Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Leintz haraneko begiratokia
Leintz haraneko begiratokia | |
---|---|
Herrialdea | Gipuzkoa |
Zailtasuna | Ezezaguna |
Lekuak | Eskoriatza, Agiriano, Aitzorrotz, Pagobedeinkatuko lepoa, Arlutz, Kurtzebarri, Mendiola |
Distantzia | 17,5 km. 5 ordu eta 20 mn. |
Ingurunea | 1928. urtean Kurtzebarrin jasotako gurutze metalikoan ondorengo inskripzioa irakurri daiteke: 'Kurutze berri, kurutze ona / zabaldu izu gure errian pakea eta zoriona'. |
Abiapuntua | Eskoriatza |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
1928. urtean Kurtzebarrin jasotako gurutze metalikoan ondorengo inskripzioa irakurri ahal izango dugu: «Kurutze berri, kurutze ona / zabaldu izu gure errian pakea eta zoriona». [1]
Ibilbidea
[aldatu]Maltzaga eta Gasteiz lotzen dituen ordainpeko autobidean barna (AP1) Aretxabaleta/Eskoriatza irteera hartu, eta berehala iritsiko gara Eskoriatzara. Bolibar aldera doan zubia igaro bezain azkar, eskuinaldetik ateratzen den porlanezko pista hartu dugu oinez. Metro batzuk bete, eta bide seinale zuri eta horiek (PR-GI 99) erakusten diguten norabideari jarraituz, pista utzi, eskailerak igo eta hariztian dagoen ur-biltegi zaharrera iritsi gara. Zertxobait aurreraxeago, lehen utzitako porlanezko pistara itzuli gara. Agiriano baserri aldera maldan gora segituz, bidegurutze batera heldu gara. Ezker eta eskuineko bideak utzita, ataka gainditu, eta aurrez aurre dugun lurrezko pistan barna abiatu gara. Bidexka ugari dituen pinudi batean murgildu, eta bakarrik gorantz egiten duena aukeratuz, Aitzorrotzeko harkaitzen ondora ateratzea lortu dugu.
Lainoak ez digu utzi bertatik dagoen ikuspegiaz gozatzen, baina harkaitz nagusiaren gainaldean dagoen Gurutze Santura igo, eta gogora ekarri ditugu bertako historiaren pasarte batzuk. Ermita baino lehen, Arabako Arratzu-Ubarrundiaren eta Gipuzkoako Debagoienaren arteko pasagunea kontrolatzen zuen Nafarroako Erresumaren gaztelu bat omen zegoen bertan. Lekua, estrategikoa izanik, gudu eta borrokaldi askoren lekukoa izan zen era berean: bandoen arteko gudak, karlistadak eta 1936ko gerrakoak. Maiatzaren 3aren ondorengo igandean erromeria egiten da haitzaren inguruko zelaietan, eta mezaren ostean, Lignum Crucis-en erlikiei musu ematen zaie, soro-zelaiak bedeinkatu eta ekaitzak aldentzeko kanpaia joz.
Kurtzebarri
[aldatu]Ermitatik jaitsi, Elgea aldera doan pista zabala hartu eta berehala iritsi gara bidegurutze batera. Leintz Gatzaga eta Eskoriatza aldera doazen bideak utzi, eta aurrez aurre dugun pista zabaletik aurrera egin dugu. Lainopetik ateratzean, ehiztariak bide bazterrean asperturik agurtu ditugu. Makatzgain ondotik pasa eta GR 121arekin (Gipuzkoako itzulia) bat egitean, gertu ikusi ditugu Elgeako erraldoiak, haize erroten erreinu luze eta zatarra. Pagobedeinkatuko lepora jaistean, bide nagusia utzi eta ezkerretik ateratzen den pistara jo dugu. Baina, hari jarraitu beharrean, nahiago izan dugu Bizkarlatzara igo eta gandorrari jarraituz Kurtzebarri aldera hartu. Araba eta Debagoienako herriak itsaso zuriaren mendean daude; guk, berriz, zeru urdina dugu lagun. Bi tumuluren ondotik pasa, eta Degurixatik datorren bidearekin bat egin dugu.
Kurtzebarriko gurutzea gertuago dugu, baina lehenago Arlutz eta Aranguren mendien magalak zeharkatu ditugu, Kargaleku lepora jaitsiz. Toki horretatik Elorretako Haitzera igotzeko tentazioa izan dugu, baina azkenean ezkerraldetik inguratzea erabaki dugu. Ganadu bideei jarraituz, Kurtzebarriren ondora iritsi gara. Haitz artean ibiliz, gurutze handiaren ondora igo gara. Leintz haraneko talaia paregabea. 1742ko eta 1840ko gurutze zaharragoak ordezkatzen dituen gurutze berria 1928an inauguratu zuten, eta bertan inskripzio hau irakurri dugu: Kurutze berri, kurutze ona / zabaldu izu gure errian pakea eta zoriona. Laino itsaso zurian, uharteak balira bezala, soilik Anboto, Gorbeia eta Aizkorriko gailurreria ikusi ahal izan ditugu. Hamaiketakoa egin, eta Eskoriatzara jaisteko bidera itzuli gara.
Gurutzea dagoen haitzaren azpiko larreetan zehar beheraka egin dugu, eta lehen pagadian murgiltzean, eguzkiari lainoa nagusitu zaio. Xenda amaitu, eta pistara atera gara. Aldapan behera bideak Eleizabarriko zelaigunera eraman gaitu. Han dagoen aterpetik gertu iturria eta San Joan Txiki ermita ikusi ditugu. Azkar egin dugu beheraka, eta porlanezko pistan barna Mendiola auzoko bidegurutzera iritsi gara (harrizko monumentua, Ama Birjina eta gurutze batekin). Aretxabaletara eta Mendiolara doazen errepideak utzi, eta ezkerretik ateratzen dena hartu dugu. Turismoko baserri baten ondotik pasa, eta asfaltatutako bidetik aurrera egin dugu. Lete auzora iristean, Santa Lutzia ermitara doan bidea utzi eta eskuinetik ateratzen denari jarraituz, Eskoriatzara jaitsi gara.
Erreferentziak
[aldatu]Ikus, gainera
[aldatu]- Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Gatz Bidie
- Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Kurtzebarriko Itzulia
- Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Leintz haraneko begiratokia
- Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Untzilla, Portillaren hastapena
- Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Uretsen bidea. Aretxabaletako bainuetxeen bila