Edukira joan

Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Kurtzebarriko Itzulia

Wikibookstik
Kurtzebarriko Itzulia
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Gipuzkoa
Zailtasuna Erdikoa
Lekuak Aretxabaleta,
Distantzia 18,6 km. 6 ordu
Ingurunea Urkulu urtegia, Kurtzebarri mendia
Abiapuntua Aretxabaleta
Informazioaren iturria [Lehenengo informazio iturria

Aretxabaleta herriaren inguruan dauden 6 ibilbide nagusietako bat da hau, Kurutzbarriko mendiari itzulia egiten diona. [1] Kurtzebarri (mendebaldeko euskaraz) edo Kurutzeberri w:eu:Gipuzkoa1Gipuzkoako hego-mendebaldean dagoen mendia da, Zaraiako mendilerroaren barruan eta Aretxabaleta eta Eskoriatzako udalerrien artean. Urkuluko uharkaren hegoaldean zutik agertzen da. Tontorrak 1.133 metroko altuera dauka. Goialdean, 1928an jasotako gurutze metalikoa dago, inskripzio honekin: "Kurutze berri, kurutze ona | zabaldu izu gure errian pakea eta zoriona".

Ondoan dauka beste tontor bat, Elorretako Haitza edo Atxa (1.146 m), bera baino altuagoa dena.

Ibilbidea

[aldatu]

Ibilbide hau Aizkorri-Aratz parke naturaleko ibilbide sareko PR bidea da. Aretxabaleta eta Eskoriatza herrietako lurretatik doa. Bi aldakuntza egon daitezke ibilbidean, lehenengoa Aretxabaletatik abiatu ordez, Urkulu uharkako Matxiniturri iturriko aparkalekutik abiatzea; eta bigarrena, Kargalekutik (ibilbideko puntu garaiena) tontorreko gurutzeraino joatea, arroka karstikoaren beheko aldean doan bide errazetik, eta gero berriro Kargalekura itzultzea.

Parkeko sarbidea

[aldatu]

Aretxabaletatik Urkulu urtegira daraman Bainuetxeko bidegorriaren hasieran dago. Hemendik abiatu eta 2 kilometrora urtegira iritsiko gara; eskuinean Matxiniturri iturria.

Matxiniturri iturria

[aldatu]

Horren atzetik irteten den ezkerreko herribidetik gora egin eta kilometro eskasera Aretxu txabolara iritsiko gara. Nahi izanez gero, hemendik has gaitezke ibilbidea, iturritik gertu dagoen aparkatekutik abiatuta,

Aretxu txabola

[aldatu]

Beheranzko gurdibidea jarraitu. Lehenengo bidegurutzean beherantz jo eta 100 metro eskasera ezkerretara dagoen baso pista jarraituko dugu. Pixkanaka bertako zuhaitzez osaturiko basoan sartuko gara eta kilometro eta erdi egin ondoren, Mendiolako bidea utzita, ezkerrerantz doan Arabako mandobidea jarraituko dugu. Kilometro erdira Uriaga baserriarekin egingo dugu topo.

Uriaga baserria

[aldatu]

Tankera tradizionaleko baserri hori Eskoriatzako Mendiola elizatean dago. Baserria ezkerrean utzita eskuineko bidea hartu eta mendiaren ipar aldetik gora egingo dugu. Kilometro bat egin ondoren San Joan Txiki ermitako bidegurutzera ailegatuko gara; ermita bisitatzeko eskuineko bidea jarraitu 300 metroz eta aurrez aurre izango dugu. San Joan Txiki ermitak jatorriz San Joan Ante Portam Latinam izena zuen (814 m). Kondairak dioenez, antzina, Kurtzebarriko harkaitz handi bat askatu eta amildegitik bera zihoala egun ermita ezagutzen dugun leku honetan gelditu zen; bailarara iritsi gabe eta ezbeharrik sortu gabe

Ermitako bidegurutzea

[aldatu]

Bidegurutzean zuzen jarraituz, Asuntzetako paisaia zeharkatu eta Udalatzako saroira iritsiko gara. Segidan ibilbideak ezkerreko norabidea hartuko du, poliki poliki Kargalekurantz igotzeko.

Kargaleku

[aldatu]

Kargaleku edo Apotza, Kurtzebarriko ipar lepoan dago. Ingurukoek diotenez, garai batean, Ikatza kargatzeko erabiltzen zen leku hori. Elorretako haitza eta Arangoiti mendien artean gaude, Kurtzebarriko lepoan, hain zuzen. Bertan, inguruko paisaiaren edertasunez gozatuko dugu.

Degurixa

[aldatu]

Kargalekutik eskuinerantz abiatuta, Basobaltzeko pagadi sakonetan zehar sartuko gara Atxulo izeneko arkura, kareharrizko begi zulora, iritsi arte. Hori zeharkatu eta malda gogor bat jaitsiz Degurixako depresiora iritsiko gara.Babesturik dagoen artzain gune hori 901 metroko karst sakonunea da. Sakonunearen erdian Maruatx mendia dago, ekialdean berriz, Andarto. Eskuineranzko norabidea hartu txabola aurretik eta 250 metrora berriz eskuinera jo. Pista jarraituz, 1200 metrora, Ugastegira helduko gara.

Ugastegiko abeletxea

[aldatu]

Abeletxe hori Bekoetxe, Penpelin, Erdikoetxe eta Goikoetxe baserriez osatzen da; azken hori izanik Gipuzkoako baserririk garaiena (760 m). Baserriak eskuinean utzita, zuzen jarraitu Arbeko amildegia jaitsiz. Pista jaisten hasi eta 600 metrora ezkerreko bidezidorra hartuko dugu Arbeko txabolara iritsi arte.

Urkulu erreka

[aldatu]

Erreka hori inguruko mendietan sortzen da eta Urkuluko urtegian isurtzen ditu urak.

Goroeta elizatea

[aldatu]

Urtegia inguratzen duen errepidera heldu eta ezkerreko norabidea hartuko dugu. 1200 metrora ezkerreko pistatik gora egin eta Goroeta elizatera ailegatuko gara. Bertako Etxebarri, Mendikurtzaga, Mendiaretx eta beste baserri batzuen artetik elizateko Santiago elizara* iritsiko gara. Aipatzekoa da elizate horretako Mendiaretx baserri ondoan dagoen Amezti Quercus Pyrenaica garrantzitsua.

Egokitutako bidegorria

[aldatu]

Eliza atzean utzita, berriz bidegorriarekin egingo dugu topo. Hori jarraitu eta 500 metrora, Areantza elizateko sarbide ondotik doan bidea segituz hasierako puntura iritsiko gara.*Goroetako Santiago eliza: Aldare nagusian dagoen erretaula polikromatu erromanikoa da. XVI.mendean Perez de Sardaneta atxabaltarrak egin zuen. Mundu osoan ez da ezagutzen Santiago apostoluari espresuki eskainiriko erretaularik.

Erreferentziak

[aldatu]
  1. «Topogida — Aretxabaletako Udala» www.aretxabaleta.eus . Noiz kontsultatua: 2020-07-19.

Ikus, gainera

[aldatu]


Kanpo estekak

[aldatu]