Edukira joan

Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Billano lurmuturra, itsasertzeko kanoien bidea

Wikibookstik
Billano lurmuturra, itsasertzeko kanoien bidea
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Bizkaia
Lekuak Armintza, Ermua, Billano, Azkorriaga, Plentzia
Distantzia 10,2 km. 2 ordu eta 30 mn.
Ingurunea Elementu historikoak ez ezik, bestelako altxor naturalak eta paisajistikoak ere eskaintzen ditu Gorliz eta Armintza artean, Bizkaian, dagoen Billano lurmuturreraino iristeko bideak.
Abiapuntua Plentzia
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Elementu historikoak ez ezik, bestelako altxor naturalak eta paisajistikoak ere eskaintzen ditu Gorliz eta Armintza artean, Bizkaian, dagoen Billano lurmuturreraino iristeko bideak. [1]

Ibilbidea

[aldatu]

Kostaldean duen kokapen estrategikoagatik, Gorliz eta Armintza (Bizkaia) artean dagoen Billano lurmuturrak erabilera militarra izan du zenbait garaitan. Bidean aurkitu daitezkeen eraikuntzen aztarnek adierazten dute hori. Elementu historiko horiez gain, ibilaldiak bestelako altxor naturalak eta paisajistikoak eskaintzen ditu: Astondoko dunak Gorlizen, Kantauri aldeko artadiaren berezko arboladia Ermua mendian, itsaslabar garaiak eta bertikalak, kala helezinak eta sekulako ikusmira Kantauri aldeko kostaldean zehar.

Plentziako metro geltokian hasiko da ibilaldia. Zubia zeharkatu, eta Plentzia Butroe ibaiaren lasaitasun horren truke, errekako urak itsasoarekin elkartzen diren hondartzaraino joan behar da. Ontzigintzan eta balea ehizatzen jardundako herri horretan, azkar antzematen da turismoa dela gaur egungo jarduera nagusia. Badia zabalean, hondartzak lotzen ditu Gorliz eta Plentzia herriak. Batetik bestera noiz pasatu garen ia ohartu ere ez gara egingo. Hondartzako pasealeku osoa zeharkatu behar da, Euskal Herriko Unibertsitatearen Itsas-Estazioaren eta Gorlizko Ospitalearen ondotik.

Pasealekuaren bukaeran, El Maritimo txosnaren ondoan, Astondoko duna sistemak milaka urteetan osatu duen fenomeno bitxia dago. Kantauri itsasoaren indarraren eta iparraldeko haizearen eraginez, hareak, hondartza gunea utzi, eta alboko zelaietan gora egin zuen. Duela 6.000 urte hareazko tontor horiek harri bihurtu zirenez, aurrean dauden tontorrak duna fosilak dira.

Dunen alboan, eskaileraz osatutako bidea pinu artean sartzen da, Antikera mendirantz. Aldapan gora, lau behatoki panoramikoek badiaren airetiko ikusmiraz gozatzeko aukera eskainiko dute. Igoeran badira zenbait bidexka amildegira eraman dezaketenak. Adi ibili, eta horietan ez sartu. Beti eskumako aukera hartu behar da, bidearen hasierako bihurgunean salbu.

Kanoien bila

[aldatu]

Antikera mendiaren bestaldetik behera joanda, Azkorriaga gotorlekuaren aztarnak ikus daitezke, Ustrikoetxe muturrean. XVI. eta XVIII-XIX. mendeetan zehar itsasotik etor zitezkeen etsaiengandik defendatzeko Bizkaiko Jaurerriak itsasbazterrean jaso zuen defentsa sistemaren azken aztarnak dira.

Itsasertzeko hegalean gora jarraituz, Billano itsasargia izango da ikusgai. Hara bideratu behar dira urratsak, Gorliztik datorren asfaltozko bidearekin bat eginez. Bidea labar bertikalaren hegaletik doa, ehun bat metrotara, itsasoaren gainetik. Itsasargira heldu baino ehun bat metro lehenago, ezkerretara agertzen den bidexka hartu behar da, 1936ko gerraren ostean Francoren aginduz preso errepublikanoek eraikitako kanoi eta bunker sarean sartzeko. II. Mundu Gerrako aliatuek eraso egin, eta lurreratuko ote ziren beldur zen Franco garai haietan. Linterna aldean eramanez gero, labarraren azpiko tunel sarean barrena sartzeko aukera dago, bunker batetik bestera joateko. Horietako batean kanoi herdoildu batek zutik jarraitzen du gaur egun oraindik.

1990ean, 21 metroko garaiera duen argizko kanoi indartsu batek Francorenak ordezkatu zituen. Diseinu abangoardistako Billano itsasargi erraldoiak 47 kilometrotaraino bidaltzen du bere lanparen argia, itsasgizonak itsasertzetik babesteko.

Ermua mendia

[aldatu]

Itsasargitik abiatuta, xendra maldan gora doa, ote zuri artean lehendabizi, garo artean gero eta artadi kantauriarraren arboladian barrena azkenik. Ermua mendiaren gailurreraino (289 metro) iristen da. Bidezidorraren ezkerrean gordeta dago, artadi artean. Adi ibili, beraz. Ikusmira zabala begi aurrean, haizea aurpegian eta uraren joan-etorria belarrietan, itsasontzi erraldoi baten karelean egotearen sentipena izaten da. Anbotoko mendietatik hasi, eta Bizkaia osoko mendi gehienak daude ikusgai. Neguko elurrari esker, Burgosko (Espainia) Castro Valnera eta aldameneko mendiak ere antzeman daitezke zailtasunik gabe. Kantabriako (Espainia) Candina eta Buciero mendiak ere aise ikus daitezke itsasertzean. Azpian dagoen irlak Herensugea du ezizena, ur azpitik azalera datorren piztia erraldoiaren itxura omen daukalako. Itsas hegazti batzuek ugaltzeko duten leku aparta da.

Amaitzeko, ekialderantz jo behar da, aldapan behera, Armintza herriraino. Gaztelugatxe eta Aketxe uhartea ikus daitezke eukalipto basoan sartu aurretik. Armintzako herriaren xarmaz gozatu ostean, Armintza eta Areeta lotzen dituen autobusa hartu behar da, Plentziako metro geltokira itzultzeko.

Erreferentziak

[aldatu]
  1. Berriatik hartua