Edukira joan

Euskaldunak Munduko Itsasoetan zehar XVII - XVIII. mendeak/XVII. mendea

Wikibookstik

Ontzigintza gainbeheraren historia

[aldatu]
«Lope Olanok karabela bat eginarazten du». Grabatu zaharra, aldaera txiki batzuk eta elezahar desberdinak eginda berrerabili zena, ontzigintzako lanak ilustratzeko.

Sustrai sakonak ditu ideia edo uste sendo horrek egilearengan, eta atariko egokia litzateke XVII. mendeko euskal itsasketaren historiari buruzko azalpen eskematiko bat egiteko. Esan dezagun ezer baino lehen, gainbehera baten historia da, sekulako gainbehera izan baitzen erditik behera hastera zihoan mende hartan. Gainbehera horren hasieran Invencible ontziaren deskalabrua jartzen da abiapuntu, Gipuzkoarrak zein Bizkaitarrak, gizonez eta ontziz, hain esku hartze garrantzitsua izan zuten zoritxarra. Baina azalpen horrek merezi ditu gertakari historiko haren ondorioak hein batean erlatibizatzen dituen ñabardura batzuk.

Aurreko urteak kontuan hartzen baditugu, laurogeiko hamarkadan Gipuzkoan sintoma kezkagarriak sumatzen dira, sumatu ere. Honako hauek izan daitezke arrazoiak: marinelen eskasia; Zumaia edo Donostia ez dira Genoba edo Napoli. Itsasontzien enbargoak eta itsasgizonen gutxi asko behartutako erreklutatzeek hondoa jotzeko zorian jarriko dute Gipuzkoa, zuzenean ukitzen baititu Ternuako arrantza tokirako bidaien aukera komertzialak. Idiakezen laguntza bidez, probintziak Koroari egiten dizkion eskabideek erremedioa eskatzen dute, egoera larri horrek «total destrucción de esta Provincia» ekarri baitezake. Bestalde, gerrarako gero eta merkataritzako itsasontzi gehiago enbargatzeak eta beraien alokairuak nahiz marinelen soldatak ordaintzeko atzerapenak, hain justu, ez dira marinel jardueren sustatzaile eta pizgarri izango.

Hainbeste itsasgizon eta itsasontzi galduta, Invencible haren hondamendiak espainiarren eta, ondorioz, baita euskaldunen nabigazioaren amaiera ekarri zuela arinegi esaten da eta hori ez da egia. Hondamendia gertatu eta urtebetera itsasontzi erabilgarrien kontaketa egin zen. Ferrolen bakarrik 84 itsasontzi zenbatu ziren eta haietatik batzuk mila tonajekoak baino handiagoak. Itsasontzi batzuk Pasaiako portuan eta beste zenbaitetan babesten ziren. Gainera, berehala bildu zen dirutza, milaka dukat ontzi berriak eraikitzeko eta lehendik zeudenak berritzeko.

Ontzigintza Bizkaian. XVII. mendearen lehen erdia

[aldatu]

XVII. mendean lehen laurdenean sumatzen ziren artean halakoxe susperraldi baten zantzuak, baina dudarik ez da aurreko mendeko mailara ez ziren iritsiko. Bizkaiko Zorrozako ontzioletan, 1603an, Martin de Bertendona jeneralak idazpen bat sinatzen du Felipe III.arekin 10 itsasontzi eraikitzeko.

Vallacilla jeneralak, 1617an, Jauregi eta Arrieta itsas kapitainekin batera, eskaintza bat egin zion Erregeari: konpromisoa hartzen zuten Armadaren zerbitzuan lau urtez jardungo zuten zortzi ontzi eraikitzekoa. Erregearen erantzukizun eta eskubideen artean zeuden: maileguz hogeita bost mila dukat ematea, artilleriaz eta munizioz hornitzea eta harrapakinen bostetik bat jasotzea. Eskuadrak Bizkaia izango zuen izena eta tripulazioa bertakoa izango zen, sei soldata aurreraturik ziatuko zitzaizkien eta izena ematen zuten egunetik hasita pasako. Hurrengo urtean egin ziren karguen proposamenak: 3 hautagai jeneraletarako, 8 hautagai almirantetarako, itsaso eta gerra kapitainetarako eta 21 hautagai marinel maila apalagotarako.

Lau Hiribilduak, Bizkaiak eta Gipuzkoak osatzen zuten Kantabria izeneko Eskuadrak 1621an oraindik garaipen bikain batzuk lortu zituen. 1625ean Martin Aranak idazpen bat sinatu zuen, eta sei galeoi eraikiarazi. Aldiz, 1629an, Errege Zedula bidez, Bizkaiari itsaslapurraren aurka eskuadra bat armatzeko eskaintza egin zitzaionean, diru etorria, armak, hornidurak eta marinelei diruz eutsiko zien norbait falta zitzaizkiela erantzungo dio hark. Gainera, Gipuzkoak protesta egin zuen Armada de Cantabria izendapen harengatik.

Martin Aranak bederatzi itsasontzi berri eriki zituen 1635ean eta lau galeoi bukatuta zeuden 1640an.

