Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Oilarandoiko kapera
Oilarandoiko kapera | |
---|---|
Herrialdea | Nafarroa Beherea |
Zailtasuna | Erraza |
Lekuak | Oilarandoi |
Distantzia | 13 km. 4 ordu. |
Ingurunea | Baigorrin, Oilarandoiko kaperan egoten ziren ermitauei otoitz egiteko eskatzen omen zieten zerutik etor zitezkeen txingor eta ekaitzetatik babesteko. |
Abiapuntua | Baigorri |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Baigorrin, Oilarandoiko kaperan egoten ziren ermitauei otoitz egiteko eskatzen omen zieten zerutik etor zitezkeen txingor eta ekaitzetatik babesteko. [1]
Ibilbidea
[aldatu]Baigorrin emango diogu hasiera ibilaldiari, kantonamenduko hiriburuan, herriko monumentu ezagunenak bisitatzeko aukera amaierarako utziko dugularik. Udaletxearen aurrean ibilgailua utzi, eta GR-10aren bide seinaleek erakutsiko digute jarraitu beharreko bidea. Eskuinean Iparlako harresia goititzen delarik, berehala helduko gara Aldudetik datorren Errobi ibaiaren adarra gainditzeko zubira. Gure eskuinean, zubi erromatarra ikusiko dugu. Metro gutxi batzuk bete eta ezkerretik jarraitu, errepidea azpitik pasatu, eta maldan gora jarriko gara. Bidegurutzeetan seinale zuri-gorriek lagunduko digute bide zuzena aukeratzen.
Asfaltatutako bidea amaitu, eta lurrezko pista batetik igotzen jarraituko dugu basoan zehar. Balizatutako bidearen malda gogorrenak gainditu eta gero, Ahartza leporaino igotzen den errepide txikira iritsiko gara. Puntu horretan, GR-10ak norabide berria hartzen du, ezkerretik igotzen da Oilarandoiko magalean zehar, baina guk hori itzulerako utzi eta GR-10aren bide zaharretik egingo dugu aurrera. Errepidearen eskuinetik eta horren azpitik hedatzen den pista zabaletik egingo dugu aurrera, hasieran aldaparik gabe, baina gero malda gogortu egingo da errepidera atera aurretik.
Errepide estutik beteko dugu hurrengo tartea, eta, lehen bihurgunera iristean, hori utzi eta ezkerretik gorantz joko dugu, mendiaren gainaldean ikusiko dugun kaperarantz. Malda pikoa gainditu, eta haitzez inguraturik dagoen Oilarandoi kaperara helduko gara. Bertatik dagoen ikuspegia bikaina da, talaia zoragarria mendi garaiak eta horien magaletan barreiatzen diren baserri eta herri txikiak ikusteko. 1706an, haraneko 11 herrietako etxeko jaunak biltzen zituen Baigorriko Gorte Nagusiak erabaki zuen Oilarandoi mendiaren tontorrean ermita bat ezartzea. Bertan egoten ziren ermitauei otoitz egiteko eskatzen omen zieten zerutik etor zitezkeen txingor eta ekaitzetatik babesteko. 1740 eta 1792. urteen artean ermita hori okupaturik egon baitzen, eta, 1789ko iraultza igaro eta gero, suntsitua izan zen. 1941ean, J. Olhagarai apaizak kapera berri bat eraikitzea erabaki eta urtebete geroago, 1942an inauguratu zuten. 1985ean, berriz, eguraldi txarraren eta gizakiak sortutako kalteen ondorioz, ermita goitik behera berritu zen. Baigorriko jendea eta inguruko herritarrak urtean bitan —ekainean eta abuztuan— igotzen dira.
Ikuspegi paregabea
[aldatu]Adartzak, Iparlako harresiak, Auzak, Iratiko mendiek, Pirinioetako mendi garaiek eta Donibane Garaziko haranak eskaintzen duten ikuspegi paregabeaz gozatu ostean, maldan behera Ahartza leporaino jaitsiko gara. Toki horretan, ezkerretik datorren xenda balizatua (GR-10 berria) bilatuko dugu, eta Oilarandoiren magala puntatik puntara zeharkatuz errepidera itzuliko gara, igoerako erabili dugun bidearekin bat eginez. Toki horretatik herriraino igotzeko erabili dugun bide berbera erabiliko dugu.
Beherakoan, aurrez aurre ikusiko dugu Etxauzko gaztelu ederra. Jatorriz Erdi Arokoa bada ere, XVI. mendean eraiki zuten. Etxauz familiaren garairik oparoenak Henrike IV.aren eta Luis XIII.aren erregealdien artean izan ziren, 1732an etxaldea eskuz aldatu arte. Herrira jaistean, Doneztebe elizara joango gara. Elizaren parterik zaharrenak XII. mendekoak badira ere, XIII. mendeko testuetan agertzen da lehen aldiz (1236). Erdi Aroan, elizak defentsarako zutabe erromanikoak, dorre bat eta fortifikazioaren arrastoak atxiki zituen. Eliza atzean utzi, eta ibaia zeharkatuko dugu gertu dagoen zubitik. Ibaiaren paraleloan jarraitu eta berehala helduko gara zubi erromatarraren ondora. Nahiz eta erromatar hitza izan izenean, 1661ean izan zen eraikia. Garai batean, ibaia gainditzeko igarobide bakarra izan zen.