Edukira joan

Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Leitzalarreko erraldoiak

Wikibookstik
Leitzalarreko erraldoiak
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Nafarroa Garaia
Zailtasuna Erdikoa
Lekuak Plazaola, Alttzadi, Urepel, Koxkaingo iturria, Ixkibar, Leitzalarrea
Distantzia 14,2 km. 4 ordu eta 30 mn.
Ingurunea Mendiz inguraturik dagoen Leitzalarreko basoko egurra antzina hainbat gauzatarako erabiltzen zuten: etxeak eraiki eta berotzeko, burdinolak hornitzeko.
Abiapuntua Plazaolako geltokia (Leitzaran)
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Mendiz inguraturik dagoen Leitzalarreko basoko egurra antzina hainbat gauzatarako erabiltzen zuten: etxeak eraiki eta berotzeko, burdinolak hornitzeko... [1]

Ibilbidea

[aldatu]

Ibilbide zirkular honen bidez, Plazaolako geltoki zaharra, Urepeleko gailurra, Izaieta zuhaitz erraldoien basoa eta, oro har, Leitzalarreko eremu aberats eta paregabea ezagutu ahal izango dugu. Leitzako herria (Nafarroa) mendiz guztiz inguraturik dago, eta bere basoetatik atera ohi zuen etxeak eraikitzeko eta berotzeko behar zuen egurra, baita han eraiki ziren burdinolak hornitzeko ere. Gaur egun, herritik zazpi bat kilometrora dagoen naturaren paradisu txiki horrek mota askotako bisitariak jasotzen ditu bere altzoan: ehiztariak, perretxiko biltzaileak, mendizaleak…

Urepel

[aldatu]

Leitzalarreko lurrak oso-osorik behatzeko asmoz, Urepeleko gailurrera joko dugu lehenbizi. Plazaolako trenaren geltoki zaharraren hondarrak dauden lekuan utziko dugu ibilgailua, eta GR 121aren (Gipuzkoako bira) bide seinale zuri-gorriek erakusten diguten bidean ibiltzen hasiko gara. Basoan sartzen den pistan zehar, laster helduko gara Arraingo bordaren ondora. Berehala hori utzi, eta, ezkerretik ateratzen den bidetik, Plazaolako zentral hidroelektrikoa hornitzen zuen kanalaren gainetik igaroko gara. Basotik ateratzean, bideak Olaso bordaren ondora eramango gaitu. Ikusgaitz den xendatik, gora egiten hasiko gara, Altzadi mendiaren magala zeharkatzen duen bidezidor nabarmen batekin topo egin arte. Pagadi txiki batzuk zeharkatu, eta garo artean hedatzen den bide eroso horrek Kondizaratzeko lepora eramango gaitu, Altzadi eta Urepel mendiak lotzen dituen lepora, hain zuzen ere.

Berastegi eta Leitzako lurrak bereizten dituen alanbrezko hesiaren paraleloan, aldats pikoa igotzen hasiko gara, 1691. urteko grabatu bat duen mugarri baten ondora iritsi arte. Leku horretan, GR 121 langaren beste aldera pasatu eta Mandoegi aldera zuzentzen da bidea, baina guk bide hori utzi, eta Urepeleko tontorrera igotzeko aurrez aurre dugun azken malda pikoari ekingo diogu. CD Fortunak eta Guratz MEk jarritako bi gutunontzi eta erpin geodesikoaren ondoan trasteak utzi, eta merezi du handik dagoen ikuspegiaz gozatzea. Gertu Mandoegi eta Abadekurutz, atzean Altzadi utzi dugu, eta gure mendean Leitzalarreko eremu ikusgarria. Begiak ezin ase; beti gose.

Leitzalarrea

[aldatu]

Hamaiketakoa egin, eta Leitzalarrea aldera jaisten hasiko gara. Urepeleko tontorra eta Barrengo Muñoa lotzen duen mendilerro aldera abiatuko gara, pinudian zehar zabaltzen den xendari jarraituz. Tarte batean bidea ez da oso nabarmena, baina, ehiztarien habien ondora heltzean, berehala ikusiko dugu hartu beharreko bidea. Hamaika ehiza postu, hamaika ehiztari habia eta, horien inguruan, kolore anitzez jantzitako lurra: urdin, gorri, berde… Lurrean sakabanaturik hamaika kartutxo zorro, hamaika plastiko koloredun. Kartutxo zorroak nonahi, paisaiaren osagai bihurturik. Postal ederra erretratu penagarri bihurtuta. Habia bat, habia bi… Ilaran ehiztarien hamaika habia, eta lurrean zabarkeria eta utzikeriaren ehunka lekuko.

Mendilerrotik ateratzean, Barrengo Muñoa zeharkatzen duen xendari jarraitu, eta berehala Leitzalarrea aldera jaisten den pistarekin bat egingo dugu. Mendibilgo gaina gure ezkerrera utziz, pistak Koskaingo iturriaren ondora eramango gaitu azkar batean. Zintzurra freskatu, eta, PRaren marka zuri eta horiei segituz, Izaietako basora helduko gara. Horra iristean, merezi du han murgildu eta zuhaitz erraldoiei bisita egitea. Leku horretan izei zuri izugarriak aurkituko ditugu, baina, horiez gain, bertako zuhaitz mota gehienak ere aurkituko ditugu. Izaietako lorategi botanikoaren sarreran dagoen panelean ikusi eta irakurri ahal izango dugu zein zuhaitz mota dauden kilometro bateko ibilbidea eginez gero. Guztira, 41, eta horietatik zazpi koniferoak dira. Izei batzuk lau metroko buelta dute, eta 40 metro baino gehiagoko altuera; erraldoiak, zalantzarik gabe. Merezi du gure ibilbidean geldialdi bat egin eta bisita egitea.

Babestutako monumentu natural hori atzean utzi, eta Ixkibarrera jaitsiko gara, aparkalekura, hain zuzen ere. Leku horretatik abiatuta, hainbat ibilbide egin daitezke (Izaieta, Aritzaundi…). Leitza aldera doan errepidea utzi eta aisialdi gunearen ondotik pasatuta, Urtoko borda aldera zuzentzen den pistari jarraituko diogu. Borden ondora iritsi eta metro batzuk aurrerago, bat egingo dugu Urepelera igotzeko erabili dugun bidearekin. Hortik, hasieran hartutako bidetik itzuliko gara abiapuntura.

Erreferentziak

[aldatu]
  1. Berriatik hartua