XVII. mendearen lehen laurdenean, Diego Brocherok, Indietako Kontseilukoak berebiziko ahaleginak egin zituen Armadan ordena jartzeko. Haren araudiak (1606) arrakasta izateko egina zirudien. Felipe IV.ak mantentzen jarraitzen zuen 200 tona baino gehiagoko itsasontziak eraikitzen zituztenen aldeko antzinako pribilegioak eta salbuespenak.

Baina, espiritua falta zen

Hala ere, esandako ezerk ez zuen jarritako xederik lortu. Herriaren espiritua falta zen: ekimen partikularra, merkataritzaren erakarmena, nazioaren taupada bateratua. Hainbat izan ziren horretara bultza zuten baldintzak, nazioarteko egoera izan zen horietako bat. Holandarekin izan ziren gerrak zirela medio, eten egin zen Flandriako merkataritza. Ingalaterrarekiko etsaigoa eta, Hogeita hamar urteko gerraren azken aldian, Frantziarekiko hausturak antzeko ondorioak izan zituen. Itsaslapurretaren arriskuak nabarmen handitu ziren.

Horren guztiaren eraginez itsasontzirik ez zen eraiki, merkataritzak hondoa jo zuen eta hura atzerritarren eskuetara joan zen, portuak ixteko eta kontrabandoa zapuzteko hartzen ziren neurri politiko guztiak maltzurki engainatzen zituzten holandarrengana batez ere.

1628. urte aldera izan zen saiakera bat holandarrek antolatutako Indietako merkataritza konpainia oparoen sistema imitatzeko. Geroago Indiekiko merkataritzaren araudi politikoak eten egin zuen saiakeraren hasiera baino ez zena, eta, azkenik, mende bat beranduago gauzatuko zen Caracasco Erret Konpainia Gipuzkoarra famatuari esker.

Bilboko portuak ordurako izen handia lortua bazuen ere, Guiard en obra klasikoak behar den moduan informatuko gaitu Frantziarekin merkataritzan izan zituen gorabeherez eta, bereziki Nantes eta Arroxelarekin, nola Portugal eta Ingalaterrarekin, Hansako hiriekin edo baita tregoa aldietan Probintzia Batuekin ere. Obra horretan informazio handia dago merkataritzako ontzidiaz, haien jabeez eta ontzi buruez, portuko mugimenduez, Bilboko merkatariez. Baina agian ez digu behar bezala azaltzen atzerritarren eskuetara zihoan ontzigintza eta merkataritzako mundu horren sakonera osoa.

Fabrikazioaren eta alokairuaren kostua

Horrez gain, merkataritzaren egoera goibel horri beste bat erantsi behar zitzaion.

Fabrikazio kostuarena. XVI. mendearen hasieran Orango konkistako espedizioko itsasontzi enbargatuek eta soldatapekoek dukat bana jasotzen zuten tonako eta hileko.

Eta Bilboko Ama Guadalupekoa izeneko galeoi bat, 485 tonakoa, 3.500 dukatetan saldu zen Cadizen.

XVII.aren hasieran Bizkaian eraikitzen ziren zortzi galeoietako bakoitzaren kostua 5.333 dukatekoa zen, beste hainbeste edo gehiago kostatzen ziren aparailuak, adrezuak, artilleria eta hornidurak kontuan hartu gabe.

Urte batzuk beranduago, 1629an, zehatzago esanda, 600 tonako galeoi pare bat 50.000 dukat kostatzen zen. Kroskoa tonako 40 dukat baino gehiago kostatzen zen.

1738an Francisco Quicoces ekin 800 tonako 12 galeoi adostu ziren, tonako 30 dukatetan. Mendearen bukaeran prezio arrunta 40 dukat zen tonako.

Halako datuak ematen dituen G. Artiñanok ontzioletan eta karenatze lanetan soldata igoerak izan zirela aipatzen du. Bizkaian eguneko lau erreal eta pinta erdi bat ordaintzen zen, aldiz Sevillako eta Cadizeko Maestranzan zortzi erreal eta janaria. Hilabete/tonako alokairua, 1613 eta 1618ko Ordenantzek agintzen dutena, bederatzi errealetakoa zen.

1640tik aurrera zaintzako Armadarentzat zortzi hilabeterako itsasontziak alokatzea honela ordaintzen zen: 100 tonajeko ontzia 3.000 dukat, 200 tonajekoa 5.000 dukat, 300 tonajekoa 7.000 dukat eta, 100 tonaje gehiagoko, 2.500 dukat gehiago. Horrez gain, karenatze lanetan 400 tonajeko ontziko 4.000 dukat ordaintzen ziren.

Gure ingurura etorriz, gertuko Lezoko ontzioletara hain zuzen, hona hemen XVII. mendearen lehen hamarkadako datuak, Isasti jaunaren datuetatik argitaratuak. Informazio horretan kostuei buruzko datu ugari dago, masta, zardaia, kobrea, zura, gabia, kalamua, eta abarrenak. Badira soldatei buruzkoak ere:

- Ala bat alokatzea Donostiatik 4 marabedi besoko

- Batelka harri garraiatzea 6.500 erreal

- Batelka gizon garraiatzea 4 erreal eguneko

- Peoi baten soldata 3 erreal

- Hozkatzaile baten soldata 4 erreal

- Marinel baten soldata 4 erreal

- Itzain baten soldata 4 erreal

Trinketa edo aurreko masta

- lodian 24 arra bete eta luzean 41 beso dituen masta bat 1.000 erreal.

