Edukira joan

Sukaldaritza liburua/Osagaiak/Fruta freskoa

Wikibookstik

Sukaldaritza Liburua

Fruituak polinizatua izan den loreak emandako ale hazidunak dira. Elikagai urtsua eta fruituaren arabera testura desberdinekoak izaten dira, batzuk, krematsuagoak, urtsuagoak, likatsuagoak.... txikiagoak, handiagoak, borobilagoak edo luzeagoak. Munduan zenbat fruitu mota dauden irudikatzea bera ere zaila da. Gaur egun denda handietan aurkitzen ditugun fruitu gehienek itxura ikaragarria izaten dute, denak tamaina berdinekoak, batzuek argizariak sortutako distira berezia dute, argazkitarako itxura bikaina, baina eskuetan hartu eta usaintzen baditugu, lurrin gutxikoak direla ikusiko dugu, etxera eraman eta egun gutxitan, gogor-gogorrak egotetik usteltzera pasatzen direla. Fruitu gehienak heldu gabe biltzen dituzte gure etxeetatik urruti, eta prozesu bat pasa ondoren, hegazkinean iristen dira Euskal Herrira. Ekologikoki hazitako fruta naturalak, berriz, gure etxeetatik gertuagokoak izaten dira, tamaina desberdinetakoak, normalean kolore mateago bat dute, lurrintsuak, zapore handiagokoak eta kasu gehienetan denbora gehiago irauten dute usteldu aurretik. Bigarren fruta honen bila ibiltzea izaten da gomendagarriena.

Fruituen aurkezpen komertziala

[aldatu]

Fruitu freskoak: Haragidunak eta urtsuak momentuan jateko prest daudenak. Fruitu lehortuak: Eguzkiaren bitartez edo modu mekanikoen bitartez, lehortuak izan diren fruituak. Fruitu izoztuak: Ongi garbituak eta poltsetan saltzen diren fruituak, bai osorik edo pure eginak. Fruitu ontziratua: Normalean fruitu freskoa almibarretan egosi eta ontziratu ondoren esterilizatzen direnak.

Fruitu freskoen nutrizio ezaugarriak.

[aldatu]

Fruitu motaren eta honen heldutasunaren arabera nutrizio ezaugarriak asko aldatzen badira ere, orokorrean, fruituak gehien duena ur kantitatea izaten da, bere pisuaren %80tik %93 (meloi eta angurria) bitarte. Karbohidrato eta azukreetan ere aberatsak izaten dira ( %5 eta 18 bitartean). Bitaminetan berriz C bitamina aipatuko genuke, baita A eta B taldekoak ere, udakoak eta kolore biziena dutenak aberatsenak. Gatz mineraletan potasioa eta magnesioa aukeratuko genuke. Mantenugaia ez izan arren, fruituetan ezin aipatu gabe utzi zuntza: %5 arte izatera irits daiteke eta gure hesteetarako bikaina. Zuntzean ere oso aberatsa dugu.

Fruituaren kontserbazioa

[aldatu]

10ºC inguruko tenperaturan kontserbatuko ditugu. Beti ontzi itxi batean sarturik. Jan aurretik, zuritu behar direnak garbitu egin beharko ditugu eta azala ere jaten den kasuetan desinfektatu egin beharko da.

Fruitu nagusien urtaroak

[aldatu]

Udaberria: Sagarra, udarea, laranja, platanoa, marrubia, mugurdia, andere-mahatsa, gerezia. Udara: Platanoa, marrubia, mugurdia, andere-mahatsa, gerezia, mangoa, arana, meloia, sandia, muxika, abrikota, mahatsa. Udazkena: Mahatsa, pikua, irasagarra, masustak, klementinak, mandarinak, sagarrak, udareak. Negua: Mandarina, sagarra, udarea, laranja.

Erabilera gastronomikoa

[aldatu]

Gordinik bere horretan.

[aldatu]

Garaikoa eta naturalki heldutakoa da fruta jateko modurik egokiena. Azala eta guzti gordinik jango den fruitua ondo garbitu behar dugu eta zerbitzatu beharko bagenu, arautegiak dio desinfektatu egin beharko genukeela.

Gordinik zukuak eginda.

[aldatu]

Fruitu batekin edo ugarirekin, zuku bikainak presta daitezke, bere horretan jateko edo gozogintza eta saltsa desberdinak bustitzeko balioko duena.

Egosita pure eginda eta haragi plateren hornigai moduan.

[aldatu]

Fruitu purea egiteko zatitu ondoren, sutan edo mikrouhinean egosi, azukrearekin edo gabe. Ongi egosita eta lehortuta daudenean, birrindu, eta pure bat lortu. Labean berriz sagarra osorik ur pittin batekin erre daiteke, behin egosirik, azala eta bihotza erretiratu eta sardexka batekin desegingo dugu, kasu honetan ere pure bat lortuz. Bereziki ehiza edo haragien lagungarri moduan erabiltzen da. Sagar purea, mertxika purea, aran purea....

