Edukira joan

Sukaldaritza liburua/Osagaiak/Gazta

Wikibookstik
(Mozzarela(e)tik birzuzenduta)

Sukaldaritza Liburua


Gazta elikagai solidoa da, esne gazituari, gazura kendu eta heldu ondoren lortzen dena. Gizakiak izan duen kontserbazio metodorik zaharrenetakoa da, soberan geratutako esnearena alegia. Euskal herriko txoko desberdinetan izen desberdinekin ezagutzen duguna: gazta, gasna, gaztaia... Gaztaren kontserbazio tenperatura egokiena 6ºC eta 10ºC bitartekoa da. Eta hezetasun maila %90 eta %95 bitartekoa.

Gaztaren nutrizio balorea

[aldatu]

Gaztaren nutrizio balorea aztertzerakoan asko baldintzatuko du gazta ondua dagoen edo ez. Ondo ondutako gaztak ur gutxiago eta, beraz, proportzioan, mantenugai gehiago izango dituzte. Gazta elikagai moduan jaki osoa da; mantenugai garrantzizkoak ditu: proteina, koipeak eta mineralak nagusiki. Balore biologiko handiko proteina (%25) ugari ditu. Bitaminetan A,D, E eta B taldekoak. Mineraletan: kaltzioa, fosforoa, sodioa, magnesioa eta burdina. Koipe ugarikoa (%33 ondutakoa) eta gainera asea, kontu eduki behar dute kolesterol altua dutenek. Migraina dutenek ere ondutako gaztaren kontsumoa zaindu beharko lukete.

Gazta motak moztuak

Gazta mota desberdinak lortzeko faktoreak

[aldatu]

Gazta mota ugari ikusiko ditugu merkatuan, bakoitza ezaugarri organoleptiko (kolore, usain, forma, zapore, testura) propioekin. Baina zein faktorek ematen dizkio gaztari ezaugarri horiek?

Esne mota

Munduan behi, ardi, ahuntz, bufalo, edo gameluaren esnea dira gazta egiteko erabilienak. Bakoitzak bere ezaugarri eta osagai propioak ditu, esaterako, koipea, zaporea, usaina, mineralak.... eta horiek gaztaren amaierako emaitza baldintzatuko dute.

Esneari emandako bero tratamendua

Esne gordina, pasteurizatua edo esterilizatua erabiltzeak esnean dauden mikroorganismo kopurua eta ezaugarri organoleptikoak aldatuko ditu eta beraz gaztaren bukaerako emaitzan ere eragina izango du.

Esnea gazitzeko erabilitako osagaia

Esnea koagulatzeko edo gatzatzeko erabilitako osagaiak, limoia, ozpina, gatzagi naturala, kimikoa, landare gatzagia,..bakoitzak zapore, azidotasun maila, testura, kolore, usain bat edo beste emango dio bukaerako emaitzari.

Azala egiteko erabilitako osagaiak

Behin esnea gatzatu eta gazura kendu ondoren lortzen dugun lehen gazta freskoari aplikatzen dizkiogun osagai eta tratamenduak, gatz ura, espezieak, belar usaintsuak, bestelako ongailuak, ketzen ditugun edo ez.....

Ontzeko erabilitako denborak eta tokiak

Gazta freskoa lortu eta azala egiteko emandako tratamendua eman ondoren, bakterio, lizun onuragarriak, esnea azidotzeaz arduratzen dira. Gazta gehienen bakterioak ehundura eta zaporea definitzerakoan ere zeregin garrantzitsua dute. Batzuek lizunak ere badituzte, bai kanpoko azalean, bai barrualdean. Ontzen emandako denborak eta tokiak prozesua baldintzatuko du.

Ontze denboraren arabera mota desberdinak

[aldatu]
Kataluniako pirineotako gazta oso zaharra

Gazta berria

[aldatu]

Ore biguneko gazta da, alegia, esne gazur kopuru handia eta ontze prozesurik ez duen gazta. Nagusiki denboraldi hasierako gazta izaten da. Guk askotan Burgozko gazta moduan ezagutzen dugu. Gazta mota honen ekoizpena sinplea da, esnea gatzatu eta mamitu ondoren, puskatu eta iragazi. Presioa eginez, soberan duen gazura kendu. Kontuz, presioak ez du gehiegizkoa izan behar eta gainera gazta berriak beti hezeak mantendu behar ditugu. (%-60-80ko urarekin), honek kontserbatzeko nahiz urrutira garraiatzeko oso zailak izatea dakar. Ez dira ontzen eta bere horretan jaten dira, fruituekin, azukre eta eztiarekin, entsaladetan....

Gazta ondua

[aldatu]

Ontzeko, gazta berria zahartzen utzi behar da. Prozesu horretan gazta lehortzen da eta kontserbatzeko teknikak eta osagaiak aplikatzen zaizkio, esate baterako, gatz ura edo ontzutzeko osagai desberdinak ematen zaizkio. Gazta bat ondua izan dadin denbora ez da beti bera izaten. Gazta ontzen den bitartean ohikoa da tarteka azala eskuilatu eta deformatu ez dadin buelta ematea. Prozesu hori dela eta, gaztaren testura gogortu eta lehortu egiten da eta zaporearen intentsitatea handitu. Pertsona batzuei zapore oso intentsuak gustatzen zaizkie eta beste batzuei leunagoak. Horregatik, erraza da gazta ondu beraren mota ezberdinak aurkitzea, adibidez, samurra, erdiondua, ondua eta zaharra.

Gazta samurra: 30 egun bitarteko ontze denbora dutenei esaten zaie.

Gazta erdiondu: 1 eta 3 hilabete tarteko ontze denbora dutenei esaten zaie

Gazta ondua: 3 eta 6 hilabete tarteko ontze denbora dutenei esaten zaie.

Gazta zaharra: 6 eta 9 hilabeteko tarteko ontze denbora dutenei.

Gazta oso zaharra: 9 hilabetetik gorako ontze denbora dutenei.

Gazta urdina

[aldatu]
Euskal Herriko gazta urdina

Behi, ardi eta ahuntz esneko gazta batzuek euren oreetan penicillium lizun haziak dituzte; batzuetan gehitu egiten zaizkie, eta horregatik, gaztari barrutik eta kanpotik urdin eta berde-grisaxka arteko lizun bereizgarriak sortzen zaizkio. Gazta urdinak erregulatutako tenperatura duten tokietan ontzen dira, soto edo leizeetan kasu. Batzuek jatorri izendapen babestua dute: Roquefort Stilton, Bleu des Causses, Valdeón, Gorgonzola......... gaztak kasu. Gazta talde honen ezaugarri orokorren artean, garratza, eta pixka bat gazia den zaporea izatea da. Usaina orokorrean oso bizia da, mina izateraino. Normalean ogi txigortuan zabalduta jaten da. Saltsak, entsaladak eta pizzak laguntzeko ere erabiltzen da.