Tantai nagusia

- lodian 24 arra bete eta luzean 44 beso dituen pieza bat 1.100 erreal,

- lodian 22 arra bete eta luzean 35 beso dituen maspreza 1.000 erreal,

- tantai nagusia, 21 arra bete eta 40 besokoa 9.000 erreal.

Gainbeheraren zergatiak

Garai horretako jakinarazpen eskudunik ez zaigu falta nabigazioaren gainbeheraz eta horren arrazoiez hitz egiteko. Ez dugu ikusterik izan Nabigazioaren egoerari buruz garai hartan pertsonaia sonatua zen Juan Etxeberriren Diskurtsoa, baina beste askoren hitzek azaleratzen dute egoera hura. Medinasidoniako dukeak, Mar Ozeanoko eta Andaluziako kostaldeko Jeneralak 1606. urtean Felipe III.ari erantzunez oraindik ere iraganeko handitasunen berri ematen dio:

Medinasidoniako dukeak Erregeari iradokizun bat egin zion: komenigarria zen Gipuzkoa eta Bizkaiko kostaldean 12 urtetik 16 urtera bitarteko 500 bat mutil behartsu bilduko zituen pertsona bat jartzea.

Baina, proposamenaz gainera, diru etorria ere eskatzen zion Erregeak, horiek horrela betetzeko.

Gainbeheraren aitorpena egina gelditzen da 1610ean Bizkaiak Erregeari zuzendutako dokumentu garrantzitsu batean; Labayruk argitaratu zuen (51 52. libk.):

Eta eransten du ontzi txikiagorik ere ez dela eraiki, itsasontzi handiek zamaketan duten monopolioagatik. Tamalgarria da ondorioa.

Egoera modernoa, «tiempos trocados» deritzon aldia da eta neurri politiko kaltegarrien ondorioa. Eta ez Invencible haren ondorioa!

XVII. mendearen bigarren erdia

[aldatu]

1654an ia berrogeita hamar urte beranduago, Hogeita hamar urteko Gerraren amesgaiztoa amaitu ondoren, nahiz eta artean Bakea sinatu gabe egon (1659), Antonio Adan Zubieta Iarza jaunak, Santigoren Ordenako zaldunak, Erregearen oinetara eraman zituen Juan Perez de Buzturiak eta Diego Vitoria Lezea diputatu nagusiek emandako jarraibideak.

Labairuk argitaratua bada ere (393 8. libk.), ez da oso ezaguna dokumentu luze hori, non perspektiba handiagoz azaltzen den egoera hura, 1621etik okerrera baizik egin ez zuena. Holandarekin zuten gerra zela eta, urte horretan bukatutzat eman ziren holandarrekin zituzten harremanak eta debekatu egin zen Herbeheretako merkantzien inportazioa. Ondorioa negatiboa izan zen: holandarrak Hansako hirietan auzotu ziren amarruz eta Hanburgon erraz ateratzen zituzten izapideak Espainiako portuetan sartu irtenak egiteko. Alferrikakoak izan ziren zainketa guztiak: «como la experiencia lo ha enseñado, en todo el tiempo de guerras, ha estado todo el reino lleno de mercaderías de aquellas Provincias», haien amarruak edo saltzaileen eroskeria zela medio. Halako murrizketarekin holandarrak kaltetuko zirela uste zen. Baina desengainua handia izan zen, zeren orduan Indien konkistan hasi baitziren. Probetxuzkoak izan zitzaizkien berriki eginak zituzten bake itunak. Argiro aitortzen da holandarren miraria.

Segidan, gerrak zirela eta, Frantziarekin merkataritzan izandako gorabeherez hitz egiten du; Frantziako arropak eta produktu kolonialak atzerritarren itsasontzietan Lisboarantz sartzeaz; «con estos rodeos» iristen ziren salgaien kostua bikoiztu zenaz. Merkataritzari eta mendekoei askatasuna ematea zen irtenbidea eta kontrabando disimulatua zigortzea. Merkataritza zen «el nervio principal del Señorío», igaro ziren garaien loria eta orainari zegokion premia gorria oroitarazi zuena: «Ha muchos años que en todo este Señorío no ha habido un navío que pueda navegar por la altura, ni se han criado pilotos ni marineros».

Azken azkeneko esperientzia gisa kontatzen dute: duela gutxi, Holanda eta Ingalaterraren arteko gerra zela bide, beren itsasontzien merkataritza bukatua zutela, eta Gernika, Bermeo eta Bilboko bizkaitar batzuk 200 tonako hamabi itsasontzi erostera ere iritsi zirela, bertako laurehun pertsonei lana eman zietela eta Flandriara nabigatu zutela. Bakeak eginda, berriro ere gainbehera izan zuen merkataritzak, zeren eta inorekin gerrarik ez zuten holandarrek pertsona eta artilleria erdiarekin nabigatzen zuten eta haien ontziak espainiarren ontzien erdia kostatzen ziren alokairuan. Bizkaiko ontzi ustiatzaile inprobisatuak beren ontziak utzi nahian zebiltzan, blokeo gehiagoren beldur baitziren.

