Edukira joan

Sukaldaritza liburua/Glosarioa

Wikibookstik

Sukaldaritza Liburua

Sukaldaritzako eta gozogintzako glosarioa

[aldatu]
Terminoa Definizioa
Abanikoa Hostorearekin eginiko abaniko formako opiltxoa.
Aingeru ilea Kuia eta azukrearekin egiten den gozogintzako betegaia.
Alanbrezko saskia Frijigailuan jakiak sartzeko saskitxoa.
Almaiz edo motrailua Osagaiak zanpatuz, xehatzeko, birrintzeko edo saltsa batzuk egiteko erabiltzen den tresna.
Almibar bainuak Gozogintzako prestaketei argitasuna eman eta kontserbatzeko erabiltzen den estalkia.
Almibar puntua edo jarabe arina Ura eta azukrea elkarrekin irakiten 100ºC, edo 22-24ºBé lortu arte.
Almibarra ispilutxo puntuan Ura eta azukrea elkarrekin irakiten 102ºC, edo 28-30ºBé lortu arte.
Altxatu Irabiatzearen edo hartzitzearen poderioz, prestaketa bati barruan airea sartu bere bolumena handituz. Hostorea egosteko garaian, igotze horri ere esaten zaio.
Aluminio papera Prestaketak estaltzeko erabiltzen den metalezko papera.
Ama orea Lehenagotik hartzitutako okintzako orea, ogi berriak egiteko erabiltzen dena.
Aparrak Zuku edo likido gozo bat edo batzuk nahastu eta sifoi ontzian sartzen dira, eta aire konprimitua gehituz, kanporatzen den aparra. Lagungarri edo edertzeko erabiltzen da.
Arbendol Sableux pasta Pastelak, tarten oinarria edo pastak egiteko erabiltzen den ore gozoa.
Argitu Likido bat argitzeari edo garbitzeari esaten zaio. Gurina, esaterako urtuz, azpiko gatz ura kenduz. Kontsome batean berriz garden bihurtzeari ere esaten zaio.
Armiarma Jaki prestatuak, likido berotik ateratzeko tresna.
Arrabola Ore desberdinak zabaltzeko edo luzatzeko tresna.
Arrain, aizto, labana edo ganibet Arrainak errazioetan mozteko labana.
Arraskatu edo karrakatu Osagai bat tresna edo osagai batekin igurtzi.
Arraspagailu Osagaiak arraspatzeko edo igurtziz birrintzeko edo txirbilak ateratzeko erabiltzen den tresna.
Arrautza harilduak egiteko iragazkia Gozogintzako arrautza-hariak egiteko erabiltzen den tresna.
Arrautzaztatu Osagai bat irin eta arrautzetan pasatzea frijitu aurretik.
Arroz esnea Jeneralean, ale txikiko arroza, esnea, eta zaporea emango dioten elementuekin (kanela, limoi azala, erramua..) su baxuan egosiz eginiko azkenburukoa.
Azpia egin edo ohea egin Plater baten azpialdean osagai batekin oinarri bat egitea.
Azukre alderantzikatua Almibar bat elementu azido batekin nahastuta lortzen den karamelu likatsuari esaten zaio. Modu naturalean eztia izango genuke azukre alderantzikatua. Karamelua gogortzea komeni ez zaigun prestaketetan erabiltzen da, turroi biguna, fondanta....
Azukre bainuak Gozogintzako prestaketak estaltzeko bainua da. Merenge arin moduko bat da.
Azukre estalkia Azukrea eta ura nahasiz opil batzuei gainetik jartzen zaien estalkia.
Azukre hautsa Birrindu eta hauts bihurtutako azukrea, normalean gozogintzan prestaketa batzuk estaltzeko edo burutzeko erabiltzen dena.
Azukre Panela edo melaza Findu gabeko azukrea dugu. Zapore handiagoa eta bereziagoa du. Gozatze ahalmen apalagoarekin.
Atondu Platera baten amaieran puntuan jartzea edo txukuntzea.
Bahe edo galbahea Irinak iragazteko erabiltzen den tresna. Zikinak kentzeko eta irina sueltoago uzteko.
Bahetu Irin bat galbahetik edo bahetik pasatzea, zikinak edo pikorrak kentzeko.
Balantzak Osagaiak pisatzeko tresna.
Banda Hostore oinarria duen pastel karratu luzea da.
Banilla-azukrea Banilla-zapore handia duen azukrea.
Banilla Lurrun gozoa duen leka lehor bat da, zapore ederrekoa, azkenburukoetan erabiltzen dena.
Baporean edo lurrunetan kozinatzea Ur edo salda baten baporearekin, beste osagai bat kozinatzea.
Bateratu Osagai desberdinak ongi homogeneizatzea.
Baumé gradua Likidoen dentsitatea neurria. Almibarretan azukre kopurua edo dentsitatea neurtzeko modu bat da. Hau egiteko Baumé gradua neurtzeko gailua dago.
Bavaroisak Gelatinarekin mamitutako azkenburuko krematsuari esaten zaio. Askotan bizkotxo oinarri batekin zerbitzatzen da.
Beratu Osagai bat uretan murgilduta edukitzea, hidratatzeko.
Bere horretan utzi Egiten ari garen prestaketa denbora batean, ezer egin gabe uztea.
Berogailua, kalefakzio, estufa labea Oreen hartzitzea edo altxatzea errazteko tenperatura eta hezetasun egokiak dituzten armairuak dira. Ohiko labeen antz handia izaten dute.
Beurre-Maniè Gurina eta irina hotzean nahastuz egiten den erabilera anitzeko nahasketa. Bereziki likidoak beroan loditzeko erabiltzen da.
Bi piezako moldeak Gaileta edo hostorea duten pastel gazi-gozoak prestatzeko eta errazago ateratzeko erabiltzen den moldea.
Bihotz-erauzlea Sagarrari bihotza erraz kentzeko tresna.
Biribildu Ore bati edo xerra bati biribil forma ematea.
Birrindu Osagai solido bat txiki-txiki egitea.
