Euskaldunak Munduko Itsasoetan zehar XIV - XVI. mendeak/Itsasoko Historiak/XVI. mendea
Austriatarren politika eta ontzigintza
[aldatu]Ezkontzako Armada arranditsu bat (1496)
[aldatu]Alabaina, dena ez zen hitzarmen, gerra eta abentura. Aldizka itsasoa luxuz janzten zen eta itsasgizonak aldi atsegingarriak bizitzen zituzten. Ezkontza nagusiak, bikoitzak: Felipe Artxidukea Juana Espainiako Infanta anderearekin ezkondu zen, eta Margarita anderea, Maximiliano Enperadorearen alaba, Espainiako Don Juan printzearekin. Horrek ekarri zuen joan‑etorrirako armada arranditsu bat prestatzeko egokiera.
Alfaron 1495eko urriaren 30ean sinaturiko Errege Zedula bidez, Errege‑Erreginek Gipuzkoa, Bizkaia eta Lau Hiribildutako kostaldeko efektiboak mobilizatu zituzten.
Berriro Juan Arbolantxa
[aldatu]Burgosko Korrejidorea, Garcia Cortes eta –beste behin ere– Juan de Arbolantxa bilbotarra arduratu ziren antolamenduaz eta gidaritzaz. Itsasontziak komenentziara alokatu eta nahi adina artilleria, ontzigile nahiz langile mobiliza zezaketen. Arbolantxak lau milioi marabedi jaso zituen itsasontziak alokatzeko; bakarren bat, ordea, eraikuntzan zegoen, eta hura Murtziako Adelantatuarena zen.
Bilboko dozena bat ontziri erantsi zitzaizkion beste hogei zama‑ontzixka eta beste euskal ontzi batzuk: Martin de Arteaga, eta Lopez de Basararenak –280 tonakoak, Badajozeko Gotzainak alokatuak– Pedro de Arrona, Lope de Zelaia, Martinez de Lezo, Miguelez de Elorrieta, Jimeno de Bertendona, Pedro de Ariz, Juan de Areita, Jacome de Renteria, Martin de Araiaga eta Martin de Igolarenak.
Hornidurak
[aldatu]Gerrako hornidurak –bake enbaxada bat izateko– ikusgarriak dira, eta xehetasunez ezagutzen ditugu: bolbora eta mota askotako kanoiak, baleztak, lantzak, dardoak, armadurak eta buru‑babesak, esku‑kanoientzako beruna zein burdina. Ez zuten lanik faltako burdingintzan ari zirenek!
Ahorako hornigaiak ere deigarriak izan ziren: olioa, argizaria, arroza, gatza, zezina, gantza, sardinzarrak, bizkotxoa eta ura. Galizian, 1578an, bi ontzi zaharrek eta lau itsasontzik 101 arroa olio, 12 upel oliba, 4 kintal azukre, 2 upel almendra, 2 mila kintal behi‑zezina edo haragi gazitua, 20 mila pegar‑ardo eta egarria itotzeko 600 tona ur kargatu ziren.
Horrez gain, 10 kintal gantz‑kandela eta 3 kintal argizari, Artxidukesari argiztatze‑zerbitzua egiteko. A!, eta berrehun ahari bizi, hogei behi eta mila oilo.
Segizioa
[aldatu]Pertsonaiez eta ohorezko segizioaz gain, milaka batzuk izan ziren, maisu, marinel, txalupa‑mutil, morroi, ezkutari, espingardari, baleztari eta peoi ontziratu ziren gizonak, Don Fadrique Enriquez, Luna Kondea eta Alba de Listeko, Astorgako markesaren aginduz banatuak. Bizkaitik bakarrik bostehun gizaseme joan ziren «con sus corazas, casquetes, ballestas y con dos docenas de saetas en su aljaba», eta berrehun nabigatzaile, Gomez de Butron armada‑buruak gidaturik, baina itsasontzietan Antxo de Bazanek agintzen zuen.
Gerrako itsasontzi hauekin batera, beste ehun bat ontzi, txalupa eta galera ziren, Erregearen ganbera eta segizioa, arrioa, bitxi apaingarriak eta ekipoa zihoazenak; gainera merkataritza‑ontzi batzuk artilea eta ardoa zeramaten. Guztira, Laredoko kaitik abuztuaren 22an irten ziren 120 itsasontzi.