Gainbehera areagotzea

Mendearen azken erdiak are larriagotu zuen egoera hori, Karlos II.aren erregetza goibela lagun. Eskuadrak alokatu ere egin zituen Erregeak. Ontziola eta armategi guztiak gainbehera betean zeuden. Cadizen 1675ean, jeneralaren hitzetan, «de milagro» antolatu zen Eskuadra bat. Hornidurak Holandatik ekarri behar ziren, baita ontziak berak ere. Garrotae-k (1681) Nabigazioaren egoera «miserable» hartaz hitz egin zuen.

1694an Russell almirantearen hitzetan, Frantziaren aurkako koalizioan eraman behar ziren itsasontziek ez zituzten bere artilleriaren tiroak ere jasango.

Ameriketara zihoazen ontzidiak geldiarazi egin ziren 1696an. «Seis o siete buques mal parados y 600 marineros eran toda nuestra marina a principios del siglo XVII», G. Ariñanok dioenez.

Euskaldunen presentzia

[aldatu]

Jeneralak eta almiranteak

Eta hala ere... gipuzkoarrak ziren jeneralak eta almiranteak.

Hala ere, XVII. mende betean sortu ziren gure lurretan konta ezin ahala itsas balentria handien egile ospetsuak. Okendo eta Errekalde (1588) desagertuta, jeneral hauek gailendu ziren:

- Urkiola,

- Zubiaur,

- Uribe,

- Apallua,

- Bertendona,

- Urrutia,

- Muxika,

- Vallecilla,

- Alzegatarrak,

- Bidazabal

- eta abar.

Gilleztegik urruneko Filipinetan erakutsi zuen trebezia, baita Unamuno kapitainak ere.

Nabigazioaz, Martin Arostegi, Erregearen Idazkaria arduratu zen.

Indietako Ontzidiko jeneralen zerrendan izen euskaldun asko azaltzen dira, besteak beste:

1604 Juan Perez Portu

1612 Antonio Okendo

1614 Antonio Okendo

1619 Carlos de Ibarra

1623 Carlos de Ibarra

1626 Alonso Mojika

1630 Miguel Etxazarreta

1636-8 Carlos de Ibarra

1638 Martin Orbea

1644 Pedro Ursua

1648 Pedro Ursua

1651 Juan Etxeberri

- Martin de Durango (1610) galeren kontatzaile orokorra izan zen

- Luis Oianguren (1641) haren hornitzaile nagusia.

- Pedro Lausarra (1635-40) hornikuntzaz arduratzen zen.

- Luis Nekolalde Nabigazioko superintendentea zen,

- Ikuskatzaile orokor karguan, berriz, Errekalde, Legasa, Nekolalde, Landaeta, eta abar.

Mendearen lehen erdian distira handiz gailendu zen Antonio Okendo, Mediterraneoko itsaslapurren arerio beldurgarria, Indietako Ontzidiaren jenerala, Brasilgo Pernambucongo borrokan holandarrak garaitu zituena, nahiz eta, azkenean, Dunasko Borroka tristean erori zen.

Oraindik egin gabe dago –ezinezkoa baita– zerrenda soila ere, ez marinel, pilotu, ontzi buru eta abarrena, baizik eta itsasoko jeneral eta almiranteena. Gipuzkoak zerrenda bikaina du, zenbaitetan familiako leinuz osatzen den zerrenda. Seoane Markesak bilketa lan handi bat eskaini zuen Navegantes gipuzcoanos liburuan (Madril, 1908).

