Edukira joan

Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Uliako xendak

Wikibookstik
Uliako xendak
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Gipuzkoa
Zailtasuna Erraza
Lekuak Platako itsasargia, Ulia, Ilurgita senaia, Mendiola
Distantzia 15 km. 4 ordu eta 15 mn.
Ingurunea Historiaz betetako bideetan barna, itsasoa, zerua eta lurra batzen dira itsaslabar bertikal eta zirraragarrietara gerturatzean.
Abiapuntua Okendo kultur etxea (Donostia)
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Historiaz betetako bideetan barna, itsasoa, zerua eta lurra batzen dira itsaslabar bertikal eta zirraragarrietara gerturatzean. [1]

Ibilbidea

[aldatu]

Donostiak duen Uliako parke natural txiki honetan, lurraren eta uraren arteko borrokak zizelatutako itsasertz ederraz gozatzeko parada izango dugu. Itsaslabarretara gerturatzean, kalak, bailara txiki zintzilikatuak, pareta bertikalak eta hegaka dabiltzan ehunka antxetaren karrakak inguruko isiltasuna apurtzen ikusiko ditugu. Hamaika bide aurkituko ditugu Uliako magaletan, eta guk horietako batzuk lotu ditugu ibilbide eder eta interesgarri honetan.

Itsaslabarrak eta La Platako itsasargia

[aldatu]

Groseko Okendo kultur etxearen ondotik abiatuko gara GR 121aren (Gipuzkoa bira) seinale zuri-gorriek markatutako bide aldapatsutik. Tranbia zaharraren ibilbidera ateratzean, Iradi edo Arbola baserriaren azpi aldetik pasako gara. Belle époque-ko gizarte dotorearen garaian jarri zen martxan tranbia elektriko zahar hori. 1902ko ekainaren 8an inauguratu zuten, Elosegi ingeniariak egindako proiektuaren arabera. Plaza Zaharretik (egun Bulebarra) abiatu eta ordu erdian hiru kilometroko ibilbidea betetzen zuen Biribilgunera iritsi arte. Bost urte geroago, turistak Kasinotik (Biribilgunetik gertu) Ulia tontorreraino igotzeko funikular bat eraiki zuten. Torres Quevedo ingeniari ezagunak asmatutako teleferiko horrek Biribilgunetik gailurrera zeuden 280 metroko desnibela gainditzen zuen. Batik bat, funtzio turistikoa betetzen zuen, baina bertako baserritarrentzat komunikabide bikaina izan zen 1918. urtean erregulartasunez funtzionatzeari utzi zion arte.

Bide seinaleei jarraitu, eta berehala Monpas gaineko ikuspegi zoragarria zabalduko zaigu begien aurrean. Oso nabarmena den xenda batek Kutralla iturri eta ikuztegira eramango gaitu. Harearrizko harlanduz egina dagoen iturri honetako urek ospe handia izan zuten, gaur egunean iturria ez dago zainduta eta urak ez da edangarri. Ikuztegi gisa erabilia izan zen, eta sendagarri ezaugarriak omen zituen.

Harlanduz eginiko bidetik labarretara gerturatu gara (Josetxo Mayor filantropoak deskubritu eta txukundu zuen aspaldiko bide hau), eta Animetako muturraren gainetik doan xendan barrena aurrera egingo dugu.

Vasco de Camping klubak balizatutako (marka horiak) ibilbidearen ondora heltzean, bide nagusia utzi eta labarretara gerturatuko gara. Aurrera segituz, Donostiako ur zikinak arazi ondoren itsasoratzen duen urpeko hustubidearen etxolarekin egingo dugu topo. Ilurgitako senaiaren ondora iritsi, eta tarte batez ohiko bidearekin bat egingo dugu, baina Mendiolara igotzen hasi orduko hori berriro utzi eta 200 metroko luzera duen tunel bateraino jaitsiko gara, (ura Bidebieta auzora bideratzeko erabili zen aspaldian). Alboan, ezkerraldean, dagoen 10 metroko tuneltxo bat zeharkatu eta belar gaineko xendari jarraituz, itsas labar ziragarrien gainetik igaro eta azken maldari ekingo diogu La Platako itsasargiaren ondora igotzeko.

Ingeles iturria

[aldatu]

Pasaia aldera zuzentzen den errepidea utzi, eta kostaldeko Donejakue bideak eta Talaia bideak bat egiten duten lekuan xenda nabarmen batek Ingeles iturriaren ondora iristen lagunduko digu.

