Sukaldaritza liburua/Errezetak/Txerri azpizuna onddoz beteta eta Roquefort saltsarekin
Errezeta-liburuaren parte. Txerri azpizuna onddoz beteta eta Roquefort saltsarekin[1]
Osagaiak
[aldatu]4 pertsonarentzako osagaiak
Txerri azpizuna. 400 gramo onddo. Tipulin bat. Oliba olio birjina. Gatza. Piper hauts beltza. Basokada bat esne gain. 125 gramo Roquefort.
Pausoak
[aldatu]Lehenik, tipulina zuritu eta pusketa txikitan moztu. Zartagin zabal batean, erregosten jarri oliba olio zorrotada batekin. Bitartean, onddoak garbitu, eta xaflatan moztu.
Ondoren, onddoak bota tipulina dugun zartaginera. Gehitu beste oliba olio zorrotada bat, baita gatz pitin bat ere. Guztia hamar bat minutuz eduki, sua itzali, eta han epeltzen utzi.
Saltsa prestatzen hasteko, lapiko batean basokada bat esne gain jarri, eta, irakiten hastean, Roquefort gazta gehitu. Pare bat minutu irakiten eduki, sutatik kendu, eta gorde.
Bitartean, txerri azpizuna xaflatan moztu, bi zentimetro inguruko lodierakoak. Guztiak gatzatu, eta piper hauts beltza ere gehitu, bakoitzak bere gustura. Zartagin bat sutan jarri, eta, beroa dagoenean, txerri azpizun xerrak bertan jarri. Olio zorrotada bat gehitu gainetik. 30 segundo pasa ondoren, guztiei buelta eman, eta beste 30 segundoz eduki. Gero, plater batera ateratzen joan.
Azpizuna frijitu dugun zartagin horretan bertan, sua itzalita dagoela, gazta saltsa bota. Horrek, zartagineko berotasunaz lagundurik, azpizunaren zaporea emango dio gazta saltsari.
Labea 250 gradutan berotzen jarri. Labeko erretiluan dozena bat azpizun xerra jarri, xerra bakoitzaren gainean koilarakada bat onddo bota, eta beste xerra batez goitik estali. Labea ongi berotuta dagoenean, erretilua sartu, eta bi minutuz eduki. Ondoren atera, eta plateretan jarri. Gainetik gazta saltsa beroaz ongi busti, bakoitzak nahi adina. Platera prest dago, mahaira eraman eta jateko.
Erreferentziak
[aldatu]- ↑ Iker Markinez. Berria: https://www.berria.eus/egilea/Iker_Markinez/10
[[Kategoria:Gazta]]