Birrineztatu (ogi arrailetan pasatu) Osagai bat arrautza eta ogi arrailetan pasatzea frijitu aurretik.
Birringailu elektrikoa Prestaketa bat birrintzeko tresna; gehienetan, gero saltsa bihurtzeko. Robota edo kuterra ere esaten zaio.
Birringailu errefinagailua Gozogintzan, askotariko aleak ( almendra, hurrak eta bestelako fruitu lehorrak) forma edo tamaina desberdinetan moztu edo birrintzeko erabiltzen den makina.
Birringailua Eskuz, osagaiak birrintzeko tresna.
Biskuit izozkiak Izozki makinarik gabe egiten den izozkia dugu.
Bitsa Osagai ugari egosterakoan sortzen den aparra, normalean erretiratu behar dena.
Bitsadera Osagaiak biltzeko, edo bitsa kentzeko erabiltzen den tresna luzea.
Bizkotxo arina Pastel edo tarten oinarri bezala erabiltzen den bizkotxoari esaten zaio.
Bizkotxo pisutsuak Bizkotxo trinkoagoari esaten zaio. Mota honi koipe edo bestelako osagaiak, txokolatea, arbendolak, limoi eta laranja azal birrindua, intxaurrak, fruitu lehorrak,..... gehitzen zaizkie.
Bizkotxo plaka edo xafla Bizkotxo arin orea, labeko erretilu batean egosi ondoren lortzen dugun kapa fineko plaka edo xafla. Normalean, pastelak, ijito-besoa edo bavaroisak egiteko erabiltzen da.
Bizkotxo-moldea Bizkotxoak laberatzeko molde itxia.
Bizkotxoa bustitzeko jarabea Ura, azukrea eta zaporea emango dioten osagaiak elkarrekin irakinez lortzen den infusioa eta bizkotxoak bustitzeko erabiltzen dena.
Bizkotxoa Iparraldean “bizkotxa” esaten zaiona. Arrautza, azukrea eta irina harrotu eta egositako prestaketa gozoak dira. Bestelako lagungarri zaporetsuak gehitzea ere badago, eta bere horretan jan edo tarta eta pastelen oinarri moduan erabil liteke.
Blini-zartagina Bliniak (puztutako krepe moduko taloak), prestatzeko zartagina.
Boilurra (Trufa) Lurrazpiko perretxikoa. Oso zapore eta lurrin berezikoa.
Bola puntu ahula Ura eta azukrea elkarrekin irekiten 115-118ºc edo 39ºb lortu arte eduki.
Bola puntua Ura eta azukrea elkarrekin irakinez egosi 122-124ºc lortu arte.
Bonboi moldeak Bonboiak prestatzeko moldeak.
Briotxe moldea Briotxe ogia egiteko moldea.
Briotxea Ogi opil gozoa, beste opil gozoek baino hidratazio gitxiagokoa.
Brotxa Prestaketa desberdinak margotzeko tresna.
Brownie bizkotxoa Txokolatezko eta intxaurrezko bizkotxo pisutsu eta likatsua.
Budin moldea Budinak prestatzeko moldea.
Buelta bikoitza Hostorea prestatzeko garaian, orea biltzeko modua. Ate bikoitzaren moduan tolestea, hau da, orearen erdi bakoitza bere baitan eta ondoren bi erdiak ere berdin.
Buelta sinplea Hostorea prestatzeko garaian, orea biltzeko modua. Folio bat balitz bezala, hirutan, hau da, triptiko baten moduan tolestea.
Buñueloak, “Kauserak" Ur, gatz, gurin, irin eta arrautzarekin eginiko orea, frijitu eta bete ondoren lortutako opiltxoa.
Burruntzaliak edo burruntzalitxoak Likidoak, saldak eta saltsak biltzeko erabiltzen den tamaina desberdineko tresna.
Burruntzi mekanikoa Oilaskoak haga batean sartu, eta mekanikoki buelta eman, eta era berean erretzen duen labea dugu.
Busti edo blaitu Prestaketa bati likido bat gehitzea.
Cake Ingelesezko hitza da eta pastela, bere adiera zabalean bezala, itzul dezakegu.
Chantilly krema Tarta edo opil desberdinak betetzeko edo edertzeko erabiltzen den banilla zaporeko esne-gain krema harrotuari esaten zaio.
Coulisea Saltsa bat da, gaur bereziki, fruitu mota desberdinekin egiten denari esaten zaio.
Crumble pastak Pasta oso lehor bat da, bi behatzekin indar eginez desegiten dena.
Curry Espezie ugariren nahasketa desberdinei esaten zaie currya.
Cydrayote kuia Aingeru ilea prestatzeko erabiltzen den kuia mota.
Dadoa edo Paisana Barazkia dadotan edo laukitan mozteari esaten zaio. Dado hauek 1 eta 2 cm inguruko karratuak izaten dira.
Desmoldatu Prestaketa bat moldetik ateratzea.
Ebakitzeko makina Osagaiak xafla finetan mozteko tresna elektrikoa.
Edertu edo apaindu Plater edo prestaketa baten amaieran txukuntzea eta ikusgarriago bihurtzea.
Egosi Ur irakinetan edo honen lurrinaren ondorioz, osagai bat kozinatzea.
Egoste puntua begiratu Kozinatzen ari garen osagai bat egina dagoen edo ez egiaztatzea.
Ehunezko iragazkia Gauzarik finenak iragazteko erabiltzen den tresna.
Emultsioa Elementu likido desberdinen homogeneizazioaren bitartez saltsa bat loditu edo mamitzea.
Ensaimada Opil gozoaren ore moduko batekin, balear uharteetan jatorria duen opilari esaten zaio. Gosari eta askaritan jateko ezaguna egin da. Gurinaz gain, errezeta honek txerri gantza darama.
Errege-opila Opil gozoaren orearekin eta fruitu azukredunak edo lehorrak erabiliz egiten den opila, Errege Egunean jaten dena.
Erregosi Su eztian denbora luzez osagai bat bere zukuan kozinatzea, kasu askotan aldez aurretik frijitu edo salteatu ondoren.
Erretilua Ontzi zapala, normalean osagaiak zabaltzeko erabiltzen dena.
