Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Sakanako behatokia
Sakanako behatokia | |
---|---|
Herrialdea | Nafarroa Garaia |
Zailtasuna | Erdikoa |
Lekuak | Irurtzun, Trinitateko baseliza, Erga, Saien behatokia, Orazulo |
Distantzia | 10,2 km. 3 ordu eta 10 mn. |
Ingurunea | Irurtzun herria inguratzen duen natura eta paisaiaren parte dira Erga media, Trinitate baseliza, Axitarteko harratea, Plazaolako tren zaharra eta Saien behatokia. |
Abiapuntua | Irurtzun |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Etxarriko mendatetik Sakana aldera doan galtzadaren gaindi nabarmentzen da Hiruaitzetako ezproi zulatua, mendeetan mendi hauek zeharkatu dituztenen lekuko. [1]
Ibilbidea
[aldatu]Altsasu eta Irurtzun herrien artean zabaltzen den Sakanako autobidea hartu, eta Iturmendi-Bakaikuko irteera hartuta iritsiko gara Bakaikura (Nafarroa). Horixe izango da ibilaldiaren abiapuntua.
Bakaikuko San Juan elizaren ondoan dagoen plazatxoan ibilgailua utzi eta errepidea gurutzatu ostean, Iturmendira doan pistan barna bete ditugu lehen minutuak. Herrian sartu, parez pare dugun Urbasako goi lautadarantz zuzentzen den porlanezko pistari heldu, eta lehen bidegurutzera iristean eskuinerantz jo dugu. Bide zabalari segituz pagadian murgildu, eta erraz egin dugu aurrera. Bide seinale zuri eta horiek norabide zuzena aukeratzen lagundu digute, eta etenik ez duen aldapan gora San Benito baselizatik datorren bidearekin bat egin dugu.
Santa Marinako baseliza
[aldatu]Mendatera iristean Santa Marinako baseliza muino baten gainean ikusi dugu. Ataka atzean utzi, eta belarrezko tapiza zapalduz gora heldu gara. Baselizaren parean aterpea dago (andretxea jartzen du), eta metro batzuk aurrerago tontorra. Euskaraz Bizi leloa duen Argitxoren gutunontzia haitzetan txertaturik aurkitu dugu. Ipar aldera begira jarri, eta gure mendean Sakanako haran luzea dugu, eta, hegoa aldera, berriz, Urbasako ordeka amaigabea. Baselizaren ondora itzuli gara, eta aterpean gaua igaro duten gazte batzuk lehen nagiak astintzeko kanpora atera dira.
Hiruaitzetako Begia
[aldatu]Etorritako bidetik lepora jaitsi gara, eta, hesia gurutzatu ostean, horren paraleloan Pilotajoko aldera igotzen hasi gara. Berehala ikusi dugu ezkerrera Hiruaitzetako Begia, eta mendi mazelaren erdi aldera iristean Bakaikura doan xenda nabarmenari jarraitu diogu. Pagadira iristean, hori utzi, eta ikusgaitz den beste xenda bat aurkitu dugu pago zaharren artean murgilduz. Denbora gutxi behar izan dugu haitz zulatuaren ondora iristeko. Naturak zizelatutako gutizi karstiko hau ingurune malkartsua da, eta kontu handiz ibili behar da. Poliki egin dugu aurrera. Begia gurutzatu eta bestaldera pasatzean, beste bi haitzak ikusi ditugu, baina horiek ederrak izan arren ez dute lehenak duen erakargarritasuna. Hala ere, harritzan zehar tarteka marrazten den xendatik gora egin dugu, eta hirugarrenera igotzean atseden txiki bat hartzea erabaki dugu. Zintzurra freskatu, argazki pare bat atera, eta ikuspegiaz gozatu eta gero, gandorraren gain aldera atera gara.
Baiza eta San Adrian
[aldatu]Gandorrean zehar Baizako tontorraren bila abiatu gara. Gure eskuinean ur putzu handia laga, eta txilar eta ipuruen artean malda eroso bati ekin diogu alanbrezko hesiaren ondotik. Tumulu itxura duen gailur honetan, erpin geodesikoa eta 1967an Club Deportivo Udaberrikok jarritako gutunontzi herdoildua aurkitu ditugu.
Etxarriko mendate aldera jo dugu segidan, eta, Iruelorritara iristean, Mayo izenez ezaguna den pago enborra lurrean etzanda ikusi dugu. Errito zaharrari jarraiki eta labore lurrak babesteko asmoz, maiatzaren lehen egunetik aurrera herritarrak mendira igotzen dira, eta 15 metro inguruko pago bat aukeratu, moztu eta azala kentzen diote. Egun batzuk geroago zulo batean sartzen dute, puntan egurrezko oilar bat labore lurrei begira jarriz. Horrela, uzta ona izango dutela uste dute. Ohitura polita.
Etxarriko mendatera heldu aurretik, Etxarri-Potugañako trikuharriak izenez ezagunak diren Brontze Aroko bi trikuharrien aztarnak aurkitu ditugu. Horietako baten ganbera zortzi harlauzaz osaturik dago, eta tumuluak hamar metro baino gehiagoko diametroa du. Metalezko langa gure ezkerrera utzi, eta San Adriango baselizara igotzen hasi gara. Lizarraga herriaren gainean, talaia paregabea da pareta bertikaletatik zintzilik dagoen baseliza, Beriaingo malkarrak eta San Donato ikusteko.
Etxarriko mendatera itzuli, metalezko ataka pasa, eta galtzadan barrena beherantz egin dugu. Pagadian murgiltzen den bidea zabala eta bikaina da, baina bidegurutzera iristean Etxarrira doana utzi eta ezkerrekoa hartu dugu, Bakaiku herriraino zuzenean jaisteko. Herrira iritsi aurretik, goian ikusi dugu Hiruaitzetako Begia, Sakanako lekuko isila.