Gure Izardia
Baserri hau 1949an eraiki zuten, eta Loistarain baserriaren lurretan dago kokatuta. Lursail horri Mugitza Mendi deitu izan zitzaion garai batean.
Martin Etxeberria Iturzaeta Iparraldetik etorri zen bizitzera Igeldora. Hasiera batean, Martintxotegin egon zen apopilo. Martin, Iturrieta baserriko Pakita Arrillaga Sagardiarekin ezkondu zen. Martintxotegi baserrian jarri ziren bizitzen, eta bi seme-alaba izan zituzten: Martintxo eta Paki Etxeberria Arrillaga. Martintxotegi Ibaetako lurretan zegoen. Martin kale-garbitzaile lanean aritzen zen. Pixkana-pixkana, familiaren laguntzarekin, guztien artean Gure Izardia baserria eraiki zuten.
Martinek apustua egin zuen Amezti- Felixene baserriko Felix Isasaren aurka: Nor iritsi lehenago Leku Ederretik Antiguara. Martin, berak egindako goitibehera batean, Felixen autobusaren aurka.
Martin alargun gelditu zen eta Karmen Cimadevilla asturiarrarekin ezkondu zen. Bikoteak bi seme-alaba izan zituen: Ignazio eta Karmen Etxeberria Cimadevilla. Ignazio semea gelditu zen etxean bizitzen eta Ibaetako Arriolene baserriko Maite Iraolarekin ezkondu eta bi seme-alaba izan zituzten: Iñaki eta Ainhoa Etxeberria Iraola. Gaur egun, Iñaki bizi da baserrian bere familiarekin.
Etxea garai desberdinetan eraikia da. Pixkana, zati berriak eransten eta etxea handitzen joan ziren. Eta denborarekin etxebizitzak osatu zituzten eta zenbait familia bizi izan dira errentan.
Iturria: Maite Iraola Larburu