Sukaldaritza liburua/Errezetak/Bakailao eta piper erre entsalada epela
Errezeta-liburuaren parte. Bakailao eta piper erre entsalada epela[1]
Osagaiak
[aldatu]4 pertsonarentzako osagaiak:
- 400 g bakailao gezatu.
- 3 pipermorro handi.
- Letxuga 1.
- Tipulin 1.
- 3 baratxuri ale.
- Oliba olio birjina.
- Modena ozpina.
- Sagardo ozpina.
- Gatza.
Pausoak
[aldatu]Piperrak erreko ditugu lehenengo. Horretarako, laberako erretilu batean ipini piperrak osorik, eta ezer bota gabe labean edukiko ditugu 20 minutuz, 210 gradutan. Beroa goian eta behean ematen duela jarri labea, eta ondo erre dela ziurtatu atera aurretik. Atera eta utzi epeltzen. Bitartean, letxuga garbitu eta ondo lehortu.
Tipulina txikitu juliana erara, eta ontzi batean jarri. Bota bertara gatz pitin bat, koilarakada bana sagardo eta modena ozpin eta dozena erdi bat koilarakada oliba olio. Baratxuri aleak ahalik eta puska txikienetan moztu, ontzira gehitu eta ongi nahastu. Gorde.
Zartagin batean olio zorrotada bat bota eta jarri berotzen. Gehiegi berotu aurretik, bakailao puskak jarri oso su motelean konfitatzen, hau da, poliki-poliki erregosten. 15 minutuz eduki. Bitartean, piperrak zuritu, haziak kendu, eta zabalik utziko ditugu erretilu batean.
Entsalada platerean aurkezteko, molde borobil bat jarri plateraren erdian. Moldearen paretak piperrez ongi estali, barnean letxuga hostoak jarri eta, ondoren, tipula eta baratxuri olio-ozpinez busti. Jarraian, bakailao pusketa batzuk jarri gainean, eta jarri beste piper xafla bat gainetik, estalki moduan. Guztia berriro oliozpindu eta, bukatzeko, poliki-poliki moldea altxatu.
Erreferentziak
[aldatu]- ↑ Iker Markinez. Berria: https://www.berria.eus/egilea/Iker_Markinez/16