- Abaria, Nueva España Ontzidiko Jenerala, 1688

- Aranburu, Pedro, Mar Ozeano Armadaren almirantea

- Ararraga, Juan, Eskuadraren almirantea

- Arbelaitz, Lucas, Errege Armadaren almirantea

- Beriztain Aramburu, Antonio, Napolesko Armadaren almirantea

- Bidazabal, Miguel, Kantabriako Eskuadraren almirantea

- Casadevante, Manuel, Armadaren jenerala

- Diustegi, Agustin, Armadaren jenerala

- Egiguren, Lazaro, Armadaren almirantea

- Etxaburu, Tomas, Gipuzkoako Eskuadraren almirantea

- Etxeberri, Juan, Ontzidiaren jenerala

- Etxeberri, Jacinto Antonio, Armadaren jenerala

- Etxeberri, Juan, Villalcazarreko Kondea, Indietako galeoietako jenerala

- Etxeberria, Sebastian, almirantea

- Etxezarreta, Miguel, Indietako galeoietako jenerala

- Erauso, Juan, Indietako Karrerako almirantea

- Ezteibar, Francisco, Filipinetako galeoietako jenerala

- Eztala, San Juan, Zubiaurreko Eskuadraren almirantea

- Gillistegi, Rodrigo, Filipinetako Eskuadraren almirantea

- Ibarra, Carlos, Indietako Armadaren jenerala

- Ibarra, Diego, Ozeanoko Armadaren jenerala

- Iraeta Beltran, Juan, Errege Armadaren almirantea

- Iriarte Gaztelu, Millan Ignacio, Gipuzkoa Eskuadraren jenerala

- Iriarte, Jose, Armadaren almirantea

- Irigoien, Martin, Armadaren almirantea

- Isasi Idiakez, Antonio, Indietako Armadaren jenerala

- Isasi Martinez Arriola, Andres, Ozeano eskuadrako almirantea

- Iturriza, Juan, Ozeano Armadaren almirantea

- Larraspuru, Tomas, Ozeano Armadaren jenerala

- Laia, Mateo, Armadaren almirantea

- Lopez Olaitz, Juan, Filipinetako Armadaren almirantea

- Martinez Vicuña, Diego, itsasoko eta lurreko almirantea

- Mugika, Alfonso, Indietako Ontzidiaren jenerala

- Muñoz Aramburu, Hernando, Filipinetako almirantea

- Navejas de Villaviciosa, Martin, Kantabria Eskuadraren almirantea

- Okendo, Antonio, Ozeanoko eta Indietako Armadaren jenerala

- Orbea, Martin, Nueva Españako Ontziriaren Jenerala

- Osoro Landaverde, Domingo, Kantabriako Eskuadraren jenerala

- Perez Olazabal, Martin, Indietako galeoien jenerala

- Perez Portu, Juan, Indietako Ontzidiaren jenerala

- Sanz Venesa, Miguel, almirantea

- Tello Agirre, Juan, Filipinetako Eskuadraren jnerala

- Ugalde Orella, Lorenzo, Filipinetako Eskuadraren jenerala

- Ugalde Orella, Felipe, Filipinetako Eskuadraren almirantea

- Ulajain, Mateo, almirantea Okendoren Eskuadran

- Urbina Sanz de Borda, Juan, Barloventoko Armadaren jenerala

- Urdanibia, Sancho, Indietako Ontzidiaren jenerala

- Urdaire, Juan, Armadaren almirantea

- Zamalbide, Martin, Hego Itsasoko jenerala

- Zabala, Pedro, Armadaren jenerala

- Zuazola, Lorenzo, Filipinetako Eskuadraren jenerala

Gipuzkoa itsas jeneral- eta almirante harrobi harrigarria izan zen, eta ez uste izan kostaldeko herri eta portuetakoak izan zirenik denak, itsasgizonen sorleku logiko diren Hondarribia, Pasaia edo Donostia bezalako hirietakoak; asko eta asko barnealdeko hirietakoak ziren, Azkoitia, Bergara, Eibar, Ordizia, Iraeta, Irun edo Arrasatekoak. Elgeta, Errenteria, Legazpi, Gudugarreta, Oiartzun, eta abarretakoak.

Itsasontzigileak

Seoane Markesak berak egina du berriki Gipuzkoako ontzigileen zerrenda, Fernández Durok bere Disquisicionez naúticas (Madril, 1880) lanean egindakoa baino luzeagoa, garai hartan gertatu zen gainbeherarekin kontraesanean dagoela dirudiena, nolanahi ere. Ontzigileen zerrenda hori bai, kostaldeko hiriei nahitaez loturik agertzen da, non Pasaia Errenteria Lezo, Donostia, Oriaren arroa, Zarautz eta Zumaiak garrantzia handiagoa dutela dirudien. Ez ditzagun ahatz Antonio Okendok eta Amezketak Pasaian eraikiarazi zituzten Capitana galant haiek. XVII. mendeko ontzigileen abizenak honako koadro hau ematen dute hirika bilduta:

Donostia: Alzate, Amezketatarrak, Ariztegi, Beroiz, Bustinsoro, Etxeberritarrak, Etxazarreta, Erauso, Erzilla, Gurmendi, Igiri, Iriarte, Lajust, Larreta, Okendo, Arriola, Urnieta, Saldias, Zuaznabar.

Errenteria: Azerain, Amasatarrak, Iriarte, Isasti, Goizueta, Uharte, Zuaznabar.

Pasaia: Arramundi, Iñikez Errekobarren, Navejas, Olaeta, Olazabal, Arostegi, Azkonobieta.

Usurbil: Arrillaga, Etxebeste, Arriola, Soroatarrak.

Hondarribia: Zigarroa, Sanz Venesa.

Zumaia: Arriola, Luzkando.

Getaria: Pérez de Irazabal,

Mutriku: Andonaegi,

Deba: Sorazu,

Orio: Hoa.

Itsasoko efektiboak

[aldatu]
XVII. mendeko galeoia

Itsasontzien tamaina

Ez uste izan tamaina txikiko ontzitxoak zirenik. Normalean 500 tonaje ingurukoak izaten ziren. Tamaina handiko ontziak izan ziren, esaterako:

- 1069an Pasaian eraikitako Capitana Real-aren antzeko batzuk, Felipe III.ak Lisboan bisitatu zuena, eta,

- Pasaian bertan Juan Soroak eraiki eta 1660ko maiatzaren 14an Felipe IV.aren aurrean uretaratutako 90 kanoi zituen ontzia.

- Iriarte jeneralak Indietako ibilaldietarako 90 kanoi zituen 1200 tonajeko Almirate ontzia eraikiarazi zuen Pasaian.

Donostiako ontziolak 1614tik 1621era bitartean

Urte gutxitan egin zituen Antonio Lajust-ek:

- Santa Cruz, 500 tona zituena;

- Ama Junkalekoa eta

- Arantzazuko Ama Birjina, 600 tonakoa;

- Jasokundeko Ama Birjina, 600 tonakoa;

- Santiago, 650 tonakoa,

- eta Santa Gertrudis, 600 tonakoa.

