Edukira joan

Euskaldunak Munduko Itsasoetan zehar XIV - XVI. mendeak/Itsasoko Historiak/Amerika

Wikibookstik

Euskal­dunak Kolonen aur­kikun­tza gogoangarrian

[aldatu]
Sevilla

Amerikako egitasmoa Hegoal­dean garatu zen, gure portuen eskumenetik urrun, eta, gainera, ez zen abentura tentagarria salerosketak itsasoz egiten eta tratu seguruetara jo­tzen zuenaren­tzat. Denborak aurrera egin ahala, Amerikaren benetako aurpegia ager­tzen hasi zen eta horrek tentatu zituen itsasgizonak, baina horretarako urteak igaro behar izan zuten. Hala ere, lehendik euskal­dunak Hegoal­dean ibiliak zirenez, gure lurreko gizonik ez zen falta Kolonen lagun­tzaileen nominetan. Bada esaten duenik Biz­kaian eraikitakoa zela hiru karabela historiko haietako bat, tamainaz handiena, Santa Maria, hain zuzen.

Itsasgizonei dagokienez, baditugu zenbait lan, batetik Alice Goul­d‑en pazien­tzia itzeleko iker­keta monografikoak, bestetik Yon Bilbaoren Vascos en Cuba (Buenos Aires, 1958) obra eta S. Ispizuaren lana, Los vascos en el descubrimiento de América.


Lehen bidaia

[aldatu]

Jatorriz euskal­dunak izan behar zuten haiek, Hegoal­dean finkatuak edo harremanak zituztenak, izan ere, Kolon itsason­tziak aloka­tzera Palos portura joan zen dirua eta errege‑pribilegioak hartuta. Pinzontarren ekarpena izan ziren bi karabela txikiak, La Pinta eta La Niña. Juan de la Cosak, Santa Maria –tamainaz handiena zen– karabelaren jabe eta itsas maisua zenak, hartu zuen konpromisoa.


Biz­kaitarrak tripulazioan

[aldatu]

Bada auzi zahar bat maisu honen jatorriaren eta nongotasunaren gainean (Santoñakoa ala Biz­kaikoa), Juan Vizcainorekin identifika­tzen bai­tzen, edo Juan de la Cosa kosmografo sonatua zen kantabriar edo biz­kaitarrarekin. Haren Santa Marian azal­tzen dira Kolonen lehen bidaiako marinelen nomina‑zerrenda luza­tzen duten biz­kaitar apurrak.

Santa Mariak hondoa jo zuen Navidad portuan, eta han gelditu ziren bizkaitarrak zoritxarreko heriotza aurkitu zuten.

Zerrendan lehenbizi Chachu kontramaisua zen, Catalina Debakoaren semea eta beharbada lekeitiarra. Ordainketen Eskuliburuan, 1515eko azaroaren 15eko datan esaten du 18.520 marabedi kobratu zituela Martin Perez de Liconak, Chachuren amaren izenean, kontramaisuari zor zi­tzaion sol­data‑kon­tzeptuan. Chachu Indietan hil zela esaten da «en el primer viaje que se descubrió la isla Española».

Perez de Licona bera arduratu zen beste herrikide biz­kaitar ba­tzuen sol­data jaso­tzeaz ere, hala nola, Martin de Urtubiarena eta Domingo upelgilearena. Domingo Antxia hori Ispaster­koa ote zen, eta Martin Urtubia, al­diz, Natxituako itsasmutila?

Lekeitioko Domingo bat ere azal­tzen da, Maria de Biz­karraren semea, aro­tza beharbada. Biz­kaitar batek ixten du nomina, Erandioko Lope itsas aro­tzak; honek arreba zuen Mariza de Areizti eta Sevillan haren sol­data erreklamatu zuen Martin de Fano prokuradorearen bitartez. Santa Marinak hondoa jo zuen Navidad portuan eta han gel­ditu ziren biz­kaitarrak tragikoki hil ziren.


Gipuz­koarrak tripulazioan

[aldatu]

Pinzontarren La Pintarekin loturik ager­tzen dira Gipuz­koarrak.

Juan Martin de Azoke debarra zen, Pedro eta Juan de Arraes aita‑semeak bezala. Oraindik izendatu gabe ditugu Juan Ruiz de la Peña eta Domingo de Bermeo izeneko beste bat.

