Edukira joan

Lapabide

Wikibookstik

Baserriaren lehenengo aipamena 1833koa, Donostiako Toponimian. Lapabide izenez azaltzen da. Geroago, 1854an, Lapa-vide moduan. Terreno asko zituen. Diotenez, lehendabiziko nagusia Usurbil aldekoa zen: Ramon Etxeberria deituriko bat.

Baserriaren izena, garai batean arrokara lapa biltzera joaten zirenak baserri ondotik pasatzen zirelako omen dator, beste biderik ez zen, eta oinez bertatik pasatzen ziren Arrizulo baserriko bide-gurutzetik arrokara zihoazenak.

Goierritik etorritako Eusebi Usategi eta Antonio Martikorena Usategi azaltzen dira dokumentuetan lehenbizikoz. Errentan bizi ziren Lapabiden. Sei seme-alaba izan zituzten: Migel, Maria, Asentsio, Nikolas, Ramoni eta Joxe Martikorena Usategi. Antonio Martikorenak soldaduska Afrikan egin zuen. Joxe semea oso gazterik hil zen.

Ganadu gutxi izaten zuten, behi pare bat-edo; baratza ere egiten zuten, etxerako batez ere. Talo asko jaten omen zuten; eta lapak, berriz, ia egunero. Bestelako gauza askorik ez zuten izaten. Seme-alabak batera eta bestera joan ziren, lan bila, eta baserrian ez zuten laguntza handirik ematen.

Migel Iturrietako Maria Arrillagarekin ezkondu zen; Maria, Usurbilera; Asentsio, Borda Berri Txikiko Inaxi Bengoetxearekin; Nikolas, Amezti Behekoa baserriko Pilar Arrillagarekin; eta Ramoni, Buztin Zuri baserrira.

Oraindik ez da urte asko baserrirainoko bidea egin zutela. Garai batean automobila ez zen bertaraino iristen, ezta anbulantzia ere. Eusebik hanka puskatu zuen denboran, idiekin leran eserita igo zuten Arrizuloko bidegurutzera, haraino iristen baitzen errepidea. Antonio gizon txikia zen, baina arina, eta oinez egiten zuen egunero Antiguako Lizarriturri lantegirako joan-etorria. Eguneko zati eder bat oinez pasatzen zuen. Egurrezko maleta txiki bat bazuen eta han eramaten zuen eguneko bazkaria. Etxean ez zuten ez urik ezta argirik ere, eta kinkea erabiltzen zuten. Eusebia Usategi Markallutan dagoen Iezgorri iturrira joaten zen ur bila, baldea edota usula buruan hartuta egiten zuen joan-etorria. Geroago, astoarekin ere joaten zen, asto gainean aztalkak jarri eta, alboetan, barrika txiki batzuk erantsita. Gobada egitera ere hara joaten ziren. Eusebi eta Antonio senar-emazteak, orain dela 45 urte, Amezti Behekoa baserrira joan ziren bizitzera. Gaur egun, baserriaren lekuan etxe bat dago eraikita, alboan oso zelai ederrak dituena. Ramon Etxeberria izan zen Lapabideko lehenengo nagusia eta, gaur egun, haren ondorengoak bizi dira bertan.

Iturria: Ramoni Arrillaga Mendiluze