Etxeluze
Topatutako lehen aipamena 1630. urtekoa da, Echaluze izenean, eta Doña Josefa de Matio izeneko emakume batek erosia da. Dokumentu zaharrean ageri denaren arabera, oinplano errektangularra duen bi solairuko eraikina da, animalientzako aska duena. Manposteriako harriz egina dago, ondo landutako harriarekin, eta ertzetan harlanduzko kateatuak ditu.
1854. urtean Gaytan de Ayalaren izenean azaltzen da; errentan, Markos eta Jose Joakin Aristegieta Istiarteren izenak agertzen dira. Bi anai hauek Etxeberri baserritik etorriak ziren. Aristegieta Markesaren familiarrak ziren, gaur egun Aristegieta izenean ezagutzen dugun baserriaren jabearenak, eta baita orduan Gurutze-atea izena zuen etxearen jabearenak ere, oraingo Mendizorrotz tabernaren goiko partea.
Jose Joakin Aristegieta Istiartek, Durandegiko Patrizia Arrutirekin osatu zuen familia: Jose Mari, Maria, Juan Jose eta Anjelita Aristegieta Arruti. Baserrian 12 behi eta beste horrenbeste txekor izaten zituzten. Idi handi batzuk ere bai, baina alferrak, demarako balio ez zutenak. Baserriak zelai zabalak zeuzkanez, meta ugari egiten zuten, eta baita baratza ere: pautxa, babarruna, artoa, erremolatxa, arbia, patata, kalabaza eta batez ere oso letxuga onak. Sindikatuaren goialdeko zelai batean landatzen zituzten letxugak, eta tontortzen zirenean gurdikada osoak etxe- ratzen zituzten ganaduarentzat. Ganadu ugari zuten, eta pentsua garagardotegitik ekartzen zuten, garagar pulpa, baina pentsu mota horrekin gradu gutxiagoko esnea ematen zuten.
Juan Jose etxeko seme gazteena Donostiara jaisten zen, etxeko barazkiak eta esnea saltzera, Iruin baserriko Jose Mari Etxebeste esne biltzen hasi zen arte.
Etxeko lau gizonak (aita, osaba eta bi semeak) ehiza eta arrantza zaleak ziren, eta baserrian ez zen erbi, birigarro eta muxarrik falta izaten. Gudamendiko tiro-pitxonean ere aritzen ziren lanean, tirada zen egunetan. Jose Mari kaiolan usoak jartzen aritzen zen, eta Juan Jose fosoan egoten zen.
Gaur egun baserria hutsik dago eta hango zelaiak herriko beste baserritar batek erabiltzen ditu.
Iturria: Ruperto Ortega Martinez