Irteera eta itzulera
[aldatu]Ontzidi ikusgarria eguraldi onez itsasoratu bazen ere –han zihoazen Martin de Mogica, Juana anderearen diruzaina, Juan de Arteaga eta ahaide nagusi zenbait– kanalaren bukaeran ekaitzak harrapatu zituen. Itsasontzi bizkaitar bat galdu egin zen eta Ingalaterran porturatu behar izan zuten. Ingalaterratik Flandriako bidaiaren azken zatian, Infanta itsasontzi bizkaitar batean ontziratu zen, buru zihoan itsasontzi zahar astunetik jaitsita.
Ontzidiaren itzulera hilabete asko atzeratu zen. Maximiliano Enperadorearen alaba Margarita Espainiara zetorren Don Juan Printzearekin ezkontzera, eta haren ontzidiarekin elkartuta etortzekoa baitzen. Negu gogorrak bizitza asko eraman zituen berekin, Almirantearena besteak beste, eta haren ordezko agintari Butron eta Mugica izan zituen ontzidiak.
Atzerapen hori zela‑eta, Errege‑Erreginak informatu beharra zegoen atzeratutako soldataren ordaintzeari buruz –mantenuaz gain, marinelek hilean bostehun marabedi, txalupa‑mutilek eta arma‑gizonek laurehun marabedi–, hilak gertatu zirenen herentziaz eta izena emana zuten baina ontziratu gabeko pertsonez.
Nahiz eta infante eta marinel gehienak Bizkaia, Gaztela, Trasmiera eta Asturiaskoak izan, baziren gipuzkoarrak ere; Gipuzkoako Korrejidoreari kontuak eta arrazoiak eskatu zizkioten espedizioan izena emandakoez, hildakoez eta haiei zor zitzaienez.
1500. urtea. Mende aldaketa:
[aldatu]Bizkaiko pilotuen Elkargoa Cadizen
[aldatu]Mendearen amaieran erregistratu ahal izan ziren gure Nabigazioaren alorrean eragina izango zuten zenbait Errege Zedula:
1498an Errege‑Erreginek baimena emango diote Gipuzkoari Itsasartera nahi adina itsasontzi bidali ditzaten itsaslapurretara.
Hiru urte beranduago, beste Errege Zedula baten bidez galarazi egiten zen edozein atzerritarri ontziak saltzea –neurri hertsatzaile negatiboa– eta Espainiakoak ez ziren ontzietan salgaiak kargatzea –neurri positiboa– (1501eko abuztuaren 11ko Granadako Errege Zedula). Ondorengo urtean, Frantziarekiko gerrak baimendu egiten zuen ontzi frantses eta bretainiarrak bahitzea, eta 1502an Bizkaiko Korrejidoreari merkataritza babesteko ontzi mardulak presta zitzala agintzen zitzaion.
1502an Irarrazabal Debarra sarituko dute Baionako portuko katea apurtu eta ontzi frantses bat bahitzeagatik. Merkataritzak eta gerraren segurtasunik ezak zuen lehentasuna.
Babes neurriak
[aldatu]Areagotu egin ziren babes‑neurriak:
- Bizkaiko eta Gipuzkoako portuetan ezin behar daiteke inor ontzi jakin batzuetan salgaiak kargatzera, kargatzailearen borondatez ez bada, baina, beti ere, erreinuko ontzietan (1505eko urriak 20).
- Ondorengo urtean Fernando Katolikoak salbuetsi egin zituen Bizkaiko, Flandriako eta Coruñako ontzidiak Santiagoko Kabildoari zerga bat ordaintzetik.
- Sevillan sinaturiko (1507ko azaroak 209 Errege‑zedulaz maisuen trukean dirua hartzeko eta ontziak saltzeko nahiz alokatzeko modua arautzen da.
1508ko berriak
[aldatu]1508ko urteari buruz, askotariko erreferentzia eta berriak ditugu:
- Otxoa de Larrea, ontzi bilbotarraren maisuak erregeren seguru bat lortu zuen Ingalaterrara salerosketa bidaiarako, Andaluziako kostaldean kortsario batek ontzi ingeles bat bahitu zuela‑eta errepresaliarik ez nozitzeko.
- Urte horretako apirilaren 18an, Burgostik igorritako Errege Zedula batek baimena ematen zien merkantziaz Gipuzkoara zetozen ontzi ingelesei, burdin kargamentuz itzultzeko.