Martin de Amezketak Felipe III.aren aurrean uretararazi zuen 600 tonako Santa Ana la Real Donostian eraikitakoa.

Usurbilen 1613an uretaratu zen Pasaian bukatu zen Capitana Real bat, 900 tona zituena. Donostiak eta Pasaiak txapela merezi zuten eraikuntza lanetan.

Seoane Markesak egindako zerrenda aztertzen badugu, gorabehera nabarmenak ikusiko ditugu Gipuzkoako ontzioletan eraiki ziren ontzi-kopuruan.

1600. urtean, 1. 1609an, 1. 1610ean, 2. 1613an, 2. 1614an, 9. 1615ean, 3. 1616an, 3. 1618an, 2. 1619an, 1. 1620an, 1. 1621ean, 3. 1623an, 1. 1625ean, 1. 1628an, 1. 1632an, 1. 1645ean, 1. 1650ean, 1. 1654an, 3. 1656an, 3. 1660an, 3. 1662an, 1. 1666an, 1. 1668an, 2. 1674an, 1. 1667an, 1. 1681ean, 2. 1700ean, 1.

Herri hauetan eraiki ziren 53 ontzi horiek.

- Pasaian, 25

- Donostian, 14

- Usurbilen, 7

- Errenterian, 7

- Hondarribian, Deban, Zarautzen eta Oikian, bakoitzean bana.

Litekeena da zerrenda hori osatu gabea izatea. Datu horien arabera, mendeko urteak erregealditan banatzen baditugu,

- Felipe III.aren erregealdian eginak dira 28 ontzi,

- Felipe IV.aren erregealdian (1621 1665) 16 ontzi

- eta Karlos II.aren erregealdi luzean (1665 1700) 8 ontzi.

Zifrak nahiko adierazkorrak eta argiak dira, gure probintziako nabigazioaren gainbeheraren abiadura igartzeko. Zerrendari eransten badiogu Pasaian 1599an Urkiola Jeneralak eraiki zuen tonaje txikiko galeoia (400), San Juan Bautista zeritzona, honako koadro hau egingo dugu.

Felipe III.aren erregealdia = 23 urte, 16 ontzi.

Felipe IV.aren erregealdia = 44 urte, 16 ontzi.

Karlos II.aren erregealdia = 35 urte, 8 ontzi.

Ez zen izan Invencible hura gure ontzidiak hondoa jo zueneko une magiko eta zorigaiztokoa.

Itsasontzien izenak

[aldatu]

Bitxikeria moduan azter dezagun itsasontziei kristau izenak jartzeko ohitura, gaur egun oraindik dirauena ohitura, alegia. XVII. mendeko itsasontzi gipuzkoarren zerrendan –Seoanek jasotakoan– sarritan aurkitzen ditugu Ama Birjinaren edo santuen izenak.

Ama Birjinaren deiturak

Arrosarioko Ama Birjina (6 aldiz), Pilareko Ama Birjina, Junkaleko Ama Birjina, Bidaia Onaren Ama Birjina, Arantzazuko Ama Birjina, Jasokundeko Ama Birjina, Gezamalagako Ama Birjina, Orreagako Ama Birjina, Almudenako Ama Birjina, Mesedetako Ama Birjina.

Kristoren deiturak

Kristo, San Salbatore, Jesus Ona (2tan), Jesus, Maria, Jose, Jesus eta Maria.

Santuen deiturak

San Juan Bautista, San Bizente, San Antonio Paduakoa, San Buenaventura, San Frantzisko, Santa Ana, San Jose, Santa Marta, Santiago, Santa Teresa, Santa Gertrudis, San Juan, San Felipe, San Bartolome, Santa Brigida.

Bazen Santa Kruz izeneko itsasontzi bat eta Hirutasun Santua izeneko beste bat.

T.Guiard-en Historia del Consulado y Casa de Contratación de Bilbao (Bilbo 1913) obra klasikoan agertzen den itsasontzien zerrenda luzearekin alderatzen badugu gure zerrenda hau, berehala konturatuko gara Bilbora iristen ziren ontzi flandriar eta ingelesen artean ez zela hain ohikoa erlijio izenak ikustea, aldiz, ohikoa zen Portugaleko ontzien kasuan.

Hiriko merkataritzako ontzidietan (1607 21) Andre Mariaren deitura ugari ikusten zen, Andre Maria izen soiletik konposatuetara: Arrosariokoa, Sortzen Garbiarena, Artekoa, Agirrekoa, Begoñakoa, Arantzazukoa, Legandikakoa, Pobeñakoa, etab... badira beste batzuk, Hirutasuna, Espiritu Santua eta Santa Ana, San Juan Bautista, San Pedro, San Juan, San Telmo, San Benito, San Jorge, San Martin, San Andres, San Lukas, Santiago, San Nikolas, San Bartolome.

Hurrengo urteetan agertuko dira Sokorriko Andre Maria, Gertaera Onekoa edo Guadalupekoa.

