Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Mauru iturritik mendiko elurzulora
Mauru iturritik mendiko elurzulora | |
---|---|
Herrialdea | Araba |
Zailtasuna | Erraza |
Lekuak | Labraza, Llanas elurzuloa, Dueñas pinudia, Mauru iturria |
Distantzia | 11 k. 3 ordu. |
Ingurunea | Labraza. Uraren bidea osatuko dugu Arabako Labraza herri pintoreskoan (Oiongo udalerria). Behinolako ninfa iturrian hasita, ura izotz bilakatzen duen elurzuloa bertatik bertara ezagutzera abiatuko gara. |
Abiapuntua | Labraza |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
[aldatu]Uraren bidea osatuko dugu Arabako Labraza herri pintoreskoan (Oiongo udalerria). Behinolako ninfa iturrian hasita, ura izotz bilakatzen duen elurzuloa bertatik bertara ezagutzera abiatuko gara.
Ura izaki bizidun ororen bizitza da. Garapenerako funtsezko osagaia. Norbere beharrei erantzuteko ez ezik, kanpoko beharrak asetzeko ere ezinbestekoa. Arabako Errioxa ura eskasagoa izanagatik ere, iturriak han eta hemen sakabanatzen dira. Tantaz tanta likido preziatua ongi gordetzeko tradizioa baitago. Baina Errioxako iturriak ez dira nolanahikoak. Horietako asko eta asko monumentalak dira, arkitektura bitxia erakusten dutela. Euskal Autonomia Erkidegoko iturri zaharrenak Arabako hegoaldeko eskualdean ditugu. Aipatzekoak, Ekorakoa, Binasperikoa eta Labrazakoa.
Hamaika kondaira lotzen zaizkie iturrioi. Izan ere, ninfen bizilekutzat jo izan dira. Gainera, diote onura terapeutikoak dituztela barru-barrutik jariatzen diren Binasperiko iturriko urak. Ez dago-eta ur horiek bezalakorik! Labrazan, aldiz, Mauru izena du iturriak. Segur aski aspaldiko jatorria duela adierazteko. Iturriko arkuaren gainaldean zulo bat agertu zen XX. mendearen bukaeran eginiko zaharberritze lanetan, eta zer pentsatua eman zuen herrian. Adineko jendeak dioenez, zirrikitu hura ez zen zulo arrunta; izan ere, galeria bat luzatzen da atzetik eta, behiala, harresiaren barnealderaino iristea posible omen zen, hots, gaztelua zegoen tokiraino.
Dena dela, Labrazako iturrian emango diogu hasiera ibilbideari. Hala, hegaldi magikoa egingo dugu Llanas mendiko elurzuloraino. Ibilbidea guztiz ederra da, han goian arkitektura bitxiko elurzulo paregabe bat aurkituko dugu eta. Elurzuloaren funtzionamendua ulertzeko, denboran mende batzuk atzera egin beharra dago. Ura ezinbestekoa bada, zer esanik ez XVII. mendean. Garai hartan, berebiziko garrantzia hartu zuen izotz bihurtutako urak. Elektrizitaterik ezak, ordea, ez zuen kikildu garai hartako gizartea. Hasieran, hornidurarako elurzuloak eraikitzen hasi ziren herrixka zein hiribilduetan. Geroago, biltegi elurzuloak herrixketatik aldenduta zeudeneko paraje garaietan. Arabako Errioxan hamabost elurzulo daude katalogatuta. Baina historialariek diotenez, litekeena da askoz gehiago egotea. Erabilera asko zituen izotzak. Helburu terapeutikoekin erabiltzen zuten; besteak beste, sukarra jaisteko, hanturak arintzeko eta, izotz ura olio tantekin nahastuta, erredura zauriak baretzeko. Sukaldean ere aski erabilia zen jakiak kontserbatzeko, edariak freskatzeko eta izozki gozoak fabrikatzeko.