Esne frijitua Azkenburuko gozo bat da, esnea, fekula eta azukrearekin loditu, bexamelaren dentsitatea eman, eta frijitzen dena.
Esne pasteurizatua Esne gordinarekin antzekotasun handiena duena da, eta kozinatzeko egokiena. Kontsumitzeko epea, gehienez, 72 ordukoa izango da.
Espatula Jakiak hondoari ez itsasteko eta mugitzeko erabiltzen den tresna.
Estali Molde edo elikagai bat osagai bigun batekin edo batzuekin estaltzea edo igurztea.
Estalkia Prestaketa bat edo molde bat tapatzeko erabiltzen denari esaten zaio.
Estameta, estameña edo artilekia Zapi zuri estua, likido desberdinak iragazteko erabiltzen dena.
Esterilizatu Prestaketa bat ontziratu eta prozesu termiko eta mekanikoak erabiliz kontserbatzeko erabiltzen den metodoari esaten zaio. Pasteurizatuan baino tenperatua termiko handiagoak aplikatzen zaizkio. Hilabete batzuetan kontserba daiteke.
Ezkatak kendu Arrain bati ezkatak kentzea.
Ezkatak kentzekoa Arrainei ezkatak kentzeko erabiltzen den tresna.
Fartsa edo betegaia Betetzeko erabiltzen ditugun osagaiei esaten zaie fartsa.
Fekuladun natillak Kanela edo banillarekin esneari zaporea emandakoan, arrautza gorringoa, findutako arto irin pittin bat eta azukrearekin nahastu.
Freskatu Egositako osagai bat ur izotzetan edo ur hotzaren bitartez azkar hoztea.
Film papera edo plastiko gardena Plastikozko paper xafla fin eta gardena, prestaketa desberdinak estaltzeko erabiltzen dena.
Flana Budin gozoen eta esnekien atalean sartzen dugun azkenburuko gozoa.
Flora pasta Tarten oinarriak egiteko gaileta dugu. Espainian du oinarri eta gurina erabili beharrean txerri gantza erabiltzen da. Hala ere, gaur egun, gurina ere erabiltzen da errezeta hau egiteko.
Foie-Gras Ahate edo antzararen gibel koipetsua.
Fondanta Gozogintzako estalki bat dugu. Ura eta azukre alderantzikatua erabiliz gozogintzan prestatzen dena. Fondanta Tarta, pastelak, pastak, betegaiak, karameluak egiteko erabil daitezke.
Frantxipan bizkotxoa Bizkotxo honek mazapana ematen du; oso bizkotxo pisutsua dugu.
Frijigailua Osagai desberdinak frijitzeko tresna. Gasarekin edo elektrizitatearekin funtziona dezake.
Frijitu Oso bero dagoen koipe batean osagai bat kozinatzea.
Fruta azukreztatua Jarabetan egositako fruta oso gozoak dira.
Fruta pulpa Fruta pure iragazia.
Fruta saltsa edo coulisea Fruta pure arinari esaten zaio; saltsa dentsitatea izaten du. Fruta, azukre eta urarekin egosten da, ongi irabiatu eta iragazi ondoren lortzen da.
Gainerre edo gratinatua Labe batean azala edo gaina txigortzea edo gorritzea.
Galbahea Irinak iragazteko tresna.
Galdarraztatu Ur irakinetan egosaldi motz bat ematea.
Gantzutu Koipe batekin erretilu edo molde bat igurtzi.
Garreztatu Osagai bat su edo gar baten gainetik pasatzea.
Gastronorm Sukaldeko makineria guztietarako prestatuta dauden ontzi eta erretilu desberdinak. Denak tamaina estandarrarekin, eta sukaldeko makinaria desberdinetan erabilgarriak izango direnak.
Gatz-pipertu Gatz eta piper hautsarekin osagai edo prestaketa bat ontzea.
Gazitu Osagai edo prestaketa bat gatzarekin ontzea.
Gelatina bainuak Frutazko gelatinak edo gelatina gozoak. Hotzean ematen diren bainuak dira; zaporea eman eta prestaketa kontserbatzeko erabiltzen dira.
Gelatina hautsa Hauts moduan saltzen den gelatina.
Gelatina orriak Orri garden moduan saltzen den gelatina.
Genoar bizkotxoa Tartan oinarriak egiteko erabiltzen den bizkotxo pisutsua da. Bizkotxo honi gurin urtua gehitzen zaio, irina nahastu ondoren.
Gianduja krema Bonboien betegaia dugu, txokolate estalduraren %60 eta pralinearen %40 nahastuz.
Glukosa edo destrosa Gozogintzako prestaketa batzuetan gozatzeko erabiltzen den azukre osagaia da. Jarabe lodi moduan, edo hautsean saltzen da.
Gomazko espatula edo mihia Kazola, pertz eta ontzietatik osagai guztiak biltzeko mingain formako tresna.
Gorringo bainuak Gozogintzako prestaketak estaltzeko bainua. Opilei eman eta pittin bat egosi egin behar izaten dira.
Gorringo krema Gorringo eta azukre ugarirekin egiten den krema dugu. San Markos pastela egiteko, ijito-besoa, edo gozogintzako prestaketa ugaritarako.
Gozogintzako esne gaina Koipe kopurua %30 eta %50 tartean duena, normalean %33 izaten da. Kozinatzeko eta harrotzeko erabiltzen da.
Gozogintzako espatula Altzairuzko espatula edo tresna luzea. Gozogintzan kremak banatzeko edo tartak mugitzeko erabiltzen da.
Gozogintzako pieza biko moldeak Tartak erraz desmoldatzeko erabiltzen diren moldeak.
Grilla Aterik ez duen eta goitik bakarrik berotzen duen labea da. Gratinatzeko edo gainerretzeko erabiltzen da, jeneralean.
Guraizeak edo artaziak Jakiak ebakitzeko tresna.
Gurin krema Bereziki tartak estaltzeko eta mahukarekin edertzeko erabiltzen den krema edo estalkia.
Gurineztatu Molde edo erretilu bat gurinez igurtzi.