Jende asko paseoan edo lasterka ibiltzen den bide erosoari jarraituz, Mendiolaraino igoko gara, eta bertan Donejakue bidearen seinaleak utziko ditugu; Talaiarenei (GR 121) jarraituko diegu, eta Ilurgitako senaiaren gain aldetik pasatuko gara.

Porlanezko pista bat zeharkatu, eta primeran markatutako bide eroso batetik SL-Gi 33aren panelarekin eta bide seinale zuri eta berdeekin egingo dugu topo. Puntu horretan, Talaia bidea utzi eta gorantz joko dugu basoan barrena. Erregearen harkaitz ondotik pasatuz, Ulia parke gainera iritsiko gara.

Ulia gaina

[aldatu]

Uliako gainean, eguna eta orduaren arabera Uliako Interpretazio Zentroa bisitatu ahal izango dugu une batez. Parkeko erakusketa iraunkorra ikus daiteke bertan: fauna eta flora, itsas-ekosistemak, historia, ondarea eta paisaiaren eraldaketa kulturala.[2]

Uliako gain horretan aspaldian zegoen plater-tiraketako Basollua eraikinaren ondotik bide nabarmen bat ateratzen da, eta bertatik jarraituko dugu Baleazalearen talaiaren ondora heldu arte.[3] Erdi Aroan, Donostiako arrantzaleek baleak eta bakailaoak arrantzatzen zituzten, eta zetazeoen gantza eta bizarrak erabiltzen zituzten hainbat tresna egiteko. XVII. mende arte iraun zuen jarduera horrek, eta 1625ean Isasti idazleak honela zioen: «Lehorretik ikus zitezkeen baleak harrapatzeko, soldatapeko gizon bat daukate Ulia izeneko mendian, talai batean kokaturik». Talaiari horrek, balea ikustean, baleazaleen artean ezaguna zen esaldi bat oihukatzen zuen: «Hortxe balea hotsa».

Talaia horren kokapena ez da kasualitate hutsa; Uliako gailurretik gertu dago, eta bertatik Gipuzkoako kostako eta Donostia eta Pasaiako portuetako ikuspegi bikaina zegoen. Zenbait autorek kondairatzat daukate, baina belle époque-aren garaian, leku hori asko bisitatzen zen, eta talaiara igotzeko eskailera batzuk eta baranda bat jarri ziren. Egun, jatorrizko talaiak betetzen zuen funtzioaren aipamena egiten da, euskaraz, gazteleraz, ingelesez eta frantsesez idatzita dagoen inskripzio batean. Aurrera jarraituz, errota itxura duen eraikin baten ondotik pasatu eta bide balizatuari jarraituz abiapuntura itzuliko gara.

Irudiak

[aldatu]

Itsaslabarrak, Europako naturagune babestua

[aldatu]

Flora eta fauna aldetik duen balioarengatik Europako naturagune babestua da (BGL), 1992ko maiatzean Europako Kontseiluak 92/43 zuzentarau onartu zuen habitat natural, flora eta faunaren kontserbazioaren ingurukoa.

1997ko abenduan, beraien habitat, fauna eta flora ikusita, Eusko Jaurlaritzak Uliako Itsaslabarrak Batasunaren Garrantzizko Lekua (BGL) izendatzea proposatu zuen, Bruselara horren fitxa bidaliz (Kodea: ES2120014; azalera: 43 ha).

2004ko abenduan eremu honen BGL izendapen ofiziala egin zen Europako naturgune babestua bihurtuz, Natura 2000 sarean sartuta.[4][5]

Erreferentziak

[aldatu]
  1. Berriatik hartua
  2. «Uliako Interpretazio Zentroa. Informazio praktikoa» www.cristinaenea.eus (Cristina Enea Fundazioa) . Noiz kontsultatua: 2020-06-28.
  3. «Ezagutu Ulia zure etxetik - Cristina Enea Fundazioa» www.cristinaenea.eus . Noiz kontsultatua: 2020-06-28.
  4. Uliako mapa natura2000-n
  5. Uliako itsaslabarrak Marko Sierra-ren hitzaldia. (Uliako Auzo-Elkartea, Okendo Kultur-Etxea, 2014-12-09)

Kanpo estekak

[aldatu]