Dokumentuaren bestelako irakur­keta batek Juan de la Plazari sorlekua Palosen edo Deban jar­tzen dio. Lehen bidaiako gizon‑kopuru osoa iriz­penen arabera al­da­tzen da eta ez dakigu denen izenik. Haietatik dozena bat izan zitez­keen euskal­dunak, eta izen ezagunekoak zaz­pi edo zor­tzi? Bost biz­kaitar izan ziren itzuli ez zirenak, Navidadeko gotorlekuan hil ziren, ez ordea arazoak sortu gabe aurretik. Honela dio Las Casas‑ek:

Eta Diego Enriquez de Arana, Navidadeko aguazil gisa gel­ditu zena, Koloni maitale zuen Beatrizek bere Arana abizena jarri zion seme bat eman zionaren lehengusu edo anaia ote zen? Arana abizenaren adarrak ugaria dira Kordoban aspal­ditik finkatuak: Diaz de Arana, Rodriguez de Arana, Enriquez de Arana; an­tzinatik diren bezalaxe Ibarraren adarrak Jaenen, Kordoban eta Salamancako Fuenteginal­don. Kordobarrak ziren delako Aranak, nahiz eta zalan­tzarik gabe euskal jatorrikoak izan.


Bigarren bidaia

[aldatu]

Atlantikoaren bestal­dean lurra –uharteak– bazirela egiaztatuta, horren bermeaz prestatu zuten Kolonen bigarren bidaia 1493ko irailerako.


Iñigo de Artietaren Armada

[aldatu]

Ez du inor askok jakiten Errege‑Erreginak Alfon­tso de Quintanillari mandatua eman ziotela Biz­kaiko Jaurerrian on­tzidia antola zezan bigarren bidaia egiteko, oraingoak ez zuen besteak bezainbesteko arriskurik. Bidaia horren prestaketa‑lanetan Juan de Arbolantxa armadoreak eta Iñigo Artieta Itsas Jeneralak parte hartu zuten.

Labairuren esanetan, Antxo Lopez de Ugartek sei itsason­tzi harrapatu zituen, eta 172 arma‑gizon, 18 txalupa‑mutil, 4 marinel eta 8 morroi. Ekainaren 15ean egin zuten haien alardea.

- Capitana izeneko itsason­tzian on­tziratu zen Iñigo Artieta.

- Baina, on­tzidi hari beste norabide bat eman zi­tzaion.


Arbolantxaren ontzidia

[aldatu]

Uztailean beste bost on­tziren alardea egin zuten, beste tripulazio batekin, Juan de Arbolantxak antolatuak ziren. Gorabehera asko ezagu­tzen ditugu Bermeon uztailaren 12an desfilatu zuen on­tzidi hartaz.

- Perez de Izolaren on­tzian, bere on­tziko kapitan lanetan Juan de Balzarekin zihoanak, bere semea zeraman maisu, Esteban de Akorda kontramaisu, Juanot pilotu, eta gainerakoak biz­kaitarrak: Fagaza, Arostegi, Otaola, Martin de Plentzia, Juan de Arteaga.

- Juan Perez de Loiolaren itsason­tzian ehun eta berrogei gizon, berrogei marinel eta laurogei arma‑gizon on­tziratu ziren.

- Horrela­tsu gertatuko zen Martin Perez de Fagaza eta Juan Perez de Amezketaren on­tzietan zein mila tonaje eta hirurehun bat per­tsona zituen Iñigo Artietaren karabela handian.

Halaber, on­tziengatik ordaindutako alokairua eta haietan zihoazenen sol­datak ezagu­tzen ditugu. Kapitan jeneral gisa zihoan Artietari mila marabedi ordain­tzen zi­tzaiz­kion urtean, berrogei mila bere pilotuari, bedera­tzi mila kirurgialariari, sei mila kaperauari nahiz marinel bakoi­tzari eta hiru mila tronpetei.

Horrez gainera, kapitainen zinak ezagu­tzen ditugu, kapitain jeneralaren eta Errege‑Erreginaren zerbi­tzura jar­tzeko konpromisoari buruz­koak.


Norako al­daketa

[aldatu]

Uztailean Cadizera zihoazen sei hilabeterako. Baina, hain zuzen ere zinaren bidez­ko Errege‑Erreginen zerbi­tzuak beste norabide bat hartu zuen eta, Amerikara joan beharrean, Hegoal­dera joan ziren «partir a pasar allende al Rey moro de Granada, y a otros que pasaban a Africa con él».

Teorian bederen, nahikoa denbora bazuten Kolonen bigarren bidaian joateko, urte hartako irailean abia­tzekoa bai­tzen, baina beste eskakizun ba­tzuk medio, destinoa al­datu egin zi­tzaien. Biz­kaiko Armada Cadizen eta Itsasartean gel­ditu zen, eta han­txe beste alarde bat egin zuen 1494an.


