gurin
  • 50 g azukre
  • Litro erdi baserriko esne
  • Anana bat
  • 100 g azukre
  • Gurina


Pausoak[aldatu]

Kremaren prestaketarekin hasiko gara lehenik. Lapiko batean esnea berotzen jarri, banilla makilatxoarekin, eta, bitartean, arrautzen gorringoak ontzi batean jarri. Azukrea ontzira gehitu, eta bost minutuz etengabe irabiatu.

Ondoren, irina gehitu, eta kontu handiz nahastu. Berotutako esnearen erdia ontzira bota, eta ondo nahastu. Lapikoan gelditu zaigun esnea irakin artean berotu, eta, banilla makilatxoa kendu ondoren, ontzian duguna lapikora gehitu. Bost minutuz irakiten eduki, etengabe nahastuz, eta gero hozten utzi.

Krepeak egiteko ontzi batean ondorengo osagaiak nahastuko ditugu: arrautzak osorik, 50 g azukre eta 200 g irin. Dena ongi irabiatu.

Ondoren, esnea gehitu eta nahastu. Tamaina ertaineko zartagin batean, 75 g gurin jarri, eta urtzean, aurreko ontzira gehitu. Ondoren, zartagin bera berotzen jarri, eta, beroa dagoenean, bertara kazokada bat krepe masa bota. Zartagina alde batetik bestera suabe mugituz, masa zartagin guztira zabaldu. Segundo gutxi pasatu eta gero, buelta eman, eta segidan, plater batera atera. Gainontzeko masarekin gauza bera egin.

Anana zuritu eta zati txikitan moztu. Zartagin zabal batean gurin koilarakada bat ipini, eta urtzean, anana zatiak gehitu. 100 g azukre ere bota. Guztia, lau minutuz sutan karamelizatu, eta erretilu batera atera.

Ondoren, krepe guztiak beteko ditugu. Krema koilarakada batez bete, eta anana zati batzuk barruan sartu eta tolestu. Labeko erretiluan jarri krepe guztiak, eta jan baino lehentxeago labean pare bat minutuz berotu ondoren, mahaira atera. Nahi baduzue, karamelu eta natilla saltsa batez busti.

Erreferentziak[aldatu]