Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Leurtzako paisaia asmatua
Leurtzako paisaia asmatua | |
---|---|
Herrialdea | Nafarroa Garaia |
Zailtasuna | Erraza |
Lekuak | Leurtzako urtegia, Urrotz, Pittotzar trikuharria, Zumardenako lepoa, Uztakortako lepoa, Bonozorrotz, Leurtzako menhirra |
Distantzia | 9,5 km. 2 ordu eta 30 mn. |
Ingurunea | Oasi bat dago Urrotz eta Beintza-Labaien udalerrietako basoetan. Bi urtegi dira eta, ezustekoan, paisaiaren aldaketa ekarri zuten XX. mende hasieran. Gaur egun milaka bisitari hartzen dituzte, kolore biziek erakarrita. |
Abiapuntua | Leurtzako urtegia (Urrotz) |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Oasi bat dago Urrotz eta Beintza-Labaien udalerrietako basoetan. Bi urtegi dira eta, ezustekoan, paisaiaren aldaketa ekarri zuten XX. mende hasieran. Gaur egun milaka bisitari hartzen dituzte, kolore biziek erakarrita. [1]
Ibilbidea
[aldatu]Garai batean txondorren ke laino zurixkak biltzen zuen Leurtzako ibarra. Izan ere, bizilagunen ohiko lanak egur ikatza ekoitzi eta basoa ustiatzean zeutzan. Harik eta XX. mendeak paisaiaren aldaketa itzela ekarri zuen arte: Leurtzako erreka xumearen ur emaria bi urtegiz osatutako sistema batera biltzeko lanak hasi zituzten 1920an. Bi sakonuneez gainera, zentral hidroelektriko bat eraiki zuten Urrotz herrian, Doneztebeko eskualdean. Urtegiekin batera, akabo ibarra korritzen zuen ur-jauzkarien harrabotsa. Basoko hondeatze lanek, ordea, paisaia asmatua eragin zuten.
Leurtzako egitasmo hidrauliko-energetikoa ez zen, baina, lan bakan batera mugatu; izan ere, zentralak eta urtegi berriak egiteko baimenak arin eman zituzten Nafarroa osoan. Joan den mendeko 20ko hamarkadan, 350 azpiegitura abiatuta zeuden, historialariek diotenez. Energiaren sukarra, ezbairik gabe. Urtegien funtzionamenduari begiratuta, basabide zabalak eraiki zituzten basogintzari onura handiagoa ateratzeko aitzakiarekin. Baita turismo arloari bultzadatxo bat emateko ere. Batzuk urtegiotara hurbiltzen hasi ziren ikuspegi urdin eta berdeak erakarriak; beste batzuk, inguraldeari zerion lasaitasunak bultzatuak. Edonola ere, gaur egun erromesen antzera milaka eta milaka pertsona (35.000 bisitari urteko) biltzen dira urtegira; gehienak toalla eskuan, ur ertzetan orduak lasai emateko prest.
Jendetza uholde horrek Nafarroako Gobernua mugiarazi zuen Leurtzako natur ingurua babes zezan. Hala jazo zen 1996an. Natur ondarea eta paisaiaren goreneko kalitatearengatik, komunitateko intereserako lekua izendatu zuten berehala. Gaur egun Leurtzako bazterrak ez du xarmarik galdu; oraindik ere gipuzkoarren eta nafarren begiko lekua da. Zer hobe, beraz, paisaia idiliko hura oinez ezagutzea baino?