Saltsa desberdinen hornigai moduan.

[aldatu]

Fruitu zatituak , ehiza, behiki eta txerriki haragi  gisatuen eta erregosien saltsan  hornigai moduan erabiltzen dira. Anana, mertxika, aranak, mahatsak, fruitu lehorrak.

Egosita azukre ugarirekin edo gabe gozogintzako prestaketetarako

[aldatu]

Gozogintzan fruitua azukre ugarirekin egosten badugu, marmelada edo konfitura egingo dugu, bere horretan erabiltzeko edo beste prestaketa batzuen aurre lana izan daiteke, pastel batzuen estalkia ere, izozkiak eta sorbeteak...

Azukreztatutako fruituak gozogintzako prestaketa erabiltzeko.

[aldatu]

Fruitu zatituak, almibarrean egosi eta lehorturik fruitu azukreztatuak lortuko ditugu, eta horiek ondoen gozogintzako prestaketa ugaritan erabil litezke. Esaterako, errege opilean gainetik jartzeko, cakeak egiteko....

Fruitu freskoen motak eta haien ezaugarriak

[aldatu]

Rosaceae familia

[aldatu]
Arbeletxekoa edo Abrikota Prunus armeniaca
[aldatu]
Arbeletxekoa edo Abrikota

Euskaraz ere izen desberdinak hartzen ditu: muxurka, arbeletxeko, albertxiko edo abrikota da, hezur handi bakarrekoa , laranja, gorrixka kolorekoa eta tamaina erdikoa. Gordinik mahaian jateko, marmeladak egiteko, lehortuta, bereziki neguan konpotan jateko, labean erreak edo salteatuak era jan ditzakegu haragi plateren lagungarri.

Arana Prunus domestica
[aldatu]

Prunus terminoa latinetik dator, eta basaranaren izena da; domestica terminoak "etxekoa" esan nahi du. Fruitu gozoa dugu, azukre kantitate handikoa. Mota ugari ditugu: horiak, gorriak, berdeak, txikiagoak eta handiagoak. Horien artean klaudiak dira gurean preziatuenak.

Marmelada egiteko, lehortuta, haragi plater, lagungarri eta azkenburuko ugaritan erabiltzen da.

Gerezia Prunus avium edo Prunus cerasus
[aldatu]
Gereziak

Hau ere Prunus familiakoa da eta Asian du jatorria. Gereziondoak ematen duen fruitu txiki mardul eta hezurduna da, gehienetan azal gorri iluna duena. Ehunka gerezi-mota daude. Ekoizleek, beren zaporearen arabera, gozoetan eta garratzetan sailkatzen dituzte.

Udaberri amaieran eta uda hasieran aurki ditzakegu.

Gurean bere horretan jateko, marmeladek egiteko edo konfitatzeko erabili izan da. Jatorrian euskal pastelaren betegaia gerezi marmelada dela esaten da. Euskal Herri luze eta zabalean gereziondo asko ikus baditzakegu ere, Lapurdiko Itsasukoak dira ezagunenak. Bertakoak dira: Xapata, Peloak eta Beltxak barietateak.

Irasagarra Cydonia oblonga
[aldatu]
Irasagarra

Orain dela 15.000 urte inguru Kaukaso aldean sortu zela uste da.

Haren fruituarekin irasagar gozokia egiten da. Udare handi baten forma du eta haragi oso gogorrekoa da.

Mertxika Prunus persica
[aldatu]
Mertxika

Euskaraz izen asko hartzen ditu: mertxika, muxika, muxurka, tuaxa. Jatorria Txinan du eta mota ugari aurki ditzakegu. Uda hasieratik udazkena bitarte aurki dezakegu. Gurean, gaur egun, dendetan mertxika gorria urtsuagoa eta melokotoi horia mamitsuagoa aurki ditzakegu.

Gordinak jateko, mazedonian, almibarrean, marmeladan, labean egiteko, fruitu bikaina da. Lehortuta ere jan daitezke, bereziki neguan, konpotan jaten dira.

Nektarina/Brinoia Prunus persica var. Nucipersica
[aldatu]
Nektarina

Mertxika mota bat da, jeneralean, mertxika bera baino zapore gutxiagokoa eta urtsuagoa. Gaur egun udaberri amaieran azaltzen da gure dendetan, eta udan egoten da gozoen.

Jeneralean, bere horretan gordinik jateko erabiltzen dugu, eta marmeladak egiteko ere erabil dezakegu.

Paraguaioa/Mertxika zapala Prunus persica var. platycarpa
[aldatu]

Hau ere mertxika mota bat da, zapalagoa; udaberri amaieran eta udan aurkituko dugu. Jeneralean, gordinik jateko erabiltzen dugu.