Llanas parajean ikusiko dugun elurzuloa biltegi itxurakoa da. Nafarroako muga-mugan dago, 910 metrotan. Eginiko ikerketaren arabera, 1654. eta 1663. urteen artean eraiki zuten mendian. Zertarako baina? Duda gabe, Labrazako hiribilduan existitzen zen bigarren elurzuloa hornitzeko. Berritzeko lanen ondorioz, mendikoari bisita egiteko primeran egokitu dute.
Bustagora bidea
[aldatu]Labrazako (Arabako Errioxa, Araba) hiribilduan ikusiko dugun aparkaleku zabalean utziko dugu autoa, herrigune historikoaren atarian. Hiribildua mendebaldetik inguratzen duen bidetik metro batzuk eginda, Mauru iturrira iritsiko gara.
Monumentuari bisita egin ostean, aparkalekura itzuli eta Campiña kaletik, iparraldera egingo dugu. Pietate Ama Birjinaren ermita paretik igaro eta, Oionera doan errepideari metro batzuk jarraituta, ezkerreko bidetik ekingo diogu. Goratasuna hartuz ari garela, paisaiari erreparatzeko aukera izango dugu: almendrondoak eta zereal sailak magal eta ibarretan zehar sakabanatzen direla ikusiko dugu, baita Dueñas pinudiak ekialdeko muinoa berdatzen duela ere.
Asfaltoa amaitzean, nekazari bidetik jarraituko dugu. Lehen malda luzea amaitzeaz batera, hari elektrikoaren azpitik igaro eta Bustagora bideari ekingo diogu. Bustagoko gaina ezkerraldean utzita, Matarredo alderako urratsak egiten jarraituko dugu. Bide sarda bat ikusiko dugu artadiaren inguruan. Cabanillas etxolaren arrastoek bide ondoan nekez diraute zutik. Han, noranzkoa aldatu gabe, sestra kurbari men egiten dion bideari jarraituko diogu. Harbide baten moldean, aurrera joko dugu, Mediterraneo aldeko landaretza oparoa gogaide. Pinganilla mendiko pinudia begi bistan dugula, alanbre baten ondotik gora egiten duen bidea baztertu eta zehar-zehar jarraituko dugu, langa bateraino. Hura gurutzatu eta maldari aurre egingo diogu. Lepoan ordoki moduko zabalgune bat ikusiko dugu. Metro batzuk aurrera eginda, zentral eolikora iritsi gabe, eskuinera jo eta elurzulora iritsiko gara.
Dueñasko pinudi berezia
[aldatu]Elurzuloan bisita egin ostean, bide nagusira irtengo gara berriz. Gora jo gabe, eskuinetik zehar-zehar doan bidea hartuko dugu. Segituan, ordea, desnibela galtzen hasiko gara eta inguruko mazelak burutik buru zeharkatzen dituen basabidera jaitsiko. Ezkerrera okertu eta pista nagusitik segituko dugu. Tejo mendi azpitik igaro eta berehala, zentral eolikotik datorren bidearekin topo egingo dugu. Eskuinetik jarraituko dugu orduan, eta Dueñas pinudira joko. Jarraitzen ari garen bidea Labrazako udalerrian 1974an existituriko abelbide bat da. Berez, Aguilar Kodestik zetorren bidea eta, Cabredoko bidearekin elkartu ondoren, Vianaraino jarraitzen zuen. Guk ere, hari ondo oratuta jarraituko dugu. Santimia muinoa ekialdetik inguratuko dugu segituan. Gero, kable elektrikoek gurutzatzen duten bide-sardan, bizkarrari atxikita jarraituko dugu, ibarrera jaitsi gabe. Ronillas muinoa inguratutakoan, Dueñasko pinudiarekin topatuko gara. Eskuinera jo, eta paseo polita osatuko dugu pinudian barrena, goratasuna apenas galdu gabe. Aurrerago, maldan behera egin, eta etxola handi batetik igarota, Valdesanjoan errekastoa gurutzatuko dugu. Segidan, Labrazara begira jarriko gaituen lepora igoko gara. Behin errepidean, asfaltoaren gainetik minutu bat eman eta Bonba bidean gora egingo dugu. Etxola eta baratze batzuen artean ekinda, Labrazako aparkalekura igoko gara.