Biz­kaitarrak bigarren bidaian

[aldatu]

Biz­kaiko Armada ez zen joan, baina euskal­dun ba­tzuk parte hartu zuten Kolonen bigarren bidaian:

- Lope de Olano eta Martin Zamudio pilotuak,

- Sebastian de Olano har­tzailea,

- eta beste gizon hauek, Fer­nando de Gebara, Luis de Arteaga, Bartolome Salzedo, Miguel de Muntxaraz eta Francisco de Garai.

Kolon 1496an itzuli zen.


Hirugarren eta laugarren bidaiak (1498 eta 1502)

[aldatu]

Esplorazio eta ziurgabetasuneko urte horietan, gure mer­katari­tzako on­tzidiaren­tzat Amerika ez zen erakargarri, Iparreko mer­katari­tza‑tratuetan ohitua bai­tzegoen. Mendearen az­ken hamar­kada horretan, euskal itsason­tziak Iparreko portuetara joaten jarraitu zuten, nahiz eta fran­tses piraten meha­txua gero eta handiagoa izan. Horrek Errege‑Erreginak behartu zituen Flandesko mer­katari­tza‑on­tziek zituzten on­tzi armatuen babeserako agindu zaharrak gogora­tzera. Artieta Gaetako itsas blokeoan zebilen, Napoliko kostal­dean, eta beste ba­tzuk pirateria eta errepresalia‑jardueretan zebil­tzan.


Hirugarren bidaia

[aldatu]

Dena dela, euskal abizenak ager­tzen jarrai­tzen dute Kolonen hirugarren bidaiako tripulazioan ere: Lope de Olano, Pedro de Araba, Pedro de Ledesma, Martin de Arriaran, Ber­nardo de Ibarra.

Kolon kateaturik itzul­tzeak eta hispaniarren barruko gataz­ka hasiberriak zirela medio, abentura amerikarra itsasoko balentria baino gehiago eta ohiko mer­katari­tza trafiko normala baino zerbait desberdinago bilakatu zen.


Laugarren bidaia

[aldatu]

Laugarren bidaian Santiago Pedro de Ledesmak pilotatu zuen Capitana on­tzia. Getariako Juan Oikinaren Vizcaina on­tzia bidaian gal­du zen. Marinelen nominan biz­kaitarrak eta gipuz­koarrak azal­tzen dira:

- Martin de Fuenterrabia, Vizcainako kontramaisua;

- Martin de Arrieta, upelgilea;

- Domingo Vizcaino eta Domingo de Arana, itsas aro­tzak;

- Machin, aro­tza;

- Pedro de Maia eta Martin de Atin, marinelak;

- Diego de Portugalete, Juan Zamudio, Martin de Larriaga, Bartolome de Alza, Pascual de Anzuriaga, Anton Txabarria eta Antonio de Artze, itsasmutilak;

- Cheneko, morroia

- eta Gonzalo de Salazar, tronpeta.


Marinelak, abenturazaleak eta jende saiatua

[aldatu]

Denak nahasten dira itsas enpresa horietan, itsason­tzietan egiten direnez, nautikoak dei­tzen zaienetan: itsasgizonak –maisuak, pilotuak, itsasmutilak edo txoak–, gerra‑gizonak, artisauak –aro­tzak, istinkariak, upelgileak–. Nola bereizi marinela abenturazaleetatik eta konkista­tzaileetatik?

Nola izendatu behar ditugu hauek?:

- Adrian de Muxika, Pedro de Gamiz eta Diego de Escobar, Rol­dan al­katearekin batera Amerikako lehen biran protagonista izan zirenak; - edo Indiako Anacaona erreginaren alaba prin­tzesarekin lehen al­diz ez­kondu zen Herrando de Gebara.

Edo jatorriz euskal­duna zen Luis de Arriaga, Isabel Erreginagandik 200 gizon kolono ez­kondu bost urterako eramateko ez­kon­tza‑hi­tzarmen bat lortu zuena (1501) eta euskal­dunen fidagaiztasunagatik porrot egin zuena?

Hortuño de Bertendona, Bilboko hargina, La Españolara joan zena, eta, Francisco de Garai, Amerikan harriz­ko etxea eraiki zuen lehena eta Jamaikako gober­nadorea izan zena?

Yon Bilbaok birmol­datu duen zerrendaren arabera, uhartean aberats eta mer­katari gisa finkatu ziren beste asko eta asko?

Urte horietan, Amerika ez zen gure Nabigazioaren eta gure marinelen al­derdi bat baizik. Europa zen an­tzez­leku ohikoena. Bistakoa denez, Amerikara euskal­dunak itsason­tzietan joan ziren, baina ezin nahas di­tzakegu haien eta gure marinelen historia.