Paraguaioa
Mizpira Mespilus germanica
[aldatu]
Mizpirak

Jatorria Pertsian eta Balkanetan du. Ez da nahastu behar Japoniako mizpirondoarekin. Mizpira usteldua eta bustia jaten da lehen izotzen ondotik, eta famatua da medikuntzako bertuteengatik. Barneko minentzat baliatzen da. "mizpirak barnea sostengatzen duela" diote. Gurean baserritarren merkatuetan aurki dezakegu eta usteltzen utzi ondoren jaten da.

Sagarra Malus sp.
[aldatu]

Sagarra elikagai garrantzitsu bat izan da klima hotzetan batez ere, eta ziur aski munduko fruta arbolarik zaharrenetarikoa da. Sagarra, zitrikoekin batera, denbora luzez mantendu daitekeen fruitu bat da. Orain gutxi arte, Asian, Europan eta Estatu Batuetan, sagarra udazken amaiera partean biltzen zen eta negu osoan gordetzen zen ganbaran eta bestelako biltegietan, negu hotzean jakiak edukitzeko. Gaur egun, horrelako ohiturak aldatzen doaz, eta uneoro topa ditzakegu sagarrak, mota eta jatorri guztietakoak. 7.500 sagar-mota baino gehiago daude munduan. Espezie gehienak klima epel eta azpitropikaletan landatu behar dira, eta ezin dira egokitu klima tropikaletarako, hazteko hotza behar baitute sagarrondoek. Euskal Herrian erabiltzen diren sagar mota ezagunenak hauek dira: txalaka, errege sagarra, errezil sagarra, altza sagarra eta beste asko.

Sagar gozo, garratzak, gaziak, horrenbeste sagar mota izanda, denetarik topa dezakegu.

Bere horretan jateko, purea eginda, labean erreta, budinean, azkenburukoetan pastela egiteko, zukuan, gelatina eginda. Euskal Herrian konpotaren osagai nagusia dugu. Sagardoa ere bere zukua hartzitu ondoren lortzen da.

Udarea Pyrus communis
[aldatu]
Udareak

Madaria, udarea, makatza edo txermena, horrela esaten baitzaio, madariondoak emandako fruitu pipitaduna da, mami zuria eta azal berde, horia, gorrixka daukana. Sagarra bezain zaharra kontsideratzen da. Mota ugari daude, gogorragoak eta bigunagoak.

Bere horretan da jateko modurik egokiena baina konpotak, zukuak, ardotan, gelatinak, pureak, marmeladak... egiteko erabil dezakegu. Gure baserrietan sagarra bezala udare zukua ere hartzitu izan da edari alkoholduna lortzeko.

Zitrikoak

[aldatu]
Laranja Citrus × sinensis
[aldatu]
Laranjak
Laranja garratza

Jatorriz Asiako fruitu zitriko jangarria da. Izatez, azal gogor eta lodikoa da. Bere mamia zukuz betetako hainbat atalez osaturik dago. Aberatsa da C bitaminan bereziki. Munduan gehien kontsumitzen den frutetako bat da. Mota ugarikoak daude: gozoak, garratzak, laranjak, gorriak...Klima epel eta hezea duten eskualdeetan lantzen da. Negua eta udaberri hasiera izaten dira jateko urtarorik onenak. Bere horretan jateko, zuku moduan, konfitaturik azkenburuetarako lagungarri moduan edo bere azalarekin marmelada egiteko erabil daiteke.

Lima Citrus × aurantiifolia
[aldatu]
Lima

Gurutzaden garaietan ekarria Europara, limoiaren mota desberdin bat da. Zapore azidoagoa eta garratzagoa. Gehien bat koktelak egiteko erabiltzen da.

Bere azal eta zukua entsalada eta plater gordin ugari ontzeko ere erabiltzen dira.

Limoia Citrus × limon
[aldatu]
Limoiak

Zapore oso azidoa eta oso usaintsua duen fruta jangarria da, eta urdaileko arazo ugari konpontzeko erabili izan da. Asian du jatorria eta Txinan eta Indian aspalditik hazten da. Arabiarrak izan ziren, hain zuzen, limoia Europara ekarri zutenak.

Bere zukua plater ugari ontzeko erabiltzen da. Azala berriz, lurrin edo usaina emateko likido ugariri edo karraskatuta erabiltzen da. Konfitatu ere egiten da.

Klementina Citrus × clementina
[aldatu]
Satsuma

Ikerketa genetikoen arabera, klementinondoa mandarina eta laranja garratzaren hibridoa da.1902an izendatu zuten. Mandarina baino handiagoa da eta bere berezitasun nagusia da ez duela hazirik, mandarina baina pittin bat azidoagoa. Udazken eta neguan aurkituko dugun fruta dugu.

Bere horretan zuritu eta jateko, zukuan, izozki eta sorbeteetan, pasteletan... erabiltzen da bereziki.