Hagatxoak eta Hagaxkak Arrautzak edo beste osagai desberdinak irabiatzeko erabiltzen den tresna. Altzairuzko haga, bertan osagai desberdinak iltzatzen direlarik, ondoren, labean, burruntzian, frijigailuan, plantxan edo parrilan kozinatzeko.
Hari ahul puntua Ura eta azukrea elkarrekin irakin eta 110-112ºc edo 36-38ºb graduko almibar puntuari esaten zaio.
Hari puntua Ura eta azukrea elkarrekin irakiten 104-105ºC edo 32-34ºBé graduan lortutako almibar puntuari esaten zaio.
Harrotu Eskuz hagatxoaren bitartez eta aparatu batekin, zuringo, esne gain edo bestelako osagai likidoak astinduz, eraginez, airea sartu eta dentsitate handiagoa ematea.
Harrotzeko pertza Gozogintzako prestaketak harrotzeko ontzia.
Hartzitu Hartziduren eta legamien bitartez ore edo prestaketa bat, hartzitzea edo altxatzea.
Hartzitze-armairuak Gozogintzako eta okintzako oreak hartzitzeko armairua.
Hautseztatu Hauts edo xehaturiko espeziak, ongailuak, prestaketa bati gainetik botatzea.
Hezur erauzlea Olibei hezurrak kentzeko gailua.
Hezurgabetu Osagai bati dituen hezurrak kentzea.
Hezurgabetzeko, aiztoa, labana edo ganibet Haragiari hezurrak kentzeko labana.
Hornigaiak edo lagungarriak Plater batean osagai nagusiak alboan izaten dituen prestaketa txikiak. Platerari osotasun bat ematen diote.
Hostorea Hostopilak,milorriak, pastelak eta opiltxo desberdinak egiteko erabiltzen den orea.
Hotz ganbera Jakiak 1 eta 4ºC bitartean mantentzeko hozkailu armairu handia.
Hozkailua Jakiak 1 eta 4ºC bitartean mantenduko dituen biltegia.
Hur edo arbendol pralinea Karamelu alderantzikatu eta fruitu lehor pikortu eta pittin bat txigortuaz eginiko krema. Bestelako krema desberdinei gehitzeko, izozkiak burutzeko, bonboi betegaiak egiteko.....erabiltzen da.
Hustekoa edo bolak ateratzeko tresna Patata, kuiatxoak, meloia… borobil formazko zatiak lortzeko aukera ematen digun tresna.
Hutsean ontziratzekoa Jakiak kontserbatzeko hutsean ontziratuko dituen makina.
Igurtzi Erretilu edo prestaketa baten azal edo gainean, elementu likido edo solido bat ematea.
Ilargi erditan Porrua, azenarioa eta bestelako barazkiak, luzetara erditik moztu eta gero xerra finetan mozteari esaten zaio.
Ildaskatzailea Limoien azala ildasken bidez apaintzeko tresna.
Iltzatu Edozein osagairi iltze espezia sartzea.
Inbutua Likido bat mutur estuko ontzi batera pasatzeko tresna.
Indar irina Proteina edo gluten proportzio handia duen irinari esaten zaio.
Infragorrizko fokuak Zerbitzatzeko platera, denbora laburrez bero mantentzeko erabiltzen den bero-sortzailea.
Infusioa Elementu zaporetsu bat edo batzuekin egositako eta iragazitako likido lurrintsua.
Intxaur muskatu Ongailu moduan erabiltzen den hazi bat da. Zapore gozo antzekoa du eta lurrin handikoa da.
Irabiagailu elektrikoa Osagai desberdinak harrotzeko erabiltzen den gailua; elektrizitateak darabilen haga handi baten bitartez.
Irabiatu Hagatxoaren edo sardexka baten laguntzaz, osagai likido bati eragitea edo astintzea, harrotu edo nahasteko helburuarekin.
Iragazki fina Saltsa edo saldak iragazteko erabiltzen den metalezko sare fina.
Irin ahula Proteina edo gluten proportzio txikia duen irinari esaten zaio.
Irin findua Prozesu baten ondorioz, zahi eta germen gutxi duen irina da.
Irineztatu Osagai bat irinetatik pasa edo irinarekin estaltzea.
Ispilutxo puntua Ura eta azukrea elkarrekin irakiten 102ºC edo 28-30ºb lortu arte eduki.
Italiar merengea Pastelen estalki gisa edo betegai moduan erabiltzen da. Zuringoa hari puntuan dagoen almibarrarekin harrotzen da.
Izerditu Barazkiak sutan jarri eta lurrina botatzen hastea.
Izotz ganbera Jakiak izozturik -18ºC tara mantentzeko plaka batzuekin eginiko armairu handia.
Izotz makina Izotzak egiteko makina.
Izotz tartak Bizkotxo eta izozkiekin eginiko tarta izoztuak.
Izotz bolak ateratzekoa Izozkia bola formarekin ateratzeko tresna.
Izotz edaria Sorbetearen antzeko prestaketak dira, baina ez dute sorbetearen dentsitatea izaten, baizik eta txikiagoa (8-10ºBé). Bestetik, ez dute inoiz, sorbetearen izozte mailarik ematen.
Izozkailua Jakiak izozturik -18ºC tara mantentzeko gai den armairu txikia.
Izozki makina Izozkiak egiteko erabiltzen den makina.
Izutzea Irakiten dagoen ur edo salda bati ur hotzaren bitartez irakina moztea.
Jeleak edo Jaleak Gelatinarekin trinkotutako edo mamitutako fruta zukua.
Jarabea Ura, azukrea eta ongailuak elkarrekin egosita lortzen den infusioa.
Josteko orratzak Hegaztiak lotzeko eta josteko erabiltzen diren orratz handiak.
Kafe disolbagarria Kafe infusioa prestatu ondoren lehortutakoari esaten zaio. Elementu hezeetan disolbatu behar dena.
Kafe espresoa edo Italiarra Presiopean prestatutako kafe kontzentratu moduan defini dezakegu.
Kafe koilarakada Neurgailu solidoa 5g inguru izango duena, eta erdia, 2,5g inguru.