Ibili-ibilian Leurtzakoan
[aldatu]Leurtzako urtegietara bide seinalea Doneztebe (Nafarroa) herrian sartu bezain pronto ikusiko dugu. Urrotzetik pasatutakoan, 5,5 kilometroko pistari jaramon egin, eta laster iritsiko gara. Oinez jada, atsedenleku bat ikusiko dugu aparkalekuaren ondoan. Haren albotik igaro eta aurrera joko dugu hartxintxarrezko basabideari oratuz. Bidebanatzean, ezkerrera jo eta Zumardenako leporantz egingo dugu. Lizarrak, elorri zuriak eta gorostiak bidelagun, goiko urtegiko uharkara iritsiko gara. Hormatik igaro ondoren, eskuinera jo eta Errekabeltz errekasto jauzkariaren ondora iritsiko gara. Zubitxoa gurutzatuta, urtegiko birari eusten jarraituko dugu. Aldatsa amaiturik, Urrotz eta Labaien herrien arteko muga seinalatzen duen harria ikusiko dugu. Ezkerrera joko dugu bidebanatzean, eta goratasuna hartzeari helduko diogu serio demonio. Erne, txoko horretan, Leurtzako menhirrak baso azpian isil eta umil dirau eta! Eskuinetik datorren bidearekin bat egitean, gora eta zuzen jarraituko dugu. Berdin jokatuko dugu minutu bat geroago. Noizbehinka, pagadiak Leurtzako ibarra mendebaldetik ixten duten gailurrak ikusiko ditugu: Soratxipi eta Bonozorrotz, besteak beste. Ibiltariak ezusteko galanta hartuko du segidan, Eltzaburuko harbideak kontserbatzen dituen 120 metro harrigarriak ikusi bezain pronto. Galtzadak Zumardenako lepoan utziko gaitu, Urrotz, Beintza-Labaien eta Ultzamako ibarra elkartzen dituen lekuan, hain justu ere. Halaxe baieztatzen digu 1781. urteko inskripzioa dakarren mugarri zaharrak.
Ibiltzeko gogoa izanez gero, Erlaingo gurutzea eta Pittortzar izeneko trikuharria ezagutzeko aukera dago orain —joan-etorria egingo dugu—. Horretarako, ezkerrera hartu eta behera eginez, Erlaingo gurutzea harri koxkor baten gainean ikusiko dugu. Elezahar batek gurutzearen zergatia Lantz herriko gaizkile batzuekin lotzen badu ere, badirudi hura jarri zutela elur ekaitz batek harrapatua izan zen artzain baten oroimenez.
Ikazkinen bideetatik
[aldatu]Brontze Aroko hilobia ikusteko PR eta GR zidorren arrastoei jarraitu beharko diegu. Gurutzearen ezkerraldetik doan basabidetik ekingo dugu eta, bide seinaleei jarraituta, basoaren altzoan aurkituko dugu gaineko harria kontserbatzen duen trikuharri aparta. Bisita egin ondoren, atzera egingo dugu Eltzaburuko galtzadaraino. Uztakorta aldera joko dugu jarraian, bide seinaleek adierazi bezala. Ehiztarientzako etxola baten ondotik igaroko gara Uztakortako lepora iritsi baino lehen. GR-12 zidor sonatua baztertzeko unea dela, Bonozorrotz edo Munazorrotz aldera ekingo dugu. Hasieran, zehar-zehar jarraituko dugu, aldatsak alde batera utzirik. Jaitsiera leuna egiten ari garela, ordea, Exkelarreko lepora igotzen lagunduko digun PR zidorra ikusiko dugu. Handik abiatuko gara; maldan gora hasieran eta, samur-samur, gero. Ikazkinen bideari helduta, lepora iritsiko gara.
Noranzkoa aldatu gabe, lerro gainetik jarraituko dugu, gure begirada Bonozorrotz tontorrari iltzatuta. Gailurrera igo aurretik, urtegi ondoko aparkalekura bideratuko gaituen bidexka ikusiko dugu. Hala ere, tontorreraino jarraitzea merezi du, osatu dugun zirkuitu osoa bete-betean harrapatuko dugulako gainaldetik.
Lepora jaitsiko gara berriz, eta urtegietara bideari helduko diogu. Basora zuzen jo gabe, baina, garo artean egingo ditugu lehen metroak. Magala alderik alde zeharkatuko dugu, astiro-astiro. Alertze batzuen aurrean, eskuinera jo eta pagadiaren konpainiarekin gozatuko gara. Iñateko bordan, ezkerrera jotzeko behartuko gaitu basabideak. Berraburuko borda eta ur biltegi ondotik igaro ondoren, Leurtzako urtegiko birari amaiera emango diogu.