Errezeta-liburua/Sagar tarta

Wikibookstik
< Errezeta-liburua(Sagar tarta(e)tik birzuzenduta)
Jump to navigation Jump to search
Sagar tarta

Sagar tarta[1]

Osagaiak[aldatu]

4 pertsonarentzako osagaiak:

  • Lau errezil sagar.
  • Litro erdi esne.
  • Dozena erdi arrautza.
  • 200 gramo azukre.
  • 50 gramo irin.
  • Banilla makilatxo bat.
  • Hostopil orea.
  • Azukrea.
  • Gurina.

Pausoak[aldatu]

Krema prestatzeko, lehenik lapiko batean esnea berotzen jarri, banilla makilatxoarekin batera.

Bitartean, arrautzen gorringoak ontzi batean jarri. Azukrea ontzira gehitu, eta bost minutuz etengabe irabiatu.

Ondoren, irina gehitu eta kontu handiz nahastu. Berotutako esnearen erdia ontzira bota, eta ongi nahastu. Lapikoan gelditu zaigun esnea irakin artean berotu, eta banilla makilatxoa kendu.

Gero, ontzian duguna lapikora irauli, eta bost minutuz irakiten eduki, etengabe nahastuz. Garrantzitsua da tarta prestatzen hastean krema hotza egotea; beraz, denbora batez hozkailuan sartu, eta, bestela, hurrengo egunean hasi tarta prestatzen.

Hostopil orea mahai gainean jarri —aurrez irin pixka bat bota—, eta arrabol baten laguntzaz ongi luzatu.

Ondoren, labeko molde batean jarri orea, eta gainean labeko paper berezia. Paperaren gainean garbantzu batzuk jarri, haien pisuaren laguntzaz papera behean manten dadin. Aurrez berotutako labean sartu, 180 gradutan, eta hamar minuturen ondoren atera. Papera kendu, eta moldearen hiru laurdenak kremaz bete.

Errezil sagarrak zuritu, bihotza kendu eta erditik moztu, eta, gero, xaflatan moztu.

Azkenik, kremaren gainean sagar xafla guztiak bata bestearen jarraian jarri, eta gainetik bi koilarakada azukre gehitu, baita gurin pusketatxo batzuk ere. Ondoren, labe beroan sartu, eta hogei minutuz eduki 180 gradutan. Atera ostean, komeni da jan aurretik beste hogei minutuz hozten uztea.

Erreferentziak[aldatu]