Kafe krema Kafe zaporeko krema, pastel krema bati kafe kikara bat edo kafe-hauts disolbagarria gehituz prestatzen da. Tartak edo opilak betetzeko erabiltzen da.
Kakao hautsa Gantzik gabeko kakao bahetu eta lehortua, hauts egina. Prestaketa ugaritan erabiltzen da, modu errazean txokolate zaporea emateko. Bizkotxoak, saltsak, infusioak....
Kandi azukrea edo azukre beltza Kristalizatutako azukre iluna.
Karamelizatu Molde, erretilu edo osagai bat karameluz estali.
Karamelu ilun puntua Ura eta azukrea elkarrekin irakiten 140-155ºc lortu arte edukiz.
Karamelu krema Gozogintzako krema bat dugu. Pastel kremari karamelua gehitu beharko zaio, prestaketa desberdinen betegai moduan erabiltzeko.
Karamelu gorri puntua Ura eta azukrea elkarrekin irakiten eduki; batera egosi 128-135ºc lortu arte.
Katilua Pertza baina txikiagoa, kantitate txikiak nahastu edo irabiatzeko erabiltzen den ontzia.
Katu mingaina Pasta lehorrak dira, normalean, gorringoa baino zuringo gehiago izaten dutelako.
Kazoa Kantitate txikiak, berotu edo egosteko erabiltzen den metalezko ontzia.
Kazola edo eltzea Kozinatzeko erabiltzen den tamaina desberdineko ontzia. Multzo txiki ertainentzako prestaketak burutzeko ontzia.
Kazola zabala Arraina saltsan kozinatzeko, barazkiak erregosteko, sueztitzeko edo salteatzeko erabiltzen den ontzia. Talde txikientzat arroza prestatzeko ere egokia.
Koilarakada txikia Azkenburuko koilara. Neurgailu moduan erabiliz gero, 10g inguruko balioa izango du eta mukuru bete ezkero 15g inguru.
Kolpe erdiko aizto, labana edo ganibet Pieza handiak eta hezur bigunak ebakitzeko aiztoa.
Kolpeko aizto, labana edo ganibet Haragia hezur eta guzti ebakitzeko aiztoa.
Konbekzio labea Haizagailu batek aire beroa mugituz darabilen labea.
Konfitatu Koipez estalirik edo jarabez, osagai bat su oso baxuan kozinatzea.
Kozinatzeko esne-gaina edo esne-gain arina Koipe kopurua %29 eta %12 tartean duena.
Krema frijitua Gozogintzako azkenburukoa da. Pastelgintzako esne frijitu moduko bat da, desberdintasun bakarra da krema frijituaren oreak arrautza duela.
Krepeak egiteko zartagina Oinarria lodiagoa eta alboak baxuagoak dituen zartagin berezia da. Krepeak egiteko erabiltzen da noski.
Krepeak Jatorri frantsesa duen azkenburuko talo modukoa dugu. Galizian filloak deitzen direnak oso antzekoak dira.
Labeak Beroaren ondorioz osagaiak erretzeko erabiltzen den armairua. Gasezkoa, elektrikoa, mistoa, haize berokoa , bero zuzenekoa....izan daiteke.
Labekatu Gozogintzako edo bestelako prestaketa bat labean egin.
Labeko erretilua Labera osagai eta prestaketa desberdinak sartzeko ontzia.
Labeko Gastronorm erretiluak Altura desberdinetako labeko erretiluak. Gastronorm neurri estandarra dutenak. Labean erretzeko edo lurrunetan egosteko balio dutenak.
Labeko papera Labean egositako prestaketak erretilura ez itsasteko erabiltzen den papera.
Lapiko elektrikoa Gozogintzan krema desberdinak egiteko erabiltzen den ontzia dugu.
Laranja krema Gozogintzako krema. Limoi kremaren oso antzekoa, baina laranja zukua erabiliz burutzen dena, fruta duten tartak edo tartaletak betetzeko erabiltzen da.
Larrutu Animali bati larrua kentzea.
Lata irekigailua Metalezko ontziak zabaltzeko gailua.
Lazoak Hostore opiltxoak. Tira txirikordatu egosiak, lazo formarekin. Azukrearekin edo gabe.
Legamia freskoa Okintzan hartzitzeko erabiltzen den osagaia.
Legamia hautsa edo legami kimikoa Bereziki gozogintzan gasa sortzeko erabiltzen den hauts kimikoa.
Legamia lehorra Okintzan hartzitzeko erabiltzen den legamia liofilizatua edo lehorra.
Lerro erdia edo Juliana erdia Barazki mozketa bat da. 2,5 zentimetro inguruko lerro edo tira finetan barazki bat mozteko moduari esaten zaio.
Lerro zabala edo Chiffonade Barazki mozketa bat da. Hostodun barazkiak lerro zabaletan mozteari esaten zaio.
Lerro edo Juliana Barazki mozketa bat da. 5 zentimetro inguruko lerro edo tira oso finetan barazkiak mozteko moduari esaten zaio.
Limoi krema Gozogintzako krema bat da. Fruta duten tartak, opil eta tartaletak betetzeko erabiltzen da.
Listari edo sukaldeko haria Osagai desberdinak lotzeko sukaldean erabiltzen den ari gogorra.
Loditu Prestaketa likido bati elementu desberdin bat edo batzuk gehituz dentsitatea handitzea.
Lotu Hegazti, haragi edo bestelako prestaketa batek, itxura mantendu dezan edo puskatu ez dadin, listari edo soka batekin lotzea.
Lumatxa Hegaztiek izaten dituzten luma txiki eta finak.
Lumatzea Hegazti bati lumak kentzea.
Lurrezko kazola edo buztinezko kazola Lurrez eginiko ontzia. Prestaketa zehatz batzuetarako erabiltzen da.
Lurrunetan egosteko kazola Hermetikoki itxitako ontzia da. Barruan uraren lurruna presioz sartzen da; hartara, osagaia egosiz.
Lurrunetan egosteko labea Lurrun beroa sortzen duen labea. Bertan osagai desberdinak egosteko aukera izango da.