Gazta-krema

[aldatu]
Gazta krema

Gazta berriari esne gaina nahastuta lortzen den gazta mota bat da. Normalki, gosari, askari eta aperitiboetan jaten da gazta mota hau, ogi txigortuan zabalduta. Azkenburuko ugari prestatzeko ere erabiltzen da. Nagusiki bere jatorrizko aurkezpenaz jaten da, baina beste hainbat gazta-krema mota ere badaude, light ( kaloria murritzekoa) edota zaporea dutenak (baratxuria, tipula, xingarra, piper mina, gazta urdina, eta abar).

Gaztanbera

[aldatu]
Gaztanbera

Esne industrian beste gaztak egiteko soberan geratzen diren gatz-urak ondo iragazi eta ateratzen den gaztanbera aprobetxatuz egiten da. Munduan zehar saltzen den gaztanbera edo ricota bezala saldua. Bigarren tratamendu batean, gatza gehitu eta lehortu, gazta fresko pikordun bihurtzen da. Gaztanbera ezagunak: Encella, Khoya, Mató, Requeijao, requeson de trapo, Ricotta.

Gazta motak esnearen arabera

[aldatu]
Gazta motak

Behi gazta

[aldatu]

Gehien produzitzen den esnea da eta, beraz, munduan gazta gehien esne mota honekin egiten da. Behi esneak beste esneen aldean koipe gutxiagoa du, gazta krematsuagoak eta leunagoak egiteko erabiltzen da. Esne honekin, jeneralean, gazta freskoak edo samurrak egiten dira. Gazta onduak egin badaitezke ere, horiek normalean beste esne batzuetarako uzten dira edo beste esne batzuekin nahastu ondoren burutzen dira. Euskal Herriaren geografian arruntena ardiaren esnea erabiltzea bada ere, saltzen ez den eta soberan geratzen den behi esneaz ere gero eta gazta gehiago ekoizten da. Antzera lantzen dira, freskoa izan ezik, eta urte osoan egin badaitezke ere, udakoak izan ohi dira onenak, orduko belardiak ugari eta aberatsak baitira.

Ardi esnearekin egindako gaztak

[aldatu]

Ardi esneak behi gaztak baino koipe gehiago eta ur gutxiago du; beraz, bukaerako emaitza koipetsuagoa izaten da. Tenperatura epeletan, azalean ikusten den koipea ardi gaztaren bereizgarri bat da. Normalean, ardi gaztaren testura oso konpaktua izaten da. Gaztaren ontze denborak asko aldatzen du bere zapore eta usainean, zenbat eta zaharragoa, orduan eta zapore gogorragoak eta lurrin bereziagoak. Euskal Herrian, 7 lurraldeetan ardi gazta oso kalitate onekoa dugu; toki heze eta lehorretan ekoizten dugu. Gure herriko gaztarik garrantzitsuenak ardi esneaz egiten dira, baina jatorrizko izendapena dutenez gain, bestelakoak ere tradizio handikoak dira. Ezin dugu Lapurdiko Ahurti herrian dugun Belokeko Abadiako monjeek egiten duten gazta aipatu gabe utzi, oso ondua (sei hilabete), koipetsua (%60) eta tamaina handikoa (5 kg.), baina guztien gainetik bakarra bihurtzen duena azukre moduko zapore goxoa da. Zuberoakoa eta Behe Nafarroako edozein herritakoa, Idiazabalgoa, Gorbeiakoa, Urduñakoa, Karrantzakoa, Aralarkoa, Entziakoa, Lea-Artibaikoa, Erronkarikoa, Ultzamakoa, Urbasakoa, Andiakoa, Lantzekoa, Oiartzungoa, Baztangoa, Bardeakoa......Euskal Herrian ardi esnearekin egindako gazta dugu errege. Normalean, bere horretan ogiarekin bakarrik jaten da eta gustuko dutenek ardo beltz on batekin. Birrinduta, pizzetan, pastarekin, entsaladan edo gratinatuta bikaina da.

Ahuntzaren esnearekin egindako gaztak.

[aldatu]

Behi eta ahuntzaren esneek koipe kopurua antzekoa dute, ahuntzarenak gehiago badu ere, eta zapore garratzagoko gaztak izaten dira. Ardi esnearekin konparatuz, ahuntz esneak koipe gutxiago du eta bere testura desberdina da. Gazta gazteetan testura krematsuagoa eta zaharragoetan berriz lehorragoa da. Ahuntz gaztak behi eta ardi gaztaren aldean, zapore azidoagoa du eta lurrin oso berezia. Ardi gaztak baino laktosa gutxiago duenez, urdailerako eta digeritzeko errazagoa da. Euskal Herrian gazta hauek ohikoagoak dira iparraldean hegoaldean baino gehiago, nahiz eta orotara bere ekoizpena txikia izan. Iparraldean motarik ezagunena “Crottin” delakoa da, ontze epealdi ezberdinetan jan daitekeen gaztetako bat. Freskoa lehenago eta krematsuagoa beranduago agertzen baita. Zenbat eta onduago, orduan eta zapore indartsuagoa du. Ahuntz gazta jateko modurik egokiena bere horretan da; bestela, pizzak, pastak, entsaladak, plantxan.... jan genezake. Gazta berotzean bigundu egiten da, baina ez behi gazta askoren antzera, horregatik plantxan edo labean asko erabiltzen da.

Bufaloaren esnearekin eginiko gazta. Mozzarella.

[aldatu]
Mozzarela gazta

Mozzarella gazta produktu soila da, oinarrian hiru osagai baizik ez dituelako: bufalo-esnea, gatzagia eta gatza. Hala ere, gaur egun behi esnearekin egindakoa, Mozzarella izenarekin ere merkaturatzen da. Bufalo-esnearen ekoizpena urria denez, garestia gertatzen da, bufalo batek egunean bederatzi bat litro esne ematen ditu, behiaren herena, kasik. Mozzarella gazta onak hiru baldintza bete behar ditu: urtzea, luzatzea eta gainerretzean ongi erantzutea. Labean berotzean urtu egiten da, malgu bihurtzen da eta horri esker egin da preziatua gazta hau. Mozzarella gazta berria izaki, beti hotzean kontserbatu behar da. Mozzarella tradizionala ez industrializatua egiteko modua oso berezia da eta esku lana eskatzen du, gazta gatzagiarekin moztu ondoren, mamitutako zatiak moztu eta ur berotan sartzen dira, berotasun horrek, mami hau bildu eta pilota udare moduko bat sortuko du, oso tirantea, ondoren ur gazituetan sartzen da denbora batez. Era tradizionalean eta bufalo-esnez eginiko mozzarella gaztak behi-esnez eginikoak baino garestiagoak dira, gantz eta kaloria gehiago daukate. Gazta fresko moduan jaten da, entsalada (caprese entsalada), lasagna, kaneloi eta pizzen prestakuntzetan, ohiko osagai bilakatutakoan, aski kontsumo masiboko produktu bihurtu da.

Gaztaren erabilera sukaldaritzan eta gozogintzan.