- Frantziarekin bakea egiteko, beharrezkoa zen Vazquez de Acuña Gipuzkoako Korrejidorea, Frantziako Erregeak izendaturiko Komisarioarekin elkartuta, Bake Ituna betetzea itsasoko harrapakinen gainean egiteke dauden auziak epaituz eta irtenbidea emanaz.
- Baliteke harrapaketa horietan Pedro de Mondragon izeneko batek zerikusirik izatea; inola ere ez zen makala ofizio horretan: bi Errege Zedula igorri ziren haren aurka, Cacerestik 1508ko abenduaren 29an eta Valladolidetik 1509ko otsailaren 5ean.
- Lehenengoan, kostako Epaileei agintzen zaie atxilo dezatela Pedro de Mondragon, itsasoan Espainiako nahiz erreinu adiskideetako itsasontzi asko bahitzegatik;
- bigarrenean, Lau Hiribilduetako Korrejidoreari eta Baionako nahiz Donibane‑Lohitzuneko Gobernadoreei agintzen zaie harrapa dezatela kostalde hartan dabilen kortsario beldurgarria.
1509ko berriak
[aldatu]- 1509an Portugaleko mandatariak etortzen ziren Bizkaia eta Gipuzkoara, Afrikan prestatzen ari ziren gerrarako Armadarentzat armak erostera. Bi probintzietako Korrejidoreei prebentzioak egiten zitzaizkien ontziak alokairu doiez eskain zitzaten –bi ontzi eta karabela bat– Terranovako Dukeak behar baitzituen, Genobatik bere emaztea eta alabak ekartzeko. Eta Miguel Martinez de Arriaran eta Juan Martinez de Aristizabal anaiek erregearen mesedea eskuratu zuten, Afrikako mairuen aurkako borrokan Bizkaian altxatutakoak Cartagenan ontziratzeko.
Bizkaiko pilotuen Cadizeko Ikastetxea
[aldatu]Atzean utzi dugu 1500. urtea eta urte horretako Errege Zedula batek ez du erregistratu gabe gelditu behar; hauxe dio:
Erakunde baten antzinatasunari prestigio emateko baliatu nahi dugun gizonaren oroitzapena motza izan arren –bi edo hiru belaunaldi hartzeraino zabalduta ere–, esan nahi du Cadizeko pilotu bizkaitarren Elkargoa –eta ezer gutxi dakigun arren– agian XV. mendean jarri zela abian, eta bazituela kapera eta Ordenantzak ere.
Dokumentu horretatik, daukagun informazio‑iturri bakarretatik dakigu pilotu batek inolako zerbitzurik ezin zezakeela egin, Ordenantzen arabera, lehenik zegokion Kontsularen aurrean edo, hura ez zegoenean, gainerako pilotuen aurrean onartua ez bazen; eta, Ordenantza beraren arabera, piloturen bat bere herritik kanpo hiltzen bazen, haren lagunek egiten zizkioten hileta‑elizkizunak pilotuen Elkargoaren kontura. Eta edozein pilotuk itsasontzi zaharrak edo galeak hartzeko tratura iristen bazen dukat bana eman behar zion Elkargoaren kaperari, Kontsulari eta hirian gelditzen zen pilotu bakoitzari.
Errege‑Erreginek ontzat eman zituzten Ordenantza horiek eta haien araberako Kontsularen jurisdizioa. Urruneko Cadiz hartan, Dokumentu hori euskal itsas erakunde baten gau ilunean, gure ezjakintasuna argitzen duen bengala argitsu baten antzekoa da. Gerora ikerketan jarraitzeko arrasto zirikatzailea!
Bilboko Kontsulatua (1511)
[aldatu]Aitzitik, Bilboko Kontsulatuak bezalako garrantzia duen erakunde baten historia bikaina askoz ere ezagunagoa zaigu. 1511n fundatu zen hau eta Guiard‑en obra ederrak luze eta zabal hitz egiten du haren historiaz.