Lurrunetarako Gastronorm erretiluak Lurrunetan egostekoan erabiltzen diren erretilu zulatuak, Gastronorm tamaina estandarrekoak.
Luzatu edo zabaldu Arrabolarekin ore bat luzatzea.
Lyongo krema Gozogintzako krema bat da. Pasta krema gurin kremarekin nahastuta lortzen da.
Madalena bizkotxoa Gosaritako gehien erabiltzen diren bizkotxoa. Bizkotxo pisutsua da.
Madalena moldea Madalenak egiteko erabiltzen den paperezko moldea.
Mahai beroa Baxera barruan bero mantentzeko edo zerbitzatutako plater, erretilu edo bestelako ontziak denbora batez bero mantentzeko armairua..
Mahuka muturra Mahukaren amaieran jartzen dugun punta txikia. Krema, esne-gain edo ore desberdinei forma emateko.
Mahuka pastak Pasta lehorrak dira, mahukarekin zabaltzen direnak labeko erretiluan.
Mahuka Krema desberdinak zabaltzeko erabiltzen den tela edo plastikozko konoa. Honen irteeran mahuka muturra jarriko da; krema hori guk nahi dugun forman bertatik ateratzeko.
Maldon gatza Arrain ezkaten moduko gatza da eta platerak amaitzeko eta edertzeko erabiltzen da bereziki. Ingalaterrako estuarioetan du jatorria.
Mandolina Barazkiak forma berezi edo zehatzetan mozteko eskuko gailua.
Maneatu Kontu handiarekin mugitu. Osagai edo saltsa desberdinekin entsalada desberdinak ondu.
Margotu Pintzel edo eskuez, koipe, saltsa edo prestaketa likido baten geruza bat ematea.
Maria bainu elektrikoa Maria bainu funtzioa egiten duen mahaia dugu. Iturri baten bitartez urez betetzen da eta hustubidea du. Elektrizitate edo gas bitartez ura berotzen du.
Maria bainua Ur berotan sartzen den ontzia, bere barruan duen elementua berotzeko edo bero mantentzeko.
Marinatu Osagai bat marinada batean denbora bat edukitzea.
Markatu Plater baten prestaketa edo kozinatze faseetan aurrelan bat egitea betiere prestaketa amaitu gabe utziz.
Marmita ertaina Haragi erregosi edo gisatuak talde ertainentzat prestatzeko ontzia.
Marmita finkoa Mugitu ezin den lapiko handia,
Marmita Kazola handia eta altua; kantitate handiak kozinatzeko erabiltzen den lapikoa. Normalean saldak edo egosketa handiak burutzeko.
Mascarpone gazta Italian jatorria duen gazta krematsua.
Matxetea Hezurrak ebakitzeko erabiltzen den labana handia.
Merengea Zuringo eta azukrearekin egiten den gozogintzako krema edo estalkia.
Metalezko eskularru babeslea Ebakitzeko makina elektriko edo labanarekin hezurgabetzeko garaian, eskuak babesteko eskularrua dugu.
Mikrouhin labea Uhin elektromagnetikoen bitartez berotzen duen labea.
Milorri edo hostopila Tradizionalki hostorearekin prestatu izan den pastela izan dugu. Hala ere, gaur egun, milorri geruza ugaritan egiten den prestaketa ugariri ere esaten zaio.
Mousseak, bavaroisak Frantsesez "mousse"-k bitsa esan nahi du. Prestaketa gozo arinei esaten zaie. Bavaroisen kasuan normalean gelatina batekin egonkortzen direnak.
Mozkortu Prestaketa bat likido zaporetsu batekin erruz busti.
Murriztu edo agortu Likido bat sutan utzi, ura edo alkohola lurruntzeko.
Mutur kizkurra Mahukaren muturrean jartzen den punta-kizkurra.
Mutur leuna Mahukaren muturrean jartzen den punta-lisoa.
Muturtxoak Mahukaren puntan, barruko krema edo orea guk nahi dugun tamaina edo forma ateratzeko erabiltzen dugun gailua.
Muturzorrotza edo puntazorrotza Osagai desberdinak, zuritzeko, forma emateko eta mozteko erabiltzen dugun gabineta txiki eta puntaduna dugu.
Nahastura Osagai desberdinen nahasketa.
Natilla finak Natillak loditzeko gorringoa bakarrik (fekularik gabe) erabiltzen den prestaketa.
Neurgailuak Osagai likidoak neurtzeko ontziak.
Ogi moldea Ogi oreak laberatzeko moldea.
Ohe bat egin Plater edo erretilu batean osagai desberdinekin oinarri bat egitea.
Ohola Osagaik gainean jarri eta mozteko edo xehatzeko tresna.
Olo gailetak Oloaren malutak erabiliz gero, oreari oso testura kurruskaria emango dio.
Olo malutak Olo haziak dira egosi, lehortu eta prentsatuak. Hauetako asko gosaltzeko erabiltzen dira.
Ondu Puntuan jartzea; gatza, piper-hautsa edo behar duen osagaia gehitzea.
Ongailua Prestaketa bat puntuan jartzeko beharrezkoak diren osagaiak.
Ontzi elektrikoa Gozogintzako prestaketa batzuk egiteko erabiltzen den ontzi elektrikoa.
Opil gozoa Gozogintzako opilak dira. Gantz ugariko ogi-ore hartzitu eta gozo bezala definitu ditzakegu.
Oragailu elektrikoak Beso baten laguntzaz, gozogintzako eta okintzako ore desberdinak landu eta oratzen dituen gailu elektrikoa.
Oratu Eskuez edo makina mekaniko baten laguntzaz ore bat lantzea, osagaiak bateratuz.
Oratzea Ore bat eskuekin lantzea.
Ore ebakigailua Oreak forma zehatz batekin ebakitzeko tresna.
Ostra irekigailua Ostrak zabaltzeko gailua.
Ozpin-olioa Saltsa bat da, oinarrian ozpina eta olioa duena eta beste osagai ugarirekin nahas daitekeena. Entsaladak edo beste prestaketa ugari ontzeko edo maneatzeko erabiltzen da.
Paella-ontzia Paellak egiteko erabiltzen den ontzi bereizgarria.