Gerora, 1650 75 aldera agertu ziren San Jorge, San Simon, San Migel, Santa Ines, Magdalena, San Frantzisko, eta Andre Mariaren deitura berriak, hala nola, Itsasoko Ama Birjina, Gidaren Ama Birjina, Errukiaren Ama Birjina, Belengo Ama Birjina, etab. Nomenklatura horren jarraipena egitea interesgarria izan liteke eta, agian, denboraren garapen ikur.

Nabigatzaile ospetsuen izenak, bai, baita itsasontzien izenak ere, baina marinelen izenak?

Marinelen itsasoratzeak

[aldatu]

Marinelen zerrendak egingo ziren ziur asko bere garaian, baina gaur egun ez zaizkigu urtez urte monotonoki sortzen ziren Errege Zedulen zerrendak baino gelditzen, Bizkaiko eta Gipuzkoako marinelen zerbitzuak eskatzen zituztenak. Errespetuzko eskutitzak dira. Haietan itsasgizonen itsasoratzea eskatzen zen eta, horretarako, Jaurerriaren edo Gipuzkoako probintziaren babesa eskatzen zen. Horrela dio 1606ko azaroaren 8an Felipe III.ak eta Antonio Arostegi Ventosilla idazkariak sinaturikoak:

Urtez urte, bat bestearen atzetik etortzen ziren errege eskariak Gipuzkoara eta Bizkaira, zenbaitetan azpimarratzeak eginda: «los más que ser pudiere», «hombres prácticos en la mar», eta beste, estrategia nahiz gerra beharren arabera. Hala, 1605ean, izena emandako gizonak «hombres inútiles para la navegación» zirela eta kexatu egiten zen Erregea, egoera delikatua konpondu nahirik.

Ontzi irteeren antolatzaileek, beraien «contemplaciones y fines particulares» haiengatik, izena emandako marinelak nahikoa ez zirela eta, ez zirenak aukeratzen zituzten, alegia, probetxu gutxi eta oztopo asko egiten zutenak. Horregatik, kostaldeko hirietan gizon trebeen matrikulak egin zitezela agindu zuen Erregeak. Korrejidorea eta Armadako Ikuskatzailea arduratu ziren zeregin horretaz. Neurria eraginkorra zen, zalantzarik gabe, baina arazo politiko larriak eragin zitzakeen. Honela zioen aginduak: «hagan una matrícula de todos los marineros efectivos que se hallaren en toda la costa de la dicha Provincia de Guipuzcoa, sin ecertar ninguno».

Bakoitzaren ezaupideak, helbidea eta adina izendatuz egin behar zen zerrenda, eta xedapen bat zeraman, ondorio larriak zituena: «ningún otro marinero, si no fuere alistado, pueda salir a la mar a pescar ni a otros efectos, sin noticia y permisión del dicho Corregidor»; gainerakoan, zigor larriak leporatuko zitzaizkion. Borondatezko zerbitzu bat derrigorrezko bihurtzeko modu ezkutu bat zen.

Probintzia 1605eko urriaren 5eko Errege Zedularen aurka atera zen, desadostasunaren arrazoiak emanaz: harenganako zerbitzua eta leialtasuna. Errege Zedularen xedapenek «toca a las exenciones y libertades», eta arrazoi biribil bat ere bazuen:

Horrez gainera, itsasorako matrikulak marinel asko eramango zituen lanbidea uztera,

Izena emandakoak baino ezin baziren itsasora irten, eta marinelak faltako ziren. Arrazoi ekonomiko bikoitz bat eransten zaio azaldutako honi: arrantza eta nabigazioa ziren kostako gizonen ogibidea eta etekina ateratzeko lanbide arrunt nagusiak eta, matrikula aplikatzean, bukatu egingo ziren; burdina eta burdineriaren esportazioa ere, Probintziak Andaluziara eta Amerikara bideraturiko beste tratu nagusia bukatuko zen. Aurreko saioetan bezala, Gipuzkoak ez zuen onartzen «yugo de la matrícula» hura eta Erregeri eskatzen zion xedapena konpontzeko.

Beste bat da egiazko historiaren aurpegia, herrian eraginik handiena duena. Itsasoaren gainbeherarekin –eraikuntza zela, merkataritza zela, arrantza zela– iritsi zen nolabait ere, bertako gizonen gainbehera eta beste lanbideetara aldatzea. Hala ere, itsasoratzeak jarraitzen zuten, gidatu beharreko ontziak gero eta gutxiago ziren heinean, kopuruan behera egin bazuen ere.

Antonio Oquendo

[aldatu]

Itsasgizonen aipamen labur gehiago

Antonio de Okendo.

Azalpen labur honen amaieran, sentipen bat gelditzen zaigu gogoan, gure historiaren funtsezko kapitulu horretan gainbehera geldiro etorri zenaren sentipena. Funtsezko kapitulua izan zen, modu batera nahiz bestera, beren bizitzarako irtenbidea aurkitu zuten ehunka eta milaka gipuzkoar bildu zituen aldia baitzen. Gehienak anonimoak ziren, izen ospetsua zutenak gutxi batzuk baino ez, nahiz eta bikainak izan gehienak. Jeneral eta almirante zerrenda luze horrek askotan datu gehigarri minimoak baizik ez ditu izaten: jaioterria, eta batzuetan hil zeneko urtea eta lekua. Beste ezer ez. Denborak aurrera egin ahala, ez da gelditzen eduki oso urriko izen batzuen oihartzuna besterik. Antonio Okendoren antzeko pribilegiatu batek baino ez du izango biografia dokumentatu bat.