Mandarina Citrus reticulata
[aldatu]
Mandarinak

Laranja baino txikiagoa, zaporetsuagoa eta mandarina-azala kentzeko errazagoa da. Klementina baino ere txikiagoa, gozoagoa eta kasu honetan haziak baditu. Asian du jatorria, eta bere izena antzinako Txinako mandarin funtzionarioen jantzi koloretsuei zor diola uste da. Gaur egun munduko mandarina ekoizle handienak Txina, Espainia, Brasil, Japonia eta Maroko dira. Udazken-neguan aurkituko dugun fruta dugu. Bere horretan zuritu eta jateko, zukuan, izozki eta sorbeteetan, pasteletan... erabiltzen da bereziki.

Panpelmusa Citrus maxima
[aldatu]

Pomeloaren antz handia du. Zitrikoetan handiena da. Kolore berde, hori eta arroza kolorekoak aurki ditzakegu. Pomeloaren erabilera berdina du. 2 kg arte pisatzera irits daiteke eta azal oso lodikoa da. Asian du jatorria eta bertan kontsumitzen da gehien. Kosmetikoetan ere asko erabiltzen da.

Uglia Citrus reticulata × Citrus paradisi
[aldatu]

Mandarinaren, laranjaren eta pomeloaren arteko beste hibrido bat da. Esku mutur baten tamainakoa da eta azala kentzeko erraza. Bere berezitasuna da azal lodia, zuritzeko erreza eta txapel modukoa duela.

Klementinaren oso antzeko erabilerak ditu.

Pomeloa edo arabisagarra Citrus x paradis
[aldatu]
Pomeloak

Fruitua horia edo laranja kolorekoa da, eta laranja ertain bat baino bi aldiz handiagoa. Jateko ona da; ur ugari izaten du, eta zaporez laranja baino garratzagoa. C bitamina asko du, laranjek eta limoiek bezala. Jamaikan sortua dela uste da, hibrido gisa, citrus máxima pomeloaren aldaera gisa.

Jeneralean, zukuan edo mahaiko fruta bezala jaten da.

Tangeloa C. × tangelo
[aldatu]

Hau ere mandarinaren eta pomeloaren arteko hibrido bat da. Esku mutur baten tamainakoa da eta azala kentzeko erraza. Bere bereizgarrietako bat, duen txorten edo kirten luzea da.

Klementinaren oso antzeko erabilerak ditu.

Azukre askokoak

[aldatu]
Mahatsa, vitaceae.
[aldatu]

Beltzak edo berdeak mota ugari daude, fruitu gozoa, azukre ugarikoa. Gaur egun urte osoan aurki dezakegu. Gurean udazkenean topatuko ditugu.

Zukuak, ozpina, mazedonia edo postreak egiteko erabiltzen da. Lehortuta, mahas-pasa moduan ere asko erabil daiteke. Bere zukuarekin ardoa egiten da. Euskal Herrian bi isurialdeetan ardoa egiteko mahatsondo zelai ugari dago.

Meloia, Cucumis melo.

Meloi

Meloiaren jatorria iparraldeko Indian dagoela uste da. Fruitu gozoa da eta uda- udazkenean topatuko ditugu gozoenak. Ondo aukeratu nahi baditugu, zartatuenak, pisutsuenak eta alboetan bigun daudenak izaten dira gozoenak. Mota ugari dago merkatuan: borobilak, obalatuak, berdeak eta horiak, lisoak, zartatuak....

Jeneralean, bere horretan jaten dira udan, urdaiazpikoarekin jateko ohitura ere badago, eta halaber, likorearekin bustita ere.

Angurria edo sandia, Citrullus lanatus.
[aldatu]
Angurri

25 zm-ko diametroa izan dezakeen esfera formakoa da. Azala, berde ilun eta zuri kolorekoa eta zurruna da; mamia, berriz, gorri edo hori kolorekoa eta bigunagoa da. Azal zuriagokoa, hazirik gabeko motak dira. Angurria urez bitaminez eta mineralez hornituta dagoen jakia da. Hala ere, kaloria gutxiko elikagaia da. Mamia jan daiteke eta zapore gozoa du.

Normalean gordinik kontsumitzen da eta zapore gozoa duen fruta da. Ohikoa da postre bezala edo entsaladetan ikustea. Zukua beste fruten zukuarekin nahas daiteke ardoa egiteko. Angurriaren erabilera ohikoa da “Sangria” espainiar edari alkoholikoan. Haziak jateko lehortu eta txigortu daitezke, edo irin bihurtu ere. Txinan, adibidez, angurriaren haziak jaten dituzte urte berri txinatarra ospatzeko.

Basa frutak edo fruitu gorriak.

[aldatu]
Masusta, ahabi eta andere mahatsa
Mugurdi edo masusta gorriak Rubus idaeus
[aldatu]
Mugurdiak

Europan eta Iparraldeko Asian du jatorria. Mugurdia erraza da landatzen eta hedatzen. Fruituaren zaporea, garratza eta gozoa da, burdin asko du, eta C bitamina ere bai.