[aldatu]

Bere horretan jateko: Gazta ehuneko altu batean bere horretan jaten da, ogiarekin, ogi txigortuarekin, marmelada, fruitu desberdinekin, fruitu lehorrekin edo mota guztietako gozoekin, lehen plater moduan edo azkenburuko moduan. Gurean ohikoa da sagardotegietan irasagarrarekin aurkeztea. Birrinduta: Pizzetan, pastarekin edo bestelako prestaketan gainetik jarri eta labean egin edo gratinatzeko. Entsaladak hornitzeko: Gaztanberak, freskoak, samurrak edo ondutakoak bereziki, birrinduak, xafletan edo karratuak. Pastak betetzeko:Ravioli tortelliniak, pansotiak, Cappellettiak betetzeko gaztak, fresko, urdin edo ondutakoak aukera ona dira. Saltsa ugari prestatzeko: Esne gaina edo haragi saltsa batekin nahastuta, gazta urdin edo ondutakoekin saltsa zaporetsu ugari presta daitezke. Fondue egiteko: Alpeetako mendi aldean du jatorria, gazta caquelon kazolan urtu eta bertan haga baten laguntzaz ogia edo haragi zatiak sartuta eta jateko. Gozogintzan: Berriz gazta freskoarekin edo kremazkoarekin, gazta tarta egiteko, sufleak, bavaroiseak edo mousseak egiteko erabil dezakegu gazta.

Izendapen desberdineko gaztak.

[aldatu]

Ehunka gazta mota daude. Euren estilo eta zapore ezberdinak bakterio eta lizun espezie ezberdinen erabileraren emaitza dira, esne gain mailaren araberakoak, ontze denboran izandako aldakuntzen, jarraitutako tratamenduen eta erabilitako esnearen araberakoak. Esne mota, esne hori lortutako animalien elikadura, esnea pasteurizatuta egon edo ez, esnea gatzatzeko erabilitako osagaia. Esne mota nolakoa, gaztaren ezaugarriak halakoak!

Euskal Herrian ekoizten diren edo bertako esnea erabiliz ekoizten diren gazta ezagun batzuk

[aldatu]
Erronkariko gazta
[aldatu]

Erronkariko gazta Nafarroako Pirinioetan egindakoa da, eta 1981etik aurrera jatorri izendapena du. Gaur egun ekoizle nagusiak Uztarroze, Izaba, Erronkari, Bidankoze, Garde eta Burgikoak dira. Latxa ardi arrazako esne gordinarekin egiten da (eta zerbait, Rasa arrazako ardi-esnearekin), neguan eta udaberrian, batez ere. Gutxienez, lau hilabetez eduki behar da ontzen. Zapore sendoa du, ondu ondoren zertxobait mina eta koipetsua, baina goxoa. Mozketa hauskorra du, eta zuria, marfil-kolorekoa, baina horira jotzen du. Begi txikiak ditu era desberdinean banaturik. Molde zilindriko trinkoan ateratzen da; azala nabar iluna du, eta alde guztiak leunak dira. Erronkariko gazta alearen pisua 1 eta 3,5 kilo artekoa izaten da. Etiketa komertzialaz landara, kontraetiketa bat ere eraman behar du bere zenbakiarekin, lakrezko zigilu bat balitz bezala, eta hauxe idatzirik: “Erronkari Jatorrizko Deitura”. Horrek erran nahi du gazta kontrolpean egon dela egin den bitartean, eta gazta, gainera, abendutik uztailera bitarte egin dela, biak barne.

Idiazabal gazta
[aldatu]
Ondutako Idiazabal gazta

Jatorri Deitura 1987an sortu zen, Idiazabal gazten benetako egileentzat gordetako merkatua defendatzeko, eta kontsumitzaileei kalitatea bermatzeko. Nafarroan eta Euskal Autonomi Erkidegoan ekoizten dira. Izendapen deiturak esnearen jatorria eta gaztaren kalitatea kontrolatzen ditu, ikuspegi fisiko-kimikoaren eta osasunaren (esnearen purutasuna, nahasketarik ez izatea, koipea, bakterio patogenoak, etab.) zein gustuaren aldetik. Horretarako, dastatzaileez osatutako dastatze batzorde bat dago, eta haien esperientziak gazta honen ezaugarri tipikoak kontrolatzen ditu. Kontseilu Arautzaileak bermatzen du baldintza guztiak betetzen direla, eta produktua banda gorri batekin eta etiketaren zigiluarekin ziurtatzen du. Hauek dira Deituraren berme nagusiak: Esnea eta gazta Euskadin eta Nafarroan ekoizten dira, Erronkariko harana osatzen duten udalerrietan izan ezik. Ardi latxaren eta Karrantzako ardiaren esnea erabil daiteke soilik, nahasketarik gabe eta pasteurizatu gabe. IDIAZABAL gaztak bi hilabetez ondu behar dira gutxienez. % 45 koipe-edukia izan behar dute, estraktu lehorraren aldean. Gaztak osasun-azterketak eta proba organoleptikoak gainditu behar ditu. Deituraren baitako gaztek zenbaki bat daramate azalean. Gaztek baldintza horiek guztiak bete behar dituzte halabeharrez, Idiazabal markaren bereizgarria –banda eta armarria– etiketan eramateko.

Belokeko abadiako gazta
[aldatu]

Belokeko abadia Ipar Euskal Herrian kokatuta dago, bertan ekoizten den ardi gasna bat da izenak dioen bezala. Fraide beneditarrek ekoizten dute. Esne egosiarekin egiten den gazta erdigogorra, da, zapaldutakoa eta azal naturalekoa. Gazta bakoitzak 25 zentimetroko diametroa, 11 zentimetrozko lodiera eta 5 kilogramoko pisua izaten ditu. Heltzen 6 hilabete egiten ditu. Ahogozo sendoa du. Ardi manex burugorri edo ardi manex burubeltz esnez egindakoa, gertuko Ossau-Irati ez bezala ez du jatorrizko izendapenik.

Amalur gazta.
[aldatu]

Karrantzako artzain gazta da, produktu naturala eta eskuz egina. Bere aroma eta zaporea ardi gazta benetakoarenak dira, Karrantzako ardi mutur gorri eta beltzen arrazako esne gordinaz egina.

Ozaze- Irati gazta
[aldatu]

Ozaze-Irati Ipar Euskal Herriko ( Ahurti, Donibane-Garazi, Atharratze...) eta Biarnoko ardi gasna bat da. Frantziar jatorri deitura kontrolatuan da 1980tik eta Europar Batasunaren jatorri deitura babestua du 2003tik. 1.700 ekoizle hartzen ditu bere gain. Ardi manex burugorri, ardi manex burubeltz eta euskal-bearnotar ardiek ematen duten irakin gabeko esnearekin egiten da gazta hau. Pasta prentsatua eta oso gurintsua, lisoa da, fruta zaporea du eta bere azala kolore laranja edo hori usaintsua du. Gazta txikiak 500 eta 2000g artekoak dira; ertainak 3,4 kilokoak eta handiak, berriz, 5, 6 edo 7 kilokoak. Ozaze-Irati kg bat egiteko 5-6 litro esne beharko dira. Gazta txiki edo ertain batentzat ontzeko denborak pisuaren arabera 80-120 egunekoa izango da, eta gazta handi batentzat 120-150egunekoa. Koipe kopurua %50 eta gehienez %58 tartean ibili behar du. Ontze denboran gaztak maiz bueltatu eta eskuilatzen dira. Lan honetarako ur gazitua eta ontzeko hartzigarriak erabil daitezke. Ardiek esnea, azarotik uztaila bitarte ematen dute eta beraz gaztarik onenak maiatzetik abendura bitartekoak izaten dira.

