Pasta ur gazituan dagokion denboran egosi (saltzaileak jarritakoa baina minutu bat gutxiago). Ondo hoztu eta zapi lehor baten gainean zabaldu.
Zartagin edo kazola zabal batean, olioa jarri baratxuriekin sutan. Gorritzen hasitakoan gehitu tipula, azenarioa, piper berdea eta pipermorroa, eta salteatu su bizian.
Barazkiak kolore pittin bat hartzen hasitakoan, gehitu perretxikoak eta amaitu dena batera salteatzen. Ondu gatz eta piperbeltzarekin.
Olioz estalitako labeko erretilu batean, lehenik tomate saltsa zabaldu, ondoren 4 lasagna xafla jarri, eta haien gainean barazkia banatu.
Beste 4 xaflarekin estali azpikoak eta jarri berriro barazkia, eta estali hirugarren geruzarekin.
Azkenik, bexamel saltsa arinarekin estali.
Bukatzeko, gazta birrindua gainetik bota eta labean gratinatu.
Kaneloi eta lasagna pastak kazola zabalean egosi behar dira.
Egostera pasta botatzen dugunean, ongi zabaldu eta minutu batez nahastu, elkarri itsas ez daitezen.
Pasta egosteko denborak desberdinak izaten dira; zenbat eta lehorragoa, orduan eta denbora gehiago beharko du. Beraz, beti saltzaileak idatzitako denbora baina minutu bat gutxiago egosi. Pasta freskoak 3 minutu behar izaten ditu.