Palmera Azukre eta hostorearekin eginiko palmera moduko opiltxoak.
Panettone opila Jatorri italiarra duen ogi gozo eta oso harrotua. Pasak, fruitu azukreztatuak edo likoreak izan ditzake nahastuta.
Papurtu edo birrindu Osagai bat puskatzea, zapaltzea, xehatu arte.
Parrillak Ikatzaren bero zuzenaren bitartez, jakiak erretzeko erabiltzen da. Gaur egun gasezkoak edo elektrikoak ere izaten dira.
Pasta egostekoa Pasta italiarra egosteko lurrean trinko dagoen ontzi handia. Urez betea dagoena eta saski bat duena barruan. Pasta egosteko denborak finkatuak ditu.
Pasta gurpila Pastak edo pizzak mozteko erabiltzen den tresna.
Pasta lehorrak Ore lehorrak eta gorputz handikoak izaten dira; arrabolarekin luzatu eta moztu daitezke.
Pastel erdi hotzak Bi aldetatik irekiak diren moldetan egiten diren prestaketak ditugu.
Pastel krema Tarta, opil edo prestaketa desberdinak betetzeko esneki krema oso tradizionala dugu.
Pastela Gozoak diren prestaketa ugariri esaten zaio
Tarta Ez dago batere argi tarta eta pastelaren arteko desberdintasuna. Ondorio batzuk
Pastelgintzako labea Pastelgintzarako erabiltzen diren labe bereziak. Baxuak dira eta beroa, denean, berdin banatzea dute bereizgarri.
Pastelgintzako mahuka Ore edo kremak bertan sartu eta banatu, zabaldu edo forma emateko tresna.
Perretxikoa Hainbat prestaketa iragazteko garaian bultzatzeko erabiltzen den perretxiko formako tresna.
Pertz edo bola Metalezko katilu handia; osagaiak nahasteko edo irabiatzeko erabiltzen da.
Plantxa Jakiak erretzeko erabiltzen den metalezko xafla lodia. Gasezkoa edo elektrikoa izan daiteke.
Plantxako espatula Plantxan erabiltzen den tresna motz, zabal eta gogorra osagaiak plantxan mugitzeko.
Pomada puntua Gurin bigun urtu gabeak duen dentsitateari esaten zaio.
Presio eltzea Egosaldi luzeak eskatzen duten prestaketak egiteko erabiltzen den kazola. Denboraren laurdenean edo herenean egosten dira osagaiak.
Prestatu Osagai bat kozinatzeko behar dituen aurre-lanak burutzea.
Profiterolak Txuz edo Choux orearekin eginiko opiltxo luzeak.
Puntazorrotza Sukaldeko labana txikia, barazki desberdinak zuritu eta ebaketa delikatuak burutzeko.
Puntuan jarri Prestaketa baten amaieran hau ontzea.
Puregailua Barazkiak pure bihurtzeko tresna.
Sabarina Arrautza kantitate handiagoa duen opil gozoa da.
Sable pasta Sukaldaritzan pasta hau gazia erabil daiteke, bereziki tartaletak edo Quicheak egiteko; azken kasu horretan, gozogintzarako azukrearekin onduta erabiltzen da.
Sableaux bizkotxoa Gurin eta almendra hautsarekin eginiko bizkotxo pisutsua.
Sacher bizkotxoa Txokolate estalkiarekin egiten den bizkotxo errezeta da.
Saint Honoré krema Gozogintzako krema bat dugu. Pastel kremari, merenge suitzarra batuta lortzen da.
Salteatu Koipe pittin batekin su bizian osagai bat kozinatzea, kolorea emanez.
Sardea Punta desberdinak dituen tresna; normalean, osagaiak mugitzeko eta xerratzeko erabiltzen dena.
Saretxoa Gozogintzan prestaketak estaltzeko erabiltzen da.
Sautea Prestaketak salteatzeko erabiltzen den altzairuzko kazola baxua.
Silikonazko azpikoa Ore desberdinak itsatsi gabe laberatzeko, erretilu azpian jartzen dena. Labetik kanpo, karamelu batzuk zabaltzeko ere balio du. Pralinea egiteko adibidez.
Silikonazko moldeak Silikonaz eginiko forma desberdineko moldeak. Oreak laberatzean, ez itsasteko, eta erraz soltatzeko balio dute.
Sobao bizkotxoa Gurin ugariko opila da; bizkotxo txiki karratuak dira. Rona izan dezake.
Sorbete makina Sorbeteak egiteko erabiltzen den makina.
Sorbetea Almibar bat oinarri duen izozkia. Sorbetearen kasuan, oinarria almibar bat izango da, hau da ura eta azukre irakina. Kasu honetan, almibarra izozkiarena baino zerbait dentsoagoa erabiliko dugu. 18-22ºBé edo hari puntu ahulean.
Su baxua edo eztia Berotasun maila apala.
Su bizia Berotasun maila gorena.
Su erdia Berotasun maila ertaina.
Sumendia osatu Sumendi baten forma eman honen erdian osagai desberdinak jarriz. Normalean irinarekin egiten dugu.
Sueztitu Su baxu ertainean, osagaiak koipearekin kozinatzea kolorea eman gabe.
Suflea, coulanta, muselina Momentuan egosi eta jan behar den postre arin klasikoak ditugu.
Suitzar merengea Kasu honetan, zuringoa azukre zuriarekin harrotzen da. Milorriak edo bizkotxoak betetzeko erabiltzen da.
Sukaldeko robota Osagaiak xehatzeko, birrintzeko eta ore bihurtzeko erabiltzen den tresna elektrikoa.
Sutondoak Su eta berotasun zuzena ematen duten sukaldeko makinariak.
Sutu Prestaketa bati alkohola duen edari bat gehitu eta sua ematea.
Tajina Marokoarrek erregosi edo gisatu desberdinak prestatzeko erabiltzen duten lurrezko ontzia.
Taloa Irin mota desberdinekin, gatz eta urarekin egiten diren opil zapal egosiak. Ore baten mozketa zirkularra.
Tarta eraztuna edo uztaia Tarta egiteko erabiltzen den molde irekia.