Guriezoko gazta
[aldatu]

Kantabria eta Euskal Herri inguruan burutzen den gazta, zehatzago Guriezo osatzen duten herri txikietan eta Enkarterriak Karrantzako bailarako herrietan. Karrantza-gurienzana ardi arrazaren esne gordinarekin burutzen den gazta. Gazta samurra edo ondutakoa aurki genezake. Gazta zilindrikoa dugu, eta alboak borobilduak ditu. Azal gogor eta horixka du, lizunik gabea freskoetan eta lizun pittin batekin ondutakoetan. Ore konpaktua, begi oso txikietan eta kolore zurixka samurretan eta horixka ondutakoetan. Samurretan ore leunagoa, ondutakoak lehorragoak eta puskatzeko errazagoa. Ardi gazta zaporetsu eta usaintsua da, azido puntuarekin, normalean bere horretan jateko

Munduko gazta ezagun batzuk

[aldatu]
Afuega el pitu (Asturias)
[aldatu]

Asturiaseko gaztarik zaharrenetako eta zabalduenetako bat da. Lau barietate edo mota saltzen dira: Atroncau blancu, Atroncau roxu, Trapu blancu eta Trapu roxu azken hau piper mina duena. Forma eta kolore desberdinekoak, trapu batean bilduta hartzen duen formakoa da bereziena.

Asiago (Italia)
[aldatu]

Behi esnearekin eginiko gazta. Vicenza probintzian Benetoneko eskualde eta Asiago hiriaren inguruan burutzen den gazta dugu. Europako jatorri izendapena du.

Arzúa-Ulloa gazta. (Galizia)
[aldatu]

Galiziako behi esnearekin ekoitzitako gazta bat da. Arzuako eskualdean eta Ulloako eskualdean ekoizten da eta jatorrizko izendapena du. Lugoko gazta, Chantadako gazta eta Curtisko gazta izendapenak ere badauzka. Gazta samurra edo ondua jaterik badago ere, lehena da gehien jaten dena. Krematsua, ongi urtzen da, normalean bere horretan gozoren batekin dastatzen da.

Banon gazta. (Frantzia)
[aldatu]

Kali Banon Proventza garaiko Alpeak departamenduko antzinako errezetetan oinarrituta ekoizten den txikia da. Bere izendapena Lure eta Ventor udalerrien artean kokatzen den Albion ordekako herri txiki batetik dator. Behi esne gordinez eginiko gazta bat da, 6tik 7 zentimetrotako diametroa du eta ehunen bat gramoko pisua.

Bleu gazta. (Frantzia)
[aldatu]

Okzitanieraz Blau d'Auvèrnhe) frantziar estatuan ekoizten den gazta urdina da, eta Auvernia eskualdean behi gordinarekin ekoizten da. Antzina, gazta bolak eskualdeko leize-zuloetan utzi ohi ziren, eta haietan pixkanaka pixkanaka ontzen ziren. Gaur egun prozesua findu egin da, lauren bat aste irauten ditu eta leize fresko eta hezeetan gauzatzen da. Zapore bizi eta aromatikoa duen gazta da, Auvergneko urdinak lur bolkanikoetan hazitako belarren zaporea du. Bere dastaketa garai onena uztailetik abuztura izaten da, baina apiriletik irailerako denboraldian ere zapore onekoa izaten da. Bere oreak nolabaiteko zapore mikatza du, dituen gatzak direla eta.

El Bel Paese (Italia)
[aldatu]

Italian behi esnearekin egiten den gazta samurra dugu.

Brie gazta. (Frantzia)
[aldatu]

Ore biguneko gatza da, behi esne gordinez egina. Frantziako Brie lurraldean du jatorria, egun Sena eta Marne departamenduan, eta hortik datorkio izena. Frantzian badu jatorria ere gaur egun mundu osoan zabalduta dago eta gehien ekoizten den gaztetako bat dugu. Esne gordinarekin egiten den gazta dugu, Estatu Batuak eta Australiako salbuespenarekin, horietan esne pasteurizatua erabili ohi da. Peniccillium candida lizunak osatu eta erabat jangarria den azal xamur batez estalita dago. Azala ontze denboran sortzen da, eta marfil edota hori kolorea du. Egitura krematsua eta zapore finekoa da; halere, ontzen doan heinean zaporeak bizitzera egiten du eta nolabaiteko amoniko usaina hartu.

Gazta motak
Burgosko gazta (Gaztela)
[aldatu]

Espainiar gazta bat da. Jatorrian ardi esnearekin egiten bazen ere, gaur egun gehiena behi esnearekin burutzen da eta batzuek ardi esnearekin nahastua ere egiten dute. Gazta berri, bigun eta fresko bat da. Gaztela eta Leon Autonomia Erkidegoko Burgoseko probintzian ekoizten da. Normalean, bere horretan fruituekin edo gozoekin edo entsaladetan ere jaten da.

Beaufort gazta (Frantzia)
[aldatu]

Savoia inguruko bailaretan behi esne gordinarekin egiten den gazta dugu. 1968. urtean Europako jatorri izendapena lortu zuen. Gruyere familiako gazta mota bat da.

Cabraleseko gazta edo Cabrales gazta ( Asturias)
[aldatu]

Asturieraz Quesu de Cabrales. Behi, ardi eta ahuntz esnearekin egiten den gazta urdin mota bat da. Zapore oso bizia eta usain indartsukoa da. Cabrales udalerriko eta Peñamerella udalerriko herri batzuetako bereizgarria da. Heltze prozesua Europako mendietan dauden leize naturaletan egiten da. Leize horietan, hezetasun erlatiboa %90ekoa da eta tenperatura 8 eta 12º bitartekoa. Baldintza horietan, gaztan Penicillium motako lizunak garatzen dira, gazta urdin guztien hain bereizgarriak diren zerro urdin-berdexkak ematen dizkiotenak. Prozesu horrek bi eta lau hilabete bitartean irauten du, eta horien buruan artisauak gazten posizioa aldatzen du aurpegietako bakoitza gazitzeko. Denbora horretan gaztak astigar hosto hezetuz estaltzen dira (higiene arrazoiengatik jada egiten ez dena). Azken produktuak bi eta bost kilo arteko pisua hartzen du.