Munduan, mugurdien %90aren produkzioa zukuak eta marmeladak egiteko erabiltzen da, berehala usteltzen direlako. Sukaldean azkenburukoak edertzeko ere asko erabiltzen dira.

Andere mahatsa Ribes
[aldatu]

Ribes generoko zenbait zuhaixka txikiren fruitua. Fruituak jangarriak dira, sukaldaritzan estimatuak dira, batez ere andere mahats gorria, zuria eta beltza. Gorria Europakoa eta beltza Asiakoa.

Oso gutxi landatzen da eta landatzen den apurra: marmeladak, ziropak egiteko edo azkenburuko platerak edertzeko erabiltzen da.

Garangorria ArbutusArbutus unedo
[aldatu]

(ArbutusArbutus unedo) generoko zuhaitz motaren fruitua da. Mendebaldeko Europan, Mediterraneo eskualdean, Frantzian eta Irlandan hazten da. Garangorriak klima biguna behar du eta edozein lurzoru-motatan aurki daiteke. Horretxegatik, Euskal Herriko hainbat partetan hazten da, batez ere kostaldean. Fruitua, garangorri izenekoa, baia esferiko, mamitsu eta pikortsua da, 2-2,5 zentimetroko diametrokoa. Garangorriak jangarriak dira, baina kontuz ibili behar da asko jatearekin.

Fruitua heldua egonez gero alkohol pixka bat izan lezake, eta ondorioz buruko mina eta mozkorraldia eragin. Hori dela-eta, leku batzuetan fruituarekin likorean egitea ohikoa da.

Marrubi arrunt Fragaria vesca
[aldatu]
Marrubiak

Zenbait landare-espezie herrestarien fruituak dira. Fragaria generokoak. Lurrin hitzarekin erlazionatuta (fraga latinez). Barietate komertzializatuenak hibridoak dira. Ohikoena Fragaria x ananassa da bere fruituaren handitasunaren ondorioz. Basokoak mailukiak ere deitzen dira euskaraz.

Ohikoena, ondo garbitu eta bere horretan, limoi zukuarekin edo esne gain harrotuarekin jatea da. Marmelada eta ziropa desberdinak egiteko ere erabiltzen da. Ondoren marmelada edo ziropa hauek saltsak edo azkenburukoak prestatzeko erabil daitezke. Tartak egiteko.

Masusta edo martxuka Morus eta Rubus
[aldatu]
Masusta
Masusta

Basa fruitu baten izena da, bi genero desberdinetako landareek ematen dutena: Morus masustondoak, eta Rubus, lahar edo sasiak. Bi generotako fruituek itxura eta zapore oso antzekoak dituzte. Rubus generoko espezie gehienek masustak ematen dituzte. Ohikoena sasi edo laharretan hazten den masusta da. Fruitua heldu baino lehen, lore zuri edo arrosakarak dituzte, 2-3 cm zabalekoak. Masustak, heldu baino lehen, gorriak dira eta heltzean beltz urdinkarak. Bitaminetan oso aberatsak dira. Nahiz eta antzeko hitzak izan, euskalkien arabera hitz ezberdina erabiltzen da masusta adieraztekoː Masusta, maxusta, maraxuxa, maazuza, masustra, masusa, masurta, ma(t)zusta, masosta, marzusta, marzuza, martutzak, marzuzi, marzoza, martzuza, matsutsa, matsuts, matxutx, matust, maxoxa, maxuxa, maxurta, mazurtza, mazuza, mazuzta, masurtak, matxutxe eta masuste. Masustondoak edo arbolen fruituak dira komertzializatzen direnak; haiek ematen dituzten masustak handiagoak eta ederragoak dira, hazi gutxiago dituzte eta morus generokoak dira. Ohikoena masusta beltza eta zuria dira.

Sukaldean bereziko marmeladak, ziropak eta pureak egiteko erabiltzen dira, gero hauek, azkenburukotan edo saltsetan erabiltzeko. Fruitua bera eta horren ziropa azkenburukoak edertzeko ere erabiltzen dira. Arakatza, Ribes uva-crispa.

Ahabia Vaccinium myrtillus
[aldatu]
Ahabiak

Ericaceae familiako landare bat da. Baia jangarriak ematen ditu. Europako, Ipar Amerikako eta Asiako iparraldean hazten da, mendietako oihanpeetan, lurzoru azidoetan, zohikaztegietan eta konifero-basoetan.Fruitua jan daiteke, eta merkaturatzeko nahiz kontsumo pribaturako landatzen dira. Andere mahatsaren familiakoa da.

Azkenburukoetan edertzeko, hornigai, marmelda konfitura eta saltsak prestatzeko erabiltzen da bereziki.

Fruta tropikal exotiko

[aldatu]
Anana Ananas comosus
[aldatu]

Ameriketako tropikokoa den landarea,  izen berdineko fruituagatik lantzen dena. Fruitua handia, pinaburuaren antzekoa, oso mamitsua eta gozoa, jateko oso aintzat hartua. Egokiena bere landarean eltzea denez gurean jaten dugun gehiena eldu aurretik bildutakoa izaten da. Bitamina C  eta zuntz ugari duena. Jateko bere horretan, almibarrarekin egosia, plantxan egina edo salteatua lagungarri moduan. 