Tartak egiteko oinarrizko gaileta Tarten oinarriak egiteko gaileta-pasta lehorra izaten da.
Tartaleta moldeak Opil eta pastel gazi-gozo txikiak egiteko moldeak.
Tatin tarta Frantziako sagar tarta ezagun bat dugu. Oinarrian hostorea izaten du.
Teila moldea Bata besteari itsatsitako hodi-erdi moduko molde metalikoa da.
Teilak Gozogintzako pasta xafla fin eta hauskor ondulatua. Normalean, almendra oinarri duen orea da.
Tipula aiztoa, labana edo ganibeta Tipula eta barazki mozketa gehienak egiteko erabiltzen den labana.
Torradak edo ogi galdua Jeneralean, bezperan sobratutako ogiak aprobetxatuz egiten den azkenburukoa.
Triangelua Salda beroaz beteta dauden marmita handiak azkarrago hozteko azpialdean jartzen den triangelu formako oinarria.
Trufa gordin krema Txokolatea eta esne-gaina oinarri dituen betegaia. Biak ongi batu eta hoztu ondoren, txokolate prestaketak betetzeko erabiltzen da.
Tulipak Habia forma duten pastak; askotan, izozkiarekin betetzen dira.
Txaira edo zorrozgailua Labana zorrozteko tresna.
Txigortu Osagai edo prestaketa bati ohiko labean edo grill batean kolorea ematea.
Txinatar iragazkia Saltsa, salda edo krema desberdinak iragazteko erabiltzen den altzairuzko kono formako tresna.
Txokolate bainuak Txokolatea oinarri duten bainu edo estalkiak dira, gurinarekin, ur eta azukrearekin.... Txokolate tartak, pastak, opilak, trufak..... estaltzeko erabiltzen dira.
Txokolate fideoa Fideo txiki formako txokolatea, normalean edertzeko erabiltzen dena.
Txokolate ganatxea edo trufak egosita Txokolatearekin eginiko krema, betegai edo estalki moduan tartak edo pastelak egiteko erabiltzen dena.
Txokolate hautsa Kakaoari gantz gehiena kendu, bahetu eta lehortu ondoren lortzen den hautsa dugu. Prestaketa ugaritan erraz nahastu eta txokolate ukitua eta zaporea emateko erabiltzen da bereziki. Bizkotxoak, saltsak, infusioak..
Txokolate krema Pastel krema bati 40g txokolate estalki gehituz lortuko dugu. Prestaketa mota desberdinak betetzeko.
Txokolate txirbila Txokolate estalki txirbil formakoa, tarta, pastel edo opilak edertzeko erabiltzen dena.
Txutxoa Edo petit choux, Txuz orearekin eginiko opiltxo beteak.
Ukendu puntu edo pomada puntu Gurina epeltasunaren ondorioz bigun egoteari esaten zaio.
Urdaiazpiko, aiztoa, labana edo ganibeta Urdaiazpikoa xerratzeko labana luze eta malgua.
Urritu Likido bat denboran irakin, murriztu dadin eta loditu edo zaporea har dezan.
Urtu Osagai solido bat likido bihurtu.
Vol-au-venta edo Bolobana Osagai gozo eta gazi desberdinekin betetzeko hostore opiltxoa dugu.
Xaflak Elikagai baten xerra finak.
Xarlota-moldea Xarlota edo Charlotteak egiteko moldeak.
Xehatu Edo "Brounoise" berau dugu izen klasikoa. Barazkia xehatzeari esaten zaio. Mozketarik txikiena dugu, normalean sueztitu edo erregosteko erabiltzen da.
Xerratu Osagai bat xerra finetan moztea.
Xerratzeko aiztoa, labana edo ganibet Osagai desberdinak xerratzeko erabiltzen den labana luze eta malgua.
Xukadera Barazkiak, pasta edo beste osagai batzuk garbitu edo egosi ondoren xukatzeko edo iragazteko erabiltzen den tresna.
Xukatu Osagai bati soberako likido edo koipea kentzea.
Zapala Arrain edo haragi xerrak kolpatuz zapaldu eta biguntzeko erabiltzen den tresna. Metal lodia eta pisutsua den pala zapala.
Zapaldu Osagai bat finagoa bihurtzea, zapala edo aizto batekin kolpatuz.
Zarakarra Azal gogorra egitea prestaketa bati.
Zartagin baskulagarria Kantitate handietan kozinatzeko eltzea dugu. Finkoa da eta baskularra. Gisatuak, arrozak edo kantitate handiak frijitzeko erabiltzen da.
Zartagina Frijitzeko salteatzeko, erregosteko edo sueztitzeko erabiltzen den ontzia.
Zatikatu Osagai bat zati txikiagotan moztea.
Ziape, mustarda edo mostaza Haziekin prestatzen den pasta bat da. Haziak, besteak beste, ozpin eta gatzarekin nahastuta egiten da. Haragiekin jateko, ozpin olioak prestatzeko, beste osagaiekin nahastuz ongailu ugari prestatzeko erabiltzen da, eta ondoren osagaia igurtzi egiten da.
Zitriko pasta Zitrikoen zukua erabiliz, pasta hauek oso zapore berezia hartzen dute.
Zizka-mizkak Janaldi baten aurretik, edo prestaketa txiki desberdinak elkarrekin zerbitzatzeari esaten zaio.
Zopa koilara Elikagai likidoak jateko erabiltzen dugun tresna. Neurgailu posible bat, koilara bakoitzak 20-25g ditu.
Zukua Osagai baten barneko hezetasuna, gatzak…
Zurigailua Patata edo barazki desberdinak zuritzeko erabiltzen den tresna.
Zuritu Ur hotzetatik abiatuta, irakinaldi labur bat ematea osagai bati.
Zuritzeko makina Patata asko batera zuritzeko erabiltzen den makina elektrikoa dugu.
Zurrusta motza Likido baten zurrusta 25 mililitrokoa.
Zurrusta luzea Likido baten zurrusta 50 mililitrokoa.
Zurrusta Likido baten zurrusta 25ml eta 50ml artekoa.