Edukira joan

Etxe Nagusi

Wikibookstik
(Echenagusia(e)tik birzuzenduta)

Donostiako toponimian azaltzen den baserri honen lehen aipamena 1660. urtekoa da, eta Echenagusia izenarekin dator. Bi alturako etxebizitza zen, beheko aldean ukuilua zuena. Bertan bizitakoen artean lehen-bizikoak Lino Iraola Gomez eta Gregoria Zendoia Zamora bikotea aurkitu ditugu. Hauek 1926. urtean erosi zuten baserria, 13.000 pezetaren truke eta bost urtean ordaintzeko konpromisoarekin. Hiru alaba izan zituzten: Mertxe, Kandi eta Nati Iraola Zendoia. Gerra garaian, Gregori atxilotuta eraman zuten etxetik. Ubaldo Gastamintza medikuak lagundu zion, hiru haur txikiren ama-alarguna zela eta bakarrik zegoela esanez, eta horrela askatu zuten.

Lino senarra gazterik hil zen, 1929an. Gregori Nati jaio aurretik alargundu zen, haurdun zegoela; baina aurrera egin zuen, bizimodua moldatu zuen alabekin batera. Baserrian bazuten esnetarako behi bat, Pinta izeneko behi maitagarri eta maitatu bat, gerora ere beren artean asko goraipatu dutena. Oilo batzuk eta terreno pixka bat ere bazuten; auzokideek idiak uzten zizkieten lurra goldetzeko. Baratza ere egiten zuten.

Gerra garaian, Gregori atxilotuta eraman zuten etxetik. Ubaldo Gastamintza medikuak lagundu zion, hiru haur txikiren ama-alarguna zela eta bakarrik zegoela esanez, eta horrela askatu zuten.

Nati alaba Hernanira joaten zen artoa eramatera, Kamioko Antoniorekin; bueltan, irina ekartzen zuten ezkutuan. Mertxe eta Kandi Buena Vistan egon ziren neskame; Mertxe, gerora, zenbait ur- tez, polleroenean aritu zen lanean. Nati, berriz, etxeko lanetan amarekin, eta Gudamendin ere bai. Etxerako ura Iturritxo iturritik ekartzen zuten, marmita buru gainean jarrita. Gobada ere han egiten zuten. Gregorik, Natiren laguntzarekin, etxe eta hoteletako maindireak garbitzen zituen; lehortzeko, inguruko sasien gainean zabaltzen zituzten, eta hurrengo egunean jaso.

Gregorik erizain lanetan ere jardun zuen, indizioak jartzen. Jendea edozein garaitan etortzen zitzaion laguntza eske.

Orain taberna dena garai batean oilategia izan zen. Hasiera batean, dantza-lekua jartzeko baimena eskatu zuten, baina Mertxek azkenean taberna ireki zuen. Aurrena, Azken Portu izena eman zioten, gerora Etxe Nagusi. Jatetxea dagoen tokian harrobi txiki bat ere izan zen.

Nati Iraola Bizkaiko Ubide herriko Bittor Barrondorekin ezkondu zen; hiru seme-alaba izan zituzten: Luis Mari, Juan Jose eta Mirari Barrondo Iraola. Donostiako portuan, Igeldo izeneko taberna zabaldu zuten. Bolada batean, koneju eta txerri asko izan zuten Iturritxo iturriaren aldamenean. Mertxek, gerora, etxea eraiki zuen baserriaren ondoan. Borda baserria erre ostean, Pepita Azpillaga eta Santi Zubillaga, beren seme-alabekin, aldi batez Mertxeren etxean bizi izan ziren. Gaur egun, Barrondo Iraola sendiak segitzen du Etxe Nagusin bizitzen.