Edukira joan

Leku Eder

Wikibookstik

Etxea 1925ean eraiki zuten Mugitza mendiaren ekialdeko magalean, Luarria izenekoan, garai batean Loistarain baserriarena zen sail handi baten ekialdeko ertzean, Mugitza baserriaren gainean, Igeldoko errepideak eta Igeldoko bide zaharrak bat egiten duten lekuan.

Txosa baserriko Balentin Zamora Ibarguren eta Jose Eneako Pakita Arrillaga Sagardia senar- emazteek eraiki zuten etxea. 1923an ezkondu ziren eta, hasiera batean, herriko plazan jarri ziren bizitzen, garai bateko Txurtxil tabernaren gainean. Han jaio zen seme zaharrena, Balentin Zamora Arrillaga. Ondoren, Leku Ederrera aldatu ziren; han izan zituzten beste hiru seme-alabak: Josetxo, Maria Luisa eta Bittori Zamora Arrillaga.

Garai hartan sagardoa egiten zuten; lehenbiziko dolarea eskuz lan egitekoa izan zen. 1960-70eko urteetan argindarrez zebilen dolarea jarri zuten. Egindako sagardo gehiena taberna- jatetxean saltzen zuten. Garai hartan, sagardoa bi urtetik behin egiten zen. Sagar uzta oparoenak hala tokatzen baitziren. Eskuzko dolarea mugitzeko beso mordo bat behar izaten zen. Batzuetan, tabernan zeuden bezeroek beren burua eskaintzen zuten dolarea estutzen laguntzeko, ondoren edari eta mokadu goxoa eskainiko zitzaielako jakitun. Holakoetan, festa giro ederra sortzen zen tabernan.

Urte haietan ohikoak ziren merendero moduko tabernak. Leku Eder horietakoa zen. Han ez zen nahitaezkoa bertako janaria jatea, norberak eraman zezakeen etxetik; ohitura zen tabernan edaria eta kafea kontsumitzea. Batzuk butanotxoarekin bertaratzen ziren, janaria berotzeko.

Garai hartako taberna-giroan ohikoa zen jendea kantari eta elkarri bertsotan adarra jotzen aritzea. Ia bizitza guztia Leku Ederren morroi egon zen Zelestino Segurolak askotan botatzen zizkion esker oneko bertsoak Pakita Arrillaga etxekoandreari, sukaldean.

Etxekoek, diru pittin bat ateratzeko, apopiloak hartzen zituzten. Horrela egon ziren Juan Landin eta bere familia. Juan Landin bilbotarra injinerua zen; 1930etik 1936ra Igeldoko Meteorologia Zentroko zuzendariordea izan zen. Landin euskal abertzalea zen eta, 1936ko irailean, faxistak Donostian sartzear zeudela, Bilbora alde egin behar izan zuten, ia gauza guztiak Igeldon utzita.

Gerra osteko urteak oso gogorrak izan ziren. Behin, Balentin Zamora Ibargurenek norbait esku ezkerrarekin agurtu zuela-eta, ia fusilatu egin zuten, Leku Eder baino goraxeago dagoen Sorgin Piku deituriko kaxkoan. Tabernako ate buruan zegoen Leku Eder kartela ere kendu egin behar izan zuten, euskaraz zegoelako. Giro hartan, jende askok tabernari Balentin deitzen zion, badaezpada. Zenbaitetan, guardia zibilek etxe guztia miatu ere egin zuten

Urte haietan bertso saioren bat eta aizkora apusturen bat antolatu izan zuten Leku Ederren. Bertsotan, besteak beste, Uztapide, Zepai eta Basarri aritu izan ziren. Bertsolariak balkoitik balkoira aritzen ziren, entzuleak taberna atarian eta errepidean ere zirela (garai hartan ez zen trafikorik ia izaten). Jende asko hurbiltzen zen bertso saioetara, eta horrelakoetan gaur egun aparkalekua den gunean ere jartzen ziren. Garai hartan muntoa zen hura. Aizkora-apusturen bat ere egin izan zen Leku Eder ondoko munto hartan.

Balentin eta Josetxo anaiak, Leku Ederren urte askoan lan egin ondoren, Foru Aldundian hasi ziren. Halere, lehenengo Josetxo eta gero Balentin anaia zaharrena beren lana utzi eta apaiztu egin ziren. Balentin batez ere baserri munduari lotutako nekazal kooperatibismoan murgildu zen. Josetxo anaia Donostiako apaiztegiko erretore izatera iritsi zen, frankismoaren azkeneko urte gogorretan.

Leku Ederreko beste etxea, itsasaldekoa, 1960-62 urteetan altxatu zuten; eraikitze-lanetan Leku Ederreko familia guztiak parte hartu zuen.

Handik aurrera, familiako bi neskek kudeatu zituzten, Maria Luisa eta Bittorik, senarrekin batera, bi etxeen negozioa, bai etxe zaharrarena eta bai itsasaldeko etxe berriarena, urte askoan.

Maria Luisa Zamora Arrillaga, 1960an, Itziarko Eujenio Ostolaza Aristondorekin ezkondu zen, eta beraiek kudeatu zuten, 40 urtez, itsasaldeko jatetxe-hotela. Bost seme-alaba izan zituzten: Euken Mirena, Koldo Mirena, Maria Bittoria, Iñaki Xabier eta Joseba Xabier Ostolaza Zamora. Maria Bittoria gazterik hil zen.

Bittori Zamora Arrillaga, 1975ean, Leonen jaiotako Teodomiro Gavilanes Gavilanesekin ezkondu zen, eta beraiek arduratu ziren, 30 urtez, Leku Eder zaharreko tabernaz, 2005ean itxi zuten arte. Alaba izan zuten: Maria Belen Gavilanes Zamora.

Iturria: Iñaki Ostolaza Zamora