Edukira joan

Oliden Oilotegia

Wikibookstik

Joxe Oliden Erkizia zumaiarra eta Raimunda Santxotena arizkundarra Iturrieta Zahar baserrira etorri ziren bizitzera. Hiru seme-alaba izan zituzten: Ignazio, Joxe eta Julian Oliden Santxotena.

Ignazio, 10 urte zituela, Belabieta baserrira joan zen morroi. Hamazazpi urterekin, berriz, Argentinako behi- etxalde batera, lanera. 110 behi eskuz jezten zituen egunero; denbora guztia behitegian ematen zuen. Han hiru bat urte igaro zituen eta, soldaduska- garaia zuela-eta, bueltan etorri zen. Sei hilabete pasatu zituen soldadu; kuota bat ordainduta, lehenago bukatzeko aukera izan zuen. Soldaduskatik etorritakoan, autobus bat erosi zuen eta Igeldo eta Donostia arteko udal autobus linea egiten hasi zen. Urte batzuk horretan eman ondoren, anaiari utzi zion ardura hori, Joxeri.

Ignaziok, Habana azpialdeko mendi magalean (Markailu harrobi-zuloan), txabola bat egin zuen eta konejuak eta oiloak jarri zituen bertan. Ondoren, Etxe Nagusi baserriaren inguruan terreno puska bat erosi eta bertan etxebizitza eraiki zuen, eta haren ondoan lokal bat. Hasiera batean, inkubagailu baten bidez, txitak ateratzen zituen oiloen arrautzetatik. Mila bat txita izatera iritsi zen eta, pixkanaka, oilanda eta oilasko ugari izan zituen. Oilaskoak harategietara saltzen zituen. Baina gerra garaia iritsi zenean, denak kendu zituen. Gipuzkoatik ateratzea ezinezkoa zenez, janaria lortzeko arazoak zituen. Orduan, inguruko soro batzuk alokatu, guztia goldetu eta arretu, eta 5.000 kg. patata ereiten zuen urtean. Hiru bat urtez aritu zen horretan. Herriko jende asko joaten zitzaion baratzeko lanean laguntzera; hiru idi-pare zituen etxean lan horietarako. Bildutako patataren zati bat itsasontzien armadoreek erosten zioten, itsasontzirako. Armadoreak Igeldoko meteorologia zentrora etortzen ziren, eta aukera hori baliatzen zuen Ignaziok traturako.

Ignazio, Tomasa Arrillaga Mendiguren Bengoetxe baserrikoarekin ezkondu zen, eta bi seme-alaba izan zituzten: Mirari eta Ignazio Oliden Arrillaga. Gerra bukatu ondoren, 1942. urtean, berriro oilategia martxan jarri zuen. ‘Legor-blanca’ arrazako txitak jarri zituen. Baina oilo haien arrautzak bigunak ziren eta ‘Razas Hibridas’ arrazako txita amerikarrak ekarri zituen. Egun bateko txitak erosten zituen, jaio berri-berriak. Arraza horretako oiloen arrautzak gogorragoak ziren, eta ugariagoak. Txita txikientzako berogailuak zeuzkan jarrita lokal guztian, ikatzarekin berotzen zirenak. Bost hilabeterekin hasten ziren arrautzak jartzen. Oiloei garagarrarekin, artoarekin eta arrain-irinarekin egindako nahasketa bat ematen zien jaten.

Ignazio semea, 14 urte zituenean, aitari laguntzen hasi zen oilategian, eta 50 urtez aritu zen lan horretan. Urte batzuk geroago, etxearen aldamenean beste bi lokal eraiki zituzten, eta berritu egin zuten oilategia, makinaria eta funtzionatzeko modu berriak sartuta. Oilandak kaioletan jarri zituzten, eta arrautzak pisuaren arabera sailkatzen zituen makina. 12-13 hilabeteko oilandak Oikiara saltzen zituzten, hango oilaskotegira. Arrautzak, Donostiako denda eta tabernetan. 12.000 oilanda izatera iritsi ziren. 2005. urtean jubilatu zen Ignazio eta oilategia itxi egin zuen. Gaur egun, lokala eta etxea alokatuta dauzkate; eta bertan daudenek kultur jardunaldiak antolatzen dituzte lokalean.

Iturria: Ignazio Oliden Arrillaga