Lurgorrieta
Donostiako toponimiaren arabera, 1831. urtekoa topatu dugu baserri honen lehenbiziko aipamena. Lurgorrieta izenez azaltzen da.
Azpillaga sendia bizi zen baserri honetan. Maria Azpillaga, baserriko alaba, Juandegi baserriko Inaxio Martikorenarekin ezkondu zen. Inaxio alarguna zen eta seme bat zuen: Inaxio, hura ere. Zortzi seme-alaba izan zituzten: Patxi, Maria, Josefa, Bittor, Teresa, Anttoni, Kristina eta Agustin Martikorena Azpillaga. Inaxio aitaren anai bat ere beraiekin bizi izan zen baserrian, Xanti Martikorena. Patxi Martikorena Azpillaga gaztea gerran hil zen.
Seme-alaba guztiak batera eta bestera sakabanatu ziren bizitzera. Baserrian Kristina alaba gelditu zen, osaba Xantirekin. Kristina Martikorena Mutegi baserriko Manuel Etxabe Arrutirekin ezkondu zen. Lau alaba izan zituzten: Kristina, Izaskun, Mari Jose eta Maite Etxabe Martikorena.
Baserrian ardiak izaten zituzten, behi eta txekor batzuk ere bai. Hasieran, ardiak batez ere, geroago jarri zituzten haragitarako behiak. Horrez gain, oiloak, ahateak, konejuak, txerriak eta astoa ere bazituzten. Etxe inguruan sagastia zuten, eta sagardoa egiten zuten etxerako. Baratzeko produktuak saltzera Kristina ama joaten zen San Martin azokara; esnea, berriz, etxez etxe saltzen zuen, azoka inguruko etxeetan.
Garai batean, ardi asko zeuzkatenean, koltxoiak egiten zituzten ardien ilearekin. Lehenbizi, artilea garbitu; gero, makil batekin jo eta astindu egiten zuten, harrotzeko; orduan erabiltzen zuten koltxoiak egiteko. Bolada batzuetan, artile asko egokitzen zenean, jendea joaten zen Lurgorrietara haren bila. Behiak baserriaren behe aldeko errekara eramaten zituzten ur edatera, Egioleta aldeko terrenoan; hasieran, arropa garbitzera ere bai. Gero, etxe ondoko iturrian garbitzen hasi ziren.
Manueli ehizean aritzea asko gustatzen zitzaion. Soria alderaino iristen zen. Herri kirol mundua ere gustuko zuen; idi-deman aritu izan zen, Mutegi baserriko idiekin. Sokatirako entrenatzaile moduan ere ibili zen, herriko gazteekin.
Alabak Igeldoko eskolara joan ziren, hura itxi zuten arte, 1973 inguruan. Gazteenak, orduan, Mari Jose eta Maite, Ibaetako eskolan hasi ziren, ikasketak amaitzeko. Eskolan, hasiera batean, neskak eta mutilak aparte ziren; geroago, denak batera. Haur-hezkuntzan mojekin aritu ziren. Gero, sei edo zazpi urte zituztela, arratsaldean, eliza ondoko moja-etxera joaten ziren esku-lanak egin eta josten ikastera. Euskal dantzak ere ikasi zituzten mojekin: arku-dantza, zinta-dantza...
1964 aldean, Migel Irazusta Polipaso etorri zen Lurgorrieta baserrira bizitzera, apopilo; eta han, Manuelekin entrenatzera. Polipaso, garai hartan, herri-kiroletan zebilen buru-belarri: aizkoran, segan... Famatua zen. Gero, etxea eraiki zuen Mendizorrotz mendiko kaskoan, eta bertan erretegia ireki, emazte Mari Tere Aldanondo urnietarrarekin. Lurgorrietako alabak bertan hasi ziren lanean. Guztien artean eraman zuten zenbait urtez Polipaso erretegiaren martxa. Migel jubilatu zenean, Lurgorrietako alabek hartu zuten haren ardura, Ekaitz izena emanda.
2003. urtean baserria guztiz berritu zuten. Gaur egun ere bertan bizi dira. Baserrian haragitarako behi batzuk dauzkate; baratzeko lanean ere aritzen dira pixka bat.
Iturria: Mari Jose Etxabe