Cambozola gazta (Alemania)
[aldatu]

Krema hirukoitzeko gazta bat da, behi esnez egindakoa, leunki heldutako krema hirukoitzeko frantziar gaztaren eta gorgonzola italiarraren arteko uztarketa bat. Champignon izeneko enpresa alemaniarrak patentatu eta ekoitzi zuen mundu mailan 1970 hamarkadan. Gazta, (jatorrian Bavaria blu deitua), 1900 inguruan sortua izan zen, eta oraindik ere ekoizten du Bergader familiak Bavariako Chiemgau eskualdean. Gorgonzola, roqueford edo stilton gaztak egiteko erabiltzen den lizun bera erabiltzen da, pecillinium roquforti. Esneari esne gaina gehitzen zaio, cambozola gaztari trinkotasun gozo bat ematen diona. Gazta honen azala camenbert gaztarenaren antzekoa da. Oreak trinkotasun leun eta homogeneoa du, kolore hori arinekoa. Cambozolak, gorgonzolarena edo camembertarena baino leunagoa den zapore bereizgarri bat du. Gazta honen izena, dirudienez, camembert eta gorgonzolaren arteko akronimo bat da, bere zaporeak camembertaren krematsu gozo eta hezea gorgonzola urdinaren garraztasunarekin uztartzen baititu. Mahai gazta bezala edo kanapeetan jaten da.

Camembert gazta. (Frantzia)
[aldatu]

Frantziar jatorriko gazta bigun, koipetsu eta leuna da. Gazta honentzako izendapen orokor bat da, eta gaur egun mundu osoan ekoizten da. Frantziak ez du Camenbert izendapen orokorrerako babesik eskatu, baina bai berezia den batentzat: Normandiakoa Jatorriz camembert gazta Frantziako Normandiako behe eskualdean dagoen Orne departamentukoa da, eta zehatzago, Camembert herrikoa. Camembert izen soilarekin ekoizpen industrialeko gazta izendatzen da. Camembert fermier bat, aldiz, espezifikoki Normandian ekoitzitako gazta bat da. Hala ere, Camembert izenarekin mota oso desberdin ugari ekoizten dira. Behi eta txuri koloreko lizun azalez estalitako gazta bat da. Ore zurixka, tinko eta malgua du. Zahartu edo ontzean zapore bizia bereganatzen du. Plater ugaritan erabil daiteke, baina ohikoena gordinik eta ogi xerra baten gainean zabaldurik jatea da, bere zapore eta egitura finak ez baitu berorik jasaten.

Cebreiroko gazta.( Galizia)
[aldatu]

Galiziako behi esnez ekoitzitako gazta fresko bat da. Jatorriko izendapen babestua du eta Lugoko probintzian ekoizten da. Baralla, Becerrea, Folgoso do Courel, Cervantes, Navia de Suarna, As Nogais, Triacastela eta Pedrafita do Cebreiro udalerrietan. Jeneralean, bere horretan gozoren batekin edo entsaladako.

Cheddar gazta (Ingalaterra)
[aldatu]

Ingalaterrako hego-mendebaldeko Somerset eskualdean ekoiztu ohi den gazta da, jatorria izen bereko Cheddar udalerrian du. Jatorrizko cheddar gazta konderrietako esnez ekoiztutakoa da (Somerset, Devon, Dorset edo Kornualles), eta jatorri izendapenak "West Country Farmhouse Cheddar" izena jasotzen du. Egitura nahiko gogorra eta kolore horixka ditu. Behi esnez egina da, gehienetan pasteurizatua. Cheddar gazta, munduko herrialde askotan ekoizten da, eta kontsumoa oso hedatuta dago mundu osoan. Sandwich eta hanburgesetan oso ohikoa den gazta da. Entsaladetan, pastarekin eta pizzarekin ere jan daiteke.

Cheshire gazta. (Ingalaterra) eta ( Gales).
[aldatu]

Ingalaterrako Cheshire eta inguruko beste lau konderrietan eta 2 Galeskoak. Behi esnearekin egiten da eta cheshiere eta hilabete 1 eta bi artean ontzen da. Landare gatzagiarekin esnea moztu ondoren, irakin egiten da, modu honetan pinporta txikiagoak lortzen dituzte. Historia handiko gazta da eta oso aitzinakoa. 3 modutan saltzen da, zuria hau da gehien saltzen dena eta ezagunena , gorria anatona erabiliz koloratzen dutena eta urdina lizunak gehituz lortzen dena.

Cottage gazta. (Ingalaterra)
[aldatu]

Gazta berri edo gaztanbera taldean sar dezakegu, behi esnea moztu ondoren gatz ura kendu, mamia garbitu ( gatzari zaporea kentzeko) eta prentsaturik ondu gabe jaten dena. Ingalaterran ekoizten da. Gaur egun koipe kopuru desberdinekin burutzen da merkaturatzeko. Gazta tartak egiteko, fruituekin, ogietan zabaltzeko entsaladetan, pastak betetzeko.... erabiltzen da.

Danablu gazta. (Danimarka)
[aldatu]

Danablu Danimarkan egiten den gazta bat da eta jatorri izendapen babestua du. Gazta urdina da. Roquefort gazta imitatu nahian sortu zen baina hura baino leunagoa da danablu gazta. Behi esnez egina dago, forma zilindrikoa du eta gazta nahiko biguna da. Azala zurixkatik horixka bitartekoa da eta oreak begi txikikoak ditu. Ondu aurretik, barrak erabiltzen dira sortu den gatzatua zulatu eta hala lizuna penicillium roqueforti gazta osoan zehar uniformeki banatzeko. Zuloak oraindik ikus daitezke amaitutako produktuan mozten denean. Danablu gazta, gutxienez sei asteko heltzea izan arte ez jatea gomendatzen da, hala bere ezaugarri guztiak lor ditzan; hala ere, jeneralean, 8 eta 12 aste bitarte arte uzten da heltzen. Sarri txiki-txiki egina entsaladetan, frutarekin, ogi txigortuan zabaldurik, pizzetan, gazta saltsa egiteko..... erabiltzen da.

Edam gazta (Herbehereak )
[aldatu]

Behi gazta pasteurizatuarekin burutzen da. Nederlanderaz Edammer, Herbehereetako mota bat da, jatorriz Edam-Volendam eskualdekoa, Edam hiriaren izena darama. Edam gaztak usadioz forma esferikoa du, barnealde hori zurruna eta kanpoaldea parafina gorriz estalirik saldu ohi da. Horregatik, kontserbazio ezaugarri onak izateaz gain, bidaia luzeetan ongi mantentzen da. Gutxienez 5 eta 17 asteko ontze tartea izaten du. Bere horretan ogi txigortuarekin edo fruituekin batera zerbitzatzen da. 800 g-ko gaztetatik 2,5 kilogramotarainokoak aurki genitzake.

Gazta motak
El Appenzeller o Appenzel ( Suitza)
[aldatu]

Suitzako Appenzell eskualdean jatorria duen gazta bat da. Behi esnearekin egina. Appenzeller Switzerland markarekin saltzen da. 6 eta 8 kg arteko gaztak izaten dira. Gutxienez 3 hilabeteko ontzea du eta azala belar desberdinekin ontzen da. Gaur egun gazta marka honekin mota ugari egiten dituzte, ondutakoak, ekologikoak, ....Ore horikoa eta oso konpaktua da. Fondue egiteko erabiltzen da edo osagaiak gaztaz estali eta urtzeko ere bai. Bere horretan ere jan daiteke.