Azkenburukoetan ere, izozki, sorbete musak, bavaroisak, pastelak...

Anana
Datila Phoenix dactylifera 
[aldatu]

Fruitu jangarria da, datil-palmondoak ematen duena. Fruitu mamitsua eta luzanga da, 4-6 zentimetro luze, barnean hezur luzaran bat daukana. Oso energetikoa da, azukre kantitate handia baitu (%70 inguru). Oinarrizko jakia da Ekialde Hurbilean  eta Magreben. Egipto, Iran, Aljeria eta Saudi Arabia dira munduko ekoizlerik handienak. 200 datil mota inguru daude: batzuk zuriak, handiak, oso azukretsuak eta jateko onak dira, eta beste batzuk txikiak, lehorrak eta azukre gutxikoak; azken horiek behin ehotuz gero irina ematen dute, ogiaren ordez erabiltzen dena. Zapaldu ondoren uretan hartzitzen jartzen badira, datil-ardoa izeneko edaria ematen dute.

Sukaldean normalean bere horretan esnearekin edo azkenburukoak prestatzeko erabili daiteke, betegai moduan edo ogi eta bizkotxoekin nahasteko. Ardoa eta olioa egiteko ere erabiltzen da. Gurean ez da oso erabilia.

Mingrana edo Granada Punica granatum
[aldatu]
Granadak

Mingranondoa  Lythraceae familiako zuhaitzaren fruitua da mingrana, granada edo alesagarra. Zapore azidokoa. Udazkeneko fruta dugu. Haziak banatzea lan pittin bat badu ere,  lehenik zurtoin hasieran, xerra bat kendu lautan banatu eta zati hautatik haziak bananduko ditugu. 

Haziak bere horretan eta   entsaladetan jan ditzakegu. Bere zukua koktelerian erabiltzen da gehien.

Guaiaba Psidium
[aldatu]

Guaiabondoaren fruitua da. Sagar biribil baten antza du. Oso ona da jateko. Mexikon, Erdialdeko Amerikan eta iparraldeko Hego Ameriketan dute jatorria. Gurean ez da batere ezaguna. Bitamina C ugari du. Normalean, udare formakoak izaten dira nahiz eta borobilak ere izan daitezkeen. Azal gogorrekoa, barrutik laranja kolorekoak izaten dira. Bere horretan jateko, mazedonian, zukua egiteko edo azkenburukoak prestatzeko erabiltzen da. Ameriketan zorrien kontrako tratamendu moduan ere erabiltzen dute. Indipiku, Indipikondo, Opuntia ficus-indica.

Opuntia generoko kaktus loredunaren fruitua da. Ameriketan jatorria duen arren, mundu osora zabaldu da. Fruitu desberdinak ditugu: marrubiaren antzeko fruitu gorri leunak edo handiagoak eta berdeak, jateko onak baina dituen arantzengatik eta landarean bertan heldu behar duelako saltzeko eragozpen handiak ditu. Udaren erdialdetik udazken erdialdera jaten da. Kaktusean bertan utzi behar da heltzen.

Jeneralean, zuritu eta bere horretan jaten da, baina erregosi daiteke eta almibarrean ontziratu ere.

Kiwanoa Cucumis metuliferus
[aldatu]

Meloi eta pepinoen familiako landarea dugu. Bere fruitu jangarria, adardun meloi obalatua, laranja txiki baten modukoa da. Pepino, platano eta limaren arteko zaporea du. Bere hazi berdeak, bere horretan, zukuak prestatzeko edo entsaladetan erabil litezke.

Platerak edertzeko ere erabiltzen dira.

Kiwia Actinidia deliciosa
[aldatu]
Kiwiak

Himalaian eta Txinako hegoaldean du jatorria, eta 1904an Zeelanda Berrira eraman zuten. Kiwi izena bertan eman zioten, hain zuzen maoriek. Laranjak baino C bitamina gehiago edukitzeaz gain, luteinan oso aberatsa da. Minbizi eta ikusmeneko arazoetarako ere ona da. Zuntz eta kobre anitz dauka, digestiorako onak direnak.

Bere horretan, zuku, marmelada eta entsaladetan jan daiteke.

