Edukira joan

Sukaldaritza liburua/Errezetak/Arroz-odolki kruxpetak

Wikibookstik

Errezeta-liburuaren parte. Arroz-odolki kruxpetak[1]

Osagaiak

[aldatu]

4 pertsonarentzako osagaiak:

  • Arroz odolki bat
  • Tenpura irina
  • 4 pikillo piper
  • Tipula bat
  • Basokada bat esne gain
  • Eguzkilore olioa
  • Gatza
  • Perrexil

Pausoak

[aldatu]

Piper krema prestatzen hasiko gara lehenik. Tipula, pusketa txikitan moztu, eta zartagin batean erregosten jarriko dugu. 10 bat minutu pasatu ondoren, bertara piperrak gehituko ditugu, eta beste 5 bat minutuz erregosi, gero esne gaina bota, sua jaitsi, eta pil-pilean eduki hamabost bat minutuz. Gorde.

Odolkia hartu, eta hestea kenduko diogu labana baten laguntzaz. Eskuen laguntzaz odolkiaren mamiarekin pilota txikiak egingo ditugu. Gorde.

Lehenago prestatzen hasi garen piper krema irabiatu. Ontzi batean, tenpura irin koilarakada batzuk bota, eta bertara ur hotza gehituz joango gara etengabe mugituz; kontuz, tenpura finegia utzi gabe —tenpura irinaren edukiontzian azaltzen da nahastu beharreko ur kantitatea—.

Lapiko batean, eguzkilore olioa berotzen jarri. Berotzen den bitartean, odolki bolatxoak tenpuratik pasa. Olioa berotutakoan, bolatxoak oliotara botatzen hasi. Frijitzean, lehenik, odolki pilotatxoak handitzen hasiko dira, eta, ondoren, gorritzen hastean, atera sukaldeko paperez estalitako plater batera, olio soberakina kentzeko.

Azkenik, mahaira zerbitzatzeko erretilu edo plater batean ipini odolki pilotatxoak, eta piper krema aldamenean. Gaurko errezeta pintxo moduan erabiltzeko aproposa da.

Erreferentziak

[aldatu]