Emmental gazta( Suitza)
[aldatu]

Suitzar jatorriko gazta bat da, Gruyere gaztaren antzekoa, behi esnez egina, oso bereizgarriak diren zuloekin. Gazta suitzar alpetar bat da, Emme haranean jatorria duena. Emmental izendapena, gazta mota hau izendatzen duen izendapen orokor bat da, ekoizpen tokia kontuan hartu gabe; horregatik, izen horrekin mundu guzian ekoizten da . Arrazoi horregatik Jatorrizko gazta Emmentaler AOC deitzen da, beste guztietatik ezberdintzeko. 2 eta 6 hilabete artean ontzen da. Bere formaren arabera pisua gutxienez 30kg eta 50kg da, baina 100kg tik gorako gaztak ikus ditzakegu. Bere ezaugarririk nabarmenena begi edo zulo biribilak dira, elaborazioan zehar harrapatuta geratu diren aire burbuilek sortuak; eta burbuila horiek karbono dioxido arrisku gabeak eraginak izan dira. Kopuru aldagarrian eta erregularki banatuak agertzen dira. Euren tamainari dagokionez, 1 eta 3 zentimetro bitarteko diametroa dute. Bere zaporea eta usaina leuna da, intxaurraren antzekoa. Heltzeak elaboratua izan denetik hirurogei egun eskatzen ditu gutxienez.

Bere horretan, gratinatzeko, urtzeko fondue egiteko, entsaladetan jan dezakegu.

Garrotxako gazta. (Katalunia)
[aldatu]

Katalanez formage Garrotxa o de pell florida. Kataluniako Pirinioetako Ahuntz gazta tradizionala da, ia desagertua izan zena eta berreskuratu dena. Normalean, 4 eta 8 astez koba zuloetan ontzen dena eta beraz lizuna duena. Azal gris eta urdin kolorekoa, eta gazta txikiak izaten dira normalean 750g ingurukoak.

Fruta eta fruitu lehorrekin bere horretan jaten da, ogi txigortuarekin eta kopa bat ardorekin.

Gorgonzola gazta. (Italia)
[aldatu]

Italiako gazta urdin mota bat da. Jatorriz, Lonbardiako Gorgonzola eskualdean burutzen da. Behi esne pasteurizatuaz egin ohi da. Maiz Italiako gastronomiako plater askotan osagai gisa erabiltzen da. Europako jatorri izendapena du. Gorgonzola, roqueford edo stilton gaztak egiteko erabiltzen den lizun bera erabiltzen da, pecillinium roqueforti. Gazta oso leuna eta krematsua da eta ogi txigortutan zabaltzeko bikaina. Bi mota aurki genitzake, minagoa, zapore gogorragokoa eta gozoagoa edo leunagoa.

Gouda gazta. (Herbehereak)
[aldatu]

Nederalanderaz Goudse kaas, Goudako gazta. Jatorriz hego Holandako eskualdekoa, Gouda hiriaren izena darama. Jatorri izendapena badu "Gouda Holland" hala ere gouda izenarekin mundu osoko gazta zabalduenetako bat da. Behi esne pasteurizatuarekin burutzen da. Azal hori gogorrekoa, argizaria, parafina eta olio begetalarekin kolore gorrizka emanez askori. Oreak kolore horixka du, eta ontze denboraren arabera lurrin eta zapore handiagoa izan dezake. Bere horretan ogiarekin, entsaladetan, pizzetan birrindua....

Gruyere gazta (Suitza)
[aldatu]

Suitzako mota bat da. Jatorriz, Friburgo kantonamenduko Gruyere hiri eta barrutikoa da. Egositako behi esne osoz egindako gazta gogor bat da, eta ondorengo pasta prentsatu egiten da. Pisu handiko gurpil handi itxuraz aurkeztu ohi da, kanpoaldeko azal gogor batez. Gutxienez 2 hilabetez onduak. Bere ezaugarririk nabarmenena begi edo zulo biribilak dira, elaborazioan zehar harrapatuta geratu diren aire burbuilak sortuak; burbuila horiek karbono dioxido arrisku gabeak eraginak izaten dira. Bere zaporea eta usaina leuna da. Emmental gaztaren oso antzekoa da. Bere horretan, gratinatzeko, urtzeko fondue egiteko, entsaladetan jan dezakegu.

l'Alt Urgell y la Cerdanyako gazta. (Katalunia)
[aldatu]

Behi esnearekin egiten den gazta eta jatorri izendapena duena. Esnea Lleida eta Gironako bi eskualde horietan du jatorria. Forma zilindrikoa ematen zaio eta ore leunekoa eta krematsuagoa da. Azal kolore zuri argikoa, gazta samurra dugu. Bere horretan jateko fruitu, gozo edo ogiarekin. Entsaladetan gehitzeko...

Langres gazta (Frantzia)
[aldatu]

Xanpaina-Ardena eskualdeko Marne Garaia departamenduan dagoen Langreseko ordokiko gazta bat da. Jatorri izendapena du 1991tik, jatorri izendapen europar bezala babestuta dago. 5 aste ematen ditu gutxienez heltzen. Langres pasteurizatu gabeko behi esnez eginiko gazta bat da. Zilindro forma eta 180 gramo inguruko pisua du. Bere koipe materia %45ekoa da. Penicillium candidum espezieko lizun zuri bateko azal bat du. Erdiko orea leuna da, krematsua kolorean eta nahiko erraz birrintzen da. Usain sarkorra dario, bizia. Zaporea nahiko gogorra da, ahosabaia erretzen du, pixka bat gazia da, baina ez bere lehiakide lokala den époisses de Bourgogne bezain mina. Hobeto kontsumitzen da maiatza eta abuztua bitartean, bost aste heltzen utzi ondoren, baina bikaina da baita ere martxotik abendu arte. Gazta horri sekula ez zaio bueltarik ematen heltzen ari den bitartean, horregatik pixka bat hondoratzen da erdian "iturria" (fontaine, curvette) izeneko hutsune bat eratzen den arte, bere ezaugarririk bereizgarriena dena.

Mantxako gazta (Gaztela Mantxa)
[aldatu]

Gaztelaniaz "Queso manchego" edo soilik "Manchego", Espainiako Gaztela Mantxako erkidegoan ardi esnez ekoizten den gazta bat da. 1996ko urtez geroztik jatorrizko Izendapena du. Mantxako ardi arrazaren esne pasteurizatuarekin burututako gazta, gutxienez 30 egunez ondutakoa gazta txikientzat eta 60 egunekoa handientzat. Gehienez, 2 urtez ondutakoa. Azal gogorrekoa da, ontze denborak baldintzatuko duena eta zig-zag irudi tipikoa duena. Ontze garaian garbitua izan bada, ez du lizunik izango; bestela, lizuna izan dezake. Orea ongi konpaktua eta kolore zurietatik horixketara izango du; hori ere ontze denboraren arabera. Begi zulo txikikoa edo batere izango ez duena. Usain eta zaporeak ontze denboraren arabera asko alda daitezke, gazta xamurretan usain fina, mintzen joango da ontzen joan ahala. Testura elastikoa gazteetan, eta zahartu ahala, errazago desegingo dena. Oliotan kontserbatzen diren Mantxako gaztak ere badira. Merkatuan jatorri izendapenetik kanpo, behi esnea gehitzen dieten gazta ugari ere aurkituko ditugu.