Bilboko Santiago Kofradia zaharrak, nabigatzaile, merkatari eta maisuak biltzen zituen horrek bide eman zion erakunde berriari. Erakunde hori gai izango zen, diputatuak, maiordomoak eta epaileak izendatzeko eta liskarrak eta gatazkak bertako eskumenez ebazteko. Bilboko historian, marinelen goraldi izugarri hartan, maisu eta negozio‑gizonentzat baizik ez zen jurisdizioak, Kontsulatua, Kontratazio Etxea, itsasoko nahiz lurreko gizonen Epaitegia eta Bilbo Unibertsitatea garrantzizko erakunde bilakatu zituen.
Urte batzuk beranduago, Kontsulatuak –diruz eta pribilejioz aberats– merkatari‑herriko Kontseiluaren boterea berdindu zuen. Beren Ordenantzek osagarri berri batzuk jaso zituzten 1531, 1554, 1589an zein ondorengo mendeetan, eta horrez gain, merkatarien arteko mundu konplexua arautu zuten: faktoreak, salmentak, erosketak, aldaketak, seguruak, ontzi‑alokairuak, alargun, umezurtz eta kaltetuen interesen defentsa, besteak beste. Kontsulatua hazi ahala, pixkanaka hiribilduko auzietan eta historian eskumen handiagoa izatera eramango du.
Kontratazio Etxea
[aldatu]Enpresa amerikar berriari begira, urte batzuk lehenago sortu zen Sevillan Kontratazio Etxea (1503), Indietako merkataritza monopolizatuz. Ez da batere harritzekoa han, sorreratik, tartean izen euskaldunak aurkitzea: Lopez de Recalde eta Pedro Otxoa de Isasaga eta antzekoekin; hurrengo mendeetan iraungo duen tradizioa izango da Alberro, Egino, Munibe, Ibarrola, Martinez ede Isasti, Urkiza, Iñurriza, Berrospe eta abarrekin.
XVI. mendearen erdialdetik aurrera, Kontsul gipuzkoar bat egon zen Kontratazio Etxean. Gizon aditu horiek euskal kolonia garrantzitsu bat sortuz joan ziren Sevillan eta Cadizen –baditu istorioak Garmendia Arruabarrenak–, eta asmatzen zuten merkataritza karitatezko eta errukizko ekintzekin nahasten, gainera, Amerikarantz joaten ziren euskaldun «yente y viniente» nahiz Mundu Berrian gelditzeko joan ziren askoren babesle izaten ziren edo haien gertakizun nahiz enpresetan aktiboki parte hartzen zuten.
XVI. mendeko bigarren hamarkada
[aldatu]Mendearen bigarren hamarkadan itsasoak aurpegi asko zituen euskaldunontzat. Aurrera egiten zuen Iparrekiko merkataritzak eta laster gorpuztuko ziren Ternuako arrantza‑tokira zihoazen espedizioak. Hegoaldean euskaldunen presentzia eskatzen zuten Mediterraneoko gerrek, Sevillan eta Cadizen.
Batzuek parte hartu zuten, Pedro Navarrok hogei belaontzi eta lau mila gizonekin Bugia hartu zuenean (1510). Ingalaterrarekin zuten Ituna (1510) laguntza zen, itsaso bidez izan behar zuen uharte harekin merkataritzan jarduteko. Juana Andere Erreginak debekatu egiten zuen merkantziak atzerriko itsasontzietan kargatzen Bizkaiko eta Gipuzkoako kaietan, baldin eta bertako itsasontziak erabiltzeko moduan baziren.
Gipuzkoako zazpiehun gizonen zerbitzua eskatzen zen 1512an, Juan de Lazkanoren Armadarako.
Zazpi urte beranduago, Erregek turkiarren aurka zituen prebentzioen berri jakinarazi zion Gipuzkoari.
Eta bi urte beranduago Adriano Kardinalak agindu zion Gipuzkoari Armada antolatzeko Hondarribia setiatzen zuten frantsesen aurka. Donostiari ez zitzaion ontzirik enbargatu, hiriak berak behar baitzituen elikagaien hornikuntza egiteko (1522). Hondarribiak gerra horretan izan zuen jarrera zela medio, ainguratzeko eskubidea eta almirantegoaren frankizia lortu zuen.
Itsasoratzeak, eskaturikoak nahiz boluntarioak, gero eta ohikoagoak bihurtu ziren mende horretan eta hurrengoetan.
Koroarekiko euskal zerbitzuak lurrez norbere lurrean baldin baziren, gerra izanez gero, demografiaren proportziokoa izango zen itsasgizonena, oso handia gerora.