Donostiako marinel handi honen jaiotzaren hirugarren mendeurrenean (1877) hainbeste laudorio merezi izan zituenari ez zitzaion laugarren mendeurrenean (1977) inolako arretarik eskaini. Miguel Okendo bere aitak Ulia mendian ardiak larratu eta gure hareatzetan ontziak istindu bazituen, merkataritzan sartu eta Itsasoko jenerala izatera iritsi bazen, aitaren marinel tradizio eta loria horretan jaio zen Antonio, eta 23 urte besterik ez zituela Armadan sartuta, kargu gai zen Garcia de Toledoren Eskuadran.

Urte horretatik (1607) aurrera itsasoan igaro zuen bere bizitza, Mediterraneoan zela, Indietarako galeoiei eskolta ematen zela edo, Nueva Españako Ontzidian, Gipuzkoako edo Kantabria deitzen zen Eskuadrako Kapitain jeneral gisa.

Aparteko irudi bihurtu zen gizon adoretsu, artatsu eta diziplinatu hura, «vigía de los mares», mairu, kortsario edo holandarren aurka borrokatuz. Gauza asko dakizkigu haren bizitzaz, Ignazio Arzamendiren hilondoko bibliografiari esker. Okendoren argitan, gipuzkoarren marinel alorraren beste alderdi batzuk bistaratzen dira. Hala, 1611. urtean ontzi askoren ardura hartuta, Nueva Españako Ontzidiaren Kapitain Jeneral gisa abiatu zenean, gipuzkoar asko ikusten ditugu haren alboan. Martin Gomez de Berastegiren Ubako Ama Birjina itsasontzian zihoazen:

- ontzi burua, Juan Andia donostiarra,

- marinelak, Martin Anulalde donostiarra, eta bizkaitarrak Gorotzika eta Ozaeta.

Jesus Maria itsasontzian, ugari ziren gipuzkoar marinelak, Bizente Urreiztieta ontzi buru zela, Usurbil, Hondarribia, Irun, Astigarraga, Zarautz eta Aiakoak. Hona hemen abizenak:

- Kano,

- Ihisate,

- Arizmendi,

- Markelin,

- Izeta,

- Olaetxea,

- Soroa,

- Urreisti,

- San Millan.

Santa Beatriz itsasontzian, Martin Agirre ontzi buru zutela, marinel moduan ontziratu ziren:

- Arano,

- Lesaka,

- Ibarra,

- Axula,

- Urkidi,

- Abadiano,

- Arruti,

- Uribe...

Tomas Larraspuru

[aldatu]

Hezur haragizko gizona

[aldatu]
Tomás Larraspuru.

Okendok besteren izenak edertzen dituen argia du, baina, non dira beste jeneral eta almiranteak? Batzuetan, garaiko argitalpen galkorretan azaltzen dira izenak, haien balentriak ospatzen direneko orrietan. Hori oso gutxi da. Norbere eskuz idatzitako dokumentu edo eskutitz bat aurkitzen dugunean, zehatzago antzematen dugu pertsona. Entzun al duzu Tomas Larraspuru jeneralaz hitz egiten? Ezer badakizu berari buruz? Hark idatzia da merituzko Memoriala, azpititulu hau izan dezakeena: «Cuando el General Tomas de Larraspuru era sólo Capitán».

Madrilen 1606ko urtarrilaren 25ean, Gerrako Batzordean, Tomas Larraspuru Kapitainak Erregeari eman zion Memoriala da. Zerbitzuen berri ematen du, oso zeharbidez eman ere, eta Erregeari arrenka eskatzen dio bidal zezala Francisco Corral, bere ardurapean Indietara urte hartan zihoan Armadan Erregearen Zerbitzuan jarduteko. Honela dio:

Azkoitiarra, hezur haragizko gizona, Karibe aldean marinel zebilena, aisiaren etsaia, ausarta, diziplinatua, zerbitzari leiala zen. Horrelako gizonei esker iristen ziren galeoiak urrez eta zilarrez.

Beharbada gizon saiatu horiexek saritu zituen gaizkien Koroak. Santiago Ordenako zaldunaren abitua jasotzen zuten batzuek. Askok ondasun handien zoria ezagutzen zuten. Haien bizimodua, bai pertsonala bai familiakoa, beste edozeinena baino sakrifikatuagoa zen. Asko ziren itsasoan hiltzen zirenak. Haien eskutitzak, testamenduak, zinopariak eta batzuetan haien liburutegiak iturri dira guretzat, beren maila sozialean, barne psikologian, ahazten ez zuten lurrarekiko miran sartzen uzten digutenak.

XVII. mendeko gure itsasgizonen zenbait alderdiri buruzko flash horiek izan bitez gehiegitxotan bertan behera utzi eta ahaztu dugun gaiaz ikerketak ernarazteko. Dokumenturik ez da falta, bilatzeko, transkribatzeko eta ezagutarazteko adorea baizik. Itsasoa kapitulu garrantzizko bat izan da gure halabeharrean edo patuan.