Mató gazta (Kataluina)
[aldatu]

Behi , ardi edo ahutz esnearekin eginiko gazta freskoa edo gaztanbera bat da, Països Catalans osoan aurki dezakeguna. Mató gazta egiteko eta esnea koagulatzeko edo gatzatzeko, limoia, gatzagi naturala, kimikoa, landare gatzagia erabiltzen da. Azkenburuko moduan, bere horretan, azukre eta eztiarekin. Tarta egiteko edo entsaladan jan genezake.

Munster gazta (Alsazia)
[aldatu]

Frantziako estatuko ekialdeko gazta bat da Alsazia eta Lorena inguruan ematen dena. 1969tik jatorri izendapena du. Behi esne pasteurizatuarekin egiten den gazta dugu. Tradizionalki jatorri izendapeneko gaztak bertako behi arrazarekin eta esnearekin egiten dira, ez da berdina gertatzen industrialki egiten den gaztearekin. Zilindro forma du, 500g tik hasita 1500g bitarte eduki ditzake. Azala hartzigarri gorrixka batekin garbitzen da, kolore hori, gorrixka emanez. Ontze denboraren eta gaztaren tamainaren arabera, gazta leunagoa edo zaporetsu eta usaintsuagoa aurki genezake.

Munduko gaztak
Parmesano gazta. (Italia)
[aldatu]

Italiako gazta ezagun bat da, gogorra eta lehorra, horrela, birrintzeko, hauts egiteko eta xehatzeko bikaina. Jatorri izendapen babestuarekin. Tradizionalki gazta hau Reggiana gorria behiaren esnearekin egiten da, gaur egun Frisoi arrazaren esnearekin burutzen da gehien. Gazta bakoitzak 30 eta 40kg tartean pisatu behar izaten du eta 1000g ateratzeko 14litro esne erabiltzen dituzte. Normalean, denbora askoan ontzen den gazta bat: 12 hilabetetik hasi eta 36 bitartean. Hala ere badira zaharragoak, 120 hilabete bitartean ontzen direnak. Gazta lehorra da eta usaintsua; horregatik, Italian bereziki, hauts eginda edo birrindua erabiltzen da. Pastak betetzeko, gratinatzeko , pizzetan, barazkiekin, entsaladan..... Hala ere, gazteak diren gaztak bere horretan ere jaten dira, ogia edo fruituekin.

Petit-suisse gazta krema.
[aldatu]

Izen hori badu ere jatorria Normandian du; gazta fresko bat da, gatzik gabea eta oso leuna. Behi esnea eta esne gaina nahastuta eta zentrifugatuta egiten da. %40ko koipe kopurua izaten du. Errazio txikietan egiten da eta azukrearekin, marmelada edo eztiarekin jaten da. Lagungarri moduan ere erabiltzen da.

Picon gazta (Kantabria)
[aldatu]

Gazta urdin bat da, Kantabriako Liebanako eskualdean egiten dena. Behi, ardi eta ahuntz esnearekin egiten da. Goizeko eta iluntzeko esnearekin. 1994tik jatorri izendapena du. Ontze fase bat Europako mendietako haitzuloetan ematen da, beste gazta urdin batzuen antzera. Izenak dioen moduan, Penicillium roqueforti lizunak zapore mina, eta usain sarkorra ematen dio. 700 g eta 2800g bitarteko gazta zilindrikoak izaten dira. Normalean, bere horretan ogi txigortuarekin jaten da Pido gazta ( Kantabria) Kantabrian burutzen da Liebanako eskualdean. Behi, ardi eta ahuntzaren gaztarekin egiten dute. Gazta samurra eta ondutakoak aurki genitzake merkatuetan. Lizun zuria bere ezaugarri bat da, baina ketuak ere saltzen dira.

Quark (Speisequark) edo Tvorog (Errusiarra) gazta berria.
[aldatu]

Behiaren esnearekin egiten den gazta berri, krematsu eta garratzak dira, esnea mozteko produktu azidoak erabiltzen dira. Europa erdialdean asko erabiltzen da.

Bere horretan ogi txigortuetan zabaltzeko, entsaladetan, azkenburukoak prestatzeko, saltsak prestatzeko....erabiltzen da.

Raclette gazta. ( Suitza)
[aldatu]

Suitzako Valais kantonamenduan du jatorria. Behi esne gordinarekin egina dago eta normalean 6 kg-ko piezak izaten dira. Badira ere Frantzia aldean, antzekoak diren beste gazta batzuk; horregatik, raclette original gaztak sortu dituzte, ardo zuriarekin, ketuak, eta piper eta belar usaintsuekin eginak. 2003An, Europako Batzordeak eman zion jatorrizko izendapena; hala ere, izendapenetik kanpo antzeko gazta asko kanpoan geratu dira. Gazta honen izenarekin plater bat ezagutzen da “La racllette”. Plater honetan gazta hau patata egosi eta beste osagaien batzuen gainean jarri eta berotan urtu egiten da. 3 eta 6 hilabete inguru ontzen da eta jateko hilabeterik onenak azarotik otsaila bitartekoak izango da.

Ricotta gazta. (Italia)
[aldatu]

Bigarren tratamendu bat ematen zaion gazta berria dugu, bigarren tratamendu honekin gazta berri hau gehiago lehortzen da. Italian, behi, ardi, ahuntz eta bufalo esnearekin egiten da. Pikordun testura bat izaten du, kolore zurikoa. Italian Ravioliak, tortelliniak, kaneloiak eta lasagnak betetzeko, azkenburuko ugari prestatzeko, bere horretan frutarekin edo gozoekin jateko erabiltzen dira.

Roquefort gazta. (Frantzia)
[aldatu]

Frantziak Aveyron departamenduko Causses eskualdekoa den ardi esnez eginiko gazta urdina da. Bere Jatorrizko Izendapena 1925an lortu zuen, 1979an, AOC erakundeak onartu eta 1996an jatorri deitura babestua lortu zuen. Lacaune ardi arrazaren esnearekin egiten den gazta dugu, gazta honi Penicillium roqueforti eta gatza injektatzen zaio; eta ondotik, haitzulo eta bodegetan ontzen da. Gazta batez beste 2,5kg izaten da. 5 hilabetez ondu ondotik, jateko garairik onena apirila eta urria bitartean da, nahiz eta urte osoan jan daitekeen. Zapore gogorrekoa, gazi puntu batekin, lurrin eta usain oso berezikoa.

Bere horretan gutxika ogi txigortuan jatea gomendatzen da. Mahatsa edo gozo puntu batekin jatea ere ederra da. Esne gainarekin saltsak prestatzeko, pizzak, entsaladetan lagungarri....

