Edukira joan

Sukaldaritza liburua/Errezetak/Krema ingelesa

Wikibookstik

Errezeta-liburuaren parte. Krema ingelesa[1]

Osagaiak

[aldatu]

4 pertsonarentzako osagaiak:

  • Litro bat baserriko esne.
  • 10 arrautza gorringo.
  • 250 gramo azukre.
  • Banilla makila.


Pausoak

[aldatu]

Banilla makila erditik zatitu, eta barruan dituen hazitxoak atera; ondoren, lapikoan jarri esnearekin batera. Sutan jarri, eta bertan eduki irakin arte. Ondoren, itzali.

Bitartean, ontzi batean, arrautza gorringoak eta azukrea bost minutuz etengabe irabiatu, irabiagailuaren lagutzaz. Ondoren, esnearen erdia gorringoak ditugun ontzira gehitu, eta ongi nahastu. Nahastu ondoren, beste esne erdia dugun lapikora dena irauli.

Berriz ere sua piztu, baina oraingoan ahalik eta su motelenean, irakin gabe. Etenik gabe esnea mugitu egurrezko koilara baten laguntzaz. Hauxe izango da errezeta honetako unerik garrantzitsuena; izan ere, irakiten hasiko balitz, galdu egingo litzateke, eta ez genuke kremarik lortuko. Beraz, etengabe mugitu, gutxi gorabehera 85- 90 gradu hartu arte. Termometrorik ez baduzue, kremaren lodierarekin konturatuko zarete noiz dagoen egina: koilara kremaz bete eta behatza pasatuz gero kremaren arrastoa gelditzen denean. Horixe da krema sutatik ateratzeko garaia.

Jarraian, beste ontzi batera pasatu, berotik kendu beharrean baikaude. Pare bat minutuz etengabe nahasten jarraitu. Ondoren, ongi hozten utzi, eta prest daukagu kopatxo edo kikaratan zerbitzatzeko .

Erreferentziak

[aldatu]