Mangoa Mangifera indica
[aldatu]
Mangoak

Tropikoetako fruta bat da; mami haragitsua eta zapore gozoa du. Espezie gehienak naturan aurki daitezke, mango basati gisa. Mangoek Hegoaldeko Asian dute jatorria, baina Mangifere indica espeziea mundu osoan zehar zabaldu da, eta gaur egun tropikoko landarerik hedatuena da. Beste Mangifera espezie batzuk, maila lokalean landatzen dira. Mangoa India, Pakistan, Filipinak eta Bangladeshko zuhaitz nazionala da. Fruituak hezur handi bat du eta azala berdea, horia edo gorrixka izan daiteke, mota ugari baitaude. Barruko haragia, laranja kolorekoa da eta lurrin oso berezia du. C bitaminan oso aberatsa da. Negu erditik udazkena arte aurkitu dezakegu. Hezurra oso itsatsia edukitzen du eta mangoa biguna badago, ez da erreza izaten haragia ateratzea desegin gabe. Egokiena labana batekin haragi zati handienak moztu eta koilara batekin hustea izaten da. Naturala, lehorra eta kontserban ere saltzen da.

Bere horretan jaten da gehien, baina saltsak prestatzeko eta azkenburuko izozkiak eta edariak eta marmelada egiteko ere erabiltzen dira.

Marakuia edo pasio fruitua Passiflora edulis
[aldatu]
Pasio fruitua
Marakuia

Marakuia dendan.jpg Landare igokariaren fruitua da. Jatorriz Ameriketako eskualde beroetakoa (Paraguaiko lore nazionala da). Europarrek 1569an aurkitu zuten, Perun, orduan mediko espainol batek deskribatu baitzuen nola erabiltzen zuten landarearen fruitua indigenek. Gaur egun, munduko eskualde tropikal eta subtropikal gehienetan kultibatzen da (Hawaii, Australia, Ozeano Bareko uharteak, Hegoafrika, India...). Fruitua oso estimatua da, eta lorea ere, batzuetan, lore apaingarri gisa erabiltzen da. Sendabelar gisa ere erabiltzen da: hosto eta loreekin infusioak egiten dira. Hitza portugesaren bidetik hedatu zen. Berez, guaranieraren mburucuyá hitza da, eta "euli-haztegi" esan nahi du, dela haren nektarra gustagarria delako intsektuek arrautzak bertan uzteko, dela fruituen edukiak euli-multzo bat gogorarazten duelako. Kolore eta tamaina askotakoak aurki ditzakegu: horiak, marroiak, berdeagoak, oso pisu gutxikoak izaten dira eta barruan haziz josita egoten dira. Bere zukua ateratzea ez da gauza erreza, erditik moztu eta koilara batekin pulpa hustuko diegu. Bitamina C ugari du eta zapore oso berezia. Niretzat txokolatearekin duen kontrastea ezin hobea da. Zukuak, saltsak, izozkiak, zurrupakiak, edariak, azkenburukoetan, ozpin-olioak ontzeko...

Japoniako mizpirondoa Eriobotrya japonica
[aldatu]

Izena nahasgarria da, jatorria Txinako hego-ekialdean baitu eta ez Japonian, eta gainera, ez duelako mizpirondoekin (Mespilus generoarekin) inolako senidetasunik. Neguaren amaieran edo udaberrian sortzen dira Japoniako mizpirondoaren fruituak (Japoniako mizpirak). Mizpirak mamitsuak eta esferikoak dira, horiak edo laranja kolorekoak, eta jangarriak (zaporeak laranjarena gogorarazten du); mizpirek bi edo hiru hazi lodi, distiratsu eta koloretsu dituzte. Gure kosta inguruko zuhaitzetan jateko aukera badugu ere, jeneralean, dendetan saltzen direnak kanpotik ekarritakoak izan ohi dira. Zapore azido lurrintsua dute. Jeneralean, bere horretan jaten dira.

Kakia Diospyros kaki
[aldatu]
Kakiak

Kakia udazkenetik negu hasiera bitarteko fruitua da, hori-gorrixka kolorekoa, sagar baten antzekoa eta neurrikoa, jateko oso ona. Haragi oso mamitsua du eta garrantzizkoa da ondo heldua egotea; bestela, oso lakarra suerta daiteke gure ahoarentzat. Erditik moztu eta pulpa kentzen zaio.

Bere horretan, marmeladak, saltsak, budinak, pastelak presta ditzakegu.

Papaia Carica papaya.
[aldatu]
Papaia

Carica generoko landare-espeziearen fruitua da. Berez Ameriketako tropikoko fruitua. Tamainan handi xamarra, mota ugari badaude ere, kanpotik berde horixka koloretakoak izaten dira. Barrutik kolore laranja eta arrozaren artekoa du, hazi borobil beltzekin. Udaberri-udan aurki dezakegu. Oso haragi mamitsua eta gozoa du.

Bere horretan, mazedonietan, entsaladetan. Jateko zuritu, erditik moztu eta koilara batekin haziak erretiratu.

Pikua Ficus carica.
[aldatu]

Morazeoen familiako zuhaitzaren fruitua. Uda amaieran heltzen dira. Aldaeraren arabera, berdekarak, horiak, marroi-gorrixkak edo moreak izan daitezke. Oso gozoa den fruitua dugu; horregatik, bere horretan jateaz gain lehortu ere egin dezakegu urte osoan jateko. Heldutasun maila egokiena zuhaitzean lortzen du; beraz, bertatik jatea da egokiena.

