Edukira joan

Sukaldaritza liburua/Errezetak/Ohiko hostorea

Wikibookstik

OHIKO HOSTOREA

Milorria

1, 250 kg ore inguru egiteko

OSAGAIAK

[aldatu]
  • Indar irina: 250 g. bahetua.
  • Irin ahula: 250 g. bahetua.
  • Ura: Hotza 250 ml.-300 ml.
  • Gatza: 7 g.
  • Limoia: Tanta batzuk.
  • Margarina edo gurina: 500 g. Forma karratuan.
  • Irina: Orea luzatzeko.

PRESTAKETA

[aldatu]
  • Irina galbahetik pasatu.
  • Gurinak edo margarinak forma karratua dutela ziurtatu eta izozkailuan eduki.
  • Hotz dagoen gela eta mahai batean ( garai batean marmoletako mahaietan egiten zen ) irinarekin su mendi bat osatu. Jarri erdian gatza eta uraren erdia.
  • Behatz puntekin hasi poliki-poliki osagai guztiak bateratzen, eta lehortu ahala, ur gehiago gehitzen joango gara, ur gehiena gehitu arte. Oreak ez du ez gogorregia ez bigunegi geratu behar, eta horretarako ur kantitatea zaindu egin beharko da.
  • Orea 15 minutu inguruan landu, arropa garbitzen arituko bagina bezala oratuz. Lisoa eta mahaian itsasten ez dela geratu behar du.
  • Behin lehen orea hau eginik, pertz batean jarri zapi busti batekin edo plastiko gardenarekin estali eta bere horretan izozkailuan 30 minutuan utzi.
  • Denbora hori pasatutakoan, mahai gainera atera eta labana batekin gurutze bat marraztu orearen gainean.
  • Jarraian, arrabolaren laguntzarekin, orearen 4 izkinak luzatzen hasi, hartara oreari 4 belarri moduko eginez.
  • 4 punta dituen ore honen erdian gurina edo margarina ezarri, eta alboetara geratu diren belarriekin, gantza estali.
  • Gantza estaltzeko garaian alde guztietan orearen loditasun antzekoa uzten saiatu. Hori garrantzizkoa da, ondoren luzatzeko garaian, gantza ez dadin kanpora atera.
  • Gantza estalita dagoenean, arrabolarekin eta irin pittin batekin luzatzen hasiko gara.
  • Hemen hasten da hostorea prestatzeko garaian, bueltak ematea deitzen zaion fasea.

Hostorearen bueltak

  • Buelta sinplea: Folio bat balitz bezala, hirutan, hau da, triptiko baten moduan tolestea.
  • Buelta bikoitzak: Ate bikoitzaren moduan tolestea, hau da, orearen erdi bakoitza bere baitan eta ondoren bi erdiak ere berdin.
  • Beraz, gantza orearekin estalitakoan, arrabolarekin bere luzera hirukoiztu egingo dugu.
  • Lehen tolesdura edo buelta sinplea eman, estali eta hozkailuan 10 minutuan eduki.
  • Oreari 90º-ko bira eman eta berriro arrabolarekin hirukoiztuz; bigarren kasu honetan, tolestura eta buelta bikoitza eman. Hozkailuan sartu eta 10 minutuan eduki.
  • Berriro luzatu eta hirugarren tolestura bikoitza berriro utzi 10 minutuan, 90º biratu eta azken tolestura sinplea eman.
  • Orea ongi estali eta hozkailuan edo izozkailuan jaso.
  • Erabiltzeko garaian, zati bat hartu eta luzatu egingo dugu, zentimetro erdiko lodiera duten xaflak osatuz egosi aurretik.

AHOLKUAK

[aldatu]
  • Hostorea egiteko indar irin erdia edo 2/3 bat erabiltzea garrantzizkoa da, hau da, %9tik %11ra bitarteko proteina kopurua duten irinak.
  • Proteina kopuruaren baitan, ore honek ur gehiago edo gutxiago beharko du. Irina zenbat eta indartsuago izan, orduan eta ur gehiago beharko du.
  • Koipeari dagokionez, berriz, goxoena gurina erabiltzea bada ere, prestatzeko garaian zailtasunak ditu fusio tenperatura baxua duelako. Honen aurrean, gaur egun margarina bereziak saltzen dira fusio tenperatura altuagoekin hostoreak errazago egiteko.
  • Orea egiteko ura ahalik eta hotzen erabili eta prestaketa gela ere hotza egotea komeni da, baita luzatuko dugun mahaia ere. Berotasunak gurina biguntzea eta luzatzea zailtzen du.
  • Prestatu behar dugun hostore zatiaren tamainaren arabera, ohikoena 220ºC-200ºC egostea izaten da.
  • Gurin kopurua handiagoa edo txikiagoa izan daiteke.
  • Behin gurina orean sartuz gero, ez da inoiz eskuekin oratu edo puskatu behar; bildu beharko bagenu, beti geruzak osatuz bezala egin beharko genuke.
  • Hostorea luzatzean, gantza barruan ongi banatzen saiatu. Hau, gainera, gantza gehiegi bigundu edo kanpora irten gabe egin behar da.
  • Gurina kanpora ateratzen ikusiko bagenu, hurrengo buelta eman aurretik hozkailuan ongi hoztu.
  • Ore bakoitzari buelta kopuru desberdinak eman daitezke, zenbat eta buelta gehiago eman, orduan eta gehiago altxatuko da orea labean. Baina bueltetan pasatuko bagina, kapa desberdinak batu eta ez litzateke altxatuko.
  • Hostore orearekin, besteak beste, prestaketa hauek burutzen dira:
  • Palmera: Hostorea luzatu eta azukreztatu egiten da. Jarraian, bi aldeetatik biltzen joaten da erdian elkartu arte. Estalki desberdinak jartzea badago.
  • Abanikoa: Hostore fin bilduari abaniko forma eman eta egosten da. Azukrea eraman dezake eta estalkiak ere bai.
  • Milorri edo hostopila: Hostore xafla egosiak dira, eta tartean krema desberdinak jar daitezke.
  • Tarta oinarri moduan.
  • Tatin tarta: Frantziako sagar tarta ezagun bat dugu. Oinarrian hostorea izaten du.
  • Banda: Hostore oinarria duen pastel karratu luzea da.
  • Lazoak: Hostoreari tirak txirikordatu ondoren, lazo forma ematen zaio. Azukrea eraman dezake edo ez.
  • Vol-au-venta: Betetzeko hostore opiltxoa dugu. Bi geruza hostore borobil moztu eta bigarrenari erdian pasta mozteko txikiagoarekin markatu egingo da. Jarri lehen geruza, labeko erretilu batean eta margotu alboak uraz edo arrautza irabiatuz. Jarri gainean bigarren borobila.