Serrat gazta.( Katalunia)
[aldatu]

Kataluniako Pirinioetako gazta adobatutakoa da. Ardi esne gordinarekin edo pasteurizatuarekin egiten da. Garai batean artisau moduan egiten zen eta gaur urte osoan merkaturatzen da. Gutxienez, 2 hilabetez ontzen da esne gordinarekin eginez ero, eta hilabete 1 esne pasteurizatuarekin egitera. Orea oso konpaktua eta biguna da.

Gazta mota desbedinak
Stilton gazta. (Inglaterra)
[aldatu]

Behi esnearekin eginiko Ingalaterrako gazta bat da. Bi mota daude, ezagunena den blue edo urdina eta hain ezaguna ez den white edo zuria. Ingalaterran "gazten erregea" (the king of cheese) deitua da. Bi motak Europar Batzordearen jatorri izendapenaren bidez babestuak daude. Soilik Derbyshire, Leicestershire eta Nottinghamshiren egiten den gazta (eta arauen arabera egina) dei daiteke "Stilton".Gazta urdinaren azala lizundua da. Heltze maila ezberdinetan hartzen da: xamurra, erdi-ondua eta ondua. Bere orea zuri edo laranja kolorekoa izan daiteke. Kaloriarik gehien duen gazta urdina da.

Torta del Casar gazta (Extremadura)
[aldatu]

Extremadurako gazta ezagunenetakoa dugu eta jatorri izendapena du. Torta de Casar herriaren inguruko 36 herrietan ekoizten da. Ardi esne gordinarekin eta landare gatzagia erabiltzen da burutzeko. Bere ezaugarri nagusia da gaztaren erdian orea oso biguna mantentzen duela. 60 egunez ontzen da. Tamaina desberdinekoak aurki genitzake. Txikia 200-500g, ertaina 500-800g, eta handia 800-1100g. Azal horixka gogorrekoa, ore oso biguna, ogi txigortuan zabaltzeko modukoa. Landare gatzagiak zapore garratz bat ematen dio. Fruitu edo gozoekin jateko, gratinatzeko edo urtzeko bikaina.

Villalón gazta ( Valladolid)
[aldatu]

Burgosko gaztaren antzera gazta fresko bat da, Valladolideko Villalon herriaren inguruan egiten dena. Ardi gaztarekin egin da tradizionalki, gaur egun behi esnearekin ere nahasten da edo zuzenean behiarenarekin bakarrik egiten da. Ez du azalik eta ahalik eta azkarren jan behar da. Fruituekin edo gozoekin edo entsaladetan jan dezakegu.

Munduko gazta ezagunak

[aldatu]
  1. Afuega el pitu gazta (Asturias)
  2. Arzúa-Ulloa gazta (Galizia)
  3. Asiago gazta (Italia)
  4. Banon gazta (Frantzia)
  5. Beaufort gazta (Frantzia)
  6. Bel paese gazta (Italia)
  7. Beyosko gazta (Asturias)
  8. Beyusco gazta (Asturias)
  9. Bitto gazta (Italia)
  10. Bleu gazta (Frantzia)
  11. Brie gazta (Frantzia)
  12. Burgosko gazta (Gaztela)
  13. Burrini gazta (Italia)
  14. Cabrales gazta (Asturias)
  15. Caciocavallo gazta (Italia)
  16. Cambozola gazta (Alemania)
  17. Camembert gazta (Frantzia)
  18. Camerano gazta ( Errioxa)
  19. Cantal gazta (Frantzia)
  20. Carré de l´est gazta (Frantziak)
  21. Casín gazta ( Asturias)
  22. Cebreiroko gazta (Galizia)
  23. Cheddar gazta (Ingalaterra)
  24. Cheshire gazta (Ingalaterra)
  25. Comté gazta (Frantzia)
  26. Cottage gazta (Ingalaterra)
  27. Coulommiers gazta (Frantzia)
  28. Crescenza gazta (Italia)
  29. Danablu gazta (Danimarka)
  30. Edam gazta (Herbehereak)
  31. El Appenzeller o Appenzel gazta (Suitza)
  32. Emmental gazta ( Suiza)
  33. Esrom gazta (Herbehereak)
  34. Esrom gazta (Danimarka)
  35. Fontina gazta (Italia)
  36. Gamonedo gazta ( Asturias)
  37. Garrotxako gazta (Katalunia)
  38. Gaztanbera
  39. Gorgonzola gazta (Italia)
  40. Gouda gazta (Herbehereak)
  41. Grana gazta (Italia)
  42. Gruyere gazta (Suitza)
  43. Harvati gazta (Herbehereak)
  44. Havarti (Daniarra)
  45. Ibores gazta (Cáceres)
  46. Ibores gazta (Cáceres)
  47. Kantabriako natazko gazta (Kantabria)
  48. l'Alt Urgell y la Cerdanyako gazta (Katalunia)
  49. Langres gazta (Frantzia)
  50. Livarot gazta (Frantzia)
  51. Llenguat gazta (Katalunia)
  52. Mahon gazta (Menorca)
  53. Majorero gazta (Kanariar uharteak )
  54. Mantxako gazta (Gaztela Mantxa)
  55. Maroilles gazta (Frantzia)
  56. Mascarpone gazta (Italia)
  57. Mató gazta (Katalunia)
  58. Merella gazta (Castellon)
  59. Munster gazta (Alsazia )
  60. Murtziako ardotan eginiko gazta (Murtzia)
  61. Palmero gazta (La Palma)
  62. Parmesano gazta (Italia)
  63. Parmiagio gazta (Italia)
  64. Pecorino gazta (Italia)
  65. Petit-suisse gazta krema
  66. Picon gazta (Kantabria)
  67. Pido gazta (Kantabria)
  68. Provatura (Italia)
  69. Provolone (Italia)
  70. Puerto Realeko gazta (Cadiz)
  71. Quark (Speisequark) edo Tvorog (Errusiarra) gazta berria
  72. Quesucos de Liébana gazta (Cantabria)
  73. Raclette gazta (Suitza)
  74. Reblochon gazta (Frantzia)
  75. Ricotta gazta (Italia)
  76. Robiola gazta (Italia)
  77. Roquefort gazta (Frantzia)
  78. Saingorlon gazta (Frantziak)
  79. Saint-nectaire gazta (Frantzia)
  80. Saint-Paulin gazta (Frantzia)
  81. Samso gazta (Danimarka)
  82. San Simon a Costa gazta (Galizia)
  83. Sbrinz gazta (Suitza)
  84. Serenako gazta (Badajoz)
  85. Serrat gazta ( Katalunia)
  86. Stilton gazta (Ingalaterra)
  87. Taleggio gazta (Italia)
  88. Titi gazta ( Galizia)
  89. Tomini gazta (Italia)
  90. Tomme gazta (Frantzia)
  91. Torta del Casar gazta (Extremadura)
  92. Tronchon (Aragoi)
  93. Valdeón gazta (Leon)
  94. Villalón gazta ( Valladolid)
  95. Villamayor gazta ( Castilla)
  96. Zamorano gazta (Gaztela eta Leon)