Haragien lagungarri moduan, bere horretan edo lehorra egosita konpota modukoa eginez. Azkenburuetarako ere erabiltzen da, bizkotxo eta ore pisutsuetan nahastuta, konpotak egiteko....

Banana edo platanoa   Musa paradisiaca, Platanoa Musa balbisiana
[aldatu]

Musa generoko landare-espezie batek ekoizten duen fruituari deitzen zaio. Bi mota dira ezagunenak, musa paradisiaca, edo platano gozoa. Jatorriz landare hau Asia Hego ekialdekoa eta Australiakoa da, baina egun tropiko osoan landatzen da. Bananondoa 107 herrialdetan lantzen da. Banana mota guztietatik, Hego Euskal Herrian Kanarietan landatzen den mota da ezagunena (gaztelaniaz, "plátano"), baina izatez fruitu bera da. Munduko beste leku batzuetan bi mota bereizten dituzte: banana azkenburuko gisa gordinik jaten den fruitu gozoa, eta platanoa zurrunagoa dena Musa balbisiana. Almidoi gehiago du eta gehienetan frijitua da.

Banana gozoa jateko modurik egokiena bere horretan da, baina azkenburuko moduan ere modu askotara jan dezakegu, erreta, bizkotxoak egiteko, mazedonian, izozkiak, pastelak egiteko, flanbeatuta. Lehortuta ere jan genezake eta urte osoan aurkituko dugu. Banana zurruna berriz, zanpatu eta frijituta jaten da normalean, lagungarri bezala jateko.

Zuhaitzeko tomatea edo tamarilloa Solanum betaceum .
[aldatu]
Zuhaitzeko tomatea edo tamarilloa

Tamarillo izenarekin ere ezagutua. Perun eta Bolibian duela jatorria pentsatzen da. Gaur egun Peru, Bolibia, Kolonbia, Argentina eta Venezuelan landatzen da bereziki. Beno eta anekdota bezala guk haziak Kolonbiatik ekarri eta nire koinatuak landatu zuela eta gaur egun zuhaixka hori Zumaian bizi dela. Gure alabak urtero jaten ditu mordoxka bat gosaltzen. Oso fruta azidoa dugu.

Jeneralean, gordina jaten bada ere, izozki, zurrupaki, edariak edo saltsak prestatzeko erabiltzen da.

Tamarindoa Tamarindus indica.
[aldatu]

Jatorria ekialdeko Afrikan du, baina orain, Asia tropikaleko toki askotan eta Latinoamerikan ere badago. Izena arabieratik datorkio: تمر هندي tamr hindi, "Indiako datila".

Lekaleen familiako fruta dugu, normalean zuritu ondoren purea edo marmeladak egiteko erabiltzen da. Egositako mami hori, gero, gozagarri gisa erabiltzen da Asia eta Latinoamerikako sukaldaritzan. Saltsa ingelesen osagai garrantzitsuetako bat da, baita beste saltsa batzuena ere. Fruitu gaztearen mamia garratza da, eta hainbat platerentzat egokia. Fruitua helduta dagoenean, berriz, gozoa da, eta postreetarako oso egokia. Mamiak, hostoek eta azalak, erabilera medikoak dituzte. Adibidez, Filipina aldean, hostoak, tradizionalki, tean erabiltzen dira, malariak eragindako sukarra jaisteko.

Txirimoia Annona cherimola.
[aldatu]
Txirimoia

Tropikoko zuhaitzaren fruitua dugu. Jateko ona den fruitu mamitsua ematen du. Udazkenean aurki dezakegu merkatuan fruitu hau.

Bere horretan jatea da ohikoena. Perun 1000 eta 2000m-ko mendietan duela jatorria pentsatzen da. Gaur egun guregandik gertuago Granada eta Malaga eta Mediterraneo klimetan, oro har, asko landatzen da.

Karanbola Averrhoa carambola.
[aldatu]

Tropikala dugu bere fruitua: karanbola da eta izar fruituaren izena ere hartzen du. Kolore aldetik horia eta laranja kolorekoa izaten da helduta dagoenean. 5 punta dituenez, Izar fruitua ere deitzen zaio. C bitaminan oso aberatsa da eta azidoa.

Gordinik edo bere haragia saltsak prestatzeko erabili liteke. Edertzeko ere asko erabiltzen da. Dialisia egiten duten pertsonentzat arriskutsua izan daiteke fruitu hau jatea.

Bestelako fruitu tropikalak
[aldatu]

Fruitu tropikalen zerrenda emango bagenu, zerrenda mugagabea bihurtuko litzakete. Gero eta gehiago ezagutzen baditugu ere, denak ezagutzea ezinezkoa zaigu. Hona hemen batzuk: Pitahaya, pomarrosa, badea, guanabana, zapotea, runbutana, granadilla, mamona, acaia, piñuela, feijoa, makadamia......

Physalis fruitua